Elkartasunak eta elkarkeriak

PEN Internationalek zabaldutako Ukrainarekiko elkartasun deia jaso nuen atzo, Euskal PEN Klubeko kide naizen aldetik. Halabeharrak nahi izan du honek denak Rudolf Rockerren klasikoa –Nazionalismoa eta kultura– irakurtzen nuen bitartean harrapatzea. Gaur izan dut denbora adierazpen hori irakurtzeko, eta ez sinatzea erabaki dut. Izen ezagunak aurkitu ditut sinatzaileen artean, miresten ditudan idazleak batzuk, lagun ditudanak beste batzuk. Baina haienganako guztienganako begirunetik, ez sinatzeko erabakiari eutsi diot. Badakit, ez didate Nobel Saria inoiz emango; seguruenik, ez hori ez beste ezein sari. Kostata, baina barneratu dut pilula garratz hori. Politikoki desegokia izateak bere prezioa du, eta bere presioa, eta, ondo edo txarto, biak eroaten ditut lepoan hartuta aspaldi.

Gerra horren aurka nago, noski, eta min handia eragiten didate iristen diren irudiek. Bonben azpian zein ihesi dabiltzan guztiekiko elkartasuna sentitzen dut, zein ere den haien bandera edo herritartasuna. Hala sentitu nuen duela zortzi urte Donetsk eta Luhanskeko istiluak hasi zirenean, baina, ohi denez, eta gehienok bezala, hango egoerari buruzko albisteak jasotzeari uztearekin batera hegan egin zuen nire elkartasunak beste lurralde kolpatu batzuetara. Asko izan baitira oroimena dudanetik erasoak eta bonbak jaso dituzten herrialdeak. Gezurrez kargatutako erasoak eta bonbak beti han eta hemen.

Gatazka honetan, guztietan legez, onen eta gaiztoen narratibak hasi dira zabaltzen. Ez dut esango bitxia denik, beti izan baita hola. Erasotzailea nor izan, erasoa pairatzen duena nor izan, laster egongo dira on eta gaizto ofizialak. Horretarako dago telebista, besteak beste: narratibak eraikitzeko. Telebista ikusle txarra naiz, ordea, gaiztoa birus bat izan, monarka hautatu bat, zein herrialde oso bat. Heroi berriak eraikitzen dira noizean behin, eta atzo ikusi dut azkena ETBko Gaur Egunen sortzen. Bai umoretsua eta aparta Ukrainako monarka -haren monarkiak zer titulu hartzen duen ahaztu dut; gutxi axola-.

Zer dakit nik benetan, ordea, lur haietan gertatu eta gertatzen denaz, komunikabideen atzeko interesek oparitzen didatenetik harago? Hango anarkista batzuei irakurri diet ideiarik osoena eman didan testua eta, hala ere, batek jakin, anarkistok ere gizaki baikara, ezta? Gatazka honetan dauden kontraesanei ez diete ihes egin, behintzat, eta asko da hori gaur egun.

Nire etxeko epeletik, gerrak zelan eragingo didan gehiegi neurtu barik -inflazioa eta baliabideen eskasia ez dira atzo asmatutako kontzeptuak-, inguruan zabaldu diren jarrera ildo nagusi biak ikusi ditut eta, ohi bezala, ezin neure burua ez batean ez bestean kokatu.

Diktadura global batean bizi gara, eta egia da diktadura horrek tokian tokiko mailak eta ezaugarriak dituela, baina besteen barroteek ez dituzte gureak ezabatuko. Errusian bizi dutena ere ez da atzo goizekoa, eta ez naiz Stalinen garaien nostalgiko bat. Berlingo harresia jausi aurretik zein ondoren, kakaren usaina ez da lar aldatu, ez harresiaren alde batean ez bestean. Zelan ez egon kontinente bitan zabaltzen den lurralde zabala eta haren barruko herritarrak KGB estilo jatorrean gobernatzen dituen monarkaren aurka! Zelan ez egon lurralde zabal horretan errusiar inperialismoa mendez mende jasan duten herri, etnia eta kultura guztien alde.

Baina hori ez da idazle horiek guztiek sinatu duten testuak dioena. Aterako ditut biltzen dituen esaldi esanguratsuenak (neuk euskaratuta, barkatu hanka sartzeak).

“Gu, mundu osoko idazleok, atsekabetuta gaude errusiar indarrek Ukrainaren aurka zabaldutako indarkeriagatik eta premiaz eskatzen dugu odol isurketa amaitzeko”. Noski, ados, atsekabetuta nago neu ere eta ez diot zentzurik ikusten odol isurketari. Honaino eragozpenik ez.

