Ezkerraren erantzukizun historikoa

Kantan legez, zatituta daukat bihotza: Hong Kong, Rojava, Exarchia, Katalunia, Libano, Ekuador…, eta orain Txile, aspaldi ikusi ez den basakeriarekin karabineroen eta militarren aldetik. Eta bihotza erdibituta, hura hainbat tokitan eduki ez ezik, zer nahi dudan ere ez dakidalako. Txileri helduko diot, bizi duten egoera bereziki larria delako, eta bihotza alde batera utzita, arrazionaltasunez idazten saiatuko naiz.

Hasteko, kaleetara atera eta etxeratze-aginduei jaramonik egiten ez dioten guztiei elkartasuna, maitasuna eta adorea bidali nahi dizkiet. Txileko egoerari esker, hedabideen manipulazio sistematikoarekin batera, poliziak betidanik izan duen jardunbidea ari da agerian geratzen, inoiz baino argiago. Askotan esan da polizia dela herritarrek duten mehatxurik handiena, haiek daudela segurtasunik ezaren atzetik, segurtasunik eza elikatzen dutenak, istiluak eragiten dituztenak eta herritarrei, “terrorista” etiketa ezarriz, leporatzen zaizkien ekintza askoren egileak, baina askorentzat zentzurik gabeko teoriak ziren haiek. Orain, mugikorren garaian, aukera daukagu hedabide ofizialetatik kanpo informatzeko eta unean uneko irudiak jasotzeko, zuzenean ia. Hala, egunotan pantailaz pantaila dabiltza saltoka poliziak dendak arpilatzen, banku-sukurtsalei eta metroari su ematen, supermerkatuetako produktuak barrikadetara botatzen, zein autobusak erretzeko eskoltatzen ageri diren bideoak, zalantza izpirik uzten ez dituztenak. Oraindik egongo dira horiei ezikusiarena egin nahiko dietenak, baina horrek ez ditu irudiak ezkutatuko, polizia komunikazioak eteteko trikimailu guztiak erabili arren.

Hori esanda, halako ekintza batzuen atzetik polizia egotea eta jendea horretaz konturatzea aho biko ezpata bat da. Izan ere, erraza da poliziak berak hori erabiltzea amorruak gainezka eginda bankuei su eman eta estatuaren terrorismoari ahal duten indarrarekin erantzuten diotenak kriminalizatzeko eta zalantza sortzeko herritarren artean, ondoan daukaten kaputxaduna borroka-kidea den ala polizia infiltratua, eta herritarrak eurak bihurtzeko matxinada harago eramateko prest daudenen zelatari eta salatari izateko. Estatu-terrorismoaren aurrean erantzun oro izan daiteke zilegi, eta manifestariek indarkeriarako duten ahalmena beti da (zoritxarrez) aurrean daukaten indar errepresiboenak baino txikiagoak. Kopurua baino ez daukagu gure alde, baina horretarako herritar gehienek hartu behar lukete boterea borrokatzeko erabaki irmoa, eta badakigu beldurra ere zilegi dena. Badakigu, benetakoa delako, lehen gertatu delako eta orain ere gertatzen ari delako, gu gehienez ere auto bati su emateko prest gauden bitartean, haiek gu desagerrarazteko, torturatzeko, bortxatzeko eta hiltzeko prest daudela. Prest ez ezik, irrikan eta horretarako trebatuta, psikopata profesionalak diren heinean. Dena dela, jende askok ikasiko du horren ostean hedabide ofizial eta masiboei ez sinesten eta informazioa beste bide batzuetatik eskuratzen, eta bada zerbait.

