Balizko euskal anarkismorantz

Azken boladan gero eta buelta gehiago ematen ari natzaio gai bati: “euskal” eta “anarkista” berben arteko itxurazko arrakalari. Ez euskal anarkistarik egon ez delako edo ez dagoelako. Hortxe daukagu Likiniano bera, hark gidatuta anarkistak izan baitziren Francoren tropa altxatuei Gipuzkoan aurre egin zieten lehenak. Kontua da, gerora, anarkismoak eta euskaltasunak ez dutela behar bezala bat egiten jakin, eta egun ideia anarkistak ezezagun handiak dira Euskal Herrian, aurreiritzi eta ideia faltsu askok zokoratuta. Demokrazia kristauak eta ideia sozialdemokratek eta marxistek euskal nortasunarekin bat egiten (edo kasu batzuetan euskal nortasuna euren alde desitxuratzen) jakin zuten bitartean, ematen du anarkismoa eta euskal nortasuna ez direla inoiz bide hori egitera iritsi. Ez mugimendu gisa, behintzat. Eta horrekin ez dut esan nahi anarkismoak ikurrina egin behar duenik bere. Ez dut uste anarkismoaren lana estatu berri bat sortzen laguntzea denik, ezta pentsatu ere, eta ez diot arrakala horren ardura edo “errua” anarkismoari berari egozten. Baina bitxia egin zait ikustea Argentinan eta Txilen egondako denboran, FORA, Frente Popular Darío Santillán edo bestelako taldeen inguruan mugitzen diren anarkista uruguaiar, argentinar eta txiletarrek (edo nik ezagutu ditudanak, behintzat) elkartasun handiagoa adierazten dutela -kasu batzuetan ia bere egiten dutela- euskaldunek (edo euskaldun askok) Espainiarekin daukaten gatazka, kapitalismo eta inperialismoaren aurkako borrokaren baitan sartuz, Euskal Herrian eratuta dauden talde anarkista nagusiek (edo nik neuk) baino. Are gehiago, bertoko gatazketan, indigenak gobernu kolonialen aurka altxatzen diren borroka guztietan ez da anarkistarik falta, eta mugimendu anarkista askoren borroketan indigenen aldarrikapenak defendatzen dituzten lehenetarikoak dira.

Argi dago: ez dago euskaldunen eta indigenen egoerak erkatzerik, eta indigenek euren lurretan daukaten estatusaren eta euskaldunek eurenetan daukaten estatusaren arteko aldea ere arrakala horretarako oinarrietako bat da.

Izan ere, Euskal Herriaren independentziaren hastapeneko aldarrikapenetara eta orduko gizartera jo behar dugu “euskal” eta “anarkista” hitzen arteko arrakala ulertzeko.

Nortzuek sortu zuten independentziaren aldeko aldarrikapen hori? XIX. mendeko euskal burgesiak, Europako beste mugimendu nazionalistak bezala. Ez da kasualitatea hasieratik gehien defendatu zena (eta horretan Espainiarekin bat egitearen alde zeudenak ere ados zeuden) Aldundiak, hots, zerga bilketa izatea. Garai haietan euskaldunen, independentzia nahi zutenen etsaiak “maketoak” ziren. Nor ziren baina maketo haiek? Gaztelatik, Andaluziatik, Extremaduratik… iritsitako etorkinak. Eta etorkin haiek, egun hegoaldeagotik datozenak legez, esplotatuak izateko iritsi ziren Euskal Herrira. Gizarte bien arteko talka bikoitza izan zen: kultura mailakoa eta klase mailakoa. “Okupatzaile” berriak, beste kultura batekoak izan ez ezik, beste maila ekonomikokoak ere baziren, eta euskal burgesen lantegi eta harrobietan hiltzen ziren euliak legez.

