Malthusen ezinegonaz haurdun

Zirrara berezia sortzen du beti espero ez zenuen ume batez haurdun geratzea. Asko falta da beraz erditzeko, eta ukondoka ibiliko da, lehenago garatzen hasita, lehentasunaren eskubidea aldarrikatzen duen beste haurdunaldi batekin, baina esango nuke sendo datorrela. Hona aurrerapentxo bat:

Egunek ikusten duzun lehen pertsonaren aurpegia dakarte. Nire kasuan, Malthusen argia dakar gaurkoak. Egun ederra, neurritsua, barea. Hura da leihotik sartu zaidan eguzkia. Ez da kasualitatea, noski. Haren etxerantz doa beti eguneko nire lehengo behakoa, gehienetan nire itxaropenak betetzen ez badira ere. Zaila da, Avgin lo egiten duen egunetan, egiten duenaz ezer jakitea, etxean sartuta ematen dituen ala, alderantziz, ezkutatzen zaidan mundu batean galtzen den. Isila da, eta ez du ahaleginik egiten itxurak gordetzeko, jendea gustatuko balitzaio bezala. Horrek jartzen nau beroen. Parte hartzen du batzuetan herriko jardueretan, kontzertu sinfonikoetan batez ere. Aingeruek bezala jotzen du biolina. Egun jende gutxik dauka hariak laztantzeko sentiberatasun hori, su eta amorru bihurtzen dena, halako batean, nire barrua alutik gora erretzen sentitzen ditudan uhin gartsuak. Orgia batzuetan ere agertzen da, eta inoiz berak ere antolatzen ditu halakoak mendiaz bestaldean duen etxandian, baina ez dut inoiz adorerik bildu harengana hurbiltzeko. Haren inguruan hesi bat sortzen du misterioak. Niretzat, behintzat, beste emakume eta gizon batzuk arazorik gabe hasten baitira berarekin hizketan. Askorekin solasaldia ez da minutu batetik harago luzatzen baina, horma ikusezina gainditzea lortzen duten apurrak larrutan ikusi ditut gero berarekin, ez baitu ahaleginik txikiena ere egiten ezkutatzeko. Beldur handiegia diot, ordea, lehen minutu hori ez gainditzeari eta, nirekin etzanda amaitzen dutenengan, begiak itxita, Malthusen aurpegia imajinatzearekin konformatu behar. Inoiz pentsatu dut ez litzatekeela hautagai txarra ume bat egiteko, baina agortuta dauzkat kredituak nik aspaldi. Izan ere, diotenez, bere-berea du gorputz hori, gehigarririk gabea. Bera, aldiz, nik dakidala, inoiz ez da ugalketa festa batera joan. Oraindik gogoratzen dut etxe hori egin ziotenean, 20 urte bete berria bera, bihotzean sentitu nuen zimikoa. Hamazortzi urte joan dira harrezkero, hirurogei urtekoa nintzen ni eta harrezkero deigarri gerta lekiokeen guztia probatu dut gorputz honetan. Ezkutatu behar izan dut nire leihorantz begiratu duenean. Seguruenik ez du nire leihora begiratu, uste dut ikusezina naizela berarentzat, edo ez naizela, behintzat, soroetako nekazariak baino gehiago. Hobe Malthus ahaztu eta egun eder honetan zer egin pentsatzea. Hasteko, karrerapera irten eta eguzkiari biluzik itxaron bainu bat hartzeko haren argitan. Malthusentzat ikusezina banaiz, badakit, ordea, Erasmusek ez didala begirik kenduko. Han dabil beti, patatetan interesa baleuka