Gizarte bioteknologiko zoriontsutik bahiketa berezi batera…

Duela gutxi iragarri nuenez, amaituta dago aspaldi heldu nion azken proiektu literarioa, Bioklik eleberria. Haren atzean, ordea, beste batzuk ibili dira ate joka, txanda eske luzaroan. Ezin denei batera ekin, baina dagoeneko hasita dago zazpigarrenaren atzetik etorri behar lukeen zortzigarrena, Bahiketa. Bioklik etapa baten itxiera izan bada, nolabait -aurreko lanak irakurri dituztenek ezustetxoak aurkituko dituzte, seguruenik-, Bahiketa tarteko proiektu bat da, itxi dudanaren eta ondoren zabalduko dudanaren arteko zubia, esan liteke. Biokliken irakurleak etorkizuneko Bilbora bidaiatzeko prestatu beharko badu, Bahiketan Buenos Aires eta Euskal Herria arteko bidaia apur bat lisergikorako egin beharko ditu maletak.

Hona aurrerapentxo bat, Biokliken balizko pasartetxo bat, aldaketarik ezean:

Bero dago kanpoan. Eskerrak armairuak zer jantzi gaztigatu dion, pisu barruan ez baitago kanpoko giroaren berri izaterik. Tenperatura eta hezetasun maila berberak beti. Haren benetako etxea baino doiago girotuta dago ezarri dioten bizilekua. Uneoro han sartuta, ez da guztiz moldatu auzo berrira. Zer egun den ere ez daki, baina Miribillako kaleetan familia dezente dabil egurasten. Asteburua, seguruenik. Ez du inor ezagutzen. Ez du inork ezagutzen. Mnaxezko buruzapi koloretsuak daroatzate emakume askok. Azala freskatzen ei du ehun berri horrek, baina garestiegia da haren poltsikorako. Magnetoa hartu du hiri zaharrera joateko. Garraiorik ekologikoena dela diote, magnetoa. Ez daki ekologikoena, baina isilena bai, behintzat. Bidaiari bakoitzaren arnasa ere entzun liteke, belarria zorroztuz gero. Asteburua da, zalantza barik, non jesarri ere aurkitu baitu. Mutiko bakarra doa leihotik begira, objektu erreal edo irrealen bat seinalatzen duela atzamar batez. Beste buru guztiak biomugikorretarantz edo magnetoko biopantailetarantz okertuta doaz. Askatasuna etorbidetik Tahir kalera egin dute. Hamar urte lehenago Juan Garai kalea zen hura, oker gogoratzen ez bada. Ez zuen gogoratzen aldaketaren arrazoia, biobozketa baten emaitza izango zen, seguruenik. Laugarren aldiz ikusi du Bilboko meskita nagusia eta laugarrenez harritu du eraikin ikusgarri hark. Pauma harroa ematen du, lotsatutako uso arreen artean. Minarete lerdeneko bozgorailuak otoirako deia hedatzen ari dira. Hirian jasotako azken lan arkitektoniko aipagarria da meskita nagusia. Gurasoek inoiz kontatu zietenez, haiek hogei bat urte zituztela amaitu ziren garai bateko proiektu monumentalak. Azken-aurreko krisi handia gainditzea lortu zuten bakanak. Aro posturistikoaren hasiera iragarri omen zuen krisialdi hark, eta hogeita hamarretan lehertu zenak aro berrindustriala abiatu zuen. Iragan industriala guztiz ahaztu barik zeukan Bilbo hala hola moldatu zen, beste asko baino hobeto, zalantza barik. Jendaurrean ez zen horretaz hitz egiten, ordea. Orekan bizi ziren, biorekan, ausart baten bati ironikoki entzun zekiokeenez. Unibertsitate tituludunek zailago izan zuten. Aitak zioenez, bera umea zela hasi ziren gaztigatzen lanbide heziketan zegoela etorkizuna, baina ez zen erraza izan merkatuaren eskakizun berrietara moldatzea eta krisi sakon bi behar izan zuten euskaldunek gaztiguaren egiaz jabetzeko eta soldata estandar berriak onartzeko. Haien etxean ere, ordea, oso bakanetan entzun ziren halako kontuak. Gurasoen belaunaldiak isiltasuneko itun ezkuturen bat sinatu zuela ematen zuen batzuetan, hogeita hamarra baino lehenagoko gizarte errealitateaz ahalik eta gutxien esateko. Hogeita hamarreko hamarkadaz ere gero eta gutxiago entzuten zen, ezinbestekoa baino ez, haien belaunaldiak ere orduan bizi izandakoaren nolabaiteko kontzientzia edo oroitzapenak zeuzkalako. Oraina zen guztia, orainerako eta etorkizun gero eta hoberako baino ez zituzten hezten. Pisua zen iragana, zer irakatsi ez zeukan errealitate deserosoa, zaharra, alferrekoa, itsusia. Ikasketa oso tekniko eta zehatz batzuetan izan ezik. Eskolan, mendebaldeko historiako mugarri nagusiak eta zertzelada orokor bakan batzuk baino ez ziren ikasten. XIX. mendeko iraultza liberaletik aurrera dena izan zen onerako, eboluzioa, garapena, modernitatea, oparotasuna, gertakari lazgarri batzuk gorabehera.