Hego Amerikako indigenen kasuan haiek aldi berean okupatuak eta esplotatuak badira, lurrak oro ostu bazaizkie (eta lapurren artean euskaldun asko egon bada), Euskal Herrian esplotatuak “okupatzaileak” eurak ziren. Izan ere, euskaldunek, besteen morroi, langile xume izan baino, Ameriketara alde egin eta bertan jabe eta esplotatzaile nahiago zuten izan. Beraz, luzaroan ez zen euskal langileriarik izan. Zaila, beraz, langileen aldarrikapenek eta euskaldunenek bat egitea. Errua ez zen orokorrean ez euskaldunena (alde batetik, euskal burges esplotatzaile guztiak ez zeuden independentziaren alde, eta bestetik, euskaldun gehienak ez ziren esplotatzaileak edo ez zeukaten esplotazio horren kontzientzia oso argi), are gutxiago kanpotik ekarritako langileena. Amildegi horren funtsa estatismoa bera izan zen. Euskaldunek, Sabino Aranaren eskutik, estatismoa besarkatu zuten, eta horrela, ez ziren gai izan ikusteko langile haiek birritan zirela biktima: euskaldunek gainetik kendu nahi zuten Estatu espainolaren biktimak, espainiar burgesiak sortutako bazka zirelako euren herrietan, eta haien lan-indarra esplotatzen zuten bitartean, Estatu berri baten aldeko borrokan inbaditzailetzat hartzen zituen euskal burgesiarenak. Horri euskal gizarteak hezurretaraino barneratuta zeukan katolizismoa batu behar zaio, ideia ezkertiar oro heresiatzat jotzen baitzuen. Gauzak horrela, Errepublika garaian Katalunian, Aragoin, Asturiasen… anarkistak gizarte iraultzaren buru zeuden bitartean, Euskal Herria, herri gisa, mugimendu horretatik at geratu zen.

  1. mendean, ordea, euskal langileria ere sortu zen. Euskaldunen artean ere klase kontzientzia garatu zen. Une horretan euskal langileen mugimenduek anarkismorantz egin zezaketen, baina orduan ere, independentziaren aldarrikapen nagusiak Estatuaren alde (Estatu sozialista nahi bada, baina Estatua, azken finean) egitea erabaki eta marxismoa besarkatu zuen. Anarkismoak ere ez zuen euskal aldarrikapenekin bat egiten jakin edo ez zuen nahi izan. Beharbada ez zen ikusi Estaturik gabeko independentziaren alde ere egin daitekeela, edo ez zuen anarkismoarekin batere zerikusirik ez daukaten aldarrikapenekin nahastu nahi izan. Beharbada, garbizaletasunak jokatu zuen alde bietan: “anarkismoa Euskal Herririk, aberririk nahi ez dutenen mundua da”; “independentzia langileei onik ekartzen ez dien burgesen kezka baino ez da”. Argi dago, anarkismoak ezin du aberriarekin amets egin, aberri hitzak Estatua, herrien arteko areriotasuna, mugak, armada berriak, kapitalisten ehiza gunea esan nahi badu. Independentistek ere nekez egingo dute amets anarkiarekin horrek inposatutako mendekotasuna, kultura ezaugarriak edo harremanak izatea esan nahi badu. Baina derrigorrez behar du independentziak Estatu berri bat? Aberria eta Estatua sinonimo al dira? Aberria kultura ezaugarri batzuek eta gogo hurkotasunak, kidetasunak sortutako komunitatea izan daiteke. Horrela bada, independentistek ez diote anarkismoari beldurrik izan behar (bai euskal estatalistek, edozein herritako estatalistek legez), eta anarkistek ez diote euskalduntasunari, ezta independentismoari berari ere, beldurrik izan behar.

Bestela izan zitekeen, Proudhon eta Bakuninen testuetan, hots, anarkismoaren oinarrietan, Estatu handi eta zentralisten aurkako eta independentzia nahi duten herri txikien aldeko adierazpenak etengabeak baitira, langileen esplotazioa dakarten abertzalekerien aurkakoen pare. Proudhonek argi eta garbi jotzen zuen Italia batzeko prozesuaren eta Garibaldiren beraren aurka, baita Frantzia eratzeko modu zentralistaren aurka (Federazio printzipioa liburuan, esaterako), haien ordez herrien arteko federazio askearen alde eginez. Bakuninek ere, paneslavismoaren eta pangermanismoaren aurka egiten zuenean, herrien arteko federazio aske bera defendatzen zuen (Estatismoa eta anarkia lanean batez ere), eta bestalde, “Aberria eta nazionalitatea” testuan honakoa idatzi zuen: “Nazionalitatea ez da oinarri bat; egiaztatutako gertakizuna da, banakotasuna bezalaxe. Herri bakoitza, handia zein txikia izan, bera izateko, bere izaeraren arabera bizitzeko eskubide eztabaidaezina da. Eskubide hori askatasunaren oinarri orokorraren ondorioa baino ez da”. Beraz, anarkismoaren oinarrietan bazegoen bidea euskal independentziarekin bat egiteko eta independentismoak anarkismoarekin bat egiteko, edo elkarren ondoan mesfidantzarik gabe ibiltzeko, behintzat, nork bere aldarrikapenei eutsiz.

