Agindutako lur honen egutegian
orri pasa nabil
nirea den egunaren bila.
Asfaltoko ispiluek irribarre iluna
itzultzen didate behe-behetik
eta haietako bat naizela xuxurlatzen didate.
Zerbait ezagutu ei dute
nire azalean,
baina haiek ere ez dute
euren orritxoa aurkitu,
ezin hain behetik nire urratsak gidatu.
Hiriko eskailerak zerurantz galtzen dira,
maila gehiegi nire hankarteko zauriak
gora egin dezan.
Eskertu egin diet eskuan jarri didaten lanbasa,
garai bateko hegalak
galdutako erratza.
Hirurehun eta hirurogeita bost mailei
gehitu beste bat, badaezpada,
baina nire kizkurrek ez lukete
nire irribarrea sasitu behar,
nire besoek ez dakite,
ezker-eskuin,
erritmo mekanikoari eusten,
ez dute inoiz haurrik kulunkatu,
eta ez dut aurkituko
nire izena duen lauzarik
beti beherantz begiratzen didaten eskaileretan.
Ez dut aldez aurretik erreserbarik egin
hiri honek nire ahots arrotzari
irribarrez erantzun diezaion
eta ez dakit pintxorik prestatzen,
nire biziari zotz batek
eusten dion arren.
Zein da eskuz esku higatzen diren
etorkizunik gabeko itzalentzako eguna?
Atzo, beti atzo.
Gazteegiak nire minak
eta ez naiz ez haur ez atso.
Zenbat usain etxeko,
kurkuma, rooibos, kanela, kardamomo, petrolio
modako beganoan.
Katuek ere euren eguna dute,
baina nire espezieak ez dauka
latinezko izenik,
nire sabelean saguren bat edo beste
aterpetu dudan arren.
Zer saldu ez,
azala printzerik gabeko mihise printzatu
bihurtu zen aspaldi,
Internazionalaren azken bertsioa
modako tonu bihurtu zen egun berean.
Zer dakit nik,
nazio bakoen lurralde mugagabean ereserkia idaztea ere
ahaztu bazuten.
Zenbat jantzi, zenbat soineko, zenbat izen ospetsu,
zenbat esku ezkutu,
hemen poltsiko (ia) guztien neurrirako baitago
izenik gabeko neke arrunt urrun bat.
Nire hezurrek zuen hizkuntzan ehuntzen balekite…
Edonon ezagutuko nuke, ordea,
nire anaizpen izerdi minaren lurrina,
gauez ere kantuan sentitzen dudana,
mezu desengainatuak barreiatzen dituzten pantaila engaiatuetan.
Elkartasun miopea presbiziak jota dabil aspaldi,
ordea,
eta bertso-afari batean zegoen
niretzako eguna aukeratu behar zen
gauean.
Hartu orriak ausaz,
batu, nahastu,
frankenstein desjabetu bakarra
ez naiz izango,
Mary Shelley ez zen nirekin ahaztuko.
Merke, beti merke,
bestela zelan ospatuko lituzkete
ni guztiak ezkutatzen nauten egutegian
gorriz markatutako orriak?
Ostadarrak irribarre bihurtu dira
alderantzizko munduan,
baina horrek ez du zabaldu
hiriak niretzat harro deserrotu duen tokia.
Hiri hori amets urrun batean baino ez baitzait agertu
loari ostu diodan azken aharrausian.
Ura belaunetaraino nork esango zidan
inorentzat landatzen nuen horrek ere
bere eguna badaukana.
Hainbeste ospakizun,
zeru bakoitzak su-festarekin bat egiteko
bere modua badu ere.
Baina niretzat,
mozorro loretsu guztien azpiko
min ikusiezin honentzat,
suziriei ere
uko usaina darie.
Egunik ezean ez didate,
behintzat,
gau bat eskainiko?