Txinan, Indian, Egipton, Iranen, Brasilen, Venezuelan, Hegoafrikan… soldatak Europan baino altuagoak izaten hasi zirenean itzuli zen Bilbo aro industrialera. Hogeita hamarretan hasi ziren zabaltzen orain hiriko toki askotan sakabanatuta ikusten ziren lantegiak edo tailerrak. Industriagune pare bat baino ez zen geratzen, beste garai batekoak, zuhaitzetik jausteari amore ematen ez zioten neguko orbel setatiak. Lantegi handirik ez, ordea. Lantegi txikiak eraginkorragoak eta produktiboagoak zirela zioten. Muturreko espezializazioa eta langileen arteko horizontaltasun neurritsua bermatzen ei zituzten halakoek, ekonomiaren teoriko entzutetsuenen arabera. Produktibitatearen, egonkortasunaren eta bake sozialaren onerako beti. Halakoetako bat ikusi duenean etorri zaio burura politika ekonomikoari buruzko bibliografia. Horri buruz ere idatzi beharko du, baina oraindik ez zaio agertu horretarako abagunerik. Agian lehenengo bideo hari, tailerreko elkarrizketari lotuta sartu behar luke, une egokiagorik idoro ezean. Batzuek miraritzat jotzen dute denda eta tailerretako karteletan euskara agertzea oraindik. Aitak gogoratzen zuenez, XXI. mende hasieran ingelesaren moda hasi zen garai hartako agintarien artean, barregarri bihurtu arte ere. Euskararen aldeko politikak iragarri eta ingelesa zerabilten aukera zuten gauza garrantzitsu guztietarako. Kontraoinean, gero ikusi zenez, Estatu Batuen gainbehera ekonomikoa eta militarra hasita zeudelako. Oraingo moda, euskara, txinera eta arabiera modu adiskidetsuan uztartzea. Miraria, zalantza barik, euskarak irautea. Harro entzuten zitzaion askori biodemokraziak, bioteknologiak, salbatu zuela euskara, nahierarako biotelebistak, edozein programa edozein hizkuntza handi zein txikitan entzun ahal izateko teknologiak. Beste batzuek, ordea, herritarren, euskaldunen setari egozten zioten miraria. Potentzia berriek periferiako herriak tokiko kulturei gerra egin barik kontrolatu gurago zutela zioten ausart eta errealistenek. Oso gutxik, alegia. Potentziak bazirela aipatzea bera meritu handiko ariketa mentala zen, eta mesfidantza mota guztiak pizteko modukoa, biotelebistatik kanpoko iturriak eduki zitzakeen oro baitzen badaezpadakoa. Hizkuntza ohiturekin amaitzeko, bitxia zen gazteleraz hitz egiten zutenen artean, Bilboko biztanle gehienen artean, alegia, bolo-bolo zebilela Karibe aldetik maileguan hartutako esamoldeak eta doinua imitatu nahia, hangoak izaki arrakasta sozialaren ereduetako bat.

Biotelepredikariak, apezpikuak, alegia, egia zioen: Bilbon ez zen muturreko txirotasunik ikusten. Hirigunean ez, behintzat. Aberastasun handirik ere ez. Klaseak bereizteko ghettoak iragana ziren teorikoen arabera, baita Bilbon ere. Makro-kartzelen ondorengo hiri-kartzelak izan ziren konponbideetako bat. Hiri edo auzo pribaturen bat edo beste ere bazen, uharte-hiriak edo -auzoak zeritzenak. Baina herritar gehienek ez zituzten ez batzuk ez besteak ikusten, entzundako errealitate lauso bat ziren biak gehienentzat.

Hurtado Amezaga eta Kowloon arteko eraikinek nekatuta agurtu dute magnetoa. Hiriko umore ironikoaren arabera, Buenos Airesko auzo batzuekin antz handiagoa hartzen hasi zenean, hain zuzen ere, aldatu zioten izena kaleari. Adinekoei entzunda, noski, inor gutxik ikusi baitu Buenos Aires bertatik bertara, egun zer itxura duen jakiteko. Negozio handientzako kalea izatera deituta zegoen baina asmo horrek porrot egin bazuen ere, inguruko jarduera nagusiak izen berriari lotzeko modua bilatu zuen, mihi pozoitsu berberen arabera: hango kaleetan saltzen ziren marka ospetsu guztien kopia faltsuak, bilbotar gehienen poltsikoaren neurriko prezioetan. Gehienek, aldiz, ez dute ulertzen zer lotura daukan horrek Kowloon izenarekin. Asteburuan ere inurritegia da plaza Biribiletik Udaletxeko zubirainoko tartea. Magnetoak ere sentitu du giro aldaketa: plaza Biribilean bertan hiru bat lagun sartu dira erlikiak saltzera, bildumagileentzako bioteknologia aurreko gailuak gehien bat. Batek daki nondik ateratako papera ere saltzen du, resmatan, haietako batek. Azken urtean txerpolarien negozio nagusietako bat bilakatu da papera, are gehiago zenbait hil lehenago azken lege aldaketak erabat murriztu zuenean haren salmenta, eta ahopeka eskaintzen die bidaiariei, magnetoko kameren puntu itsua bilatu ondoren.

