Daborduko ez da aztia izan behar Bernedo herria aipatzen badut gehienoi burura zer etorriko zaizuen asmatzeko. Niretzat, aitor dut, duela gutxi arte eskola garaietako lagun baten abizena etorriko zitzaidan burura eta gero, agian, gogoratuko nuen izen hori duen herri bat badagoela Araban. Gauzak goitik behera aldatu dira bertako udalekuan gertatu ei diren kontu batzuen berri izan genuenetik.
Badakit testu laburretara, zuri ala beltz esango dutenetara, ohituta gaudela baina, dagoeneko utopia bihurtu ez bazaigu, pazientzia eta irakurtzeko gaitasuna eskatuko dizkiot irakurleari, ez baita testu laburra izango. Gaia ere ez da lau topikotan amaitzen. Eta, beraz, ondorioa ez da zuri ala beltz izango.
Lehen albistea entzun nuenean, lehenik eta behin zuhurtziara jo nuen, komunikabideetatik datozkidan kontu guztiekin gertatu ohi zaidan legez. Kezka, ordea, ezin ukatu. Berehala, ohiko euskal hedabideetan hasi ziren udalekuko begiraleen aldeko artikuluak agertzen, eta biziagotu egin ziren nire zalantzak eta kezkak.
Nire aldetik, ez daukat arazorik aitortzeko, nudista naiz, hori da, aukera dudanean, hautatzen dudan bizitzeko modua. Sexu-errepresioaren kontra nago. Argi daukat biluzik jaio eta biluzik pozik biziko ginatekeela, hotzik ezean, behintzat, sozializazio prozesuan lotsa eta ahalke artifiziala irakatsiko ez baligute, oraindik herri asko bizi diren bezala. Ez dago biluzik korrika egiteak zoriontsu egiten ez duen umerik…, harik eta ahots heldu batek jantzi behar duela eta besteen aurrean biluzik ezin egon daitekeela gaztigatzen dion arte. Argi daukat, halaber, sexudunak garela, sexudun sortu garela, salbuespenak salbuespen. Espezie bat gara, ugaztunak, ugaltzeko modu bakarra genitalen elkartzean izan duena milaka eta milaka urtez. Sexua naturala eta beharrezkoa da espeziarentzat; ederra, gozoa norbanakoarentzat. Edo hala behar luke. Sexuak komunitateak egituratu zituen gizakia gizaki denetik, hura baitzen komunitatearen biziraupena ziurtatzeko ezinbesteko elementua. Mantenua lortzea bezain garrantzitsua. Eta bizipoza zekarkiena norbaitek bekatu bihurtu arte. Genitalak dira norbera ez eta komunitatea bizirauteko dauzkagun organo bakarrak. Gure organo kolektiboak. Batu behar gintuzkete, iraganean legez, orain ere bizipoza eman. Ez banandu eta atsekabeak ekarri. Gehiago irakurri behar genituzke Marija Gimbutas, Casilda Rodrigañez, Guillermo Piquero edo Wilhelm Reich, eta gutxiago Tora, Biblia edo Korana. Edo egungo teoria posmoderno desexualizatzaile guztiak. Sexu-errepresioa da gure gizartean bizi ditugun desoreka eta indarkeria mota askoren sorburua, hain zuzen ere. Emakumeen min ustez natural askorena ere bai. Eta sexuak, hankartean daukagunak, ez buruan irartzen digutenak (generoak, alegia), ez lituzke baldintzatu edo mugatu behar gure izaera, gure sentitzeko modua, gure gustuak, jarduerak… Hormonek zeresan handia badute ere, ez dezatela gizarteak, gure ingurukoek, arau ageriko zein ezkutuek… ugaltzeko organo baten arabera zelakoak izan behar dugun mugatu. Sexuari genero bat atxikiko ez bagenio, seguruenik pertsona askoren ezinak eta minak saihestuko genituzke.
Eta, bide batez, hobeto pasatuko genuke denok. Ezta?
Ez dut sexu-moral zikiratzailean sinesten, ez lehengo sexu-moral erlijiosoan, ez oraingo sexu-moral postmodernoan. Puritanismo zahar zein berriei gerra.
Eta ez dut zigorrean sinesten. Ez polizian, ez epaileengan, ez kartzelan, ez salaketa-mentalitatea elikatzen duen sisteman…
Segi dezagun aurrera, ba, hori argituta.
Gertakari batzuk (partzialak beti)
Bernedoko udalekuen gainean zabaldu ziren lehen albisteen eta erantzunen artean nenbilen, zuhur, iritzi bat izateko goizegi. Orduan, arin hedatu ei den mezu bat jaso nuen nire posta elektronikoan. Bidaltzailea ez nuen ezagutzen eta, erantzun nion arren, ez dut berriro haren berririk izan. Nire helbidea nondik atera zuen, auskalo, gaur egun etsi behar dugu: edonoren esku egon daitezke gure datu ustez pribatuak. Horretara ohitu gaituzte -eta, beraz, Chat Control edo Bioklik garaietarako prestatu, esaterako-. Kontua da, mezuaren edukiak ez zuela txantxetarako ematen, eta koska bat gora egin zuen nire kezkak. Hona publikoa bide den testu hori, koma bat ere aldatu barik:
Gertuegi ikutu nau eta ezin dut isilik geratu.