Ikus dezagun Indiaren kasua. Ez dut Euskal Herriarekin erkatu nahi, ez baitago nondik erkatu, baina Gandhiren bidea aztertu nahi dut (eta ez indarkeriaren ezaren apologia egiteko, hain zuzen ere, Gandhik berak esan baitzuen koldarkeriaren eta indarkeriaren artean hautatuz gero, indarkeria gurago zuela). Gandhi Europatik zetorren Indiaren independentziaren aldeko borroka bere egin zuenean. Europan ideia berriak ikasi zituen, batez ere kapitalismoaren eta inperialismoaren aurkako mugimenduetako ideiak, eta zehazkiago, Tolstoi errusiar anarkistarenak. Tolstoiren anarkismoak irakatsi zion erresistentzia baketsuaren bidea. Gandhik etxera itzulita egin zuena, ikasitakoa indiar nortasunaren iragazkitik igarotzea izan zen. Etxean konturatu zen hainbat ideia anarkista indiar kulturan ere topa zitezkeela, eta horrela inperialismo eta kapitalismoaren aurkako borrokari bere herriak uler zezakeen forma eman zion. Hura hinduista izanda, hots, Tolstoi bezala sinestuna (Tolstoi kristaua baitzen), Erresuma Batuari India “Jainkoaren anarkian” uzteko eskatu zion. Borroka eredu berritzat joko zena ideia anarkisten eta kultura indiarraren uztarketa izan zen. Zoritxarrez, hobe dugu egungo Indiari ez begiratzea, independentzia lortu arren kapitalismoaren ondorioak inoiz baino bortitzagoak baitira (hazi transgenikoak, besteak beste, lagun) eta berak borrokatu zituen kasten sistemak eta bestelako gaitzek bertan baitiraute. Baina hortik erreskatatu nahi dudana Gandhik ideia teorikoen eta bertako errealitatearen arteko sintesirako egindako ahalegina da.

