Aste honetan, azkenik, txanda iritsi zaio nire liburuen itxaron-zerrendan Irati Jimenezi Euskadi Saria eman dion liburuari, Begiak zabalduko zaizkizue saiakerari. Urte hasieratik izan dut nire desiren zerrendan, Irati maite dudan idazlea baita, maila pertsonaletik harago, maila literarioan batez ere, haren Atsekabe zaitut liluragarri eta magikoa irakurri nuenetik. Haren azken lanean zer gorde digun ezagutzeko gogoa, beraz, handia zen, Nora ez dakizun hori irakurri ondoren behin betiko sartu baitzen Irati nire euskal idazleen Olinpon -bai, badakit anarkista ateook ez genukeena Olinporik izan behar; nire idazle kutunen zerrendan esango dut, beraz-. Irakurrita neuzkan azken liburuari buruzko elkarrizketa eta iruzkin batzuk, eta, nire pasioari buruzko liburua izanik, seguru nengoen gauza mamitsuak eskainiko zizkidala eta zer ikasi ere aurkituko nuela. Laster azalduko dudanez, idaztea niretzat pasioa baita, inoiz ez lanbidea.
Gogoz hasi, eta pizgarria gertatu zait lehen orrialdeetatik -zintzotasunaren izenean, hasieratik aitortuko dut 61. orrialderaino iritsi naizela, azken orrialdeak esfortzu handia eginda irakurrita, Mundakako terraza batean patxarana hartu bitartean; beraz, bistan denez, hemen idatziko dudana liburuaren ikuspegi osatugabe batean baino ez da oinarrituko, pixkanaka azalduko ditudan zioengatik-. Iratiren abiapuntua datu estatistiko-ekonomiko bat da: euskaraz idatzitako liburuen irakurleak gutxitu egin dira azken urteotan, euskal irakurle posibleen kopurua handitu arren. Datu horrek kezkatu zuen Iratik, agidanez, eta arrazoien -edo errudunen- bilaketari ekin zion, beraz. Zerk eragin du euskaraz idatzitako literaturak irakurleak galtzea? Ezin esan kezkarekin bat egin dudanik, ez baita nire ardurarik behinena inoiz izan irakurle kopurua edo salmentenen tamaina -badakit irakurle kopurua eta salmentak ez direla gauza bera, baina oso lotuta joan ohi dira ekuazioetan, irakurleen kopurua kalkulatzeko, imajinatzen dudanez, salmentak datu garrantzitsua izango baitira, liburutegietako mailegu kopuruarekin batera, besteak beste-. Egia da zure liburu bat asko saldu dela edo jende askok irakurri duela jakiteak apur bat gehiago elikatzen duela zure egoa, baina zer egingo diot, honetan Iratirentzat garrantzi handia duten parametroetatik kanpo geratu naiz beti: literatura profesionalaren aurka egon naiz munduaren logikaren kontzientzia hartu nuenetik, eta garrantzi handiagoa eman diot beti, zenbatek irakurri nauen baino, ni irakurri nauten horiek nire liburuetan topatu dutenari. Kontuz, ez nago idazle profesionalak egotearen kontra, neure literatura profesionalizatzearen kontra baizik. Soldatapeko bizimoduaren kontra bai, banago, eta horregatik naiz, besteak beste, anarkista.
Hori -eta hemendik aurrera idatziko dudan guztia- hobeto ulertzeko, parentesi txiki bat egin beharko dut, zuen baimenez. Horretarako, duela gutxi bizi izan dudan pasadizo xume bat ekarriko dut gogora. Urrian izan zen, gure ikastetxeak (Colegio Vizcaya, bai, V, C eta Y ondo markatuta, zer egingo diogu) bere 50. urteurrena ospatzeko ikasle ohiok gonbidatu gintuen egungo instalazioak ezagutu eta hamaiketako bat hartzera (brunch bat ote? ez naiz aditua), eta ikaskide izandako lagun batzuekin egin nuen topo bertan. Saihestezina denez, gure haurtzaroko jolas, irri, negar eta min askoren eszenatokia izan ziren hormen artean, atzera begira hasi ginen denok, eta hor esan zidan lagun horietako batek zer pentsatu eman zidan zerbait, ez bainintzen horretaz kontziente. Lagun horrek ez daki euskaraz eta, beraz, ez du hau irakurriko. Julio du izena, txikitatik eskola amaitu arte egon ginen beti klase berean -nik ahaztuta neukan egitatea, Batxilergotik aurrera baino ez bainuen nire klasean gogoratzen-, ez ginen lagun-minak inoiz izan, baina harreman ona izan genuen beti, adiskidetsua, gure mundu-ikuskerak eta interesak galaxia banatan kokatzen baziren ere. Gutxi gorabehera, hau esan zidan: txikitatik zutaz gehien miretsi dudana zera izan da: beti izan duzu mundu guztia, zurekin zerikusirik ez dutenak ere, errespetuz tratatzeko gaitasuna, beti jarraitu diozu zure bideari, eta inoiz ez nizun entzun beste inori zelan jokatu behar zuen esaten. Zure arauak zeuretzat baino ez ziren. Tira, ez da gutxi zure ondoan hamabi bat urte eman dituen pertsona batek zutaz duen irudi nagusia halakoa izatea, eta bat dator nik, teorian behintzat, beti izan dudan pentsamoldearekin. Ez nuen uste, ordea, hain ondo bete nuenik, eta seguru nago Julioren oroimenean zulo asko daudela, guztionean bezala, eta nire jokabidea ez zela beti izango hain eredugarria. Eztabaidatzea maite dut, egia da, baina inoiz ez dut izaten besteak konbentzitzeko gogo berezirik, nire argudioak, nire arrazoiak, partekatzeko eta ulertuak izateko baizik, oso buru gogorra izan naitekeen arren. Beraz, literatura lanbide hartzeari uko egitea hautu pertsonala da, eta ez nire kideak, nire parekoak, beste idazleak, neurtzeko eta juzgatzeko edo gutxiesteko langa bat. Literaturatik bizi diren edo bizi nahi luketen lagun handiak dauzkat, eta ez dut uste euskal literaturari arrazoi horregatik kalterik egiten diotenik. Ez da nire hautua, kito.
Parentesia itxita, irakurle kopuruaren edo salmenten kontuak loa inoiz galarazi ez didala esanda, onartu egiten dut Iratiren kezka, zelan ez, eta, behin onartuta, haren argudioetan sartzeko prest nago. Liburuaren lehen zatian horixe egin baitu Iratik: euskal literaturak irakurleak galtzeko arrazoien diagnostiko bat. Ados nago: euskal literaturan baditugu arazoak, baditugu alde ilunak, eta gerta daiteke alde ilun horiek eragina izatea irakurleen galera horretan. Iratik adierazitakoak dira nik ikusten ditudan arazoak, ajeak eta ilunak, ordea? Liburua irakurtzen jarraitu beharko erantzuna aurkitzeko!
Diagnostikoa
Hor hasi da, beraz, Iratik euskal literaturaz egiten duen diagnostikoa, euskal kultura osora eta euskal izaerara ere hedatzen dena. Zergatik uxatzen ditu irakurleak orain arteko euskal literaturak? Marraztu duen egoera, ostera, ezin ilun, triste eta, nolabait izateko, nazkagarriagoa begitandu zait. Ez, inondik ere, irakurleak gure literaturaren erreketara hurbiltzera hauspotzeko modukoak, inondik inora, eta nire kezka areagotu du horrek, azalduko dudanez.
Kalitatea
Lehen erantzunak, gero etorriko den guztiaren oinarriak, borobila ematen du: ez diegulako kalitatezko literatura eskaintzen urruntzen dira irakurleak euskal literaturatik, euskaraz idatzitako liburuak zabor literarioz beteta ei daudelako. Hor hasi dira nire lehen zalantzak eta desadostasunak, nire esperientziari arrotz egiten zaion errealitate bat. Ondo pentsatuta, ematen du euskaraz irakurtzeari uko egiten diotenei eman nahi diela arrazoia Iratik: ondo egiten duzue literatura beste hizkuntzetan bilatuta, gurean ezer gutxi baitago salbatzeko. Hala, euskaldun askori zuribide ezin hobea eskaini die arlo askotan euskaraz sortutakoetatik aldentzeko erabili ohi duten aurreiritzia berresteko: ez dut euskarazko produkturik kontsumitzen, euskarazko produktuak erdarazkoak baino kalitate askoz urriagokoak direlako.
Seguru? Seguru gaude ideia hori sustatu eta finkatu nahi dugula? Ikuspegi hori da Eusko Jaurlaritzak liburu hori sarituta bultzatu gura duena? Horrela sendatuko ditugu gure hizkuntza txikiaren gaitzak? Ikus dezagun…
Hasteko, euskaraz eskura daitekeen literatura ez da euskal idazleek idatzitakora mugatzen, baina ematen du errealitate hori Iratiren azterketatik kanpo geratu dela. Ez da harritzekoa, beharbada. Izan ere, maiz ikusi dut, atsekabez, euskal idazleak irakurtzeko ohitura duten askok, literatura unibertsaleko idazleren baten liburuak irakurtzeko gogoa pizten zaienean, liburuok gazteleraz zuzenean bilatzeko ohitura dutela, eta harritu egiten direla liburu horietako asko euskaratuta -eta oso ondo euskaratuta, kasu gehienetan- daudela esaten diezuenean. Egia da hutsune nabarmenak dauzkagula oraindik -baten bat harrituko da, agian, garai batean liburu gehien saltzen zituzten idazleetako batek, Ken Folletek, esaterako, ez duelako ezer euskaratuta; gehiago harritzen nau, berriz, Umberto Ecoren ezer, Günter Grassen Latorrizko danborra edo Thomas Mannen Mendi magikoa euskaraz ez aurkitzeak-, baina literaturaren gailurrean dauden asko badauzkagu gure hizkuntzan, eta komertzialagoak direnak ere bai, ia edonoren gustua asetzeko beste. Noski, Gabo, Cortazar, Benedetti, Arenas, Bolaño, Lezama Lima edo Galdos irakurtzeko, gazteleraz jakinda, hobe jatorrizkora jotzea, eta beste horrenbeste frantsesez edo beste edozein hizkuntzatan irakurtzeko gai direnei dagokienez, baina Madame Bovary, Ulises, Farorantz, Frankenstein, Abeslari burusoila, Elurra, Paradisua, Homo faber, Atzo, Berlin Alexanderplatz, Fiesta, Goragalea, Perfumea, Hotsa eta ardaila, Izatearen arintasun jasanezina, Lisboako setioaren historia, Jokalaria, Justine, Parisen sabela, 1984, Bai mundu berria, Fahrenheit 451, Egunen aparra, Neskamearen ipuina, Suite frantsesa, Batzarra Telgten, Arrotza, Pailazo baten aburuak, Durduzaz eta dardaraz, Pereirak dioenez, Paradisuko almanaka, Hiru arkuko zubia…, euskaraz irakurri ditut nik, batzuk baino ez aipatzearren. Eta gozatu. Baita Momo, Eraztunen Jauna eta Harry Potterren guztiak ere.