Udalekuan neska eta mutil nerabeak elkarrekin dutxatzera bultzatzen zituzten.´
Bestela, transik balego hura gaizki sentituko litzatekeela esaten zieten.
Etxera deitzea debekatzen zieten, telefonoak konfiskatuta.
Begiraleak nerabeekin batera sartzen ziren dutxatan, nerabeek haien beharrik ez zuten arren.
Ilun geratzen da hori begiraleren batentzat estimulagarri gertatzen ote zen, haur asko nerabe loratuak zirenez.
Sexuaren inguruko doktrinamendua egiten zuten etengabe.
Estatu Batuetako sekta-kasuetako ohiko elementu batzuetara hurbiltzen da kasua, askoz larritasun arinagoarekin, baina badira antzekotasunak, sexuaren diskurtso haustaile batekin fanatizatuta.
Udalekuko neska batek salatutako sexu-abusu konkretu bat izkutatu zuten.
Bultzatzaileetako bat bertsolaria da eta “mutilez osatutako koadrilak debekatu beharko liratekeela” idatzi zuen gauza hauek gertatu baino hilabete batzuk lehenago.
Txaloak jasotzen ditu nonahi, haren ideologia moda dominantearen ildotik doanez.
Emakumezko nerabe afektatu horietako baten familiako lagun gisara, badakit neska hori zer pasatzen aritu den. Sikologoarekin dabil orain.
Aztertzen ari gara akzio legalak hastea udalekuarekin, bultzatzaileari babesa ematen dion Bertsozale Elkartearekin edo arduradunek duten edozein koberturarekin.
Aldizkari komunista minoritario batek bakarrik egin zigun kaso udan. Orain, komunikabideek atera dute. Euskal prentsak izkutatu egin du informazioa, gertakari larriez gain sexu abusu salaketa konkretua ere isilduz. Orain begiraleen bertsioa eman dute, ideolojiakideen ardurak apainduz feminismo hitzaren azpian.
Ingurukoen sufrimenak, ingurukoentzat.
Hori irakurri eta kezkarik txikiena agertzen ez duenak nik baino gibel handiagoa dauka. Hala da ze, nire inguruko pertsona batzuekin partekatu nuen, haien iritziak jaso aldera.
Hasteko, nire neskalagunari bidali nion. Irakurri nuen zelan begiraleek, teoria transfeministaren izenean, urteetan egin duten lana defendatzen zuten, haien jardunean, itxura batean, batere akatsik edo txarto eginik ikusi barik eta, nire neskalaguna mugimendu transfeministako militante sutsua izanda, zelan ez eskatu hari iritzia. Haren eskarmentua eta jakintza ez dira baztertzeko modukoak. Alde batetik, maila pertsonalean, hemen alde batera utziko ditudan esperientziak eta sentimenduak, ez baitagokit niri horiek zabaltzea. Bestetik, zientzialaria ere bada, biokimikari eta neurozientzialaria, besteak beste. Beraz, bion artean askotan jorratu dugun gaiak dira feminismoa, transexualitatea, transfobia, eta sexuari eta generoari lotutako beste gai asko, ikuspegi zientifikotik, biologikotik, psikologikotik, sozialetik, pertsonaletik… Nire literaturan ere feminismoak, homosexualitateak, polimaitasunak, biluztasunak…, sexuak bere luze eta zabalean, azken finean, obra guztia zeharkatzen dute taburik gabe, eta transexualitateak ere bere tokitxoa dauka iaz John Anduezarekin batera argitaratutako Azken Portuko postdatak eleberrian. Haiek guztiak ere izaten ditugu mintzagai, elkarren ondoan biluzik, ahal den guztietan. Serio eta begirunez hartzen ditugu elkarren ikuspuntuak, hain urrun ere ez daudenak. Erraza zen imajinatzea berak interesa izango zuela gaian, nolabait hurretik ukitzen baitzuen.
Bestetik, beste lagun handi bati bidali nion, jakin baitakit, irakasle izanda, ardura eta maitasun berezia jarri duela ikasleen artean holako prozesuak bizitzen ari zirenak (trans haurrak, uler dadin) izan dituenean. Gaian sentsibilizatutako pertsona da, beraz.