Zubia gurutzatu aurretik jaitsi da, Uribitarte ibiltokira jaisteko. Gutxitan ibili da itsasadarraren alde honetan. Zubiaren bestaldekoa ezagunagoa egiten zaio, baina egun batez handik parkerako tartea egin nahi izan du, oinez. Ez da erraza hautatutako bidearen lehen zatia, txantxetan zubibaltz diotsoten zubirainokoa. Berak ere ezagutu ei zuen lehenago han zegoen Zubizuri zubia, berez erori aurretik eraitsi behar izan zutena, eta haren ordezkoa, Isozaki Atearen jarraipena izanda, ofizialki Isozaki zubia deitu bazuten ere, herritar gehienek nahiago dute eurek jarritako zubibaltz hura. Haraino iristen da legezkotasunaren ertzean bizi den azoka. Aurrerantzean, ertzainen presentzia aurreko zatietan halako bost da. Izan ere, Al-Thani jauregirako bidea hasten da bertan. Diotenez, museoa zen lehenago, baina Said Al-Thani jekeak erosi zuen, bitxikeria moduan, eta biziraun duen helmuga turistiko bakanetako bat da. Katalogoetan ikusten denez, gutxik ikusitako luxua eta arte bildumak pilatzen dira haren barruan. Sarrera ordaintzea, ordea, ez dago bilbotar gehienen eskura; bisita bakarrak gidatuak dira, astean bakarra euskaraz, eta beste guztiak arabieraz, txineraz, hindiz, portugesez, errusieraz, gazteleraz eta ingelesez. Beste ertzean DTBren egoitza nagusietako bat dago. Han biltzen dituzte legebiltzarrerako eta aldundirako hautagaiak hauteskunde garaian. Biodemokraziaren egunerokotasunari lotutako beste saio batzuetarako ibiliko dira erabiltzen orain, mugimendua sumatzen baita inguruan, ispilu-leihoek barruan gertatzen dena ikusteko betarik ematen ez badute ere. Ispilu horien bidez kanpokoen arima xurgatu eta ezer itzultzen ez duen kutxa beltza dela begitandu zaio. Itxura klasikoko eraikin handi bakarra da Bilbon, diskotekara joateko jantzitako dinosauro bat. Garai batean unibertsitatea izan ei zen, ikasleek klaseetara joan behar zuten garaian. Hura bai denbora galtzea. Erabilera hobea ematen asmatu zuen gobernuak, jesuitei eraikina erosi zienean.

Tipi-tapa, STBren lentejuelazko orratz luzearen eta KuTBren ugerrezko kutxa erraldoiaren artean, biotelebistek salbatutako iragan handinahiaren hondarretan barrena, hiriko parke nagusira iritsi da. Birika berde txiki bat beira eta herdoilezko ametsen artean. Asteburua, zalantza barik. Belartzak eta haien arteko bidexkak gainezka daude. Bakan batzuen luxuak ere badabiltza inguruan, korrika eta zaunka. Begi gehienak biomugikorretako zorionak harrapatuta daude eta kaleko margolari bakarti bat da, itxura batean, inguruko natura ederresten bakarra. Bakea nahi zuen berak eta bake gutxi dago parkean. Non jesarri ere ez. Jesarleku batean gizon bakarra dago, bankuaren muturrean, eta beste muturrean jesarri da bera. Itxura onik ez du gizonak eta berehala ulertu du inork ondoan jarri nahi ez izatea, berehala hurbildu eta ahopeka esan baitio, euskara garbian:

-Bkren bat ez deustazu transferituko, eder horrek? Hilabeteak daroataz beharrik barik…

Bakea azkarrago emango diolakoan, biomugikorra atera eta harengana zuzendu du. Berehala atzeman ditu datu biometrikoak gailuak eta 10 bk transferitu dio. Bere biopantailan begiratu du gizonak eta eguzki txiki bana piztu da haren begietan. Korapilo bat egin zaio urdailean. Beharbada, ez du gezurra esan. Eskua luzatu dio gizonak eta onartu berak.

-Eskerrik asko, andereñoa, bihotz txikia dau huriak baina haren taupadetako bat zeuk emon deutsazu.