bezala, ni eguzkitan narru gorri ikusteko dela ondo ez bageneki biok. Gure arteko jolas pribatua. Hasi da eguzkia karrerapea hartzen, zoruko oholetatik arrastatzen, lehenik behatz puntak miazkatzen hasita. Maite dut goizeko hozkirria uxatzen duen epeltasun laztankor hori. Suak hartua dirudi artasoroak. Ze pena nekazariek guganako irrikarik ez sentitzea, zomorroak bezala mugitzen dira guri jaramonik egin gabe. Begiraturik txikiena ere ez. Haien programan aldaketa txiki batzuk egiten utziko balidate… Zer egin dezaket gaur, ordea? Hain da kutsakorra bake hau, egun osoa eman nezake hemen kulunka, inori ez lioke axolako. Zama egiten da batzuetan ezer egitera behartuta ez egotea, egunero erabaki behar izatea: ohean geratu, igerilekuan bainu bat hartu, liburutegira joan, lagun batzuei deitu eta otordu bat antolatu, eguneko kultura eskaintzan zerbait hausaz aukeratu… Laster ekarriko dit gosaria mirabeak. Eskerrak etxekoak gure gustura programatzen uzten digutela! Galdu dut Malthus, ez du ibaia zeharkatu, ez doa herrira. Autoa hartu du, seguruenik, ez dutenez zaratarik txikiena egiten… Badoa ukatzen didan mundura, berekoi halakoa. Bere kalterako. Belauna gainditu du eguzkiak. Likits hori, badakit nora iritsi nahi duzun. Badakizu hara iritsitakoan hankak zabalduko ditudana, Erasmusi eskainiko dizkiodana nire bilorik gabeko ezpainak, zure beroaren pean gori eta distiratsu. Agian mirabeari eskatuko diot zerbait berezia egin diezadala, gosaria dakarkidanean. Ez da berria, baina badakit Erasmusen gustukoa dela, adin batetik aurrera gusturago sentitzen gara egunero errepikatzen diren erritualekin, seguruago; oinarri sendo bat daukagula sentitzen dugu, mundu honetan, egia esan, denak aldagaitz eman arren, egonkorregi. Malthus etxean dagoela pentsatuko banu ez nintzateke ausartuko. Misterioa da, bai, baina seguru nago arruntzat joko lukeela. Ikusiko banindu, behintzat. Zein garden geratzen den airea eguzkiak ibaiko gandua uxatu eta gero. Maite dut gandu uxatuaren usaina, desagertu ondoren ere sudur mintzetan itsatsita geratzen zaizula ematen du. Kafe egin berriaren lurrina gailentzen zaion arte. Margolari bat bilatu behar nuke. Baina ez gelezkoa, benetan begiratzeko, usaintzeko, nire oilo ipurdia sumatzeko gai den haragizkoa baizik. Nori gustatzen zaio margotzea Avgin? Hain da mugatua herria. Eskolan agian, arte irakasleari eskatu margotzea gogoko duen ikasle bat bidal diezadala etxera, biluzik margotu nazan. Edo klase osoarentzat modelo izan egun batez. Berria litzateke hori. Hirurogeita hamazortzi urte, eta oraindik egin ez ditudan gauzak asma ditzaket! Berezi bihurtuko dut gaurko eguna azkenean, agian. Berezi bihurtu behar dut, leihotik agertu zaidan eguzkia Malthusen aurpegia izan dela kontuan hartuta. Ikusten duzun lehen pertsonaren aurpegia dakartelako egunek, bai. Ez dira egun guztiak horrela abiatzen. Baketsua zer den Avgi. Gure mundu osoa.