“Baturik diraugu zentzurik gabeko gerra bat kondenatzeko; Putinek eragin du gerra hori, ukrainar herriak bere etorkizuneko leialtasunak eta historia Moskuren interferentziarik gabe eztabaidatzeko eskubidea onartzeari uko egitean”. Txalogarria, seguru. Zentzugabea da gerra hori, egon diren eta dauden guztiak bezala. Imajinatzen dut baturik iraun zutela denek Ukrainako armadak eta paramilitar naziek uko egin ziotenean Donetsk eta Luhanskeko herritarrek euren etorkizuneko leialtasunak eta historia Kieven interferentziarik gabe eztabaidatzeko eskubidea onartzeari. Edo AEBk beste horrenbeste egin zuenean Iraken, Afganistanen, zein historian interesen bat jokoan ikusi duen herrialde orotan. Interferentziarik gabe erabakitzen dituzte euren leialtasunak -zelako hitza hautatu duten…- eta historia munduko herri gehienek aspaldi, ezta? Eta imajinatzen dut EBk, AEBk eta NATOk ez dutela ezelako interferentziarik inoiz eragin ukrainarrek -herrialde horretan bizi diren herri, etnia eta kultura guztietakoek- euren leialtasunak eta historia askatasunez erabaki ditzaten. Bistan da.

Ukraina izenaren pean biltzen diren lurretan bizi diren kazetari, idazle eta artistekiko elkartasuna ez da negoziatzen, haien ideiak eta bizi proiektuak zein diren ere. Kieven egon eta ukrainar estatuaren aldekoak izan, zein ukrainar ez sentitu eta agian batere estaturik nahi ez izan. Diot nik. Neu ere haien guztien ondoan sentitzen naiz eta haien mina sentitzen dut. Kieveko gobernuak espetxeratu eta jazarritako idazle, kazetari eta artisten mina ere neurea dut. Badakit denek ez dutela Zelinskyyren umore estilo bera, ETBk heroi berria eraikitzeko erakutsi berri diguna, baina beste txiste mota batzuk egiten dituztenek ere merezi dute euren mina senti dezagula, ezta?

“Pertsona guztiek daukate bakerako, adierazpen askatasunerako eta biltzeko askatasunerako eskubidea”, noski! Ukrainan, Errusian, Txinan, Kuban, AEBn, Frantzian, Espainian, Turkian, Saudi Arabian, Yemenen, Sirian, Afganistanen, Iranen, Txilen, Mexikon zein Israelen, ezta? Barkatu gogoko ez ditudan estatuen izenak erabili behar baditut esan nahi dudana uler dadin…

“Putinen gerra demokraziaren eta askatasunaren aurkako erasoa da, Ukrainan ez ezik, mundu osoan”. Hara! Demokrazia eta askatasuna esaldi berean! Beraz, adierazpena sinatzen badut, demokraziaren alde nago! Eta demokrazia -gaur egun demokrazia esan ohi zaion hori, uler bedi- eta askatasuna bateragarritzat jo! Non ikusten dute sinatzaileek demokrazia eta askatasuna eskutik, lagun onen moduan? AEBn, Espainian, Italian, Erresuma Batuan, Japonian, Alemanian, Uruguain edo Argentinan, agian? Putinen gerra eraso bat da, argi eta garbi, batzuen interes geopolitikoen aurka eta, noski, bere interes geopolitikoen alde. Horretarako, nazismoaren aurkako kanpainaren diskurtsoa darabil, imajinazioak bere mugak ditu, AEBk bakearen, askatasunaren eta -hau kasualitate ederra!- demokraziaren alde inbaditu edo bonbardatu ohi duenez bere interesen kontra sentitzen duen herrialde oro. Eta, Ukrainako armadan legez, hori ironikoa, Errusiakoan ere ez dira naziak falta, noski. KGBko gizonak ez dio inoiz muzinik egin naziekin tratuak egiteari; azken finean, haren pentsamoldea ez dago hain urrun haiengandik, baina ez da bera putinkume bakarra, onargarria eman dezakeen aitzaki baten atzean ezkutatzen dena bere agenda betetzeko. Komunismoa izan daiteke aitzaki hori, edo narkotrafikoa, edo suntsiketa masiboko armak, edo Bin Laden eta dorre bikiak, edo herri hautatuaren eskubide historikoak… Denak ibiltzen dira beti bakea oparitzen munduari, modu oso bitxian: bonben eta tankeen bidez. Bakerako Europako Funtsak ez du bere dirutxoa erabiliko bakearen izenean armak bidaltzeko, hain zuzen ere? Baina askatasuna benetan maite dugunok ezin gara ez hemen ez inon demokrazia deritzoten gehiengoaren zapalkuntza hori bidelaguntzat onartu, nik uste. Demokrazia hori da honetan guztian gutxien axola didana, egia esan. Haren eta hitz horren atzean gordetzen den hipokrisia guztiaren kontra nago aspaldi. Ez dut idazten mendebaldeko kulturaren ustezko nagusitasuna eta haren zibilizazioaren balioak goresteko, hain zuzen ere. Ez zait ezer galdu ez EB, ez AEB, ez NATO, ez NBEren interesen defentsan.