Konplimendutzat hartu eta irribarrea itzuli dio. Altxatu eta alde egin du gizonak. Lasai hartu du arnasa berak. Ez da hain txarra izan uste handirik gabe egindako hautua: jesarlekua dauka, azken finean, seguruenik laster beteko bada ere. Jendetzaren artean desagertzen doan gizonari begiratu dio tarte batez. Bidaia horretatik itzulitakoan, zerbaiti erreparatu dio lehen gizonaren ipurdia egondako tokian. Paper bildu bat da. Papera. Parkeko jesarleku batean. Jakin-minari eutsi ezinik, biomugikorra zorroan gordeta eta itzala ematen dion zuhaitzean dauden begi bakarrak txantxangorri lotsagabe batenak direla berretsita, disimuluz hurbildu eta paperaren gainean pausatu du eskua. Pixkanaka bildu du, arreta inguruko jendearen joan-etorrietan baleuka legez. Eskua magalera ekarri eta eskuak igurzten ari delakoan zabaldu du misterio zatitxoa:

<<“Demokraziarik garbienetan ere, gutxiengo pribilegiatu batek dauka boterea jopu bihurtutako gehiengoaren aurka”, Mijail Bakunin. Aipu hau, ordea, beste asko bezala, ez dunk KuTBn aurkituko. Itzali telebista eta piztu burua, egia hire aurrean zagonk, benetan bilatzen badunk. IT>>

Hiru hizkuntzatan dator testua, hiruretan mezu bera, ulertu ahal izan duenez. Lehenago irakurritako zerbaiten oihartzuna ekarri diote burura paperean bildutako hitzek. Eskuan estutu eta poltsikoan gorde du azkar, ikara eta asaldura nahastuta, blaitzen duen izerdiak testua hondatu baino lehen. Kanpoko tenperaturak hogei gradu egin du gora bat-batean, haren barruan. Paper puzka bat baino ez da, ordea, tontakeria bat, txantxa bat, eroren baten eldarnioak. Lehenagoko arloteak utzi ez ote duen bururatu zaio, baina ezinezkoa behar du paper zatirik txikiena ere lortzeak halako batentzat. Ez ditu xahutuko dauzkan bk apurrak halako zorakerietan. Zergatik jarri du hain urduri, ordea? Bake bila etorri da parkera eta horren ordez urdailak erromeriara atera dituela ematen du. Papera ahaztu, burua hustu eta patxada berreskuratu behar du, bere txostenaren nondik norakoa argitu ahal izateko. Inertziak bide okerretik eroan ez ote duen hausnartu du. Asko dago jokoan eta bere onena eman behar du lan horretan. Jai dauka bestela. Haize ufada batek aurpegia eta ideiak freskatzen lagundu dio, zorionez. Biomugikorrari heldu eta mezua utzi du txostenen zuzenketa batzordearen biopostontzian: <<Jaun-andere agurgarriak, azken egunotan agindutako txostenerako lehen oharrak hartzen jardun dut eta zalantza dut gero atondu beharko dudan azken lanerako modu egokian ari ote naizen datuak biltzen eta lehen hausnarketak egiten. Ez dakit orain arte egin dudanaren jarraipena egin duzuen eta agian goizegi da holako argibideak eskatzeko, baina edozein jarraibide laguntza handia izan liteke>>. Eskerrak eman, agurtu eta mezua itxi zuen.

Eta denboran eta espazioan jauzi eginez, hona Bahiketari eman diodan hasiera, momentuz eta zuzenketa handirik gabe…

Aftershave zaporea oraindik ahoan. Aftershave zaporea kafearena baino are indartsuagoa. Gizon zaporea, arrakasta zaporea, Gillette zaporea, gillotina zaporea gel apartsuan. Eta nikotina usaina begietan. Gizontasun berbera, garai batean, erretzaileak zaldiz eta cowboyz jantzita zebiltzanetakoa. Idatz-makinaren islan, ordea, bizarra egin gabeko aurpegia. Aftershave zaporea duen aurpegi bizarduna. Gizon peto-petoa. Hortzetan kafe kolorea, idatz-makinaren ondoan kea darion kikararena baino horiagoa, hori bai. Kafe horren lurrinak aftershave usaina estaltzerik baleuka… Idatz-makinari begiratu dio oraingoan. Ez bere islari, alegia, idatz-makinari berari baizik. Olivetti klasikoa. Tira, ez hain klasikoa, horia. Matxinek bai, beltza erosi zuen. Berdin bi nahi zituzten baina ezin, beltz bakarra geratzen zen San Telmoko zaharkin denda hartan, eta zelan ukatuko zion beltzaren plazera Matxini. Bihotz beltzari Olivetti beltza dagokio. Bihotz beltz madarikatuari. Kasu galdua Matxin. Olivetti gorria erosi behar zukeen Eduk, baina horia baino ez zegoen. Modelo bera nahi zuten, idatz-makina bikiak izan. Tira, lortu egin zuten hori behintzat, diru pixka bat biltzeko gai izan zirenean. Olivetti anaia bikiak, beltzarana bata, horaila bestea. Hasiera urrun hartan egiten hasi ziren lagunetako bat izan zitekeen Olivetti, hainbeste abizen italiar Buenos Airesen. Non sartu ote da Matxin? Eskua luzatu ahala urrundu egiten da kikara, laster beste mahai batera salto egingo duela ematen du. Harrapatu saltoka hasi baino lehenago! Eskua azkarragoa izan da, kikara beste urrundu da Edurengandik. Gomazko gizona, zer naiz bada orain. Aftershave zaporea eta nikotina usaina dituen gomazko gizona. Zapore horri ihes egin nahi dio kafeak, nonbait.