Goizeko haragikoitasun hau, ordea, azkar pasatzen zait beti. Badirudi iruzur egiten didala goizak, eguzkiak nire gorputz beti berritu hau bere egitean ikusten dena barrutik dagoen gauza bera dela sinestaraziz, eta kafeak, mirabeak ondoko mahaitxoan utzi didan errealitate dosi horrek, daukala ameskeriatik guztiz iratzartzeko zeregin zapuzgarria. Likido beltz honetan beste modu batean ikusten dut neure buruaren isla. Zirujauak azalari pasatzen dion borragomaren atzeko zimurrak ikusten ditut bertan. Ezin baitira arimatik ezabatu denborak utzitako ildoak. Nekatu egiten nau halakoetan beti hogeita zortzi urteko agertu behar honek. Ez dut inoiz izan hamabost urtean geratzea hautatzen dutenen gustu txarra, behintzat. Gehigarri guztietan zehar ikusten dudan une horretan, hankak itxi, txabusina jantzi, Erasmusi emanaldiaren oihala jaitsi, eta etxera itzultzen naiz, orain bezala. Malthus ere ahazten dut orduan, egun osorako ahaztu ere; goizeko bizio burgesa baino ez da berari buruz pentsatzea, neuk asmatutako mamu bat bezala, gehienetan. Gaurko salbuespenak, bera jaiki naizen unean bertan ikusteak, ez du ezer aldatuko datozen orduetan. Ez naiz eskolara joango, ez naiz benetako gazte baten aurrean biluztuko ni ez naizen gorputz hau margotu dezan. Eta horretaz jabetu orduko, Avgiko bakea geratzen zait kontsolagarri. Lorategietatik datorren usaina, nekazari eta lorezain isilen patxada errepikakorra, albisterik eza, ezustekorik egongo ez dela jakitearen bermea. Laster egongo da kontinente arteko txango horietako bat, itsas bidaia, eta horrek bai, zerbait berria ekarriko du zenbait astez. Azken urteetan haietatik kanpo geratu naiz zozketetan, administrazio nagusiak iruzur egiten duen ere pentsatu dut inoiz, eta gogoa daukat, batez ere ea Asia eta Afrikako aurpegi ezagunik aurkitzen dudan. Beste garai batean aurpegi ezezagunak aurkitzeak sortzen zidan zirrara. Administrazio nagusiak guretzat propio pizten dituen eszenatoki horiek guztiak, Venezia, Cairo, piramideak…, ikusita dauzkat denak eta, behin ikusita, berrikuntza gutxi urte batetik bestera. Kafea hartu dut, goizak gaztetasunaren lilura eraman du, eta egunak bizi izandako urteen pisua ekarriko dit, gauean mirabeari depresiotik aterako nauen pilula eskatu arte, amesgaiztorik gabe lo egingo badut. Inbidia ematen dit Erasmusek. 115 urte eta beste bizipoz bat sumatzen zaio oraindik. Zer ote da beste berrogei urtez bizitzea! Jendeak egiten badu, ordea, neu ere izango naiz gai. Diotenez, jende askok erabakitzen du 80. urtebetetzea beste herri urrun batera bizitzera joanda ospatzea. Izan ere, herria aldatzea ez da bolada baterako, uda sasoian, kasu, arrantzale herri tematiko horietako batera joatea edo hegoaldeko etxandian ematea bezala. Eguneroko harreman sare osoa aldatzea da, luzarorako. Kontinente aldaketa izan daiteke aukera, klima eta paisaia aldaketa. Non bizi zen Yusaku? Uharte horretan bost herri baino gehiago ez dago, baina ez ditut inoiz izenak ikasi. Nahikoa egin dut Yusaku ikasita. Kasualitate polita izango litzateke aurten bera ere agertzea txangoan. Ez dakit zertarako ematen diguten hamar mirabe etxe bakoitzeko. Erdiekin ere nahikoa neukake nik. Enbarazu baino ez didate egiten maiz. Ez didate neure kasa ezer egiten uzten. Dutxa bat eta herrira, aurkituko dut zereginen bat. Erlezaintza ikastaro bat dio gaurko egitarauak. Nahiago dut lorategietatik galdu eta erleak zuzenean ikusi. Txabusina berriz erantzi eta euri beroaren pean murgildu naiz. Ez zait gustatzen epela, beste gauza askotan legez, ez zaizkit gustatzen tarteko puntuak. Gure arbasoen