“Bat egiten dugu bakea eta indarkeria elikatzen duen propagandaren amaiera eskatzeko”. Bai, propaganda oro. Putinena eta Zelenskyyrena; Errusiarena eta AEBrena; EBrena eta NBErena. Zer da adierazpen hori, mundu ikuspegi baten aldeko propaganda baino? Eta bai, holako propagandak ere indarkeria elikatzen du. Indarkeria elikatzen du ahotsa Ukrainaren ideia jakin baten alde altxatzen denean eta beste ideia batzuen zapalketaren aurrean isiltzen denean. Indarkeria elikatzen du beste inbasio eta bonbardaketa askoren aurrean mutu dirauenean. Indarkeria elikatzen du historiaren interpretazio bakarraren alde egiten duenean…

Baina zer espero nezakeen? Estatu baten, edozein estaturen, alde dagoena indarkeriaren alde dago, gerraren alde, teorian bakezalerik amorratuena dela uste badu ere. Izan gerra hori militarra, ekonomikoa, kulturala, etnikoa… Estatuak direlako gerra guztien eragileak. Gerrarik gabe ez dagoelako demokrazia deritzoten horri eusterik. Edonon aurki ditzakegu gure zibilizazioaren, gure bakearen, gure demokrazia eta askatasunen aldeko gerrak uzten dituen gorpuak. Mediterraneora joan zaitezke edo, hainbeste ibili barik, Bidasoara.

Baina joan gaitezen harago, gerra honek inoiz baino ageriago utzi duelako munduan nagusi den hipokrisia. Edo, bestela esanda, inoiz baino ageriago utzi duelako nor den mundu honen nagusia. Gogoratzen duzue zenbat enpresak alde egin zuen AEBtik haren armadak Irak, Afganistan, Siria, Libia… bonbardatu zituenean? Zenbat kiroletatik kanpo utzi zituzten AEBko taldeak, selekzioak, kirolariak? AEBko zenbat banku utzi ziren SWIFT sistematik kanpo? AEBko zenbat banku itxi ziren Europan? Errazagoa begitantzen zaigu, seguru nago, mundu mailako iraultza anarkista bat, inork AEBren kontra proposatutako edozein zigor baino, zer ere egiten duen. Saudi Arabiar, Israel edo Turkiaren aurka ere uste dut ez dela holako deirik ez holako adierazpenik egon, baina oroimen txarra dut. Eta, berez, ez litzateke txarra, munduko estatu bakoitzak ingurukoak blokeatzea erabakiko balu. Ez litzateke bide txarra kapitalismoa deuseztatu eta tokian tokiko ekonomia horizontalerantz abiatzeko.

Baina ez daitezela gehiegi poztu hemen idatzi dudanagatik Stalinen mina sentitzen duten ezkertiar nostalgikoak. Hau ez da Putinen alde ezer esateko testu bat, argi geratu delakoan banago ere. Estatismo orok dakar berekin militarismoa, horixe baita estatuaren funtsa. Estatismo orok gordetzen du faxismoaren hazia bere baitan. Estatu oro da herrien, kulturen, ideia askeen etsai. Ez dut nik idatziko Donetsk edo Luhanskeko errepubliken alde, Ukraina eta Errusiako estatuen alde idatziko ez dudan bezala. Ez errepublika monarkikorik, ez erresuma monarkikorik, ez demokrazia monarkikorik. Ulertu nahi duenak uler beza. Edozein estatu berri da kate berrien sortzaile. Ukraina deritzoten lurralde horretatik kanpo nahi dut errusiar armada, bai. Eta, ahal bada, Errusia deritzoten lurralde horretatik eta planeta honetatik kanpo ere bai. EBk, AEBk, Erresuma Batuak, Norvegiak, Kanadak… Ukrainara bidalitako arma guztiekin batera, bide batez. Baina zer gertatuko litzateke estatuekin industria militarrik gabe… Eta, noski, saldu behar dira fabrikatzen diren gauzak, ezta? Eta saldu beharrekoak armak badira, gerrak beharko dira nonbait!

Hipokrisia utzi nahi izan dut agerian, besterik gabe. Nire elkartasuna Ukrainan, Donetsken, Luhansken, Kurdistanen, Txiapasen, Palestinan, Walmapun… militarismoak hiltzen dituen guztiekin dago. Baita Ukrainara estatu baten izenean eta gutxiengo batzuen interes ustelen alde hiltzera -zentzu bietan- bidaliak izan diren soldaduen zain Errusian geratu diren senide eta lagunekin ere. Elkartasunak ez baitu ondo bat egiten elkarkeriarekin.

Historiak bere apetak eta ironiak dauzka, eta  duela mende bat inguru anarkistoi Ukrainan bertan tokatu zitzaigun ikastea gure etsaien etsaiak gure etsaiak ere badirela. Gogoratzen, Makhno? Telebista gehiago ikusi beharko dut agian, txandako banderak besarkatzen eta nire sare sozialetako balkoietan eskegitzen hasteko…

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.