-…ekartzea ahaztu zaizula berriz…

Fer Cuervoren ahoa motel mugitzen da. Kafea baino are urrunago dago, ia beste galaxia batetik mintzo zaio. Piolin, pentsatu du Eduk. Matxin madarikatua, ezizen horiek denak kutsatzen dizkidak beti.

-Cuervo izango dik abizen, baina Piolin behar likek, kanario burua zaukak.

Arrazoia aluak, nola begiratuko diot orain barre egin gabe? Horia izatea baino ez du falta, eta begiak apur bat handiagoak. Piolin peto-petoa. Marrazki bizidunetatik antzekotasunak ateratzeko trebezia madarikatu horrek hil egin behar nau.

-Cuervo ez duk abizena, motel, ezizena duk, eta ez dik zerikusirik… txori itxurarekin, uste diat San Lorenzokoa dela, futbol taldekoa, alegia. Beleak esaten ei diete.

Matxinek kutxa bat baztertu zuen oina luzatuta, zuloz betetako larruzko sofatik altxatu gabe. Barruko apar edo dena delako hark arnasa hartzeko bideak aurkitu behar izan zituela ematen zuen. Gorpu ustel bati harrak bezala ateratzen zitzaizkion apar puskak sofari larruaren urratuetatik. Panteoi bat zen pisu txiki hura, eta haiek bizirik lurperatutako gorputz ez bihurtzeko borroka egiten hasiak ziren, adore handirik gabe artean.

-Horretara etorri nauk Argentinara, bai horixe, La hoz deritzon egunkari boltxe batean lan egitera, santu izena duen futbol talde baten zale Piolin buru baten esanetara… Nora ekarri nauk, Edu…

-Kartzelan nahiago? Argentinan, Euskal Herrian bezala, gustatu zein ez, dirua behar duk jateko, edo zulo hau ordaintzeko. Hori ordain dezakeen egunkari beltz bat aurkitzen baduk, hoa, ea kontratua egiten diaten. La hoz ahots plurala duk, gainera, pentsa, hire sasiartikulu txepelei toki egin eta haiengatik ordaintzeko prest ere bazagok! Ez izan sektarioa.

-Sektarioa… nork eta hik deitu niri… Ez diat jarraitu, ba, hire hanka sartze guztietan, ados egon ez arren? Begira non naukaan, txo, munduaren beste puntako txakurraren uzkian sartuta nire artikulu beltzak gorriz tindatu beharrean, igitaia sar ez diezadaten… Ez nauk kexu, dena dela, badakik lantzean behin purrustadaren bat bota gabe ez naizela bizi.

Munduaren beste puntako txakurraren uzkia. Bai, bete-betean asmatu zuen alokatzea lortu zuten departamentu horren deskribapenean. Departamentua deitzea ere… Gortina haiek Matxin besarkatu nahi zuten momia baten besoen moduan luzatzen ziren; ez, begi lauso biren malkar zikinak ziren. Leihoak garbitu beharko zituzten argia barrura gonbidatu nahi bazuten. Merkea bazen, behintzat, eta hurrengo hil arteko epea eman zieten ordaintzen hasteko, pesoetan hartuko zuten lehen soldata ordaindu bezain pronto. Eta hori ere Piolini…, Fer Cuervori esker.

-… Ez esan zuri eman eta…

Are urrunagotik hitz egiten dio orain Fer Cuervok. Denek hartu dute urruntzeko erabakia? Kafea hor dago, eskuari itsatsita, ahaztutako muki baten moduan, harekin zer egin ez dakiela. Ahora eraman, mukiak bezala, eskuak mugitu nahi balu. Idatz-makina da bere lekutik mugitu ez den bakarra, eta haren horitasunean bere egin gabeko bizarra agertu zaio berriz. Egin gabeko bizar erdia, beste erdia tekla beltzek irentsi baitute. Idatz-makinen teklek norberaren hitzak ez ezik norberaren irudia, inguruko argia ere xurgatzen baitakitelako, jakin. Eta azken horiek ez dira inoiz paperean tinta bihurtzen, betiko irensten ditu idatz-makina gosetiak. Eta eskua airean, kafeari eusten, inoiz amaituko ez den mugimendu batean, norbaitek pausa sakatuta.

-…eta eskatu genion artikulua gaurko da…

-…gaurko denez. Utziko didan zerbait idazten?