Orduan, nire harridurarako, lagun horren erantzuna jaso, eta bera ere umetan udaleku hartatik igaroa zela jakin nuen. Ez onerako, hain zuzen ere. Hona, haren baimenez, berak lehen momentuan laburbildu zidan esperientzia:
Neuk zuzenean ezagutzen ditut…1982-83an ikastolatik hara eroan gintuzten, 7-8 urte genituenean ta jada holakoak egiten zituzten, neska mutilak monitoregaz dutxa biluzik hartzea, biodanza, biluzik buztinagaz gorputza estaltzea ta antzekoak…ondo gogoratzen dut neuk uko egin niolako ta horren harira asanblada moduko bat egin zutelako horren inguruan…pentsazazu adin horregaz neuk ez nuen ezer ulertzen ta besteak ezta baina inortxok ez zuen deus esan. Ez da egun bateko kontua, hamarkadetan izan dira jardunean, inortxok ezer esan gabe…
Guk bi-hiru egun eman genituen ta ikastolako irakasleak bertan ziren baina imajinatu ahal dut kanpoko ikuslerik gabe gerta litezkeenak…
Horri, beste lagun baten lekukotasun laburra batu zitzaion. Emakumea da bera, gaur egun emakume zaildua, errepresioari aurre egitea zer den ondo dakiena. Ez gara, ordea, egun batetik bestera zailtzen…
Bai geurean adarrak dituenak aspalditik…joder neuk ia ahaztuta neukan, baina horrek neuri esperientzia horrek hamarkadetan neure gorputzarekiko harreman osasuntsua arras baldintzatu izan dit
Durduzatuta ni, bat-batean jakin nuen, lehen eskutik, aurten lehen aldiz zabaldu dena ez dela atzo goizekoa; 5 hamarkadaz antolatu direla udalekuok, eta hortik igarotako lagun bik ez zutela esperientzia onik izan, hain zuzen ere. Urte luzez markatu zituela, eta ez onerako.
Lekukotasun horiek ere partekatu nituen inguruko batzuekin, komunikabideek zabaltzen zituzten iritziekin alderatu ahal izateko. Erantzunak, zein bere aita eta amarena. Kezka batzuengan, berehala justifikatu beharra beste batzuengan, baten bat lehenago arre eta gero so… Eta ni, mezulari triste hau, tarteka txundituta, tarteka suminduta.
Laster, nire neskalagunak ere erantzun zidan, eta ekarri zidan informazioa ez zen lasaigarriagoa izan. Su biren artean, ez da erosoa honek guztiak harrapatu duen tokia. Baina eman zidan informazioa nire lagunek emandakoaren ildo beretik zihoan. Haren lagun batzuek kontatu zioten haiek ere hortik pasa zirela duela ez horrenbeste (dezente gazteagoa da bera), eta antzeko esperientziak izan zituztela. Jasotakoaren arabera, ez zituzten biluzik dutxatzera derrigortzen, baina beste aukerarik ere ez zieten ematen, bi astez dutxatu barik geratzea baino edo, baten bat gauez ezkutuan eta bakarka dutxatzen harrapatuz gero, errieta handia jasatea, matxista hutsak ei zirela besteekin dutxatzea ez onartzearren, batzuek kontatzen zutenez. Lotsa publikoa.
Horrez gain, berak Instagramen kasuari buruz zabaldu denaren jarraipena egin du eta, handik gutxira, hau ere idatzi zidan:
Biktimak super gaizki sentituko dira hau ikusterakoan, euren testimonioek balio ez balute moduan.
Holako erasoek salatzen dituen Instagram kontukoek esan zuten ehunka testimonio jasotzen dabiltzala euren inguruen, sekula ez dituztela hainbeste jaso gai berdinaren inguruan. Biktima asko diren seinale.
Ehunka testimonio, inoiz baino gehiago… Ez naiz biktima hitzak gordetzen duen kargaren oso aldekoa, biktimizazio amaigabean oinarritutako gizarte honetan daukan badaezpadako eginkizunagatik, baina tira. Horrek erakusten duena zerbait bada, izan. Berak -eta neuk ere bai- argi zeukan, Bernedon zer gerta ere, horrek ez duela kolektibo oso baten kontrako jazarpenik justifikatzen. Babesa behar dutela gertatutakoaren aitzakiapean gorrotoa jasaten dutenek. Baina manifestuan, haren atsekaberako, hitzik txikiena ere ez balizko kaltetuei buruz, ezta zeharka ere, berak hori ere jasotzeko proposatu arren.
Nik sinesten dizut? Ezetz ezetz da? Ez birbiktimizatu biktimak? Abagune hobe baterako aparkatutako leloak.
Bitartean, egun batean bai bestean ere bai, Bernedoko udalekuaren eta bertako begirale eta langileen aldeko elkartasun mezuek hartzen zuten toki nagusia gure hedabideetan. Banaka argitaratzen ziren justifikazio-artikuluei batzen zitzaizkien 70 kolektibo orain, 140 pertsona inguru gero… Mugimendua giharra ateratzen hasia zen, oldarkor, baina…, behin eta berriz, orain arte sutsuki irakatsi digutena ahazten zuten: non geratzen ziren balizko haur kaltetuak? Dena egin zuten ondo 5 hamarkadaz? Dena justifika daiteke teoria baten izenean? Duela 50 urte bazegoen teoria transfeministarik metodologia berberen erabileraren oinarri? Laster ikusiko dugu.
Ohar horietako batean, behintzat, onartzen zen “agian” sexu-indarkeriako kasu bat egon zitekeela, hala bazen, horren biktimarekin zeudela, protokoloak dauzkatela holako kasuetarako… Baldintza ta subjuntibo, joder. Ze, noski, haur eta gazteak elkarrekin dutxatzera behartze horretan ez zuten indarkeriarik ikusten. Aurrerantzean, etxean bisitak jasotzen ditudanean, nire gonbidatuei esango diet, azalpen ondo prestatu baten ondoren, nirekin dutxatu behar dutela, biluzik, noski, nire etxean dauden bitartean. Seguruenik, inork ez du sexu-indarkeriatzat hartuko.