jainkoak berak ez zuen esan bere ahotik botako zituela epelak? Edo antzeko zerbait. Izoztuta edo irakiten, hezurretarainoko hotza edo azala urtu beharrean sentitzeko. Horrela, anatomia honek oraindik neure den zerbait daukala sentitzen dut. Atsegin morbosoz behatzen dut dutxaren aurreko ispiluan nire bikiarengan agertzen zaidan ezezaguna. Ez irentsi amua!, garrasi egingo nieke gazteei, neska zein mutil, gehigarrien gurpil zoroan sartu baino lehenago. Gorputzari lehen aldaketa egin orduko, galduta zaude bizi osorako. Askotan berrikusten ditut iraganeko mundu gainpopulatu misteriotsu horretako argazkiak. Zaharren irudiak batik bat. Zenbat eta zimurtuago lilura handiagoz geratzen naiz haietan iltzatuta. Zimurrez zimur mugitzen naiz, haurtzaroko jolas hartan legez, laukiz lauki eta tentu handiz aurrera egin behar genueneko hartan. Eskuetako arrakalei batez ere. Orduan, nire eskuak argazkiaren aurrean jarri eta erkatu egiten ditut. Zein dira nireago? Argazkikoak, erantzuten diot gehienetan neure buruari. Arratsaldez izaten da, nire gorputzaren kontzientziak iluntzerantz egiten duenean. Oheratu aurretik dutxatu behar banu, ez nuke jasango ispilu hori. Egunsentian alua heze jartzen didana onargarri bihurtzen da, kafearen ondoren, dutxa hartzen dudanerako, aspergarria arratsalderako, higuingarria gauerako. Eta berriz hankartea bustita esnatzerako, eta berriz kafeinazko desenkantua, eta berriz nekea, eta berriz nazka. Horregatik, ohartaraziko nieke holako gorputza oraindik eurena delako daukatenei, ez sartu betiko gaztetasunaren liluran; utzi, garaiz zabiltzaten bitartean, naturari bere bidea egin dezala. Ispiluko hori jai batean aurkituko banu, ez nuke zalantzarik egingo, ohera eraman nahi nuke, edo komunera. Baina ez dago jai batean, kristal batean harrapatuta baizik, eta bere baitan harrapatuta dagoen nia ezkutatzen dit. Agian, azal arrotz hori erretzeko itxaropenez hartzen dut dutxa hain bero. Edo izoztuta errazago puskatuko zaidalakoan, hotz hartzen dudanean. Jantzi orduko emango dit tregua.

Mendi nagusiaren magalean gelditu dut autoa. Askotan geratu naiz hemen, ilunabarretan batez ere. Hiri ia osoa ikusten da behean. Garai batean izan zen hiria, haren izena nahita ahaztu badugu ere, beste gauza asko bezala. Zenbat lagun bizi zen orduan hor behean? zortzi, hamar milioi? Gaur egun horren zortzirena ere ez gara mundu osoan, hor nonbait. Gure arbasoen garaipena esaten diote horri. Ezinezkoa zait gizaki haien inurri bizimoduaren irudi bat egitea. Hiri tematikoak daude: New York, Chicago, Londres, Paris, Tokio, Beijin, Mosku, Bartzelona, Marrakex…; uste dut denak bisitatu ditudala, eta ideia bat egin daiteke haietatik, baina ez da gauza bera; fantasiazko munduak dirudite, irrealak, ezinezkoak. Ez da egiazko inor haietan bizi, berrehun mila langile inguru alde batetik bestera, girotzeko, benetako izerdirik, hatsik, arriskurik, dramarik gabe. Film zaharretan egin daiteke ideia osoago bat, baina hori dira, filmak, irudi partzialak, zati txikiak pantaila batean. Hor behean, ordea, oihan trinko batek ia erabat irentsitako mundu bat. Zer izango zen esnatzen zinenetik inurri horietako bat sentitzea? Beste bat, milioien artean. Goragalea sentituko nuke goizero. Gu ez ginen haietakoren bat izatera deituak, noski. Beste mundu batean bizi ziren gure arbasoak. Nabaria utzi dizkiguten liburuetan zelako higuina eragiten zieten halako jende olde itxuragabeek. Jakintsuak ziren gure arbasoak. Zertara kondenatu gintuzten, ordea, euren borondaterik onenaz? Haien atzamar txikiaren itzala ere ez gara. Heroismorik gabeko garai luzeetan bizitzera jaurtiak. Zer ez nuke emango hiri horretako bazter ilunetan gau batez galtzearren. Argiegiak dira gure garaiak. Baina laster amaituko da gure derrigorrezko lozorroa. Gaur goizean atzean utzi dudan auzoa ekarri dut gogora. Erroien muinoan egon naiz hari begira hogei minutuz, orain hemen nagoen legez, hola ikusiko dudan azken aldia izatearen sentipena erraietan sartuta. Hogei etxe Avgi herriaren hegoaldean. Ibaiaren beste aldean, haran osoa hartzen, gainerakoak. 