Gura dut Euskal Hiria

Olerki hau izan zen lehena zazpi urte poesiarik idatzi barik eman ostean. Esan daiteke bereziki oparoa izan ez zen nire bigarren bolada poetikoari zabaldu ziola atea. Olerki hau, EIEren ekimen berezi baten barruan, idazle maitagarri batzuekin batera sortutako Atera dena disko-liburuan ere sartu zen, Asier Serranok kantu bihurtu zuen beste poema batekin eta ipuin labur batekin batera, eta, beraz, errezitatzea tokatu zitzaidan Donostian, Asier Serranok, Borja Estankonak eta Antxon Sarasuak sortutako musikaren abaroan. Beste olerki asko legez, eta nire literaturan ohikoa denez, ironiatik sortu zen. Garai haietan oso miresten dudan idazle batek mahai gainean jarri zuen Euskal Hiriaren ideia. Idazlea bai, baina bere ideia hura ez nuen batere gogoko izan, eta are gutxiago ikustea handik gutxira haren mimesia edo itzala izan guran zetorren beste idazle batek, eta harekin batera beste batzuek ere, bere egin eta Euskal Hiria hasi zirela aldarrikatzen, maisuak esan bazuen, ideia zoragarria behar zuelako. Txikitatik izan nuen begia erne, ordea, jabetzeko maisurik onenek ere laprast egin zezaketela, eta, askoz geroago Bakunini irakurri nionari aurre hartuta, neure egin nuen inori ez jarraitzeko filosofia. Bidean agertzen zaidan bakoitzarengandik gogoko dudana hartu, eta beste guztia errefusatzeko askatasun alaia izan dut aspalditik. Orain, hamahiru urte geroago, berriro irakurri eta guztiz nire egiten dut olerki honetan zirriborratu nuen hiria, baita haren arbuioa ere. Orduan baino are gehiago, beharbada. Zorionez, aspaldi ahaztu zen Euskal Hiria kontzeptua, herri puta honetan dauzkagun agintariek (askok uste baitute agintari barik ezin dela bizi, nire ustez errealitate setatiak egunero kontrakoa erakusten digun arren), kosmopolitismoaren ustetan kosmopaletismoa hautatu duten horiek (begirune osoz paleto jatorrei), gure mapa osoa asfaltozko hiri erraldoi gris bilakatu eta garai bateko batzuen ametsak guztion amesgaizto bihurtzeko gutxi falta denean. Ironia da garaituon azken aterpeetako bat…

Gura dut Euskal Hiria

Euskal Hiriarekin amets egiten dut.
Entzun nizun behin, baserriaren aurrean.
Neuk ere
Euskal Hiria nahi dut.
Euskal Hiri handia, hiri irekia.
Euskal Hirian inork ez dizu izengabetasuna leporatzen.
Grisa, nabarra, beste kolorerik ez,
azal bakarra.
Sutondorik behar ez, ilunaren beldurrik ez,
plastikozko mila izarrek
gauaren egiten zaituzte jabe.
Euskal Hirian ohe bat
espaloi, zubipe, kalezulo,
zakarrontzi bakoitzean;
maindire bat
kartoi, egunkari,
hondakin bakoitzean.
Euskal Hirian iraganik ez,
nori axola zure etorkizunak.
Marmarrik ez,
kuxkuxeatzeko duzu telebista-saioa.
Amets egiten dut Euskal Hiri horrekin,
euskal izango bada
zaldia, barrautsa,
berakatza izango baita
nire irribarrea.
Putek ere euskaraz jango didate
bakardadea,
ahoa beteta
hizkuntza unibertsalaz.
Euskal Hirian ikasiko dut
kale zarpail horiek saihesten,
hiriaren beste soineko distiratsuan
nire zoriona babesten.
Euskal Hirian oinak
ez dira inoiz nekatzen,
desioak gurpilak ditu,
hiri-dendetan dira erotzen.
Neuk ere amets egiten dut
hiriko zuhaitzekin;
neurrira arnasa eskaintzen,
burdin hotzaz txoriak aldentzen,
zirin erraldoi horretan
zirin txikiez babesten
gaituzten adar distirekin.
Euskal Hiriari bihotza irekiz
herriari diot itxi.

(2005-1-12)

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.