Gaur, ordea, ezkerraren eta, bereziki, bere burua iraultzailetzat izan ohi duen ezker marxistaren erantzukizun historikoaz hitz egin nahi dut. Izan ere, pelikula atzera egiten badugu, maila globaleko iraultza bat posible izan ez ezik, munduko estatuek hari aurre egiteko prestatuta ez zeuden garai iraultzaileetara, ikusiko dugu ezkerraren eginkizun historikoa sistemaren laguntzailearena izan dela behin eta berriz, su txikiak piztu eta berehala amatatzeko jokoan. Erantzukizun historikoa dute, eta hala eskatu beharko zaie egunen batean, haiek bermatu dutelako desjabetuek, zapalduek eta esplotatuek sistemaren nolabaiteko erreforman, hots, sisteman bertan, fedea ez galtzea. Haiek elikatu dute mailaka, pixkanaka, aurrera egin daitekeelako ametsa, eta haiek geldiarazi dute herria une erabakigarrietan, gizarte itun lotsagarrietara eramanez. Eta bitartean, denbora eman diegu eliteei euren burua hobeto antolatu; mende bat baino gehiago oparitu diegu, gure aurkako errepresiorako baliabideak garatu eta erabateko kontrolaren gizartea eraikitzeko. Desarmatu dira herriak, eta inoiz baino armatuago daude estatuak. Eta ezkerrak eginkizun berari eutsiko dio eta sistema zapaltzailearen konplize ezinbestekoa izango da sistema hori hoberako erreforma daitekeela sinetsarazi nahi digun bitartean.

Estatuak eta kapitalismoak dirauten bitartean, hau da espero dezakegun hoberena: diktadura latzen arteko diktadura leun eta ikusiezinetan bizitzea sekulorun sekulotan. Herriak iraultza bat egin ondoren estatuaren bidera eramaten badituzte berriz, estatu hori izan daitekeen “demokratikoena” bada ere, eskura izango ditu beti jendea erreprimitzeko eta estatu “demokratikoa” estatu totalitario bihurtzeko tresnak. Estatuen aurrekontu militarra baino ez da ikusi behar, “segurtasunean” gastatzen duena, urtetik urtera handitu besterik egiten ez dena.

Beraz, kaleetan Txilen bezalako basakeria poliziala ikusten dugunean, militarrak eta poliziak kaleetan nahi dutena egiten ikusten ditugunean, badaukagu nori eskertu: estatua eta, harekin batera, polizia eta armada horiek beharrezkotzat jotzen dituzten ezkerreko diskurtsoei. Eta haien kontagailuan jarri beharko ditugu azken mendean goseak eta errepresioak munduan hil dituen guztiak, milioika. Haien euren lerroetakoak ez gutxi.

Modu bakarra dago hemendik bost, hamar, hogei, berrogei… urtera halako irudiak ez errepikatzeko eta deja vu sentipenetik esnatzeko: boterea bera, boterearen kontzeptua, borrokatzea eta, iraultza bat lehertuz gero, boterea inoren eskuetan geratzeko aukera oro azpiratzea. Tresnak ez dira neutralak; polizia ez da ona ezkerreko gobernu batek kontrolatzen badu eta txarra eskuineko batek agintzen badu. Armada ere ez. Merkatua eta kapitalismoa ere ez.

Praktikotasunaren, erreformismoaren, “ongizatearen”, posibilismoaren diskurtsoek ekarri gaituzte ona, eta sorgin-gurpil berean harrapatuta jarraituko dugu pixkanakako “hobekuntzen” ideien alde egiten dugun bitartean. Eta bide iraultzaileei, kapitalismoarekin batera estatua bera, polizia, armada… desagerraraziko duen bideari heltzen ez diogun bitartean, epemuga luzatuko diogu sistema honek egunero sortzen duen sufrimenduari eta gero eta zailagoa izango da balizko “pixkanakako hobekuntza” horien amaierara iristea, gu gero eta desarmatuago eta kontrolatuago eta poliziak gero eta armatuago eta prestatuago egongo direlako. Beharbada, ezker horrek lortu du atzerako biderik ez daukan puntu batera eroatea gu guztiok. Beharbada ezinezkoa bihurtu zaigu dagoeneko sistema honi amaiera emango dion iraultza. Hala bada, berriz diot, badakigu nori eskatu erantzukizunak. Baina saiatu gabe, ez dugu inoiz jakingo oraindik garaiz gauden.

Kalera ateratzen ari den jendearen lorpen bakarra gobernu baten ordez beste bat “gorriagoa” jartzea bada, ezinbestean biziko dira antzeko une lazgarriak geroago, eta ez dugu lar itxaron beharko.

Ez da askoz azalpen gehiagorik behar, zer esan nahi dudan ulertu nahi bada.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.