Ordurako, ordea, lau salaketa ofizial zeuden, haietako bat sexu-abusuengatik.
Daborduko 19.
Tristea polizia-etxeetan egindako salaketak izatea gure neurgailua, baina zer egingo diogu! Hala irakatsi digute.
Eta bitartean, euskal komunikabide gehienek lehen salaketei entzun-gor egin ostean, hura argitaratzea ausartu zen hedabide komunista txikiak bere momentuan argitaratu zuena ere iritsi zitzaidan.
Nik, jakin, gauza gutxi nekien eta dakit. Haietako bat, hortik pasatutako lagunak, bizi izandakoa gogora ekarri eta euskal kulturaren munduak ematen zuen erantzuna ikusita, arazo latzak izan dituela lo egin ahal izateko, oraindik ez duela gainditu honek guztiak eragin dion astindua, gogorra egiten zaiola albistegiak ikustea bera ere. Batzuek kasu pertsonala esango diote, pisua kenduz, beste batzuek birbiktimizazioaren eredu argia, euren xedeen araberako erabilera politikoa eman ahal izateko. Ni lagunaren minak eragindako elkartasun eta ezintasun sentimenduekin geratuko naiz.
Eta mina, egon badago, eta ez alde bakarrean orain sufritzen ari diren jazarpen bidegabeagatik.
Baina noan nire ikuspuntutik hau xeheago aztertzera.
Bildutakoaren gainean hausnartzen
Puzzle zatikatu eta aztoragarri honetan argazki osoagoa ikusten eta ondorioak ateratzen saiatu naiz, nire mugen barruan.
Teoriak teoria
Lehenik eta behin, Bernedoko udalekuaren jarduna elikatu duten teoriei heldu gura diet. Izan ere, 5 hamarkada hauetan jardunbide eta metodologia horien funts teorikoa erabat aldatu da, sortu zuena eta orain bizi duena ia kontrakoak direla ere pentsa liteke. Ikus dezagun.
Duela 5 hamarkada, Euskal Herrian ezer gutxi genekien transfeminismoari buruz -nik orduan ozta-ozta jakingo nuen pitilina txiza egiteko neukan adartxoa zela baino gehiagorik-. Ez zegoen horri buruzko teoriarik eta, beraz, pentsatzekoa da udalekua sortu zenean, beste batzuk zirela zutoin teorikoak.
Metodologia, ordea, lekukotasunak ikusita, ez da lar aldatu.
Zein zen orduko teoria pedagogikoa? Egunotan entzun eta irakurri ditudan batzuek orduko garaien oihartzunak ekarri dizkidate gogora. Ez nire oroimen pribilegiatuari esker, orduan haur koskorra baino ez bainintzen, gehienez ere, baina garunak irakurritako informazioak ere gordetzen badaki. Eta, irakurritakoak irakurrita eta entzundakoak entzunda, ondorioztatu dut orduko funts teoriko nagusia sexu-askatasuna zela. Moral puritano erlijioso hipokritaren kontrako etika ustez askatzailea. Zehazkiago, haur eta nerabeen sexu-askatasuna. 70-80etako giro intelektual ezkertiar erradikalean murgildu behar dugu orduan zer egosten zen irudikatzeko. Eta, ezinbestean, Euskal Herriko klase intelektual ezkertiarrean itzal handiena izan zuten frantses intelektualei so egin beharko diegu: Foucault, Derrida, Deleuze, de Beauvoir, Sartre, Althusser, Guattari… Zer defendatzen zuten haiek guztiek haurren sexualitateari buruz? Askatasuna. Edo izen horren pean gordetzen zen zerbait. Zehazkiago, haurren eta helduen arteko sexu-askatasuna. Zehazkiago, haurren eta helduen arteko sexu-harremanak zigorgabetzea. Beharbada, gaur egun baino oinarri teoriko sendoago batean aterpetuta: haurrak sexudun jaiotzen dira, ez ditugu sexualizatzen, sexualizatuta datoz eta helduon moral puritanoak desexualizatzen ditu, eta eskubidea daukate euren sexualitatea aske garatzeko, aske bizitzeko. Puntu bateraino ados, ez zuen besterik defendatzen Wilhelm Reichek, esaterako. Baina… nik uste dut ez dela oso argia izan behar konturatzeko haurrentzat eta helduentzat sexua ez dela gauza bera. Ez dugula berdin bizitzen 5, 10, 16, 21, 43, 54, 82… urterekin. Eta ez dagoela berdintasunik, horizontaltasun posiblerik, simetriarik, orekarik 8 urteko haur baten eta 30 edo 60 urteko heldu baten artean, esaterako. Ez benetako askatasunik lehenengoarentzat. Bakuninen hitzak neure eginda, haurra ez da aske jaiotzen, erabat mendeko baizik; aske izaten ikasten du pixkanaka, astiro, askatasuna konkistatzen du ahalegin handiz, eta helduaren zeregina da bide horretan gidatzea, laguntzea, trabarik ez egitea, aske izaten ikas dezan. Manipulagarriak dira, ordea, moldagarriak (neurri batean beti; ez batzuek uste edo gura beste, seguruenik eta zorionez, bestela gogoratu John/Joan kasua). Haientzat genitalek ez dute helduontzat duten esangura bera. Baina hura zen teoria, manifestu batean argi utzi zutena, hemen gazteleraz eta hemen frantsesez ikusiko duzuenez (Wikipediaren ildo editorial ez-neutrala alde batera utzita).