Horiek denak alde batera utzita, beraz, Iratiren bideari lotuko natzaio, irakurtzean lotu natzaion legez. Estu gainera; izan ere, euskal idazlea izanda, kezka ere sor lekidakeen, ni ote nagoen euskal literaturak irakurleak galtzearen errudunen artean. Agertuko zen nire izena? Agertuz gero, salbatuta geratuko nintzatekeen, berehala ikusi baitut Iratik euskal literaturaren ustezko gaitzak azaltzeko orduan, ez dituela aipatzen kritikatzen dituen bekatuetan jausten diren idazleak edo lanak, eta maila teoriko-abstraktu orokorrean -orokorregian- mugitzen dela gehien bat -itsusia ei da inor seinalatzea-; bekatu txikiak egiten dituztenak aipatuko ditu, gehienez, absoluzioa jasoko duten bekatariak oro har. Baina, aitor dut, ez nuen itxaropen handirik Iratiren orrialdetan agertzeko. Hala izan ohi da prentsa idatzian eta literaturari buruzko artikulu espezializatuetan ere, eta ohituta nago. Idazle apala naiz, bistan da, kontuan hartzen ez diren horietakoa. 2003tik 2022ra bitartean argitaratu ditudan hamahiru eleberrietatik, bik baino ez dute merezi izan kritika bana Berrian, bizpahiruk Garan, batere ez inon nire azken zazpi eleberrietatik bostek. Prentsa idatzia agertuko da nire prentsaurrekoetara, agian, jasoko du albistea bere orrialdeetan, baina 2019tik hona, eta urte horietan sei eleberri argitaratu ondoren, prentsa idatziko hedabide nagusietan elkarrizketa bakar bat ere ez nire liburuei buruz. Eskerrak, bestelako hedabideak ere badaudena, xumeak batzuk, handiagoak beste batzuk -Arantxa Iturbek eta Nekane Peñagarikanok ez naute ahaztu, gaitz erdi!-, bestela, azkenean neuk ere pentsatuko bainukeen nire literatura ez dela existitzen. Euskal idazle ez gutxik bizi duten egoera, bestalde, ezer arrarorik ez. Horretan ere ez naiz berezia. Eta horretan ere badatzake euskal literaturaren arazoa: irakurleek nekez ezagutuko dituzten idazleen zerrenda luzea.
Beraz, Iratiren diagnostikoa irakurri ahala, ariketa pizgarri bati ekin diot: jausten naiz neu ere Iratik euskal literaturari egozten dizkion gabezietan? Betetzen ote dut berak literatura balekotzat jotzeko azpimarratzen dituen ezaugarrietatik baten bat? Eta nire egoa eta nartzisismoa elikatzea baino garrantzitsua dena: ezagutzen dudan euskal literatura bat dator Iratik deskribatzen duen egoerarekin?
Gure kultura, gure lagun izoztua
Lehenengo eta behin, eskaintzen garrantziarekin egin dut topo. Euskal literatura, Iratiren hitzetan, hotza da, euskaldunok bezala. Bilatu eskaintzak liburuetan…, baina ez dituzu aurkituko, eta hori azaltzeko ere badu bere teoria antropologikoa. Hor izan dut, beraz, nire literaturarekin erkatzeko lehen elementua. Serio hartuta, Iratiren liburua serio hartu baitut, zinez, bera beti hartu dudan legez, nire liburutegira joan, nik sinatutako liburuak atera, eta banan-banan birpasatu ditut. Eskaintzarik gabeko bi aurkitu ditut nire hamahiru eleberrien artean, Bioklik eta Katuak jandakoa. Ez dakit arrazoia azaltzen, oso eskaintzazalea bainaiz. Ahaztu ote zitzaidan? Ideiarik ez. Hona nire eleberrietan agertutako eskaintzak, gustatu egin baitzait denak gogoratzea, bakoitzak garai eder bat ekarri baitit gogora, eta ezusteak ere hartu ditudalako, batez ere, zendu zaigun aita lehenago ere beste liburu bitako eskaintzan sartu nuela aurkitzea:
Hamaika ispilu ganbil (Labayru, 2003)
Lourdes, aita eta amari. ΠL.T.-ri. Amamari, euskerea hainbeste maitatuten irakasteagaitik. Martari.
Karonte (Elkar, 2005)
Nire umetako iparrorratzari, ibaiaren beste ertzera goizegi joan zen anaia Gorkari
Mozorroaren xarma (Erein, 2007)
Martari; zerumugak zabaltzen jarraituko dugu. Dariyari; zuk badakizu zer dagokizun. Reinaldo guztiei; haiekin mundua koloretsuagoa da.
Abaraska (Txalaparta, 2008)
Martari, eta berarekin egindako bidaietan bidean topatu eta zer gutxi dakidan erakutsi eta erakutsiko didaten guztiei (Jad palestinar harrigarriari, esaterako)
Utopiaren itzalak (Txalaparta, 2010)
Vaneri, nor naizen gogorarazi eta bizi berriaren hastapena aurkitzen laguntzeagatik. Unerik latzenetan maitasunaren eskuzabaltasuna erakutsi didazuen guztioi.
Gezurra odoletan (Txalaparta, 2011)
Vaneri, egunero bizitza betetzen didazulako. Lourdesi, munduko arrebarik onena izateagatik. Aitari eta amari, izan duten eta eman didaten indarragatik. Zerrenda bukaezina osatzen duzuen zuei guztioi. Kapitalismoari egunero aurre egiten dion maputxe herriari. Munduko ideiarik ederrenak erakutsi dizkidaten pentsalari eta ekintzaile libertario guztiei.
Biokilk (Elkar, 2018)
Eskaintzarik ez.
Inoren munduan (Elkar, 2019)
Beste mundu bat sor dezakegula erakutsi didaten emakume guztiei
Bahiketa (Txalaparta, 2020)
Buenos Airesek oparitutako lagun handi guztiei. Eskerrik asko, Edorta, zure aholkuengatik.
Uzta garaia (Elkar, 2021)
Munduko Baazima, sasoikako eta desjabetu guztiei
Malthusen ezinegona (Elkar, 2021)
Amari, obsesio literario honetan entzuteko beti prest
Katuak jandakoa (Elkar, 2022)
Eskaintzarik ez.
Esan gabe doa (Txalaparta, 2022)
Porrot guztien ondoren oraindik garaipena hurbiltzeko lan egiten duzuen guztioi. Dabidi, hau sortu ahala irakurtzeko jarri duzun gogoagatik. Gurasoei, nire buruaren joan-etorri alderraiak egunero entzuteko daukazuen pazientziagatik.
Begiak zabalduko zaizkizue irakurtzen jarraitu ahala, bestelako ideiak etorri zaizkit. Iratik kondenatzen dituen jardunbideetan jausten direnen izenak ematen ez dituenez, hor hasi da nire burua lanean. Nor dira merezimendu literario barik komunikabideetan eta libururik salduenen zerrendetan etengabe agertzen diren idazle horiek? Ni ez, argi daukat, ez baititut ezaugarri bi horiek betetzen. Gainera, nire bigarren eleberria argitaratu orduko, Karonte hamabi astez jarraian salduenen artean ikusi nuenean, zur eta lur ni, berehala jaitsi zizkidan oinak lurrera Xabier Mendigurenek: ez egin kasurik salduenen zerrendei, zerikusi gutxi dute errealitatearekin. Kontxo! Eta hori balitz euskal literaturak dauzkan arazoetako bat? Baina ez dut ezer aurreratu gura. Kontuak kontu, nire kinielak egiten hasi nintzen, izenik aipatu gabe nor ari ote zen seinalatzen. Beraz, kotoiaren lehenengo proba egitea erabaki nuen: zein dira euren liburuetan eskaintzarik jartzen ez duten idazle bihozgabeak? Nire kinieletako lehenengo izenetara jo -neuk ere gordeko ditut izenok-, eta kale, biek zekarten eskaintza zintzoa. Nire liburutegian bila jarraitu, eta zein ez zen nire sorpresa izango: atera nituen euskal liburu gehien-gehienek eskaintza zekarten eta, beraz, ez zuten hain hotz ematen, datu horri kasu eginez gero. Eskaintza barik aurkitu nituen, aldiz, nire idazle kutunetako dezente: Bernardo Atxaga, Ramon Saizarbitoria, Anjel Lertxundi, Unai Elorriaga, Joseba Sarrionaindia, Harkaitz Cano… Kasu batzuetan liburu guztietan, beste batzuetan gehienetan, eskaintzarik ez! Ez dauzkat, ordea, idazle hoztzat, eta lasaiago geratu naiz egiaztatu dudanean Iratik berak horiek denak absolbitu dituela bere orrietan, modu batean edo bestean. Beste idazle kutun batzuk, gehienak, hoztasun mota horretatik salbatuak ziren, zorionez.
