Demofaxismoaren egiak eta geografiaren bitxikeriak

Aitor dut, ez nuen espero koronabirusaren inguruan hainbeste idaztea. Hirugarrena izango da artikulu hau! Baina uste dut, interesgarria ez ezik, funtsezkoa dela gertatzen ari dena ondo aztertzea, ekarri nahi digutenari aurre egingo badiogu.

Aitor dut, halaber, kostatu zaidala irudi bat osatzea -eta seguruenik osagabea da oraindik daukadana-, albiste eta sasi-albisteen haize aldakorretara erabili gaituztelako hau hasi zenetik. Gauza bat, bai, argi izan dut hasieratik: estatu polizial erabateko honen aurka egon naiz, nago eta egongo naiz. Baina bitartean, zorabiatuta ibili naiz, eta inguruko asko zorabiatu dut, gure hedabideek lehen planoan jartzen zigutenaren eta isiltzen zenaren artean puzzle osoagoa bete nahian. Nazkatu ditut, beraz, lagun asko, ez haiek ni baino gutxiago, bestalde. Hasieran Txinako totalitarismoa, haren erabateko kontrol teknologiko-polizial-mediatikoa, zen eredu. Handik ikasi behar genuen, baina ezinezkoa ei zen hango eredua hemen, guk ez ei daukagulako autodiziplinarik, geurekoiagoak garelako, indibidualistagoak, eta abar, eta abar. Erabateko etxealdiaren eredua zen hura baina, ondoren, Hego Korea ekarri ziguten titularretara, eta han, erabateko etxealdirik inoiz gertatu ez bada ere, gizakien mugimenduak kontrolatzeko bioteknologia zen saldu nahi zigutena, orain ezbaian dauden aplikazio “salbatzaileak”. Eta haien bien aldean, inork ez zuen aipatzen emaitzak antzekoak edo hobeak zirela Japonian, inongo etxealdirik eta biztanleen biokontrolik gabe. Baina hura, antza, ez zen gure egoerarekin konparagarria eta, gainera, etorriko zitzaien haiei ere buelta. Are gehiago, ematen zuen jende askok desiratzen zuela konfinamenduaren fedeari muzin egiten ziotenen kontrako zigor kosmikoa. Asteak pasa, eta Euskal Herrietako ehun mila biztanleko 57,27 hildakoen aldean (datu ofizialen arabera, beti ere), 0,4 hildako dauzkate han oraindik. Kristautasuna utzi eta shintoista bihurtu beharko ote dugu.

Hala, herrialde arrakastatsu eta eredugarrien zerrenda joan da luzatzen hedabideetan, bitxia bada ere, derrigorrezko etxealdirik eta/edo kontrol bioteknologikorik inoiz izan ez dutenak ahaztuta ia beti. Azken eldarnioetako bat arrakastaren giltza emakumeen gobernuen eskuetan jartzen zuena izan zen, baina erakutsi nuen lehenago teoria horren zintzotasuna.

Azter ditzagun mapak, zenbakiak eta, gero, behin betiko irtenbidetzat eskaintzen zaizkigun “egiak”.

Birusaren mapak eta mapen birusa

Azken egunotan, Europako mapa bat hasi da saltoka sare sozialetan. Haren arabera, Espainiako estatuak zeuzkan kontinenteko zifrarik txarrenak (Euskal Herrien atzetik, hori bai):

Akats txiki bat zeukan mapa horrek: sentitzen dut Johns Hopkins University eta BBCgatik, baina Belgikak ez dauzka 15,70 hildako ehun mila biztanleko, 65,67 baizik (gaur, 2020-04-04, 67,7). Twitterren zuzendu du lagun batek eta, beraz, hau litzateke gutxi gorabehera Europako benetako mapa ofiziala:

Dena dela, aurreko artikulurako koronabirusari buruzko munduko datu ofizialak aztertzen hasi nintzenez, berriro heldu nion gaiari atzo, eta sakonago aztertu, eta uste nuena berretsi nuen: koronabirusak (ustez) hildakoen proportzioak homogeneotasun geografiko oso deigarri eta setatia dauka, salbuespen txiki eta bitxi batzuekin.