Ez da ahaztekoa garai hartan 68ko maiatzeko heroiak frantses telebistan atsegin handiz kontatu zuena. Cohn Benditez ari naiz, noski:
Horri zer deritzogun ere, ez dirudi orduko teoriek eta gaur egungoek batere antzik daukatenik. Are gehiago: Bernedoko egungo begiraleei kasu eginez gero, euren metodologia teoria transfeministan oinarritzen da eta haurren gorputzen desexualizazioa bilatzen du, inor bere gorputz biluziarekin txarto senti ez dadin-edo. Ez dakit gorputz sexudun bat desexualizatzerik dagoen eta holakorik balego zer onura dakarkeen, baina tira.
Hortik galdera bat datorkit ezinbestean: metodologia berak balio dezake azterketa azkar batean antipodetan ematen duten teoria bi praktikan jartzeko? Agian bai. Auskalo.
Hor utziko dugu momentuz.
Teoriatik praktikara
Teoriek, ondo jakin behar genukeenez, denari eusten diote, errealitateari berari izan ezik. Ez dago teoria amaiturik. Bizirik ez duena baino ezin da amaituta egon. Izan pertsona, izan teoria, izan eraikin bat, bizia agortzen zaienean baino ez daude amaituta. Euskaraz argi dakigu zer den norbait akabatzea, ezta? Beraz, teoria oro, gizaki eta bizidun oro legez, etengabeko eraikuntza-prozesuan dagoen zerbait da, sortu dugun gizakion muga, zirrikitu, arrakala, kontraesan eta hutsune guztiekin. Uste badugu gure teoriak ez daukala okerrik, borobila dela, amaitua eta eztabaidaezina, dogmatismoari heltzen diogu, eta hortik fanatismora urrats txiki bat baino ez dago. Hala da ze, pentsatu behar dugu teoria transfeminista ere eraikitze-prozesuan dagoela, egunez egun egiten dela eta, ispilurik fidagarriena, errealitatean duela. Ez ditut orain aletuko teoriei neuk ikusten dizkiedan arrakalak, zirrikituak, kontraesanak edo hutsuneak, ez da hori kontua.
70-80etako teoriek ere izango zituzten euren hutsuneak, kontraesanak, zirrikituak, arrakalak… Amaituta daude? Alegia, hilik? Ez dut uste, baina argi dago uneren batean, Bernedoko udalekuan -eta gizartean-, beste teoria batzuei utzi zietela tokia. Ez dakit noiz, ez zenbat teoriak ordeztu duten orain arte, egungo teoria transfeministara iritsi arte. Horrek ere ez dauka garrantzi handirik aztertu gura dudanerako.
Teoriek, ordea, metodologia behar dute, praktikan benetan jarri gura baditugu. Errealitatearen azterketa gainditzeko edo berrikusteko, zuzentzeko, osatzeko, hobetzeko… unea. Eta, teoriak amaituak eta hutsik gabeak ez direla onartu badugu, berdin onartu beharko dugu metodologiak ere tresna biziak direla, okerrak edo desegokiak izan daitezkeela testuinguru batean, zuzenagoak edo egokiagoak beste batean… Metodologia gure teoria errealitatera egokitzeko une erabakigarria da.
Demagun orain gure teoriaz eta metodologiaz erabat seguru gaudela. Har dezagun gaur egungoa zein duela 5 hamarkadakoa (teoria, noski, metodologia ez baita lar aldatu, esan legez).
Gure kasuan, haurrak izango dira gure esperimentuaren gaia. Giza materia bizia. Eta familiak.
Gure metodoen eta ideien ontasunez konbentzituta bagaude eta zintzotasunez jokatu gura badugu, lehen urratsa zera litzateke: gure udalekua eskaintzen diegun haurrei -noski-, gurasoei, tutoreei, irakasleei… gure egitarau osoaren, gure jardunbideen, gure metodologiaren eta gure arauen berri ematea -menuaren berri ematea ere ez da alferrekoa-. Gure artera iritsitakoan zer topatuko duten jakinda baino ezingo dute lehen urrats askea eman: gurera etorri ala etortzeari uko egin. Gainera, gaia hain sentikorra izanda, horrek aukera emango die haurrei, gurasoei, tutoreei, irakasleei… bertan biziko dutenerako prestatzeko. Zer egingo duten eta zergatik azaltzeko. Horrela baino ez dira gutxieneko askatasunez iritsiko gure udalekura.
Egin da hori 5 hamarkadotan? Nik jakin dudanaren arabera, eta bertan igarotakoen esperientziak ikusita, ezetz ematen du. Horri lotuta aurkitu ahal izan dudan informazio publiko bakarrak hau dio, besteak beste:
Lan handia egiten dugu Sarrea Euskal Udalekua gune seguru bat izan dadin edonorentzat, edozein direla ere bakoitzaren ezaugarri pertsonalak, gorputza, genero nortasuna, genero adierazpena, sexu orientazioa, arraza eta abar. Horretarako, elkarren zaintza giroa sustatzen dugu hezitzaileen, haurren eta gazteen, eta elkarren artean, gu guztion dibertsitatea ospatuz eta ikuspegi feministatik haurrei elkar errespetatzearen eta zaintzearen onurak erakutsiz. Gure ustez, horrela soilik bermatu dezakegu giro osasungarri, eroso eta inklusiboa.