Gaitz gehiago ikusten ditu Iratik euskal literaturan, asko, eta besteak nik irakurritako liburu guztietan banan-banan egiaztatzeak lan askoz handiagoa eskatzen duenez, hortik aurrera berak seinalatutakoak hoberen ezagutzen dudan literaturarekin erkatzea erabaki nuen: nirearekin. Azken finean, idazle bat naiz beste askoren modukoa, ez bereziki ezaguna, ez naiz kexatzen saldutako liburuen kopuruaz, baina urrun nago goi-goian dauden idazle horiengandik, eta euskal literaturari buruzko lan gehienetan ez dut tokirik merezi, beste askok legez. Ez naiz euskal hedabideetan sarrien agertzen direnetakoa, baina nire tokitxoa ere badaukat. Esan ohi denez, badira okerrago dabiltzanak… Euskal literaturako ausazko adibide bat izan naiteke, beraz. Estatistika kontuetarako lagin bat.
Luze joko luke 61. orrialderaino nire liburuak puntuz puntu aztertuta ikusi dudan guztia aztertzea, eta buruz jardungo dut gogoan geratu zaizkidanak jasotzeko, horiekin ere askotxo idazteko baitaukat. Aurreratuko dut, laburpen gisa, neure burua oso ondo kokatuta ikusi dudala Iratik garrantzia ematen dien ezaugarri horiek betetzeko garaian. Denak betetzen ez baditut, gehien-gehienak bai. Goazen haietako batzuekin.
Hizkuntza urruna
Zalantzarik handiena sortu didanarekin ekingo diot: hizkuntza. Iratik liburua hasi eta berehala aipatzen duenez, ulertua ez izateko idazten ote dut, azaleko pentsamenduak mozorrotu eta jendeak gauza sakonak idazten ditudala pentsa dezan? Hori da galderarik zailena, hori baita, seguruenik, alderdirik subjektiboenetakoa. Pentsa dezake hori baten batek, pentsa dezakete askok, ez dakit, ez da orain arte irakurleengandik jaso dudan iritzia, eta jakin badakit, nire estiloa gorabehera, ez dudala asmo horrekin idazten. Irakurri ere, esango nuke irakurri ditudan euskal idazlek ez didatela sentipen hori piztu. Nire mugak baditut, noski. Euskaldun berria naiz, erdaraz idazten hasi nintzen sei urte nituenean, eta hala jarraitu nuen unibertsitate garaira arte. Orduan, hautu bat egin nuen: ez nion nire literatura gaztelaniari eskaini gura. Ez nuen ezagutzen euskaraz zer idazten zen, gure eskolan Literatura Española ikasten baikenuen, ez euskal literatura, baina argi neukan asmatzen nituen munduak -hori maite izan baitut txikitatik: munduak asmatzea- euskaraz asmatu gura nituela. Tresna bera falta nuen, eta hor hasi nintzen, euskaltegian sartzearekin batera, irratia euskaraz entzuten, eleberriak euskaraz irakurtzen, ETB 1 ikusten, eta nire lagun euskaldun zaharrei aurrerantzean euskaraz egin ziezadatela eskatzen -arrakasta lortu nuen batzuekin, erabateko porrota baten batekin-. Euskal letretan eman nituen lehenengo urratsak, beraz, murgiltze prozesua izan ziren. Euskaraz idatzitako libururik mardulenak irakurtzea eskura nuen irizpide bakarra izanik, Jon Etxaideren Gorrotoa lege, Joxe Austin Arrietaren Manu militari eta Xabier Amurizaren Oromenderrieta izan ziren, hiztegia eskuan, euskaraz irentsi nituen lehenengo liburuak. Ez nekien zer toki betetzen zuten euskal letren munduan, baina ez zen hasiera txarra, eta betiko geratu nintzen euskal literaturari atxikita. Ondoren, Euskal Filologian sartuta, etorriko ziren liluratuko ninduten beste izen batzuk: Atxaga, noski, Saizarbitoria -berehala nire kutuna bihurtu zena-, Lertxundi, Sarrionaindia, Zarate, Irigoien, Urretabizkaia, Mirande, Lauaxeta, Lizardi, Orixe, Etxepare, Axular, Etxeita, Agirre, Mogel -Juan Antonio eta Bizenta-, Aresti, Txillardegi, Gandiaga, Lekuona… Euskaraz baino ezin erdiets nezakeen unibertso zoragarri bat. Hala ere, hautua egin nuenetik jakin dut, seguruenik, desberdin, askeago eta hobeto idatziko nukeela gazteleraz euskaraz baino. Hala ere, nire baitan euskarak aspaldi utzi zion borroka bat izateari, nire lagunik onena bihurtzeko. Oraindik ere esaldi eta paragrafo luzeegiak idazteko joera dudala? Bai horixe! Hala gogorarazten didate nire editore guztiek liburuz liburu! Ulertua ez izateko libururik irakurri dut euskaraz? Ez, Hegel eta Heidegger gazteleraz irakurri ditut. Ez zait euskal idazlerik burura etorri halakorik egiten duenik. Oroimen txarra, seguruenik.
Hizkuntzari lotuta, beste kontu batek ere kezkatzen du Iratik: euskal idazleon euskara urrun dago kaleko jendearen euskaratik. Egongo ez da ba! Hasteko, galdera bat etorri zait burura: Shakespeareren ingelesa garai harten Londresko kaleetako merkatariek, lapurrek eta eskaleek erabiltzen zuten ingelesetik hur ote zegoen? Dublingo pubetan entzuten den ingelesa ote da James Joycek Ulises idazteko aukeratu zuena? Cortazarrek idatzi legez mintzatzen ote dira La Boca edo Barracas auzoetan? Quevedo edo Gongoraren gaztelania literarioa ulertuko zuten Madril eta Valladolideko kaleak betetzen zituzten desjabetuek? Zerbait irakurtzen zekitenek, noski. Lisboako auzo apaletan hitz egiten den portugesa erabiltzen ote zuen Saramagok? Kostatzen zait hori sinestea. Literaturaren eginkizunetako bat ez ote da hizkuntzaren mugak zabaltzea? Ez da hizkuntza guztietan ohikoa hainbat erregistro izatea, jasoak, zientifikoak, kaletarrak, literarioak…? Eta, hala ere, neure egiten dut, hein batean, Iratiren ezinegona. Neuk ere ahalegina egin dut maiz nire errealitatetik hurbilen dagoen euskara, bizkaiera, nire literaturan sartzeko, eta ez da erraza izan. Nire lehenengo eleberrian, Hamaika ispilu ganbil ezezagunean, bizkaieraz hizketan jarri nituen pertsonaia gehienak; are gehiago, ahozkotasuna muturrera eroan, eta fonetikoki transkribatu nituen haien arteko solasaldiak; baina argitaratu gura izan nuenean, argi utzi zidaten euskaraz hori egitea suizidioa zela, eta bizkaiera gura banuen, bizkaiera estandarra beharko zuela, Labayruk onetsitakoa. Ondo ezagutzen du Edorta Jimenezek nire lehen lan hori, 2003an, artean ozta-ozta ezagutzen genuela elkar -tira, nik bera bai, Mundakako idazlerik entzutetsuena baitzen aspaldi-, opari ederra egin baitzidan: liburua aurkezten laguntzea, Bermeon garai hartan zegoen Iñigoren liburu-denda maitagarrian. Aurkezpen hartako beste oparia bertaratu zen Markos Zapiain ezagutzea izan zen. Ezin dut hasiera hoberik imajinatu. Ez zen izango aurkezten lagunduko zidan azken nobela, zorionez. Gerora ere, Edorta bidelagun aparta izan da, eta sarritan trukatu ditugu elkarren liburuei buruzko iritziak. Sekula ez hotz.
Gerora ere egin ditut saioak benetako ahozko hizkera jasotzeko, eta ez da euskalkiari mugak jarri dizkidaten azken aldia izan. Gazteei istorio batzuk eskaintzea erabaki nuenean, aukera zaila hartu behar izan nuen: protagonistak Urdaibain kokatutako fikziozko herri batean jarri nituen, Ondarraten. Argi neukan, eta daukat, holako herri bateko haurren arteko hizkuntzak, euskara izanez gero, bizkaiera behar lukeela, Mundakan edo Bermeon hitz egiten denaren antzekoa. Baina errealismoa, gure liburuetako pertsonaien errealitatea, gure irakurleen errealitatera hurbildu nahi badugu, benetan eta zintzotasunez hurbildu, ez lukete gure pertsonaia gehienek erdaraz hitz egin beharko? Fikzioa da gurea, ordea, Iratik berak sarritan gogoratzen duenez eta, beraz, fikzio horren barruan, unibertso literario horretan, normaltzat jo behar ditugu gure ohiko errealitatean normala ez direnak. Normaltzat jo behar dut Bilboko kaleetan kokatzen ditudan pertsonaien eguneroko hizkuntza euskara izatea, Bilboko (edo Mundakako, edo Bermeoko…) kaleetan mugitzen den benetako jendea gazteleraz bizi dena jakin arren. Egia da laino moduko batean bizi naizela ni, Mundakan eta Bermeon gaztelerarik ez balego legez bizitzea lortzen baitut gehienetan, nire belarrietara iristen diren oihartzun gehienak gazteleraz iritsi arren. Zelan eraman literaturara existitzen ez den hizkuntza normalizatu bat? Eskerrak fikzioa daukagula euskara, gure mundu fantastikoetan behintzat, salbatzeko!