Europatik hasita, mapari erreparatuta, Suedian bizi den lagun euskaldun batek umorez esan zidan NATOren mapa ematen zuela goiko horrek. Kontua da, hor Europa mendebaldea erdi eta ekialdetik bereizten duen marra bat osatzen dutela Herbehereak (27,43 hildako ehun mila biztanleko), Belgikak (65,67), Frantziak (36,01), Suitzak (20,15) eta Italiak (45,81). Belgikarekin batera, Andorra (58,2) baino ez dago Euskal Herriaren (57,27) gainetik (alde batera utzi dut San Marino, guztira 41 hildako izanda, hango biztanleria dela-eta, 120,8 hildako izan baititu ehun mila biztanleko, estatistikaren bihurrikeriak, munduko proportziorik handiena emango ligukeen datua). Erdian, beste marra bat osatzen dute Danimarkak (7,64), Alemaniak (7,80) eta Austriak (6,56) -tartean legoke, esaterako, Luxemburg (15,3), mendebaldearen eta erdialdearen arteko lerroan kokatuta-, eta handik ekialderantz Esloveniako 4,30 hildakoetatik behera geratzen dira hildakoen proportzioak. Homogeneotasun horretan salbuespen bi daude: Portugal mendebaldean, bere ingurukoen azpitik (9,46), eta Suedia ekialdean, bere ingurukoen gainetik (24,18). Gero egingo diot beste kiku bat aurreko artikuluan aipatu nuen zifren sinesgarritasunari.

Europatik Ameriketara joanda, gauza interesgarriak aurkituko ditugu han ere. Alde batetik, AEB da Europako mendebaldeko herrialdeen pare dabilen bakarra (20,7 hildako, Suitzaren antzera), eta Kanada Portugalen pare (9,8). Baina Estatu Batuetatik hegoaldera, oso bitxia da gertatzen dena. Hortik “beherako” kontinentea hiru multzotan bereiz daiteke, zifrei kasu eginda. Hego Amerikan, erdiko multzoa osatuko lukete Ekuadorrek (8,9), Peruk (3,9) eta Brasilek (3,3), eta marra geografiko horren ipar eta hegoaldera beste multzo bana, egoera askoz hobean biak. Marra horretan dago egoerarik txarrena, datu ofizialen arabera, baina gutxi gorabehera Europan “ondo” dauden herrialdeen pare. Hegoaldeko herrialdeak esan daiteke hobeto moldatu direla orain arte, baina kontuan hartu behar da udatik datozela haiek denak eta, beraz, ikusi beharko dela zer gertatzen den neguak aurrera egin ahala: Argentina (0,5), Bolivia (0,7), Paraguai (0,1), Txile (1,4) eta Uruguai (0,5). Beste horrenbeste, marra horretatik iparraldera daudenei dagokienez: Kolonbia (0,7), Venezuela (0,04), Guyana (1,1), Guyana Frantsesa (0,3) eta Surinam (0,2).

Erdialdeko Amerikatik Mexikora, baita Kariben ere, nahiko ondo daude gauzak. Mexikon bertan 1,7 dira hildakoak ehun mila biztanleko, eta antzera inguruko herrialdeetan. Bitxia da, ordea, Panamaren kasua, Europan Portugal eta Suedia bitxi gertatzen diren bezala. Bertan, 4,6 hildako izan dituzte orain arte ehun mila biztanleko. Zifra horrek Europan hoberen moldatu direnen pare kokatzen badu ere, Latinoamerikan Ekuador, Peru eta Brasilen multzoan kokatzen du. Harekin muga egiten dutenak, aldiz, askoz hobeto daude: Costa Rica (0,1) eta Kolonbia (0,7).

Gainerako kontinenteei begiratuta, inon ez dago Europa mendebalde eta erdialdeko egoera. Aurreko artikuluan erakutsi nuenez, oso urriak dira Afrika, Asia eta Ozeaniako hildakoen proportzioak, eta oso homogeneoak: 0,4 Japonian, 0,3 Txinan, 0,1 Indian, 0,4 Australian, 0,4 Zeelanda Berrian, 0,08 Thailandian, 7,4 Iranen (agian anomalia bakarra, bere inguruko guztien nahiko gainetik baitago), 2,7 Israelen, 0,5 Marokon, 4 Turkian, 0,2 Hego Afrikan…, gorabehera deigarririk gabe.

Salbuespen bitxiak

Hala, iturri ofizialen arabera, mundu osoan, batez beste, 3,19 hildako utzi ditu orain arte koronabirusak ehun mila biztanleko, eta benetako arazo larria, antza, Europa erdi eta mendebaldean, AEBn eta Kanadan baino ez daukagu. Mundu zibilizatuaren eredu diren gizarteetan.

Datu horiek eskuan, bitxiak dira egunotan esan eta isildu direnak eta, batez ere, eraikitzen ari diren “egiak”. Nire aldetik, anomaliak aztertu ditut batez ere. Zergatik ote daude hildakoen proportzio handiagoak Suedian, Panaman, Perun, Ekuadorren eta Brasilen haien inguruko herrialdeetan baino? Zerikusia ote du gobernuek hartutako neurriekin?