Baina Silviak ez dio ezer idazten utzi nahi, antza, eta hor jarraitzen du Matxin zamalkatzen, hasperenka. Ez duk euskal etxeetara joan nahi, baina euskal etxe batetik ekarri diat Silvia, eta ez hirekin larrutan amai zezan. Ez duk sentiberatasunik. Ondo zagok gurea harreman irekia izatea, ondo zagok bioi arraina eta okela gustatzea, baina zer gaituk, arrantzalea ni eta portuan arraina platerean zerbitzatuta espero duen dastatzaile mokofina hi? Eduk kanpoan, oraingoan euskal etxe batean, ezagutu, munduaren beste puntako txakurraren ipurtzuloraino eraman eta Matxinekin ohean amaitzen zuen hirugarren neska zen. Zor zion, ordea. Zer leporatu behar zion, azken finean, han beragatik bazegoen? Itxura hobea zeukan departamentua, ez zen hainbeste txakurraren ipurtzuloa. Bost izarreko hotela ere ez, noski. Panteoitik zerbait bazeukan artean. Eta bere mugak zeuzkan. Haietako bat, hain zuzen ere, batek beste norbaitekin txortan egiten zuenean ezinezkoa izatea bestea saioaren lekukoa ez izatea. Eta leihoak garbitu eta gortinak kendu zituztenetik argiago ikusten zen dena, gainera. Ez zegoen hasierako iluntasun usteldu hartan difuminatzerik. Dena dela, zerbait egin behar zuen, egia baitzen Matxinek egun horretarako amaitu behar zuela artikulua. Eta, beti bezala, berak irakurriko zion lehenago. Onartu behar zen gauza oso onak idazten zituela gehienetan, baina ez zegoen ateratzen zitzaion guztia argitaratzerik. La hozen ez, behintzat. Gainera, ez zegoen arriskurik lagunak mozten zizkionen berri izateko, Matxinek, egunkari horretarako idatzi arren, ez baitzuen sekula hura irakurtzen. Artikulua argitaratzen zioten ere ez zuen begiratzen. Fidatu egiten zen Eduz, azken finean. Edo ez zion axola. Eta ordurako hiru ziren lagunak kutxa batean gorde zizkion artikuluak. Matxini zion begiruneak galarazten zion artikuluak betiko desagerraraztea. Zegokion dirua berdin ematen zion, bere soldatatik atera behar bazuen ere. Ez zuen laguna mindu nahi eta batez ere ez zuen soka gehiago tenkatu nahi.

Edu oheraino hurbildu eta Silviaren titiei heldu zien atzetik. Ikaratuta begiratu zion neskak. Aldaken kulunka ziplo eten, Eduri haserre begiratu, eskuak kolpe zakar batez baztertu eta arropak biltzen hasi zen.

-Bihar hitz egingo dugu honetaz, Edu, ez nuen hau zugandik espero, okertu egin zarelakoan nago. Hirukote bat egiten amaituko genuelakoan? Horretarako gonbidatu nauzu? Jakin dut ba ez zela ideia ona… Eta zuk, ez diozu ezer esan behar zure lagunari?

-Hire laguna ere badun, ezta? Berarekin etorri haiz, zer zakinat nik zuen artean zer dagoen…

-Falokrata hutsak zarete biok. Bihar hitz egingo dugu…

Jantzi eta besterik esan gabe alde egin zuen Silviak, atea kolpe indartsu batez itxita. Mutil biak neskaren banilla usainarekin geratu ziren, baina usain batekin ezin da larrutan egin. Matxinek lagunari begiratu zion lehenik, bere hankartean zutik zirauenari gero.

-Tira, zerbait azkar egiterik bai, ea artikulu alu hori amaitzen dudan?

Edu lagunaren oinetan jesarri, zakil tenteari samurkiro heldu, eta haren izterren artean makurtu zen lan azkarra egiteko. Bai, hori ere zor zion; azken finean, biltegia beteta utzi zuen Silviak. Lan erraza izango zen hasitakoa amaitzea. Eta presa zeukan artikulua irakurtzeko eta artaziak behar ziren ikusteko.