Euskal nortasunak, euskal historiak ere ideia anarkistekin bat egiteko hainbat euskarri zeuzkan. Begira diezaiegun Euskal Herriaren ezaugarri historikoei, kontatu dizkiguten bezala. Ekialdetik iritsitako lehen inbasio handiak iritsi arte zein zen euskaldunen egitura politikoa? Buruzagirik ez zeukaten komunitate txikiak ziren, euren lurraldea defendatzeko baino batzen ez zirenak. Orduan baino ez zuten buruzagia hautatzen, eta arriskua igaro bezain laster desagertzen zen buruzagitza hori. Inbasioen arriskuak etengabeak bilakatu zirenean baino ez ziren euskaldunak egitura finkoagoak sortzen hasi. Baina zein izan ziren egitura horien ezaugarri nagusiak? Euskal lurralde burujabeak, egungo hiztegia erabiliz nolabait federatuta zeuden lurraldeak. Une batean Nafarroa erresuma bihurtu bazen ere, oinarria lurraldeen burujabetza izan zen. Eguneroko funtzionamendua munizipalismo libertarioaren oso antzekoa zen: herri bakoitzak bere erabakiak hartzen zituen, herritar guztien partaidetzaz (derrigorrezko partaidetzaz kasu batzuetan), eta herriek euren erabakien berri eman baina eztabaidatu gabeko erabakirik hartzeko ahalmenik ez zeukaten ordezkariak hautatu eta batzar nagusietara bidaltzen zituzten. Dena elkarrekiko ahozko kontratuan oinarritzen zen, kontratu idatziak oso berandu arte gaitzesten baitzituzten. Ez naiz sartuko sistema horretan denboraren poderioz sortu ziren bizioetan, aldarrikatu ohi den euskaldunen berezko “askatasun” sena interesatzen zait. Nekazariek inongo estaturi itxaron gabe sortu zuten auzolanaren eredua ere maiz aipatzen zaigu. Hor daukagu balizko gizarte matriarkala ere (inoiz benetan izan bazen argi dago kristautasuna sartu aurrekoa izango zela), edo gure garaietan prostituituta dagoen kooperatibismoa. Ezaugarri horiek, bitxia bada ere, euskal abertzale burgesek idealizatu dituztenak dira. Baina haien balioetan benetan sinistu gabe aldarrikatzen badituzte ere, ikuspegi erromantikoa eman eta euskaldunen “izaera aparta” aldarrikatu eta harrotasuna (edo harrokeria) agertzeko erabili badira ere, horrek alde ona era badauka: burgesek eurek ere badakite herritarrek holako ezaugarriak ontzat jotzen dituztela, barru-barruan askatasuna eta berdintasuna maite dituztela. Izan ere, isildu ohi dutena honakoa da: foru sistema barrutik usteldu zuena diruzaletasuna, zekenkeria izan zen. Alde batetik, lur asko esku gutxitan geratu ziren, diruaren logika hasi zen nagusitzen, eta jabe horiek euren eskuz landu ezin zituzten lurrak zeuzkatenez, are gehiago, lana eurek egiteko asmorik ez zeukatenez, maizterren lanaren lepotik hasi ziren bizitzen. Bestetik, Batzar Nagusien funtzionamendua usteldu zutenak merkatal interesak izan ziren: euskal lege zaharrak, erromatar zuzenbidearen aurkakoak, merkatuak egiteko oztopo bihurtu zirenean, hiriguneak eratzen hasi ziren, haiek kanpoko foruari, Logroñokoari, esaterako, lotuz. Hiribildu haiek izan ziren elizateen gainetik hazi eta haiek irentsi zituztenak. Horrela, merkatarien, burges berrien interesak, diruaren interesak, herriaren interesen aurretik jartzen hasi ziren, gure egunetara arte. Hots, Euskal Herriaren ezaugarri “apartak” aldarrikatzen hasi zirenak ezaugarri horiek suntsitu zituztenen oinordekoak izan ziren, hain zuzen ere. Beraz, zergatik ez erabili berezko euskal ezaugarri horiek (benetakoak ala mitifikatuak diren beste kontu bat da) ikuspuntu anarkistatik? Zergatik ez edan euskal tradizioak eman dizkigun alderik onenetatik haiek azpimarratu eta anarkismotik aldarrikatzeko? Zergatik ez baliatu abertzaletasunak sortutako mistika bera euskal herritarren alde eta euskal burgesen aurka, Euskal Herria herri gisa desegin zuena estatismoa bera izan zela erakutsiz? Euskaldunak estaturik izan ez zuten bitartean baino ez ziren askeak izan, eta estatu bat eratzeak berak (Nafarroako erresuma sortzeak, alegia), euren izaeraren, euren oinarri askeen suntsipenerako lehen harria jarri zuen.

Mugimendu anarkistak abangoardiakoa izan behar luke baina, zoritxarrez, Euskal Herrian berandu iristen da maiz, eta iristen denean ere, beste batzuen itzalpean egiten du. Beste ideologiei utzi diegu ekimena, agertzeko lotsa bageneuka legez. Baina sen anarkista, sen libertarioa, oso sustraituta egon da euskal gizarte xumean, libertarioa zela jakin gabe ere. Matxinadarako sena ez da inoiz hil. Agian bada garaia anarkismoa Euskal Herrian aitzindaria izateko. Dogmatismoak, barneko borroka antzuak, joera desberdinak banantzen dituzten txikikeriak, jatorriak alde batera utzi eta euskal anarkismoa beste herrietako anarkismoaren pare ibiltzeko, besteak eta batez ere bere burua gutxietsi gabe. Lubaki eta barrikada askotan beste batzuekin egingo dugu bat, eta haietan ere argi utzi behar dugu borroka haiek (AHT, auto-kudeaketa, gaztetxeak, antimilitarismoa, antinperialismoa, presoen askapena eta anarkismoan beti egon diren aldarrikapen guztiak) geure-geureak direla. Beste kontu batzuetan (estatismoa, militarismoa, totalitarismoa, kapitalismoa, sindikatuen saldukeria, jabetza pribatua…) beste batzuek, baita borroka lagun izan ditugun batzuek ere, aurrean topatuko gaituzte. Baina anarkismoak euskal gizartearen errealitatearekin, herriaren sentipenarekin, euskaldunen berezko ezaugarriekin bat egiten ez duen bitartean eta euskaldunak euren ezaugarri historikorik onenen oihartzunak anarkismoan daudela jabetzen ez diren bitartean, nekez egingo dute “euskal” eta “anarkista” hitzek bat. Eta nago urte gehiegi galdu dugula elkar aurkitu ezinik.

(2009-9-10)

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.