Izan ere, aurreko artikuluan aipatzen nuenez, badirudi emaitza geografikoki homogeneoak daudela munduan, gobernuen politikak heterogeneoak izan arren: neurri oso arinekin ederto dabiltza herrialde batzuetan eta neurri oso zurrunekin oso txarto besteetan, eta alderantziz. Zer gertatu da, beraz, euren inguru geografikoaren joerarekin bat ez datozen herrialde horietan? Batez ere, ingurukoek baino hildakoen proportzio handiagoa izan dutenetan.

Suediari buruzko erantzuna han dudan lagunari galdetuta bilatu dut. Haren esanetan, Suediak beti hartu ditu erabakiak bere kabuz, nazioarteko presio orori jaramonik egin gabe, eta nahiko ondo joan zaio horrela. Bestalde, gauza askotan ez ei dauka zerikusirik bere inguruko gainerako herrialdeekin, urrutitik kontrakoa pentsa badezakegu ere. Gobernuak anestesiarik gabe esan ditu esan beharrekoak, euren gordinean, eta ez du inoiz daturik ezkutatu, antza. Hau izan da politika, gutxi gorabehera: birus bat dago, gure artean geratuko da, ohitu gaitezen. Hala, ez da inolako etxealdirik agindu eta, oro har, ohiko bizitza egiten jarraitu dute; ekitaldi jendetsuak baino ez dituzte saihestu.

Lagunak esandakoaren arabera, suediarrek ez dute begi onez ikusten askatasunen inolako murrizketarik, eta nekez onartuko zuten kalera ateratzeko debekurik. Baina, horri lotuta, hasieratik egin dizkiete testak hildako guztiei eta, beraz, zifrak gorantz egon daitezke puztuta, aurreko artikuluan esan eta gero berriz azalduko dudanez. Ipar horretatik, zur eta lur ikusi du nire lagunak zelan onartu ditugun hemen neurri guztiak eta, batez ere, zelan egin duen bat ezker abertzaleak ere “ni etxean geratzen naiz” tankerako leloekin eta udaltzainei eskainitako txaloekin. Diagnostiko bat baino ez zaio otu: burua garbitu dizuete. Haien artean, hildakoak hildako, ez baita paranoia ez izurik zabaldu.

Iritziak iritzi, balirudike modu bitan azal litekeela han gertatutakoa, modu horiek osagarriak diren ala batek bestea indargabetzen duen ezin esan: a) neurrien lasaitasunak zabaldu dio bidea birusari; b) berez koronabirusak hil ez dituen asko daude zifra horietan sartuta, gero azalduko dudanez eta, beraz, benetako proportzioak inguruko herrialdeetakoen parekoagoak izan litezke ematen duena baino.

Badago, ordea, eman zidan beste datu bat: % 60 zahar-goitzetan zendu dira, eta zahar-egoitzen pribatizazio handia bizi izan dute azken urteetan. Eztabaidagai ei dute orain, koronabirusa bera baino gehiago, adineko jendeak bizi duen egoera. Gero helduko diot horri. Izan ere, badirudi antzera gabiltzala hemen ere, eta gauza asko azal dezakeela datu horrek.

Ikus dezagun orain zer gertatu den Latinoamerikako “anomalia” horietan, ea antzeko zerbait aurkitzen dugun.

Lehenbizi, lehen aipatu dudan erdiko lerro horri erreparatu diot. Antzekoak izan dira Ekuador, Peru eta Brasilgo politikak? Suedian bezala, malguago jokatu ote dute? Informazioa bilatu, eta ezustekoa! Peru eta Ekuador izan ziren Hego Amerikan koronabirusaren aurrean erantzun zuten lehenetakoak eta erabateko etxealdia azkarren agindu zutenetakoak! Martxoaren 15ean agindu zuen Peruk, beste inork baino lehenago, antza. Ekuador eta Argentina parean ibili ziren, 5 bat egun geroago eta, Brasilek, aldiz, ez du inoiz holakorik agindu. Badirudi, beraz, hiru herrialde horiek euren artean eta ingurukoekin konparatuta, etxealdia agintzeko bizkortasuna edo moteltasuna ez dela faktore izan, ez gauzak hobetzeko, behintzat. Txilen, esaterako, etxealdi selektiboak agindu dituzte, eta oker ez banago, toki askotan oraindik ezarri gabe daukate eta jendea nahiko libre mugitzen da (beste kontu bat da eguneroko errepresio eta indarkeria polizial eta militarra, eta Temuko, herri maputxearen borroka bizien dagoen hiria, are gehiago militarizatzeko baliatu dutela, hura baita erabateko berrogeialdian sartu duten tokietako bat).