Orokorregia, beharbada?
Baina demagun hori ere egin dela, iritsi zaizkigun haur eta gazteek badakitela biluzik dutxatu beharko dutena denek elkarrekin, eta azaldu zaiela zergatik. Oraindik badago kontuan hartu beharreko beste zerbait, eta ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.
Saiatu gara inoiz haur edo nerabe batekin arrazoitzen? Saiatu gara geure buruarekin arrazoitzen inoiz? Gure eskarmentuaren arabera, bat etorri ohi dira gure pentsamendu kontziente eta arrazoituak gure eguneroko jokabide, beldur eta desirekin? Erraza egiten zaigu gure baitan aztura bihurtu den portaera bat arrazoi hutsaren bidez aldatzea, egun batetik bestera?
Hor zeresan handia eta garrantzitsua dauka John Dewey psikologoak. Haren libururik esanguratsuenak badauka mende bat eta, beraz, edozein psikologo eta pedagogoren eskura dago. Eta Deweyk modu oso ulergarrian azaltzen ditu azturen, bulkaden eta adimenak dioskunaren artean sortzen den oreka zaila -talka etengabea ez esatearren-, behin eta berriz berritu beharrekoa. Azturarik garrantzitsuenak umetan finkatzen dira sozializazio-prozesuan, imitazioaren bitartez. Eta, imitatu, gure ingurunerik hurbileneko pertsonak imitatzen ditugu. Aztura bihurtzen dira gure bulkadak portaera bihurtzeko tresnak, jokabide-kateak, senaren osagarri eta ordezko. Adimenak, arrazoibideak, lagun dezake -eta lagundu behar luke- aztura horiek zuzentzen, eraldatzen, baztertzen, berritzen…, baina azturak berak indar handiagoa dauka gehienetan eta ekin eta ekin dihardu. Gure azturetatik ateratzen gaituenak deseroso sentiarazten gaitu, eta erosotasuna berreskuratzeko biderik laburrena azturari men egitea izango da beti. Kontrakoak borondate handia eta estrategia kontzienteak eskatu ohi ditu.
Beraz, udaleku batera iristen diren 7, 8, 10, 13, 15… urteko haur eta gazteak ez dira orri zuriak. Sozializatuta datoz, hobeto edo okerrago (zer den ondo eta zer txarto beste baterako). Alegia, barneratuta dauzkate aztura multzoak, haiek gidatzen dituzte, haiek sentiarazten dituzte eroso, seguru. Haietatik ateratzeak aztoramena dakarkie. Eta, udaleku horretan, gu, begirale jakintsuok, ezezagunak gara. Ez diegu konfiantza eta segurtasun hori emango, gogor saiatuta ere.
Eta zelan sozializatu dira gure hormen artera eta dutxetara iritsi aurretik? Zelako azturak dakartzate? Beharrezkoa da azaltzea? Hain zuzen ere, gure teoriek horri egin gura ei diote aurre, hain zuzen ere: kanpoko munduak eman dien sozializazioari.
Niri lehen pertsonan pentsatzea gustatzen zait. Neure burua imajinatu dut, duela ia 5 hamarkada zer harreman neukan neure gorputzarekin, besteenekin, biluztasunarekin… Aitor dut, umetatik erakartzen ninduten nesken gorputz biluziak. 5 urterekin saiatzen nintzen nire orduko neskalagunaren alua ikusten txiza egiten zuenean. Misterioa zen. Eta polita. Hala begitantzen zitzaidan. Bera ezkutatzen saiatzen zen, ez gehiegi. Niri, ordea, ez zidan batere lotsarik ematen berak nire txilibitua ikusteak nire txiza egiteko txanda iristen zenean. Baina egin dezagun adinean gora, sozializazio prozesua dinamikoa baita. 12, 13, 14… urte neuzkanean, segurtasun faltaz, beldurrez eta konplexuz beteta nengoen -nor ez!-. Nire gorputzari dagokionez, batzuk ezkutaezinak ziren: nire hortzak horituta zeuden medikuek txiki-txikia nintzela gerora haurrengan debekatu zen botika bat eman zidatenetik (tetraziklina?) eta, beraz, barre egitea beti maite izan dudan arren, batzuetan lotsa ematen zidan irribarre egiteko ahoa guztiz zabaltzeak, argazkietarako, kasu. Aknea neukan, eta gura ama zoratuta ibiltzen zen kontsultaz kontsulta. Botikarik gogorrenak ere hartu behar izan nituen. Batzuetan, aurpegia apur bat ukitu eta odoletan hasten ziren nire garauak. Eta txikia nintzen (pitufo, enano, canijo… orduko giro erdaldunean). Horrekin bizi behar. Baina gero, eskolan, soinketa orduetan, aldagela zetorren. Umetan, 10 urte arte-edo, igeriketa egiten genuen. Aldagela bat neskentzat, beste bat mutilentzat, eta ez dut gogoan batere ahalkerik besteen aurrean aldatu eta biluzik