Irakurraldiak

Joan den astean Walmapuko Nazioarteko VII. Poesia Jaialdira gonbidatua izan nintzen. Oraingo egoeran, noski, jaialdi birtuala izan zen, eta zazpi olerki irakurri nituen, lehenengoa elebitan, besteak gaztelania hutsez, inperioaren hizkuntza baita, historiaren ironiak, isilarazi nahi izan dituzten herriok batzen gaituena. Ohituago nago narrazioaren uretan mugitzen, bera da nire maitalerik ohikoena, eta nire eleberriengatik naiz ezaguna, batez ere, baina poesia ere euskaraz idazten hasi nintzenetik landu dut, inoiz poeta sentitzera iritsi barik. Maitale bikote bitxia osatzen dugu poesiak eta biok, berarekin jarduten dut benetako harreman-anarkian, ez baita batere jeloskorra, eta luzaroan elkar bazter uzten badugu ere, batzuetan, berriro topo egiten dugunean utzitako puntuan jarraitzen du harremana, eta ez diogu elkarri bidean egondakoaren konturik eskatzen. Egunen batean, agian, harreman luze eta gorabeheratsu horren emaitza aterako da kalera liburu formatuan.

Kontua da, gazteleraz izan arren, gustua hartu niola nire olerkiak errezitatzeari, eta aste honetan, adin berria estreinatzearekin batera, poesiaren eta bion arteko harremanak lehenago miatu gabeko bidea hartu duela. Hala, nahi duenak, Youtuben dudan kanalean (honi ekitean konturatu naiz neukan kontua kanala ere badela, berez!), astez aste testu baten irakurraldia entzun ahalko du zuzenean (eguna eta ordutegia finkatzeko bezain antolatuak ez gara eta, beraz, poesiak eta biok elkarrekin tarte bat emateko bultzada sentitzen dugunean batuko gara ordenagailu aurrean, topaketa exhibizionista batean). Dena dela, esan dudanez, harreman askea da gurea, anarkista, ezin bestela izan, eta gerta daiteke inoiz poesiak hitzordurik nahi ez izatea, edo nik prosarekin gozatu nahi izatea kamera aurrean.

Nahi duenak hemen dauka astez aste osatzea espero dudan zerrenda:

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.