Hori ikusita, Panamaren egoera ere aztertu nahi izan dut eta, hara!: han ere azkar demonio erantzun zioten mehatxuari, eta aginduta zeukaten etxealdia martxoaren 14rako. Costa Rica eta Kolonbia dauzka mugakide Panamak eta, beraz, haiekin erkatu nahi izan dut. Nire ezustekoa ez da txikia izan irakurri dudanean Costa Rican tabernak, jatetxeak, zinemak, antzokiak, hondartzak… itxi bai, baina ez dutela derrigorrezko etxealdirik inoiz agindu. Kolonbian, aldiz, bai, aginduta daukate, albisteetan entzundakoaren arabera, betetzeko zailtasun handiak dauden arren. Berriz ere, ez dirudi etxealdiaren zorrotzak azaltzen dituenik hildakoen datuak.

Gogoan dut inguruko pertsona hur eta sinesgarriek esandakoek neu ere apur bat beldurtuta nindukatenean, etorkizun beltza iragartzen nuela Mexikorentzat, ematen baitzuen han ez zutela neurri handirik hartuko. Ezarri ziren neurriak azkenean, baina derrigorrezko etxealdia agintzera inoiz iritsi gabe. Hilabeteak igaro eta, arestian esan bezala, 1,7 hildako dauka Mexikok ehun mila biztanleko.

Eta gogoratzen dut lehen derrigorrezko etxealdia inoiz agindu ez zuten herrialdeak aipatzen nituenean (Hego Korea eta Japonia, hasiera urrun hartan), askok esaten zidatela ezin zirela haiek gure herrialdearekin erkatu, ez soziologikoki, ez teknologikoki, ez osasun-sistemaren prestakuntzari dagokionez. Eta zera pentsatzen dut orain: noski, seguruenik ezin dugu gure herrialdea ez Hego Korearekin ez Japoniarekin erkatu; ezta Australia edo Zeelanda Berriarekin ere; ezta Errusia edo Ukrainarekin ere; ezta Alemania edo Austriarekin ere; ezta Mexiko edo Panamarekin ere… Zein herrialderekin erkatu beharko dugu, beraz? Seguruenik, hobetsi nahi diguten ereduaren arabera…

Zaintzak lanbide

Badago, ordea, sakontasunez ukitu ez den gai bat: zaintzen eredua, eta kasu honetan, bereziki, adinekoen zaintzen eredua. Horretaz hitz egin da, baina eztabaida ez da zahar-egoitzen eredu pribatua ala publikoa hobetsi beharretik, edo behar duten finantzaziotik pasa. Hildakoen proportziorik altuenak dauzkaten herrialdeetan zahar-egoitzetan gertatzen ari diren heriotzak, berriz, kontuan hartzeko modukoak dira, nire aburuz. Deigarria egin zait, esaterako, Greziako egoerari buruz, artikulu batean hau azpimarratzen dela: hango gizartean, ez ei dira oraindik hautsi adinekoen eta komunitatearen arteko loturak, eta gutxi dira gurasoak zahar-egoitzetara eramaten dituztenak (deigarria dioen beste hau ere: herritarrek osasun-zerbitzuetan ei duten konfiantza urriak haietatik urrun eduki ditu, eta emaitza ez da jende gehiago hiltzea izan, zerbitzu horiek ez kolapsatzea eta jende gutxiago hiltzea baizik).

Beharbada, ordea, ez da komeni gaia aipatzea ere. Batez ere, azken urteetan kredo bakarra hauspotu delako: gure gizartean zaintzak ez dira baloratzen haien truke soldatarik jasotzen ez delako. Soldata da eta behar du gauzen balioaren neurria, antza eta, beraz, soldatapean jarri behar dira giza harreman guztiak denok balioets (edo baloriza) ditzagun. Zaintza guztiak lanbide bihurtu, alegia.

Egia da genero-desoreka handia egon dela (eta dagoela) gura gizarte kapitalistan zaintzen arloan baina, kapitalismoaren premietan eta logikan sakontzea da hura orekatzeko bidea?

Badirudi ez dugula ikusi ere egiten barneratu diguten inertzia. Gure lanak gure bizi erritmoetara egokitu beharrean (bizi erritmo pertsonal eta komunitarioetara), gure bizi erritmoak egokitu behar ditugu soldataren tiraniara, kapitalaren beharrizanetara, gero eta gehiago. Hori zen, gizartearen kontrol bioteknologikoarekin batera, Bioklik eleberrian jorratu nuen gaietako bat, garrantzitsuenetakoa, nik uste. Eta nabarmen geratu da koronabirusaren krisian.