Maitasunik gabeko kultura asexual misoginoa
Beste gauza batzuk aipatzen ditu Iratik, oso interesgarriak, eta gure arteko maitasun faltari lotuta daude. Neuk ere sentitu dut inoiz, gezurretan ariko nintzateke kontrakoa esango banu, baina termino absolutu horietatik oso urrun. Euskaldunengandik, eta euskal idazleengandik, maitasun piloa jaso dut, zorionez, espero baino gehiagotan. Ez gara guk geuk uste bezain hotzak. Ni, behintzat, beroa naiz, eta egia da Argentinan ohitu ninduten azalaren presentzia hori urrunagoa dela gure artean. Ahaztu dut inoiz nire editoreek nire liburuak hobetzeko egin duten lana? Ez, nik gogoratzen dudanagatik. Irati bera izan zen lekuko, Bahiketa Iruñean aurkeztu nuenean. Beste liburuen aurkezpenetan azpimarratu ohi dudan bezala, bihotzetik adierazi nuen ondoan neukan Garazi Arrulak hobea egin zuela nire liburua. Bertaratuen artean zegoen Iratik bere liburuan maiz aipatzen duen Mikel Soto, haren mutil-laguna eta nire hiru eleberriren editorea, eta berak ere gogorazi zidan berak ere egin zuela lan txukuna nire aurreko liburuekin. Bai horixe! Zelan ez aitortu Mikel Sotok ere lagundu zidala nire hiru eleberri haiek hobeak egiten! Eta Xabier Mendigurenek eta Antxiñe Mendizabalek beste horren beste, zein bere estiloan, bakoitzarengandik nire ustez hartu behar nuena hartuta, eta ados ez nengoena baztertzeko askatasun osoarekin. Ez dute beste idazleek ere horrela jokatzen? Kostatzen zait sinestea, nire esperientziak ez baitu hori adierazten.
Editoreei ez ezik, lagun ditudan idazleei ere adierazi diet maiz, hala sentitu dudanean, zenbat hunkitu, harritu, liluratu, kolpatu… nauten haien liburuek. Ondo daki Iratik berak, Nora ez dakizun hori amaitu orduko premia eutsiezina sentitu bainuen berari liburuak zenbat gozarazi zidan adierazteko, emailez ordukoan. Ez dakit, ordea, hori ohikoa den. Gutxitan jaso ditut nik holako adierazpenak nire lagun idazleengandik, beharbada, nire liburuek hunkitu ez dituztelako, edo, maiz pentsatzen dudana, ni estimatzen nauten arren, nire literatura ezagutzen ez dutelako, edo, agian, holako adierazpenak egiteko ohiturarik ez dutelako, besterik gabe. Beti da zaila besteen isiltasuna interpretatzea. Hala ere, beste modu askotan jaso dut urteotan idazle askoren maitasuna. Oso fresko dauzkat azken Durangoko Azokan bizi izandako une ederrak. Asier Serrano, Patxi Zubizarreta, Mikel Etxaburu, Julen Gabiria, Mikel Taberna, Uxue Alberdi, Paddy Rekalde, Fito Rodriguez, Joxemari Carrere, Unai Elorriaga, Harkaitz Cano, Gotzon Barandiaran, Joseba Sarrionaindia, Tere Irastortza, John Andueza, Txapel… Zeinek bere erara, minutu ederrak oparitu dizkidate, altxor txikiak. Espero dut nigandik ere jasoko zutela gogoan gordatzeko zerbait. Hotzak? Ez dut uste. Ahalke eta apaltasun kristauak oso baldintzatuta bai, seguruenik.
Dena dela, ekarriko dut ona Iratiri arrazoia eman liezaiokeen pasadizo bat. Aurten -2022an-, EIEn (Euskal Idazleen Elkartea) ekimen berri bat jarri dugu abian. Asmoa, hain zuzen ere, bazkideei era erraz batean beste euskal idazleak aintzat hartu eta balioesten dituztela erakusteko parada eskaintzea da. Ariketa erraza, bost minutuan egiteko modukoa. “Euskal idazleak euskal irakurle” jarri diogu izena, eta parte hartzeko deialdia udan zabaldu genuen. Elkarteak 300 bazkide baino gehiago dauzka, eta, okerrik ezean, denek edo ia denek jasoko zuten parte hartzeko gonbita. Harrezkero, tantaka, jasotako emaitzak hasi gara argitaratzen. Ez da elkarri maitasuna eta errespetua erakusteko modu bat gustatu, hunkitu, harritu, zirikatu, pentsarazi… diguten beste euskal idazleen liburu batzuk aipatzea? Gure asmoa, behintzat, gure arteko komunitate sentimendua areagotzea da. Emaitza, eskura ditudan azken datuekin, esanguratsua izan da: udatik hona hamasei idazlek erantzun dute -haietatik batzuk ekimena bultzatu dugun zuzendaritza batzordeko kideak ginen, besteei zer eskatzen genuen hobeto azaltzeko adibide gisa, eta, beraz, esan daiteke hamabi inguru izan direla erantzun dutenak-. Har daiteke gure arteko berotasun eta maitasun faltatzat gutxi gorabehera EIEko bazkideen % 3k baino ez erantzutea? Gure euskal idazle guztiak, noski, ez dira bazkide, nork bere arrazoiak dauzka holako elkarte batean parte hartzea edo ez hartzea erabakitzeko. Edozelan ere, adierazgarria izan daiteke datua. Eta interesgarria parte hartzeko prest egon direnen izenak ikustea. Denak agertuko dira, apurka-apurka, 2023an ere.
Bestalde, ahalkea aipatu dudanez, Iratik gure literaturaren -eta gure kulturaren- beste ezaugarri bat ematen digu: gurean sexua menutik at dago. Askotan entzun dugu, bai, Euskal Herrian larrutan egitea ez dela bekatua, miraria baizik. Horretan, oro har, arrazoia eman behar diot, tamalez. Hala entzuten diot gero eta jende gehiagori, eta azkenean zalantza dut ea euskaldunok esporen bitartez ugaltzen ote garen. Kanpotik etorritako neska-mutilen begiradak ere errealitate bera islatu ohi du. Badirudi sexua txisteak egiteko edo pelikula porno negargarrietan baino ez zaigula gustatzen. Egia ote? Ez dut uste, benetan hala ematen duen arren. Hala da gure literaturan? Berriz ere, neurea hartuko dut lagin gisa, eta berriro aipatu beharko dut nire lehenengo lana, lau haizetara esateko, larru falta horretatik guztiz libre dagoela nire literatura. Beti egon da, nerabezaroan irakatsitako arauen aurka matxinatzen hasi nintzenean, moral sexual kristauaren aurkako gerra piztu baitzen nire baitan. Hala, euskaraz idatzi nuen lehenengo nobela, Hamaika ispilu ganbil, sexuz eta erotismoz beteta dago, hasi eta buka. Nire orduko editoreak esan zidanez, berarentzat pasarte batzuk pornografikoak ziren, erotikoak baino gehiago. Karonte Igartza bekara bidali nuenean ere, saria emateko ekitaldian epaimahaikide batek aitortu zigun bidali nien laginean eszena xume bat erotiko bihurtzeko neukan erraztasunak harritu zuela. Hori, bestalde, Iratik askotan azpimarratzen duen beste ezaugarri bati lotuta dago. Gure literatura misoginoa eta oso patriarkala ei da. Izan daiteke, baina, berriz ere, nire liburuak hartuko ditut lagin moduan. Idatzi ditudan hamahiru eleberriei begiratu, eta lehenengo horretatik, sexuarekin batera, zer ahots erabili dut idazteko? Misoginoa ote da nire ahots literarioa? Zaila norberak epaitzea, eta nire esperientziara joko dut, hasteko. Seguruenik, nirekin bizi izan diren neskek badute horretaz zeresanik. Zaila izango duzue haiei orain galdetzea, eta zuek erabaki beharko duzue nire hitza fidagarria den. Zazpi urte eman nituen batekin, beste horrenbeste bestearekin, eta behin baino gehiagotan, eta banandu ondoren ere, biek adierazi zidaten, hitzez hitz ia, ideia bera: ez dut ezagutzen matxistatik zuk bezain gutxi daukan pertsonarik. Seguruenik, maitasunak itsutuko zituen eta zerbait izango dut matxistatik. Maitasunak hiperbolerako joera ematen digu eta, beraz, literaltasuna kendu, eta zantzutzat hartuko dugu, kasurik onenean. Neure burua aztertzen badut, bizitzan seguru nago txarto tratatu dudala neska bat baino gehiago, baita mutil bat baino gehiago ere, baina ez dut uste inoiz neska (edo mutil) izateagatik izan denik, haren sexuagatik, alegia, nire kontzientzian ez baitut uste inoiz pentsatu dudanik mutila izateagatik edozein neska baino gehiago naizenik, eta bost urterekin nire arrebaren soinekoak janzten hasi nintzenetik, neska bihurtzea izan da nire desiorik errepikatuena.
Islatzen ote da hori nire literaturan? Baietz esango nuke. Iratik dioenez, pertsonaia femeninoak eraikitzeko gure alde emeari utzi behar diogu hizketan, eta pertsonaia maskulinoak eraikitzeko, gure alde arrari. Androginia aipatzen du berak, eta ados nago. Alegia, ez dut uste derrigorrezkoa denik, baina lagungarria bai, seguru. Hala bizi izan dut nik idatzi dudanean: emakume bati ahotsa eman behar diodanean, nire emetasunetik idazten dut. Bizitzako beste arlo askotan ere aldarrikatu dut aspalditik nire emetasuna, eta arazo handiagoak dauzkat nire artasunarekin. Hala ere, hori ere erabiltzen dut idazteko, bai ni eroso sentiarazten nauen artasuna, bai toxikoa deritzodana, nire liburuetan pertsonaia matxistak ez baitira falta, bizitzan legez. Zorionez, badirudi emakume askok ere horrela sentitu dutela nire liburuak irakurtzean. Berriz ere aipatuko dut nire eleberririk ezezagunena, 1993an idazten hasi nintzena, Hamaika ispilu ganbil. Duela hemeretzi urte argitaratu nuen, euria egin du harrezkero, eta garai hartan nire ingurukoak ziren nahiz ezagutzen ez nituen emakumeengandik jaso nituen iritziak batez ere. Haietako bat kexu zen, eta kontuan hartu nuen gerora, nire pertsonaia femeninoen edertasuna eredu hegemonikoari jarraitzen zitzaiolako nabarmen. Egia zen, baina egia da neuri ere erakargarri gertatzen zitzaizkidan neskak imajinatzen nituela, eta hipokrita hutsa nintzateke edertasun eredu hegemonikoa gustuko ez dudala esango banu. Hala ere, Karonte eta gero, eredu hori apurtzen saiatu naiz modu askotan.