500 bat eraikin baratze, lorategi, iturri eta kanalen artean. Lore usaina leihoa ireki orduko. Hiri honen azalera ia berbera mila lagun inguru bizitzeko. Eta bizi diren mila lagun horietatik, zenbat egoten dira herrian egunero? Seiehun? Hola bizi garelako denok, edozein aitzaki bila egunerokotasuna aldatu eta toki batetik bestera mugitzeko, berritasun gose. Baina berritasun gutxi geratzen zaigu. Hortik jendeak egiten dituen etxandi gero eta afrusa eta gustu txarrekoagoak, handinahiak izan nahi besteak baino handiagoak izaterik ez dagoen munduan. Patetikoak. Joera estetiko eta kulturaletan eragile izaten tematzen diren horien antzera, lau mila lagunek euren gustuak kopiatzearekin zerua ukitzen duten errukarri horiek. Mila lagun bizi eta eta ehun mila langile inguru gordetzeko azalera zabal hori guztia gure Avgin. Altxatzen zarenerako hor daude haiek, ortuak lantzen, loreak zaintzen, gure etxeetara eta biltegietara hornigaiak eramaten, eskola haurrentzat prestatzen, haurren eta gazteen etxeetan gosariak prestatzen; isilik, zehaztasun matematikoz, programatik lerro batean ere mugitu gabe. Ausartuko naiz esaten leihotik logelaraino iristen zaidan ikuspegia itsusia dela? Ezinezkoa gezurretan aritu gabe. Gaur bereziki, ortuzainak baino arinago itzartuta ia gutxitan harrapatzen dudan eszena zabaldu zaidanean: gandua ibaian gora ertzeko laboreak laztantzen mihi heze zuri bat bezala, milaka eguzki txiki dirdira egiten artoaren hostoetan, azetan eta, bereziki, orkideetan. Zelan lortzen dute holako mimoz tratatzea orkidea sentiberak, zirrararik txikiena sentitzen ez duten langileek? Han zeuden lehenengoak agertuta, beste batzuk bidean, auzoko nekazari etxetik, sinkronizatuta, zein bere orduan doi-doi. Elkar agurtzeko, hitz egiteko, listua alferrik xahutzeko premiarik gabe. Jakin dut Erasmus jauna goiz jaikitzekoa zela, baina horrenbeste! 110 urte inguru ei ditu. Zer axola du adinak, ordea? Nekazarien ezaugarri faltagatik ez balitz, haietako bat emango luke. Kapelua, koadrodun atorra, zapia lepoan, praka maiztu marroiak, hanka erdirainoko botak, patata landareen artean txistuka. Langile bat sentitzearen gustua. Gustu txarra, ordea. Orkideak inguruan izanda, patatak aukeratu behar. Zelako tirria patatekin. Arrunta sentitzearen jolasa, inguruan askok daukaten bizioa. Orgietan, ordea, gustu hobea erakusten du, baita talentu fina ere bere zirtoetan. Eta halako batean, ez dakigu noiz, agertzeari utzi eta hil dela jakingo dugu. Tira, beste hamar urtez izango dugu gure artean, agian. Ez zait buruan sartzen irakasten diguten hori: bizitzeko gogoa iraungitzean hiltzen garela. Pixkanakako galera moduko bat dela, sumaezina ia, gutaz jabetuko dena, nahita nahiez, gure zelulak sortu ginenetik programatuta zeuden epemugara hurbildu ahala. Ez dela arrangurarik sentitzen une horretan, hil beharragatik. Askapen moduko bat dela. Hori da sortu dugun izugarrikeria. Ahulegiak gara betiereko bizitza amesteko ere.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

This site uses Akismet to reduce spam. Learn how your comment data is processed.