Bestela esanda, zaintzei merezi duten balioa eman nahi badiegu, ez litzateke egokiena gure denborak haien arabera moldatuz erakustea garrantzi hori? Soldatapeko lanetik askatzea, haurrak, gaixoak eta nagusiak senideen artean eta komunitatearen barruan zaindu ahal izateko denbora lehenesteko, soldatapeko kartzelari derrigorrez eman behar diogunaren aldean? Badirudi ezetz, modu bakarra dagoela erakusteko zenbat balio duen zaintzak: gure ingurukoen zaintzari denbora guztia kentzea, geure burua, gorputz eta arima, osorik emateko soldatapeko denborari, eta zaintzak ere soldatapeko lan bihurtzea. Produzitu beharraren aldareko intsentsu bihurtzea esna ematen dugun denbora guztia. Modu arraroa zerbait balioesteko, balioak balore bihurtzea, batzuek haiei gainbalioa atera ahal izateko.

Eta ez dirudi, noski, demofaxismoaren asmoa hori birpentsatzeko aukera ematea denik. Aitzitik, kontrako mezua eman zaigu behin eta berriz gobernuetatik, lerro artean zein zuzenean: normaltasun berri batera ohitu behar dugu, lehendik zetorren prozesu bat bizkortzera etorri da birusa, eredu horretan, munduko gobernantza bateratu berri batean sakontzeko baliatu behar dugu abagunea. Egoera eurek sortu ez badute, esan daiteke ondo aprobetxatzen ari direla euren agendarako, behintzat, Espainiak izan duen frankismo osteko (frankismo ostean bagenbiltza, behintzat) gobernurik “ezkertiarren”aren eskutik…

Hildakoekin dantzan

Esan dezagun orain zerbait hildakoen kopuruen fidagarritasunaz, berriro ere. Datu ofizialen arabera, munduan 248.445 lagun hil dira, 2019ko abenduan COVID19 Txinan agertu zenetik hona. Hasieratik egon dira susmoak, ordea, datu ofizialen inguruan, baina gehien bat ideia bat sartu digute buruan: benetako hildakoak ofizialak baino askoz gehiago dira. Egia ote?

Gakoa da zer behar den koronabirusak hildakoen zerrenda loditu dezan defuntu batek. Gehienetan, gaixorik sentitu eta medikuarengana goazenean, sintomei buruz galdetu, eta horren arabera egin ohi dute diagnostikoa gripea eta hotzeria bezalako gaitz arrunten kasuan. Gehienez ere, gauza luze badoa, test bat egingo digute daukagun gaitza birikoa ala bakteriologikoa den jakiteko, bigarren kasuan antibiotikoak errezetatzeko. Nik dakidala, gaixorik hiltzen garenean, diagnostiko arruntak adierazitako gaitzaren zerrenda loditzera pasatzen gara. Zuzenduko dit honetan aditu den baten batek oker banago, baina ez dut uste iaz, esaterako, Madrilen, Andaluzian eta Espainiako estatuko beste toki batzuetan ospitale batzuk gripe arruntagatik kolapsatuta egon zirenean eta haren ondorioz hainbat lagun hil zirenean, testik egin zitzaienik haiei guztiei haien gorputzean gripearen birusa aurkitzen zuten berresteko. Eta berdin gertatuko zen aurreko urte guztietan ere.

Aurten, ordea, testak dauzkagu, ez mota bat, hiru baizik. Baina, kontuan hartu behar da, ez zirela hasieratik testak egiten hasi, are gutxiago hildako guztiei. Beraz, imajinatzen dut diagnostikoaren arabera erabakiko zela hainbat hildako koronabirusaren zerrendan jartzea, ohi bezala.

Baina, aldi berean, ohi ez bezala. Maitale jeloskorraren patologia daukagu hor. Jeloskor dagoen maitaleak (gizon zein emakume, gaitzak ez baitu generorik bereizten) nonahi ikusten ditu bikotekidea “ostu” nahi dioten arerioak, eta bere jelosia du gidari bere zentzumenek jasotzen dituzten datu guztiak prozesatzeko: bikotekidearen irribarre hura, berandu etorri zeneko bestea, telefono dei luzeegia, lagunik onenaren begirada bitxi bat… Gainera, mundu guztiak bere bikotekidea desiratu ez ezik, denek dakite ez zaiola leial eta barre egiten diote ezkutuka. Antzeko zerbait gertatu ote da koronabirusarekin? Gerta daiteke gizarte osoa izatea maitale jeloskor hori, gertaera guztien atzetik koronabirusa ikusi nahian? Eta bereziki, gerta daiteke gobernua izatea maitalerik jeloskorrena? Lupa-efektua esan nion aurreko artikuluan. Denak daude niri begira, badakite koronabirusak adarrak jartzen dizkidala, eta barre egiten didate. Beraz, zalantza ororen aurrean, hobe gaixoa koronabirusak hil duela diagnostikatzea, zerrendatik kanpo uztea baino. Sintoma posible guztietatik baten bat daukazula?: koronabirusa; zure antzera egon den inoren ondoan egon zarela?: koronabirusa, sintomarik ez badaukazu ere.