Lehenengo liburuak argitaratu nituenetik, ordea, behin baino gehiagotan entzun diet, eta emakumeei entzun ere, nire pasarte askok emakume batek idatziak ematen dutela. Pasarte erotikoak, batez ere. Pasarte batzuk irakurri, busti eta masturbatzen amaitu dutela kontatu didaten emakumeak ere ez dira bat edo bi izan -dagoeneko emakumeen eta euren aluen arteko harreman gozoa ez da tabu, ezta?-. Pasadizorik aipagarriena, seguruenik, emakumeen kartzeletatik iritsi zitzaidan. Lagunek kontatu zidatenez, nire nobela preso geneukan lagun baten eskuetara iritsi eta gero, ETAko emakume presoen artean ibili zen, eskuz esku -atzamarrez atzamar?- bueltaka. Guztiz serio ez nien inoiz hartu lagunei, baina bolada baterako nire liburu hori mito sexual bat bihurtu zela kontatzen zidaten.
Gerokoetan ere erotismoa eta sexua ez dira falta izan, batzuetan era apalagoan, besteetan nabarmenagoan, mota guztietako eta gustu guztietarako sexua: pertsonaia heterosexualak, bisexualak, homosexualak, lesbianak, queer… Maitasuna eta sexua bizitzeko hamaika modu, monogamian inoiz sinistu ez dudan honek idatzita. Eta emakume ahaldunduak izan dira, idazten hasi nintzenetik, nire pertsonaia kutunak.
Zer gertatzen da euskal literaturan? Liburu misoginoak eta patriarkalak daude? Seguru baietz, baina ez dut uste gaur egun nagusi direnik. Are gehiago: aspalditik, azken hamarkadetan, idazlerik arrakastatsuen, sarituen eta saltzaileenen artean emakumeak dira nagusi, eta ez dago ia saririk saritutako liburuaren bertute feministak azpimarratu barik. Haien izenek betetzen dituzte azken urteotako literaturari buruzko artikulu gehienak komunikabideetan. Esango nuke atzean utzi ditugula, zorionez, garai bateko alfa arren erreakzio tamalgarriak. Ez dut gogoratzen nork idatzi zuen, baina ez dut ahaztu duela urte dezente, Jasone Osoro, Karmele Jaio, Katixa Agirre, Uxue Alberdi, Irati Jimenez bera… euskal letren mundura agertzen hasi zirenean, haien literatura barregarri utzi nahian gizonezko batek idatzi zuen artikulua, bere estatusa arriskuan sentituta, seguruenik. Artikulu hari bidegabea bezain negargarria iritzi niolako ez dut inoiz ahaztu, eta uste dut Iratik berak eman ziola merezi zuen erantzun aparta. Baina susmoa dut garai hartan emakume ahots berriei mesfidantzaz begiratzen zietenen artetik sortu direla gerora haien egungo bultzatzailerik nagusiak. Konbentzituta dauden ala garai berrietara egokitzeko estrategia den esatea zaila da, ordea.
Topatu ditut, era berean, misoginiatik sortutako pertsonaia femeninoak bezala, misandriatik eraikitako pertsonaia maskulinoak ere, topikoz betetako maskulinitateak, eta niri, gizona izanda, guztiz arrotzak egiten zaizkidan arrak, azken urteotako euskal literaturan -baita aspaldiko euskal literaturan ere, seguruenik-. Halaber, autogorrotoaren garaiotan, ez da arraroa emetasunarekiko gorrototik, hau da, misoginiatik, sortutako pertsonaia femeninoak aurkitzea idazle feministek idatzitako liburuetan ere, feminismoaren adar batzuek -Simone de Beauvoir haien buru- emetasun oro deitoratzen duen begirakunea bultzatu baitute. Zerikusia izango ote du horrek guztiak ere irakurleak galarazten dituen gaitzean? Ez dakit, baina gaur egungo euskal irakurlearen profila emakume helduarena da. Uxatu ote ditu azken urteotako literaturak beste zerbait bilatzen duten irakurleak, bai gizonak, bai emakumeak, joera nagusien aurrean antzeko ideiak irakurtzeaz aspertuta? Batek jakin. Nire liburuak feministak direlakoan nago, baina anarkofeministak, eta badakit feminismo mainstreamak ez duela joera hori oso gogoko.
Gorputzik gabeko literaturaren usaina
Iratik aipatzen duen beste gabezia bati lotuta, esango nuke nire pertsonaiek azala dutela, larrua, maitemindu egiten dira -nire liburu gehienetan dago hari nagusiari lotuta maitasun istorio bat, eta inoiz idatzi dudana kursia dela esan badidate, losintxatzat hartu dut-, eta sexu-organoak izatearekin batera, izerdia darie, fluxuak, usaimena dute, eta dastamena -gastronomiak berak ere ez dauka toki txikia nire istorioetan-, hotza sentitzen dute, eta beroa, euriak bustitzen ditu, eguzkiak ito eta eltxoek ziztatu. Abaraskan striperra da bederatzi pertsonaia nagusietako bat, Mozorroaren xarma nire lagun homosexual eta lesbianei egindako omenaldi bat da, besteak beste, eta Thailandian barrena zaporeak ez dira falta. Arrazoia emango diot, ordea, nire irakurle batzuk gehiegizko deskribapenak egiten ditudala kexatu arren -lagun batek ezaugarri hori dela-eta esan zidan ez zaiola gustatzen nire literatura, irakurri duen nire liburu bakarra, alegia, emakumeek bezala idazten dudalako: ekintza gutxi eta deskribapen asko!-, askotan sentitzen baitut nire pertsonaiak eta eszenak, nagitasunaren mesedetan, gutxiegi deskribatzen ditudala, irakurleari imajinatzeko askatasuna ematea nire aitzaki merkea. Eta, hala ere, esan legez, irakurle askori gauzak gehiegi deskribatzen ditudala iruditu behar!
Arrazoia emango diot, halaber, ekintzak narratzeak dituen zailtasunei dagokienez. Neuk ere erabili ditut behin baino gehiagotan bidezidorrak haiei itzuri egiteko, eta beste batzuetan editoreek laburrarazi dizkidate. Baina bai, ez da erraza ekintza-eszena luzeak idaztea. Ezin dut imajinatu zer izango zen Iliada sortzea… Harrotasunik gabe aitortuko dut, ordea, ez dudala irakurri oraindik -ez Odisea, ez Kixote-. Gogoan dut Karonten Amets protagonistak aikidoko teknikak erabiltzen zituen eszena… Zaila zen, gero, sekuentzia idaztea, mugimenduak deskribatuz eta erritmo narratiboa galdu barik! Eta, sen onez, seguruenik, nahikotxo laburrarazi zidan editoreak.
Amets egiten ez duen herria…
Badago Iratik aipatzen duen beste gaitz garrantzitsu bat, eta horretan ados nago ni ere. Aspaldi sentitu dut, gainera; adierazi ere bai. Gure literaturan -eta hau, bai, gurearen bereizgarria da- irudimena falta da, fantasia, literaturak berezkoa izan duen munduak imajinatzeko askatasuna, errealitatearen kateak gainditzekoa, inkontzienteari, irrealitateari, ateak zabaltzeko bultzada askatzailea. Berriz ere, nire literaturari heldu, eta hor dauzkat, lehenengo nobelan, Son Goku eta Satan Txiki Bilboko zeruetatik hegan, edo zeruan galduta protagonistei begira diharduen izarra. Mozorroaren xarman ere ez dira falta errealitatearen mugak apurtzen dituzten pasarteak, gehienak Reinaldo pertsonaia homosexual zoragarriaren eskutik. Amelie Nothombi keinua egiten dion eszena erdi-onirikoa ere nire gogokoenetakoa da liburu horretan. Bilbo distopiko eta erabat eraldatua, protagonistari mintzatzen zaizkion mamuen istorioak, elkarren ametsetan sartzen diren pertsonaiak, mihirik gabe jaiotako umeak, fantasia epiko anarkofeminista, magia… Zer izango zen nire literatura sobrenaturalismo hori gabe? Ez dut imajinatzen. Eta gure literaturan ohikoena ez bada ere, ondo dakit ez naizela errealismoa eta fantasia nahasten dituen bakarra, zorionez. Iratik berak ere ederto egin du bere nobeletan. Edo Oihane Amantegik bere orain arteko liburu zoragarri bakarrean. Asier Serranok ere bai, zer esanik ez, eta haren literaturak inspiratu zuen nire azken trilogia. Haur baten irudimen askea izateagatik izango da anatema Fernando Morilloren literatura serio hartzea?