-… Hiru egun dira haren albisterik gabe…

Hiru egun zeren albisterik gabe? Zergatik tematzen da Piolin…, tira, Fer Cuerdo mahaitik gero eta urrunago hitz egiten? Zergatik tematzen da eskua, hor, airean eskegita gelditzen, kafea ezpainetara ekarri gabe? Zergatik tematzen da ahoa aftershave zapore horrekin? Eta non dago Matxin? Gaurko behar zen artikulua, laster ekarri ezean betelanen bat hartu beharko dute, muga-mugan daude maketatu eta inprentara bidaltzeko. Bosgarren aldiz begiratu dio aurreko hormako erloju handiari, eta oraingoan Leninen aurpegia baino zerbait gehiago ikusi du: mailu txikia hamabiaren eta bataren artean, igitaia bostaren eta seiaren artean. Arrazoia eman beharko dio Matxini, egunkari boltxe batentzat ere da gehiegizkoa, txantxa bat, karikatura bat dirudi. Gustu txarrekoa, inondik inora. Euskal Herrira eraman zuen erlojua: zer beharko zuten han? Txillardegiren irudia eta aizkora eta sugea ordua eta minutuak adierazteko? Hobe ez, hor etorriko litzaiguke Matxin suge eta aizkora horiek anarkista batek egin zigun oparia zirela gogorarazteko… Eta han sartu zen Matxin, patxadaz, enpanada bat amaitzen. Eskutik behera zerion olioa xurrupatu zuen mahukara iritsi aurretik. Jaka amerikar eta praka berriak zekartzan soinean. Berriak…, tira, bigarren eskukoak, eta sei bat egun ziren haiek erantzi gabe. Zaila zen arropa haren koloreari izena jartzea, nabarra esan beharko. Arraroa zen beltza ez zen zerbait janztea, are arraroagoa lauki modukoak egiten zituzten lerroak edukitzea, eta arraroena bizarra egiten hasi izana. Hamar bat urte gaztetu zen bizarra egiten hasi zenetik. Agian haur itxura hori orekatzeko aukeratu zituen jaka eta praka haiek, hain zuzen ere. Bestela, urrundik ere sentitzen zen azal horri zerion Johnson’s Baby talko usaina. Mehatxu egin zuen kapelua janzten ere hastearekin. San Telmoko azokan ikusi zuen gustatu zitzaion bat eta begi artean sartuta zeukan harrezkero. Azkenean haur helduz mozorrotua emango ez ote zuen. Hiria eragina izaten hasi zen lagunarengan, duda barik.

-Motel, hire zain baino ez gaudek, ekarri duk artikulu ustel hori?

Enpanadak atzamarretan utzitako azken olio aztarnak praketan garbitu zituen Matxinek eta jakako poltsikotik orri tolestu bat atera zuen. Hori maiz egiten bazuen gutxi iraungo zioten prakek berri. Eduren eskuetan utzi eta komunera joan zen zuzenean, egunkariko guztiak bidean agurtuta eta Brassensen “La mauvaise reputation” txistuka. Eduk orria hartu, zabaldu, eta presaka irakurri zuen. Ez esan FLAri buruz idatzi duela oraingoan! Izenburua irakurri orduko jakin zuen Eduk artikulu bahituen kutxara joango zela hura. Eskerrak Matxinen ekarpena ordeztuko zuen betelana hautatzeko denbora izan zuela. Komunetik itzuli zenean zorrotz begiratu zion lagunari. Bazirudien Matxin gogobeteta, munduarekin, bizitzarekin zoriontsu zetorrela. Gibeleko mina sentitzen zuen Eduk bera haserre zegoela laguna hain pozik, hain kezkarik gabe ikusten zuen bakoitzean.

-Aizak, Matxin, berandu hator, ez duk atzerapena zuritzeko ahaleginik txikiena ere egin, eta gainera FLA, erakunde anarkista bat dakarkiguk? Guztiaren gainetik hagoela uste duk, ala?

-Lasai, Edu, FLAtik nentorrean, hain zuzen ere, artikuluan daukak, fitxategi itzela zeukatek, munduko handienetakoa. Fitxategi anarkista, bai, ados, baina beti esaten didak hau ez dela sektarioa, ezta? Kontu kulturala duk, ez ideologikoa. Eta tira, egunkariari legez, niri ere mailua erori zaidak bidean.

-Mailua erori…

Matxin madarikatua, zelan egin errieta halakoak botatzen dituenean? Mailua erori zaiola, egunkariari legez. Egunkariko langile gehienak zituzten begira, seguruenik lagun zahar haien arteko solasaldi hartan zerbait harrapatu nahian. Zorionez, euskara haien pribatutasuna gordetzeko babesik onena zen.

-Tira, hitz egiteko modu bat duk, alderrai ibili behar izan diat, badakik…, gure bibotedun lagun hori, Sam orpoz orpo izan diat Constitik Onceraino. Han lortu diat bera atzean uztea, seguruenik erori zaidan mailua biltzen geratu duk.

Sam Biboteduna, nola ez, asteak ziren Espainiako zerbitzu sekretuetako agente hari igarri ziotela. Eduk igarri zion, noski, horretan paranoia apur bat lagungarria zen beti. Eta berehala bataiatu zuen Matxinek, jakina. Sam Biboteduna. Pistolak ez zituen agerian eramaten, baina ez zen bat faltako haren besapean.

-Ez ukatu denbora pasa hutsa izan dela. Samek aspaldi zakik egunkari honentzat lan egiten dugula.

-Ez esan ez digula bizitza entretenigarriagoa egin alu horrek. Tira, lana daukazue, maketatu eta hori guztia…, ogia egitera noak, eskaera nahiko handia zaukaat gaurko.