Baina, gauzak zientifikoki egin behar zirenez, testak iritsi ziren, ez dakit, ordea, gauzak hobetzeko. Izan ere, gauza bera da zure gorputzean birus bat egotea, birus horrek eragin dezakeen patologia garatzea (gaixotzea, alegia), eta birus horrek garatutako patologiaren ondorioz hiltzea? Zer dira, besteak beste, asintomatikoak, sintomarik gabeak? Birusa gorputzean sartu, baina patologiarik garatu ez dutenak (gehienoi urtero gertatzen zaiguna gure gorputzean sartzen diren hamaika birus motarekin).

Esan digutenez, hiru test mota daude: lehenengoak (PCR) adierazten du birusa zure gorputzean dagoela une horretan, patologia garatuta izan zein ez, eta gaixotasuna garatu (mundu guztiak egiten ez duena) eta gainditu arte ematen ei du positibo; bigarrenak (antigenoena edo azkarra, ez oso fidagarria) zure gorputzak gaixotasuna garatu duela esaten digu, eta gaixotzen hasten garenetik gaixotasuna gainditu eta zenbait egun igaro arte ematen ei du positibo; hirugarrenak (serologikoa edo antigorputzena) gure gorputzak birusaren aurkako antigorputzak garatu dituela esaten digu eta, dioskutenez, gaixotasuna garatzen hasi eta bost egunera hasten da positibo ematen, antigorputz horiek iraun bitartean, baina gerta daiteke antigorputzak garatzea inoiz gaixotasunaren sintomarik izan gabe.

Hiruretatik, batek ere ez du esaten hiltzeko arrazoia koronabirusa izan denik. Baina hor hasten da berriro zifren dantza. Halako batean, hildakoen kopuru ofizialei nahikoa iritzi ez, eta etxean hil ziren guztiei ere egin behar zitzaizkien testak, ea birus ditxosoa inon agertzen zen. Maitale jeloskorra berriz ere, adarren bila. Beraz, gauzak horrela, teorian, koronabirusak hildako milaka lagun dauzkagu, ez urtero bezalako diagnostiko lasai batean mediku batek hala diagnostikatu duelako, ezpada, paranoia egoera batean, hala diagnostikatu delako kasu batzuetan, eta beste batzuetan, halakorik diagnostikatu ez arren, test batek gorputz horretan birusaren edo antigorputzen arrastoak aurkitu direla adierazi duelako.

Entzun dugu, halaber, test horiek, Hego Korean, esaterako, negatibo faltsu asko eman dutela. Baina badakigu zenbat positibo faltsu eman duten? Ala ez da holakorik gertatzen? Ihesaren kasuan, ez dira arraroak izan positibo faltsuak, ondorio oso txarrekin, beraz, ziurtatu diezaguke inork ez dagoela positibo faltsurik koronabirusaren testetan?

Dena dela, onar ditzagun datu ofizial horiek: orain arte, mundu osoa geldiarazi duen birusak, arestian esan bezala, 248.445 lagun hil ei ditu. Ez dira gutxi, noski, baina estatistikei erreparatuta, ikusten dugu gripeak, (Ak zein Bk) urtero, 250.000-650.000 lagun hiltzen dituela. Alegia, urterik txarrenetan, orain arte koronabirusak (ustez) hildakoak halako hiru ia. Eta hala ere, ezin ditugu emaitzak konparatu, esan legez, aurreko urteetan ez zaielako gripe garaian hildako guztiei testik egin eta, batez ere, ez dugulako izan gripearen bila zebilen maitale jeloskorrik. Zenbat emango zuten positibo gripean haren birusa detektatzeko testak orokorrak izan balira? Zenbaten gorputzari egiten dio bisita gripearen birusak urtero, gaixotasuna garatu zein ez? Beste diagnostiko baten arabera hil zirenei testa eginez gero, ziurtatuko digu inork ez zirela milaka eta milaka gehiago izango gripearen estatistikak lodituko zituztenak?

Beraz, datuak puztuta egon gabe ere, mundu mailan oraindik ez gara gripe arrunt baten kopuruetara iritsi. Egia da udazkena falta dela (eta hego hemisferioko negua eta udaberria). Baina edozelan ere, esandako arrazoietatik, aurtengo zenbaki ofizialak dira berrogeialdian jarri beharko ditugunak beste urte batzuetako heriotzekin konparatzerakoan.