Zorionez, Iratik berriro salbatuko du nire literatura, euskal gatazka zeharka baino ez baitut jaso, eta nire pertsonaia gehienak nire errealitaterik ezagunenetik aldentzea bilatu baitut. Idazle gutxi nire liburuetan, bestalde. Idazle izan nahi duten gazte pare bat. Anarkista ugari, hori bai, baina paisaiak, hiriak, ogibideak, zaletasunak, izaerak, azalak, sexuak, generoak… nireetatik urruntzeko ahaleginak egin ditut beti, zer idatzi ere ni beti hor egongo naizen arren. Eta Iratik berak dioen legez, nire liburuetan nire erronka eta plazer handienak nire kontrakotzat ditudan pertsonaiak eraikitzeak eman dizkit. Lehenengo nobelako gizonezko protagonista kabroi hutsa da, maitasunak nolabait bideratuko duen arren, baina zein ondo pasa nuen Omar fiskalaren, Daguerre oligarkaren, Malthus faxistaren edo Jacinto enpresaburu ustelaren azalean sartu behar izan nuenean! Ez dute hori egiten beste idazleek? Beharbada, bai, euskal literaturan errealitateari atxikiegi idazten da. Baina norberaren errealitatetik ere liburu gogoangarriak idazten dira, bai gure literaturan, bai literatura unibertsalean. Hor daude Alaine Agirreren guztiak, esaterako. Are gehiago: ez dakit euskal irakurleek fantasia lar estimatzen duten. Nire liburuetatik, fantastikoenak dira gutxien saldu direnak. Hala ere, fantasia eta sobrenaturalismoa maite dituzten euskal irakurle apur horiei gure artean ohikoa ez den zerbait gustagarria eskaini badiet, pozik ni.
Bulegari grisen basamortuan
Halaber, Iratik kalerik ez izatea leporatzen digu euskal idazleoi. Nire ingurura begiratu, ezagutzen ditudan belaunaldi guztietako idazleak gogora ekarri, eta lehen begiratuan ez dut uste hala denik, baina berriz ere, ziurrena neure eskarmentura jotzea da. Kalea daukat nik? Begoñan jaio nintzen, Bilboko auzo nekazari hura, garai bateko errepublika independentea, bizitegi-auzo burges bilakatzen hasia zen garaian, basilikaren pean, ondoko klinikan. Gure eraikina izan zen Mahatserriko solo haien arteko lehenengoetakoa -Dolaretxe gure eraikinaren ondoko kale bitxi eta bereziaren izena-. Klase ertaina esaten zaien horietakoa zen gure familia, eroso (edo) bizi zena, eta guretzat aukeratu zuten eskola, nire anaia-arrebak Begoñazpi ikastolan hasi ondoren, Colegio Vizcaya kooperatiba elitista, garesti eta erdalduna izan zen. Ez zen, noski, gurasoek buruan zutena CVk hartu zuen bidea, baina hori da errealitatea. Ume oso babestua, Bilboko inbernantea edo negutiarra, udan bere herrira itzultzen zena, Mundakara. Han, Mundakan, txikitatik, gure adinekoen banden arteko borroka barregarriak ez ziren falta izan, Portutxu auzoan, behintzat. Korrika egin behar izaten genuen maiz, ihesi, harriak jaurtitzen genizkion elkarri, eta gure armak prestatzen genituen etxean gure gurasoen bistan. Baleztak eta tiragomak gure gogokoenak. Bat baino gehiago bueltatzen zen etxera bekainen bat odoletan. Kontrako bandak segadak prestatzen zizkigun mendirako bidean… Gure denbora pasen artean, trenbidean harriak eta barraskiloak jartzea, putzuz putzu salabardoa eskuan kiskila bila aritzea, eta haitzez haitz saltoka ibiltzea ahuntzen moduan. Ez da aski, seguruenik, kalea dudala esateko.
Iritsi ziren 80ak, zabaldu zen zaldiaren trosta, Bilbon bezala, Mundakan eta Bermeon ere. Punka bihurtu nintzen ni, Siniestro Total eta La Polla Records entzun orduko. Amak izututa ikusten ninduen Ramoncínen “Barriobajero” aldarrika kantatzen: zu ez zara auzo horietakoa, ordea! Ez, ez nintzen; mundakar-matxorria nintzen, noski, baina hamalau urtetik aurrera, ileak tente jarri eta militrontxoak janztearekin batera, Bilboko Alde Zaharra eta Bilbo Zaharra bihurtu ziren nire eskola. Bartzelona, Zaragoza edo Asturiastik etorritako punkekin elkartzen ginen, xaboi pastilla bat eskuetan eta Don Simon kartoia ondoan genituela, elkarri ileak puntan jartzeko. Gure artean mugitzen zirenen izenak nahiko adierazgarriak: Polvorilla, Txotxona, Miguelon, El Rata, El Carroñas, Txulino… Haiekin batera eskatzen genituen txanponak inoiz, guk basoerdiren bat hartu ahal izateko, haietako batzuek Bartzelonarako trena ordaindu ahal izateko, ea gurasoei Bilbora bueltatzeko zerbait ateratzen zieten berriro. Polvorilla ikusiko zenuen disolbagarriz betetako plastikozko poltsatik esnifatzen. Miguelonek sartu zuen heroinan, eta gau bat baino gehiago eman nuen bera lepotik hartuta, zabor hori guztia utz zezan konbentzitu guran. Hamahiru urterekin, Polvorillak bere aita alkoholikoa bota zuen etxetik ama jotzen zuelako. Zazpi bat urte geroago gaindosiz hil zena jakin nuen. Nire predikuak arrakasta apala izan zuen, dudarik ez. Ez zen zaldiak eroan zuen pertsona maitatu bakarra. Lagunen poltsikoetan kateak eta labanak egoten ziren. Nireetan ez, ez dut inoiz indarkeria maite izan -edo hori izan dut koldarra izateko askatasuna eskuratzeko aitzakia-, eta hala ere borroketan parte hartu behar izan dut, besteak beste, koipestoren bat gure lagunen bati eskatu gabeko zirriren bat egiten saiatzen zenean. Hala gertatu zen behin Marina tabernan, Iturribiden, Txotxona komunean indarka sartzen saiatu zen zakil batekin. Beharbada, oraindik jarraitzen du korrika, ea bertan batu ginen punkok atzetik gauzkan oraindik. Iturribidetik Barrenkara, handik Uholdera, Piratara gero, Bilbin…, eta Gaztetxe mitikoa gure tenplurik gogokoena, bere futbolin ugerdoekin. Gure ohiko paisaia, ke-poteak, barrikadak, pilotakadak eta molotov koktelak. Berriz ere, ni haien artean mugitu bai, mozkor eta moroi galantarekin, baina indarkeria politiko mota hori ere ez zen nire gustuko platera. Hala ere, lagundu nuen behinola molotov koktelak prestatzen eta estrategikoki ezkutatzen. Harrezkero, lagun dezente pasa dira kartzelatik. Nire orduko lagunik onenak bederatzi urte eman zituen, oker ez banaiz, Paris inguruko espetxeetan. Oraindik ere lagun bat dugu Leongo kartzelan; badirudi laster ekarriko dutela EAEko batera. Bide batez, ez galdu espetxean idatzi duen La furia del cobarde, liburu ikaragarria.
Zer gehiago esan garai haietatik? Gutako askok ezagutu ditugu. John Anduezak ere zenbait pasadizo kontatu dizkit, bere kasuan orduko Arrasaten, RIPekoen lagun. Asier Serranok ere ederto jaso du Eskuetan mapak zoragarrian. Paddy Rekalde ere erraz imajina dezaket Durangon burua astintzen. Eta, noski, Iratiren mutil-lagunak ere, Mikel Sotok, badaki zer den barrikaden inguruan korrika egitea eta pikoletoen ziegetan torturak pairatzea, bere liburuan jasota utzi duenez. Tribuen garaiak. Gogoan dut rockabillyen ehizaldia antolatu zenean Zazpikaleetan. Gaueko tabernako atezain astakirten eta txuloputak ilea erre zion aurretik pasatzen zen heavy bakarti bati, eta erantzuna punkyak, skinheadak, metaleroak, borrokak…, denak elkartzea izan zen, rockabillyak Alde Zaharretik ostiaka ateratzeko. Ez zen beharrezkoa izan: ostiral hartan rockabilly bakarra jaitsi zen Iturribidetik, eta maderoek atera behar izan zuten, babestuta, gotortu zen tabernatik. Hori zen gure normaltasuna, guretzat hori dena ez baitzen arraroa. Gogoan dut nire lagun batek munipa bat ospitalera bidali zuenean ukabilkada bakar batez. Beharbada, hura izan zen bere modua genero-berdintasuna aldarrikatzeko. Azken finean, munipa hari ez zion matraila ostia batez apurtu emakumea izateagatik, munipa izateagatik baizik. Eta, noski, haren laguna, Socio, atxilotzen saiatzeagatik. Gaua amaitu orduko, udaltzaingoaren ziegak batu zituen lagun biak azkenean. Piztia galantak zebiltzan gure artean, jende ezin jatorragoa. Geuk ere egin behar izan genuen hanka inoiz, Unamunoko ijitoak edo Olleriasko kinkiak atzetik genituela, eta lapurtutako txuparen bila bidali haiek baino are makarragoak ziren lagun punk batzuk. Biziraun egin genuen, eta bizi izandakoaren zortzirena kontatu ez badut ere, jasota daude giro hori eta haren ondorioak behin eta berriz aipatu dudan Hamaika ispilu ganbil edota Utopiaren itzalak nobeletan. Ondo ezagutzen du nobela hori Mikel Sotok, berak editatu zidan bigarrena izan baitzen. Idatzi, atzera begiratu, eta neu ere nago harrituta, zein arrunta zen guretzat horrela ibiltzea bariku eta zapatu guztietan. Pogoa zen, ordea, nire modu nagusia barruko amorrua eta gorrotoa askatzeko. Eta, orain, etorkinek segurtasun falta ekarri digutela diote batzuek! Hirurogeita hamarretan izututa ibiltzen ziren Begoñan bertan gure amamak, eguneroko ogia zelako baten batek poltsa tiroikada batez lapurtzea edo labana ateratzea. Hiesaz ustez kutsatutako xiringak etorri ziren geroago. Eta ze gustura, gu zaborraren arteko lore sentituta.
