Apur bat itxaron behar izan dugu, baina laster egongo da kalean Azken Portuko postdatak. Itxaron behar izan dugu, John Anduezak eta biok, hamaseigarren hau ez baita nire, gure baino. Apur bat gehiago haren nire baino, beharbada, eleberria lau eskutan idazteko ideia bitxi hori Oregongo piratarena izan baitzen. Zinez eskertu behar diodan ideia. 2023ko apirilean geunden orduan eta, urte bat eta bost hilabete geroago, gure izateari utzi eta irakurleen esku geratuko da. Zehazki, irailaren 5az geroztik, orduan baitugu hitzordua Elkar argitaletxearekin Donostian aurkezpen prentsaurrekoa egiteko. Gero etorriko dira etorri beharrekoak. Presarik gabe. Liburua bera ere horrelaxe sortu baitzen: azkar antzean, baina presa barik, behartu gabe, berak eskatu zigun erritmoan.
Laster jakingo duzue zer hari lot ditzakeen Oregongo eta Euskal Herriko itsasertzak, begi bistakoetatik harago, edo zer egiten zuen Zerzanek euskal piraten artean. Itsasoan dabil botila, eta eskutitzez beteta dator gure kostalderantz.
Kontuz, edozein unetan leher daiteke-eta.