Zientzia giltza bakarra…

Azkenik, ez dugu bistatik galdu behar komunikabideek egunero buruan sartu nahi dizkiguten mezuak: gure bizitza ez da inoiz lehen bezalakoa izango, eta modu bakarra dago hau gainditzeko: txertoa. Biak dira, zalantzarik gabe, kezkatzekoak, eta biek apuntatzen dute noranzko batean: gure askatasuna eta sozializatzeko estilo “zaharkituak” erre behar ditugu teknologiaren eta zientziaren aldareetan.

Ez naiz konspirazio-teorien oso zalea, baina, komunikabideen eguneroko bazka bezala, entzun eta aintzat hartzen dut lagunek esaten eta bidaltzen didatena, horren atzean lastoa eta garia bereizteko itxaropenarekin. Argi daukat albiste faltsuekin bonbardatzen gaituztela egunero (fake news, orain esan behar den bezala, modernoa izateko, ingeles apur bat sartu ezean ez baikara ezer), baina ez dira Internet eta sare sozialak horiek asmatu dituztenak. Historikoki, askotan irentsi ditugu antzezlan sofistikatuak gura pantaila adiskideari begira, gezurtegi ofizialen ordutegian. Ikusle guztientzako gezurrak, egia ofizial bihurtuta. Gerrak ere ez dira izan salbuespen. Beraz, ez nintzateke harrituko erakusten dizkiguten AEBko irudiak, hilkutxa mordoak hilobi komun erraldoi batean lurperatuta, beste antzezpen bat balira eta kutxa horietan inor ez balego. Baina ez dut esango hala denik ere. Besterik gabe, sinesgogor bihurtu naiz albiste batzuen aurrean, irudiek lagunduta etorri arren. Irudiak ere fabrikatzen dizkigute egunero.

Dena dela, konspirazio-teoriei dagokienez, badakit hor ere maitale jeloskorraren aurrean gaudela gehienetan. Erraza da, nahi izanez gero, kalamidade guztien atzean hamar aberats sasikume, zein gizakiz mozorrotutako musker pilo bat ikustea, eta ez da zaila gertaera kasualen atzean kausalitate bakar bat eta bera aurkitzeko korapiloak asmatzea.

Datuak hartuko ditut, beraz, eta beste batzuei utziko diet hortik teoriak ateratzeko lanak. Nire aldetik, ez baietsi ez ezetsi. Atzean esku bat, bost, zein hamar egon, edo mundua gidaririk gabeko kaos batera abandonatuta ibili, ez da aldatzen nire ustez egin behar genukeena: geure burua kapitalismotik eta Estatutik kanpo eta haien aurka antolatzea.

Datu horietan sartzen dira Espainiako presidente Pedro Sanchezek krisi hau hasi zenean Kongresuan bota zuena: lehendik datozen aldaketak bizkortzeko baliatu behar da koronabirusak sortutako egoera, mundu mailako gobernantza bateratu baten bidean. Ez dakit munduko ordena berria eta gobernu bakarra ote zeuzkan buruan, baina, Espainiako estatuaren mugen barruan, behintzat, gobernu bakar, polizial eta militarizatu bat bizkortzeko aprobetxatu duela ezin ukatu. Harritzeko ezer ez, gizarte errealitateak eta kulturak homogeneizatu, bateratu eta poliziaren errepresioa eta militarismoaren hedapena bultzatzeko orduan ezkerreko gobernuak, historikoki, ez baitira eskuinekoen oso atzetik geratu, eta bai, askotan, oso aurretik. Gauza bat izaten baita ezkerreko alderdietatik oposizioan egonda predikatzen diren balioak, eta beste bat gobernura iritsitakoan ezartzen diren praktikak eta pilatzen diren balioak.

Eta zein dira, Pedro Sanchezen arabera, lehendik zetozen eta orain bizkortu behar diren joerak? Teknologien mendeko gizarte atomizatu eta antisozial baterakoak, hain zuzen ere. Nor bere etxean, munduarekin “telekomunikatuta”, esklaboen lana ikusezin bihurtutako mundu batean. Teleikasketa, telelana, telebista, telekomunikazioak, teledemokrazia, telerosketak, telebakardadea, telelkartasunik eza. Prestatzen ari den ekofaxismoaren eskutik, bidenabar.

Hala, normaltasun “berrira” itzultzeko, tresna bioteknologiko bi iragartzen zaizkigu, gero eta ozenago: guztion mugimenduak (are gehiago) kontrolatuko dituzten teknologiak onartzea eta haien aurrean makurtzea, eta txertoa (derrigorrezkoa?).