Geroago, heldua egingo nintzen, uneren batean, baina zurrunbilo hori hasi eta hogeita hiru urte geroago, hogeita hamazazpi urterekin, Temukon nengoen, Txilen, laurogeietako Bilbora itzuli banintz legez. Hogei urteren bueltako punkek eta anarkistek osatzen zuten nire giza-paisaia. Eta, zin degizuet, ez da gauza bera lumpena lehen mundu honetako Bilbon izatea, edo guretzat hirugarren mundua den Temukon. Jonkirik ez, baina hogei urte inguruko lagun alkoholizatu bat baino gehiago bai, izan nuen. Han tente zirauten gandor koloretsuek, eta punk kontzertuak ez ziren amaitzen punken arteko borroka barik. Tristea. Lagunek malabarrak egiten zituzten semaforoetan txanpon batzuk lortzeko, supermerkatu kate handietatik ahal zutena berreskuratzen zuten, eta kartzelen kontrako pintada eta lapiko komunitario bat prestatzen ari ginela etorri zitzaizkigun pacoak. Beste batean, hori baino egun batzuk lehenago, korrika sakabanatu behar izan genuen, karabineroak atzetik, txakurra eta guzti, zer eta plaza batean birra batzuk hartzen ari ginelako. Zelan ez, gandor gorria eta gandor berdea geneuzkanon atzetik etortzea erabaki zuten agente eraginkorrek. Zoritxarrez, Txileko agintariek bederatzi hilabete besterik ez zidaten eman giro kaotiko, arriskutsu eta eder hori ezagutzeko, gero ezaguna dena etorri baitzen: kartzela eta zirku mediatikoa. Giro hori ere idatzita utzi dut, noski, Gezurra odoletan nobelan eta Los buenos no usan paraguas kronika-saiakera autobiografikoan.
Azkenik, zer esan Buenos Airesi buruz… Gogoan ditut koltxoi zantarretan emandako gauak, 2001aren inguruan okupatutako eraikin batean, gotortuta, Polizia noiz etorriko. Eraikinaren sotoan kartoi-biltzaileen familiak bizi ziren. Gure solairuan Antena Negra TV geneukan, eta gorago irrati komunitario bat. Telebista komunitario libertarioa zen gurea, 2001eko matxinaden beroan sortua, Latinoamerikako lehenengo telebista libre digitala, eta ez genuen gura Poliziak gure transmisorea bigarrenez lapurtzea, zer eta Prosegurrek ez zegokion frekuentzia erabiltzen jarraitu nahi zuelako, besteak beste, Israelgo enbaxadaren bideozaintza egiteko. Eta frekuentzia berean gu, Antena Negra TV. Gure lagunen arteko Wathasapp zerrendari Internacional Lumpen jarri genion izena. Zergatik ote! Salon Pueyrredon, La Cultura del Barrio, La Sala, La Ronda, La Casa… Ahaztuta ditut gure ohiko bilguneak ziren bazter txiki zoragarri horietako askoren izenak. Laferrere eta Catango punk eta skin maitagarriak, tatuatzaileak… Eta anarkistak zirelakoan Hitlerren kume eroak ematen zuten punkak ere bai, Superuvako bateria-jotzailea labankadaz hil zuena haietako bat. Beste batzuek molotov koktel bat bota zioten lagun baten kotxeari FLAn (Federación Libertaria Argentina) kontzertua zeukaten egun batean, zer eta haiekin punk-oi! talde batek jotzen zuelako. Buenos Airesen jakin dut gazteleratu ditudan nire liburuak parke batean saltzea zer den, manta batean zabalduta, eta ez nuen FLIArik (Feria del Libro Independiente y Alternativo, oker gogoratzen ez banaiz) galtzen; punk liburu eta fanzineen azoketan eta liburu anarkistaren azoketan ere mugitzen nintzen urtero. Lagunak izan nituen okupatutako antzokia defendatzen -hau burua, antzokiaren izena ahaztu dut-, Macrik bere txakurrak aspaldiko errepresio oldarraldirik handienerako askatu zituen arte. Hori gertatu arte, ia egunero pasatzen ginen antzokiaren aurreko kanpalditik, ikusten genuen zelan igotzen zizkieten jana eta edana antzokian gotortutakoei soka batetik zintzilikatutako baldeetan, eta haietako balde batean nire liburu bat ere igorri nien. Errepresioa kenduta, dena ederra. Errealitate horietatik zertzelada batzuk baino ez ditut jaso Bahiketa eleberrian. Beraz, espero dut nire liburu batzuetan kale, ke, errauts, gasolina eta su usain apur bat egotea. Salbuespena ote? Ez dut uste, esan legez. Gaztetan, punk garai zoro haietan, ez zen arraroa Lutxo Egiarekin ere topo egitea Zazpikaleetan. Auzo berekoak, ikastetxe berekoak, literaturan ere garai bertsuan hasi eta, falta zitzaiguna, mundakar batekin ezkonduta bera. Gotzon Barandiaran, Josu Goikoetxea, Oier Guillan, Harkaitz Cano, Asier Serrano, Igor Estankona… gogora ekarri, eta zer gura duzue esatea, ez ditut etxean txintxo imajinatzen nerabe-gazte zirenean. Gure aurretik, ordea, 68ko maiatza eta berak utzitako giroa ezagutu zituen aurreko belaunaldiak. Greba gogorrak, Euskalduna, frankismoaren azken agonia… Ez zituzten haiek ere kaleak ezagutuko? Eta orain datozenak ere, seguru nago, soinu-banda reggaetoi eta trapera aldatuta bada ere, kalean imajinatzen ditut.
Barrerik egiten ez duen herria
Umore falta da Iratik ikusten duen beste gabezietako bat. Beharbada, arrazoia du. Ez dira asko Kutsidazu bidea, Ixabel edo Gerturik daukagu odola bezalako lanak gurean. Joan Mari Irigoien ere saiatu da umorearen bidetik. Egin dut nik ere, ala ironia hutsa da nirea, adimentsua delakoan? Bigarrena argi dut ez dela nire liburuetan falta, eta seguruenik nire literaturaren ezaugarrietako bat da. Ez diot uko egingo, nire izaera ere ironikoa da, beti. Baina umoreari ere ez diot beldurrik. Hala, argitaratu nuen hirugarren eleberriak –Mozorroaren xarma– horixe dakar bere orrialde ia denetan: umorea. Idatzi nuenean ez nuen algarak eragitea bilatzen, baina bai irribarrea, gutxienez, eta, hala ere, ez dira gutxi izan liburuarekin barrez lehertu zirela aitortu didaten irakurleak. Oso gazte nintzela P.G. Wodehouse maite nuen, haren ingeles umore fina, eta, aipatu liburuan nabarmena denez eta Hasier Etxeberriak bere Sautrelan ondo adierazi zuenez, haren inspirazio nagusia J.K. Tooleren La conjura de los necios izan zen. Aurten hasitako trilogiako bigarren eleberria izango dena ere, 8. hiria, tonu umoretsu horretara itzuliko da, eta ez da azkena izango. Maite dut umorea, barre egitea, eta, zer egingo diot, ni nora, dezente arinago, nire algara zaratatsua hara. Ondo dakite elkarrizketatu nauten kazetariek zein erraz egiten dudan barre. Zelan ez da izango umorea nire literaturaren osagaietako bat? Hala ere, arrazoia Iratik, ez da gure literaturan nabarmentzen den ezaugarria umorea.
Bandoak eta leinuak
Asko dira 61. orrialderaino Iratik aipatzen dituen gabeziak, eta amaitzen hasi behar dut. Bandoak egitea da horietako bat, eta edozeren kontra egoteko dugun erraztasuna. Ezin hori ukatu, tradizio luzea dugu horretan, eta eskerrak, kasu batzuetan. Nik, ordea, ez nuke jakingo inor kanpoan uzten. Maite dut Athletic, baina askotan nago Errealaren alde. Ez nituzke inolaz ere baztertuko ez Shakespeare, ez Txekhov, ez Gabo, ez Bolaño, ez Cortázar, ez Faulkner, ez Murakami, ez Galdós, ez Valle-Inclán, ez Baroja, ez Tolstoi, ez Dostoievski, ez Unamuno, ez Atxaga, ez Elorriaga, ez Agirre -ez Txomin, ez Katixa-, ez Jimenez -ez Irati, ez Edorta-, ez Andueza, ez Epaltza, ez Arrieta, ez Aresti, ez Aristi, ez Morillo, ez Lipus, ez Otamendi, ez Izagirre, ez Arzallus, ez Amuriza -ez Xabier, ez Miren-, ez Mintegi, ez Lertxundi, ez Barberena, ez Etxaburu, ez Rodriguez (ez Eider, ez Fito), ez Jaio, ez Uribe, ez Ladron Arana, ez Arretxe, ez Zaldua, ez Amantegi, ez Landabaso, ez Serrano, ez Egia, ez Zarate, ez Garate, ez eleberria, ez poesia, ez ipuina, ez antzerkia, ez saiakera, ez euskara, ez gaztelania, ez frantsesa, ez katalana, ez japoniera, ez Sautrela, ez Artefaktua… Lagun batek askotan errepikatzen duenez, erantzuna beti da “eta”. Gehiago gustatuko zaizkit batzuen lanak, gutxiago beste batzuenak, batere ez baten batenak. Batzuen jarrera gogokoago izango dut besteena baino. Batzuen jokabide komertzialak euskal literaturari kalte egiten diola ere pentsatuko dut, agian. Baina, zer da nire iritzi pertsonala? Beharbada, batzuek pentsatuko dute hor aipatu ditudan batzuk salbatzea sakrilegioa dela, baina, agian, haietako batzuek lortu dute milaka irakurle gure literaturara hurbiltzea. Beste batzuek, aldiz, izen handikoak izanagatik, edo horrexegatik, hain zuzen ere, uxatuko zituzten irakurleak: hauek badira euskal literaturak dituen idazlerik onenak, ez ditut txarrenak ezagutu nahi… Eta, hala balitz ere, ez nituzke, ez, baztertuko, eta ez nuke asmatuko zelan idatzi behar duten esaten. Aski daukat, liburuz liburu, nik zelan idatzi behar dudan asmatzen saiatzearekin. Zintzotasunez idatz dezatela. Uste dut aski dela.