egoteko. Gogoratzen naiz klaseko maloteak batzuetan hormetan gora saiatzen zirela nesken aldagelara iristen haiek biluzik ikusteko. Ume-jolasak sozializazio-eredu jakin batean. Baina nerabezaroa iritsi, eta ezin ahaztu aldagelan beti bilatzen nituela estrategiak besteek nire hankartea ez ikusteko. Batzuk harro eta zaratatsu ibiltzen ziren aldagelatik dutxara eta bueltan, biluzik. Gure andereñoa ere sartu egiten zen, motelegi ibiliz gero errieta egiten, eta ikasle horietako batzuk kexu ziren tutoretza orduan andereñoak biluzik ikusten gintuelako. Edo zituelako. Ni ez ninduen sekula horrela ikusiko. Konplexua neukan, bai, disimulatu beharrekoa. Nire zakila txikiegi begitantzen zitzaidan nire inguruko beste batzuenen aldean. Eta adin horretan nerabeek ez dute asko behar batak besteari barre egin eta goitizen iraingarriak jartzeko. Ez orduan, ez orain. Alde batera utziko dut nire azturak aldatu eta nire bulkadak gobernatzeko izan nuen borroka, adimena batzuetan alde, beste batzuetan kontra. Halako batean, 20 urte inguru nituela, hondartza nudistak ezagutu nituen, eta bat-batean besteen aurrean biluzik agertzeko beldur guztiak galdu nituen. Askatasunez egindako hautua. Zoragarria.
Desberdinak dira Bernedoko udalekuetara 5 hamarkadaz iritsi diren haur eta nerabeak? Ezin dut imajinatu ere egin zer infernu izan daitekeen askorentzat, zein ere bikaina eta ederra den lehenago azaltzen zaien teoria, bestelako azturetan gatibu, dutxatzeko aukera bakarra beste guztien aurrean egitea izatea. Are gehiago nerabezaroan, hormonak borborka. Pornografia sexu-eskola nagusia izanda (ez da berria, guretzat ere hala izan zen). Benetan uste dugu gure azalpenak lehen unetik bikain ulertu, barneratu, eta ordura arteko sozializazioak irakatsitako guztia utziko dutela bazter batean gurekin dauden egunetan, eta esperientzia bikaina izango dela aukeratu ez dituzten teoriak euren gorputzetan derrigortuta sentitzea? Neure burua imajinatzen dut, eta indar biren artean begitantzen zait: besteen aurrean dutxatzeko beldurra alde batetik tiraka, nire adineko neska guztiak, gero nirekin jolasak, otorduak, loa… partekatuko dituztenak, biluzik ikusteko irrika bestetik. Aztoramena, kitzikapena, edozer nire eta besteen gorputzen desexualizazioa izan ezik. Eta, seguruenik, lotarako orduan komuneko papera eskuan ohera, ikusitakoa betsaretik ezabatu aurretik kanpaia jotzeko. Hori da egiazko nerabe bat, mutil heterosexual baten kasuan, teoria bikainetatik harago, gaur egungo gizarte-eredu honetan. Eta imajina daitezke paraleloak beste sexu, gustu eta joeren kasuetan. Gizonok ondo dakigu zakila ez dela altxatzen nahieran. Batzuetan luzatu makila esan, eta tentetu ez. Beste batzuetan gura ez, eta bultoa praketan. Dutxan, noski, zailagoa da hori ezkutatzea. Eta hori ikusteko azturarik ez duen neska nerabe batentzat biolentoa gerta daiteke ondoko dutxan duen laguna banderaren masta baino zutago ikustea. Horrek ere natural behar lukeen arren, bestela sozializatuak izan bagina.
Ez dakit horri gune segurua esan dakiokeen.
Ez bada gure haur eta nerabeen oreka afektibo-sexualean, gure azalpenak ulertu, barneratu eta bizitzeko gaitasunean eta azturak errotik aldatzeko malgutasunean fede amaigabea daukagula.
Eta beste alde batera begiratuz edo itsuarena eginez baino ezin dugu esan bertan elkarrekin biluzik dutxatzea (metodologia zehatz horretara mugatuz azterketa) derrigorrezkoa ez zenik. Denok dakigu derrigortzeko modu asko daudela eta, adin horietan batez ere, eraginkorrenetakoa dela besteek egiten duten zerbait egiteari uko egiteagatik jasan dezakegun gutxiespenaren beldurra. Gutxiesteko modu asko daude, agerikoak zein sotilagoak. Zeren beldur zara? Besteok egingo dugu eta zuk ez? Zer duzu ezkutatzeko? Kakati alaena… Gure gizartean, egunerokotasunean, gauza gutxitara derrigortzen gaituzte zuzenean, baina zeharka, zenbat gauza ez dugu hertsatuta egiten? Helduok ere bai. Zer esanik ez berdinen estimua, taldearen babesa, onespena beduino batek basamortuan ura baino larriago bilatzen dituzten nerabeen artean.