Erre dizkiogu aukerak naturari ere aldare horietan. Goebblesen lezioak ondo ikasita, gezur bera errepikatuko digute mila bider, egia bihurtu arte. Ez digute zientifikoki azalduko zergatik ez den posible, historian egon diren beste koronabirus eta gripe guztiekin bezala, naturak bere bidea egitea eta COVID19 beste koronabirus asko desagertu diren bezala desagertzea, edo gure sistema immunologikoak (banakoak zein gizartekoak) berez egokitzea, aurrerantzean sasoiko edozein koronabirusen modukoa bihurtzeko (dagoeneko beste edozein koronabirusen modukoa ez balitz, datuak eskuan zalantzan jar daitekeena).

Gaztigatzen zuen Bakuninek, bera zientziaren aldekoa izanda ere, gobernurik tiranikoena izan zitekeela zientzialarien eskuetan utzitakoa, eta zientzia ere erlijio bihurtzeko arriskua zegoela. Badirudi, beste gauza batzuetan bezala, usaindu egin zuela etorriko zena errusiar bizardoak.

Ez dakit Bill Gatesek txertoa hau dena hasi aurretik prest zeukan ala ez. Egia da guztiak daukala informatikaren profeta eta jainkoaren profezia berez betearen antza. Badira urte batzuk entzuten zela haren ahotsa: etorriko da beste pandemia bat, eta mundua ez dago horretarako prestatuta -pandemiak urtero gertatzen direla eta gauzarik arruntena direla alde batera utzita-. Noski, berak prestatu behar gintuen bere bioteknologiaren bitartez. Beraz, koronabirus bat agertu, eta betetzat eman da profezia: hemen dago pandemia berria, prakak jaitsita harrapatu gaituena! Datu globalek horren egia berrezten ez badute ere, ez du lar axola.

Kontua da Europar Batasunak itun handi bat prestatu nahi duela Bill eta Melinda Gates Fundazioarekin eskuz esku, koronabirusaren aurkako txertoa lortzeko ikerketak finantzatzeko. OMEren oniritziarekin, noski, nazioarteko erakunde horren kontabilitatean ez baita txikia Bill Gatesen fundazioaren eta beste enpresa farmazeutiko eta bioteknologiko pribatu batzuen ekarpen ekonomikoa.

Ez dut uste gaur gaurkoz munduko gizaki guztioi nanotxipak ezarriko dizkiguten txertoak egiteko teknologia garatuta dagoenik, baina horrek ez du esan nahi prestatzen ari den txerto belaunaldi berriak nanoteknologiarik ez dakarrenik. Nanoteknologia gutxienez kezkagarria, izan ere, txerto horiek gure zelulen patua kontrolatzeko ahalmena izango ei dute, RNAren bidez. Eta hori dena eztabaida publikorik eta guri iritzirik ez baimenik eskatu gabe, seguruenik ez garelako behar bezain helduak dena gure hobe beharrez egiten dutela ulertzeko, guraso arduratsuen pareko. Halako txertorik agertzen bada, beraz, eta oso logikoa da pentsatzea lehenago edo geroago agertuko dela, espero dut norberak erabaki ahalko duela zabor hori bere zeluletan sartuta nahi duen, zer eta katarrorik ez harrapatzeko. Azken finean, farmaziak ezertarako balio ez duten botikaz beteta daude, errezetatu egiten dira haietako asko baina, behintzat, gure aukera da haiei muzin egitea. Beste horrenbeste behar litzateke gure zelulei zer egingo dieten ez dakigun txertoei dagokienez. Bionanoteknologia genetikoaz ari gara, eta ez dirudi txantxetan hartzeko kontua.

Horren eskutik, gure geokokapena ez ezik, gizarte harremanak monitorizatzeko aplikazioa saldu nahi digute, hori onartuz gero, etxealdiak arindu ahalko direla azalduta edo, bestela esanda, aplikazio horiek onartu ezean, etxealdi gogorretara etsi beharko dugula mehatxatuta. Txantaje emozionala esaten zaio horri.

Hori dena, esan bezala, koronabirusak gure gizartean berez eta era naturalean izango duen portaera zientifikoki zein den frogatu ez diguten arren. Beldurra aurretik, “segurtasuna” haien eskutik etor dadin gero.

Pentsatuko dugu “normaltasun” izugarri horri aurre egiteko bide kolektiborik, elkarren zaintza eta elkarlaguntza ardatz hartuta?


*Maiatzaren 11n datu ofizialekin egindako irudi bat:

**Maiatzaren 12an datu ofizialekin egindako beste irudi osagarri bat:

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.