Salbatu ote naiz?
Iratik kezkatzen duten gabezien zerrenda amaitu dudanean, sentipen ona geratu beharko zitzaidan: ia kritikatzen dituen guztietatik salbatu naiz, eta nire literaturak ia puntuz puntu betetzen du berak eskatzen duen guztia. Irakurtzeko gogoz jarraituko nukeen nire izena salbatutakoen artean agertu balitz? Nire egoak eskertuko zuen, seguruenik, baina nire ezinegona ez dut uste arinduko zenik. Izan ere, ez du Iratik egin deitoratzen duen horixe? Ez ditu idazle hautatu batzuk salbatu besteak kondenatzeko? Ez du idatzi egungo euskal literaturaren kontrako liburu bat? Sentipen hori utzi dit 61. orrialdera iritsi naizenerako eta, horregatik, egin duen diagnostikoan inondik inora bat ez natorrelako, interes guztia galdu dut jakiteko berak zer errezeta ekarri ote digun euskal literatura salbatzeko. Hala ere, Iratiren liburu hau ere ez nuke baztertuko. Oso ondo idatzita dago, betiko moduan, erudizio itzela erakusten du, eta hemen idatzitakoa niri sortutako hausnarketa baino ez da, lehen letratik azken punturaino oker egon daitekeena.
61. orrialde horretan hasten dira arazoari buelta emateko errezetak baina, diagnostikoarekin bat ez banator, euskal literaturan ikusten dudan errealitateak berak marraztutakoarekin zerikusirik ez badu, errezetek ere interesa galtzen dute. Itzuliko naiz, agian, egunen batean.
Liburua itxi dudanean, bestalde, konturatu naiz, atzealdean, liburuan aipatzen diren pertsona guztien aurkibide bat dagoela. Osorik irakurriko ez nuela jakinda, azkar egiaztatu dut, espero legez, nire literaturak ez daukala tokirik Iratiren orrietan. Hori baino interesgarriagoa izan da, berriz, toki hori nortzuek lortu duten eta nortzuek ez aztertzea. Esanguratsuak, nirearekin batera, ez agertzeagatik nabarmen gertatu zaizkidanak. Zuei utziko dizuet lan hori, ordea. Nire aldetik, esango dut nazioarteko literaturatik aukeratu dituen izen handi guztietan bat banator ere, euskal literaturatik hautatu dituenen artean zalantza handiak sortu zaizkidala. Haietako batzuk nire podiumean daude, zalantza barik; Iratik goraipatzen dituen beste batzuen lanak halamoduzkoak iruditu zaizkit niri; beste baten bat, ezin kaskarragoa. Baina, bistan denez, nik ikusten ez dizkiodan dohainak aurkitu dizkio Iratik, berak agian aintzat hartu ez dituen beste batzuk niri zoragarriak gertatu zaizkidan legez. Gustu kontuak dira, eta izan liteke nik ez jakitea hain ondo eta argi bereizten literatura ona literatura txarretik.
Arazoak daude, bai, gure sisteman
Esan nahi du horrek ezin hobeto ikusten dudala euskal literaturaren egoera? Ez, inondik inora ez. Baina beste toki batzuetan ikusten ditut nik arazoak, ajeak eta gabeziak. Oraindik ere kanona nork ezarriko ote duen dihardute batzuek. Argentinako lagun batek ezin zion barreari eutsi hori kontatu nionean: oraindik dago kanonaz arduratzen den kultura sistema bat? Bai ba, badago: gurea. Eta hor dabiltza mokoka batzuk, kanon hori nork ezarriko.
Gure arazoak, bestalde, ez dira euskal literaturarenak bakarrik, gure errealitate osoarenak baizik. Euskal literatura ez da zaleak galtzen dituen arlo bakarra. Kultura, euskara, militantziari estuki lotuta bizi izan ditugun garaietatik gatoz, eta ideia oso oker bat utzi du horrek gure inkontziente kolektiboan: euskal kultura eta euskara bera ez dira salbatuko gizartean betetzen duten eginkizunagatik, euskaldunei ematen dien plazeragatik, daukaten edertasunagatik, ez erabilgarritasunagatik; euskal kultura eta euskara militantziak salbatuko ditu, kito. Eta horrek, gure garunean, txoko ezkutu batean, honako ideia hau ere utzi du: gure kulturak ez dauka beste kulturen maila, gure hizkuntzak ez du balio beste hizkuntzek balio duten gauza guztietarako. Nire inguruko lagun gehienek euskaraz dakite, nirekin, behintzat, euskaraz egiten dute baina, zenbatek ikusten du ETB 1? Zenbatek entzuten Euskadi Irratia? Hor ere, baten batek, Iratik bezala, gure euskarazko hedabideetan kalitatezko programarik ez dagoela argudiatuko du; horregatik aldentzen direla. Eta hala, kontzientzia lasaiago urrunduko dira ez gutxi. Arrazoia eman diegu, euskal kulturan gauza gutxik merezi dute, eta zertarako galdu denbora bila. Benetan da gure euskarazko irrati eta telebistako programazioa gaztelerazkoa baino kaxkarragoa? Nik, behintzat, ez dut jasaten gaztelerazko hedabideetan topatzen dudana, futbola ez bada -bai, bekatu larria-, eta jartzen dudan bakanetan ETB 1en baino ez ditut topatzen jasateko moduko programak -bakan batzuk hor ere-. Netflixen euskarazko azpitituluak jarriko balituzte, gaztelera ez nuke ezertarako beharko telebista aurrean egoteko, jatorrizko hizkuntzan ikusten baitut dena. Gure kaleetan haurrek eta gazteek erdara aukeratzen dute euren arteko komunikaziorako, euskaldun zaharren etxeetan ere bai, ikastolara joan arren. Galdetu hogeita hamar urtetik beherakoei zenbat musika entzun ohi duten euskaraz, eta negarrari emango diozue. Herririk euskaldunenetan ere bai, seguruenik. Euskaraz sortutako kulturak kontsumitzaileak galtzeko arrazoiak, beraz, beste nonbait daude, nire uste apalean.
Literaturak bere arazoak ditu, noski, baina kultura orokorrak dituenei lotuta daude. Literatura produktu bihurtzen den unetik, salgai, merkantilismoaren gurpilean sartzen den momentutik, beste guztia ondorio naturala baino ez da. Euskal literaturan ere, pribilegiodunak eta pariak daude, eta feminismoak erakutsi digunez, nekez jabetuko dira euren pribilegioez pribilegiodunak. Edo haiek ezkutatzeko estrategiak asmatuko dituzte, edo euren burua biktimen artean ezkutatzeko estrategiak asmatuko dituzte. Sistema bertikal, piramidal eta hierarkiko batean bizi gara, eta halakoa da gure euskal literatura ere.
Horri lotuta dago, seguruenik, gure sistemaren endogamia tamalgarria. Berdin EITBn zein prentsa idatzian, etxekoak bultzatzeko inertzia gaiztoa da nagusi gure inguruan. Ez dut ukatuko kazetaritzak eta bertsolaritza idazle apartak ekarri dizkigula, baina denak ez dira hain apartak, eta, gaur egun, elkar sustatzeko dituzten sareek ere zerikusi handia izan dezakete gure literaturaren egoerarekin. Ez naiz kexu, birritan gonbidatu ninduen Hasier Etxeberriak Sautrelara, behin Yolanda Mendiolak Artefaktuara, eta ez naiz sentitzen idazlerik baztertuena. Euskal hedabideetan dudan egoera pertsonala hobea edo okerragoa izateak, ordea, ez du egoera orokorra aldatzen, eta ez da ona. Gure sari literarioen sistemari ere erreparatu behar genioke, seguruenik. Lehenik, ea beharrezkoa den eta, bigarrenik, ea zein den haren barne-funtzionamenduaren logika. Idazleen artean sortzen diren elkar-laguntzarako familiak ere ez dakit oso osasungarriak diren. Aipatuko nauzu nik aipatzen bazaitut? Bai, noski! Eta zein liburu zoragarriak idazten dituzun zabalduko dut aukera dudan bakoitzean, diodana guztiz sinesten ez badut ere!
Zoritxarrez, hori dena apurtzeko errezeta bakarra ezagutzen dut, beste arazo gehienetarako daukadana: kapitalismoa, patriarkatua eta estatua suntsitzea, hirurak batera. Ez naiz oso originala, ezta? Sinetsita nago, ordea, kultura -eta literatura, noski- estatuen, hierarkien eta diruaren interesetatik askatzen dugunean baino ez dugula lortuko hura osasuntsu garatzea, euskaraz zein beste edozein hizkuntzatan. Badakit, halaber, literaturan diharduten kide askok ez dutela horretaz ezer jakin nahiko. Horregatik, batzuok, ahal dugun tokietatik, kulturaren barruko horizontaltasunaren eta komunitate sentimenduaren alde lanean jarraituko dugu, eta elitismoaren eta familia txikien interesen kontra. Pribilegio mota guztiak desagerrarazteko lanean, pribilegio horiek alde zein kontra izan.
Seguru nago bide horretan maiz egingo dudala topo Iratirekin, esan legez, hemen idatzitakoa idatzita, eta haren liburuak kezka handia sortu badit ere -liburu horrek euskal literaturaren kontra ekar dezakeenagatik sortu ere-, oso maite baititut Irati bera eta haren literatura, eta seguru nago haren hurrengo liburua osorik irakurtzeko eta harekin berriro gozatzeko gai izango naizela. Momentuz, hirurogeita bat orrialde horiek aukera polita eman didate neure literaturari beste ikuspegi batzuetatik begiratzeko eta bere osotasunean hobeto balioesteko, eta ez da gutxi. Beraz, edozein idazleri gomendatuko nioke bere obrarekin antzeko ariketa egitea. Ezustekoak hartuko ditu, agian, eta ez denak txarrak, seguruenik.