Hobe ogiarekin konformatuko bahintz, ni halako estualdietan jarri gabe. Eta egia zen ogia egiten hasi zenetik dezente hobetu zela haien ekonomia. Esku ona zeukan ogia egiteko, esku ona zeukan idazteko…, burua noranzko egokian jartzea baino ez zuen falta kabroiak.

-Che, boludo, beti dena dakizun horrek, badakizu Matxin non demontre dabilen?…

Pixkanaka eskua kafea ahora hurbiltzen hasi da, Fer Cuervo mahaiaren aurrean agertu zaio eta kezka ikusi du haren aurpegia, benetako kezka, giza kezka bat, haren aurpegian, ez ohiko erloju kezka, edo poltsiko kezka. Eta diotsonaren bagoiak geltokira iritsi dira, atzekoz aurrera, azkenean makinatik azken bagoiraino ordenatu diren arte: …zentsuratu egin diozula berriz…Ez esan zuri eman eta…eta eskatu genion artikulua biharko da…Hiru egun dira haren albisterik gabe…Che, boludo, beti dena dakizun horrek, badakizu Matxin non demontre dabilen?

-Che, boludo, beti dena dakizun horrek, badakizu Matxin non demontre dabilen? Hiru egun dira haren albisterik gabe eta eskatu genion artikulua gaurko da. Ez esan zuri eman eta ekartzea ahaztu zaizula berriz…

Esku izoztu batek zintzurra estutu dio. Benetako laborria sentitu du. Egia da, nahiko paranoikoa da berez, baina Matxin ez da sekula hiru egunez desagertu. Ez esan gertatu egin dela. Ez esan eraman egin dutela. Eskuak ez du eman zaion agindua bete, kafea ezpainetara iritsi aurretik gelditu da berriz, zentimetro doi batera. Gero, zerbaitek malgukia askatu balu legez, ahoraino eraman eta kolpe batez hustu du kikara, mingaina erre zaiola sentitu ere egin gabe. Gera dadila aftershave zaporea betiko itsatsita, nahi badu. Engranajeak euren tokian jarri eta azkar hasi da pentsatzen Eduren burua.

-Mezurik ez? WathsAppera idatzi diozue?

-Tira, badakizu etxetik kanpo ez daukala wifirik.

Egia, aluari ez zaio gustatu edonon eta edonoiz aurkitzeko moduan egotea. Izaina esaten dio mugikorrari, belarrian itsatsi eta garuneko odol guztia kentzen digun izaina. Mezu elektronikorik ere ez? Hiru egunetan zerbait idatzi beharko zuen, inora joateko asmorik izan balu. Sarrera erretiluan ezer ez, ordea. Izotzezko eskuak are estuago heldu dio zintzurretik.

-Neu arduratuko naiz, Cuervo, itxaron egin dezake honek. Utzi pentsatzen eta bila aterako naiz.

-Arraroa, bai, zeuk ere ez jakitea boludo hori non dabilen.

Bai, arraroa, guztiz ezohikoa. Eta ezohikoa, halaber, Edurentzat ere hiru egun horiek oharkabean igarotzea.

-Utzi pentsatzen, beharbada gona edo praka konturen bat da… Utzi pentsatzen, ea noren ohean egon daitekeen…

-Tira, zuen arteko arazoa da hori, baina gaur konpondu behar didazu, urte asko dira boludo horri aukera bat bestearen atzean ematen. Egia da lantzean behin artikulu apartak egiten dituela, baina ez dakit horrenbesterako diren ere, aditzen?

Aditu egiten zuen, zelan ez zuen adituko. Aditzen zuen Fer Cuervok berak ere ez zekiela hainbat artikulu, zenbat ziren pentsatze hutsak zorabioa zekarkion, bere erruz ez zirela inoiz egunkarira iritsi. Urte haietan Fer Cuervo ondo ezagutzera iritsi zen. Hasieran uste zuen beldurragatik ezkutatzen zituela Matxinen artikulu haiek, egunkarian gustatuko ez zitzaielakoan. Gero, argi geratu zitzaion Fer Cuervo, Cachai, Mati, Filgueira, Risso…, denak zirela bera baino malguagoak eta gainera ahots anarkista bati toki egiteak zilegitasuna irabazarazten ziela uste zutela denek. Matxin zentsuratzeko ez zeukan aitzakiarik, beraz. Eta La hozen beste inork ez zeukan Eduren zentsura horren berri. Azkenean Atlasena egiten geratu zen, paperezko mundu horren pisua egunetik egunera handitzen zen bitartean. Eta falta izan ziren artikulu horiengatik hartzen zion kargu Fer Cuervok Matxini, hain zuzen ere. Mugikorra hartu eta komunera joango zen deiak egitera. Ez ziren erredakzio osoaren aurrean hitz egiteko kontuak.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada.

Este sitio usa Akismet para reducir el spam. Aprende cómo se procesan los datos de tus comentarios.