Esperientzia amaituta, noski, batzuk poz-pozik itzuliko dira etxera eta, jakina, egindakoa gura legez kontatuko dute, ondo deritzotena xehe azaldu, eta gurasoen gustukoa izango ez dena isildu edo moldatu. Lagun artean, bertsio askeagoak emango dituzte (puztuagoak ere bai). Zelako pagotxa, Ainara, Lore eta Nerearen titiak ikusi ditut. Eta ilea zeukaten… hor? Ba Andoni tente-tente jarri da nire ondoan. Eta zelakoa zen haren zakila? Whatsappek berba egingo balu… -lasai, laster egingo du, gure baimenez zein ura barik-.
Noski, haien artean izango dira etxean teoria transfeministetan hezitako batzuk ere, eta aitzindari sentituko dira besteen zailtasunen eta ezintasunen aurrean, agian.
Beste batzuek guragoko dute bizi izandakoa ahaztu. Ahalke gurasoei pairatutakoa kontatzeko. Zelan udalekua? Oso ondo, ama, baina datorren urtean gurago beste norabait… Batzuetan urte luzez oroitzapenak blokeatu ere bai.
Jakina, espekulazioa baino ez dira nire hitzak.
Baina, beharbada, defendatu gura genituzkeen mugimendu eta teoriei kalte txikiagoa egingo geniekeen gertatutakoari aurrez aurre begiratu eta lehen unetik onartu bagenu agian, gure asmorik onenarekin ere, batzuekin (asko, gutxi, ez dut uste kantitate kontua denik) huts egin dugula. Nik, susmatuko banu norbait kaltetu dudala, kaltetzeko asmorik gabe izan bada ere (eta susmatu susmatzen dut nire bizitzan seguruenik pertsona bati baino gehiagori, askori, gutxiri egin diedala kalte, eta jakin badakit horrela izan bada -eta izango zen- ez nuela hori bilatzen, aitzakia izan ez arren), eskertuko nuke kaltetu dudan pertsona horrek egindako kaltea nolabait zuzentzeko aukera emango balit. Baina hori baino garrantzitsuagoa litzateke jakitea zer eskertuko lidakeen berak.
Uste dut hobe dela hori sentsibilitate bipolarrarekin bizitzen ikastea baino.
*Eranskina (2025-10-14)
Duela gutxi beste lagun batekin hitz eginda, puzzlea osatzen lagundu didaten argibide batzuk jaso ditut, eta bidezkoa deritzot hemen laburbilduta jasotzeari, honaino iritsi den irakurleak ere haiek argazkian sartu ahal izateko.
Lagun horri, besteei legez, sinesgarritasun osoa aitortzen diot eta badakit berak sinetsi egiten duela egiten duen guztian, fede onez. Begiralea izan da bera inoiz udalekuan, eta azken urteotako bilakaeraren berri eman dit. Zertzelada batzuk, behintzat, euren balioa ere badutenak. Gaztea da eta, beraz, aurreko urteetan gauzak zelan ziren ezin esan baina, haren arabera, azken urteotan, udalekuan ikuspegi feminista eta transfeminista zekarten begirale gazte berriak sartzearekin batera, haurrak eta gazteak hartzeko prozesu guztia ondo zaindu gura izan dute, gune segurua ziurtatze aldera. Azaldu dit zergatik ezin zitzaien haur, guraso, tutore eta irakasleei gauza batzuen berri aldez aurretik eman, eta ulergarria da (arriskutsua ere bai, gertatutakoek erakutsi dutenez). Baina, batez ere, azaldu dit gaur egun haur eta gazteei aukera biak eskaintzen zaizkiela, lehenengo egunetan ez zaizkiela dutxa mistoak eskaintzen, eta egun horietan mimoz lantzen dituztela haur eta nerabeei emandako azalpenak, biluztasunari gizarteak erantsitako zama kentzeko. Horrela bada, behintzat, esan behar haur eta gazteen esperientzia hobetzeko gogoa hor dagoela, eta gaur egun, dirudienez, haiek erabaki dezaketela zelan dutxatu eta norekin. Teorian, behintzat. Noiz hasi ziren protokolo horiek martxan jartzen ez dakit. Argi dago horrek ere ez duela bermatzen haur eta gazte guztiek azaldutakoa ulertu, barneratu eta esperientzia zauririk gabe burutuko dutenik, emaitzak ikusita eta lagunak onartzen duenez (falta da antolatzaileek euren adierazpen publikoetan ere onartzea posiblea dela haur eta gazte batzuei mina eragin izana, eta horren aurrean sortutako balizko zauriak osatzen laguntzeko borondatea adieraztea eta horretarako bideak eskaintzea, edozelan ere). Baina beste horrenbeste esan genezake eskolatze prozesu guztien gainean eskola eredu batzuetan zein besteetan, ezta? Batzuen esperientzia onek ez dituzte ukatzen besteen esperientzia txarrak, are traumatikoak, ez Bernedoko udalekuan, ez kalitatezko Q guztiak biltzen dituen edozein eskolatan.
Ñabardura horiek beste hodei eta itzal batzuk utzi dizkidate, eta neuzkan batzuk ez dituzte uxatu, baina hemen bildutakoari gehitu beharrekoak dira, beste ikuspuntu bat ez baita inoiz kalterako.
Lagunari eskertu gura diot pazientzia (eta kontatzeko grina).
