Nork esango zigun

Irudigilea: AK Rockefeller

(Independentean argitaratua 2021eko ekainaren 11n)

Nork esango zigun duela urtebete, distopiak irakurri eta idaztetik, distopia betean bizitzera igaro behar genuela hain epe laburrean. Urte bat baino gehiago, itxura guztien arabera askoz gehiago izango dena eta, kezkagarriena, distopia hori normaltasun berritzat onartzeko sumatzen den giroa.

Nork esango zigun duela urtebete ezkerreko alderdiak eta, gurean, ezker abertzale “ofiziala”, bihurtuko zirela kapitalaren esanak betetzeko polizia berria. Tira, azken horrek, agian, ez gaitu hain ezustean harrapatu gutako batzuk, ezkerreko alderdiak aspaldi izan baitira sistemaren zaindari prestu eta beharrezkoak. Dena dela, kezkagarria da, berriz diot, ikustea zelan ohitu garen/gaituzten totalitarismo poliziala beharrezkotzat ez ezik desiragarritzat jotzera ere. Atzo entzuten nuen ETBk kalean ondo hautatutako iritzietan: mea culpa, merezi dugu, arduragabe hutsak gara, gure ordez erabakiak hartzen dituztenak ez ezik, borraz betearazten dizkigutenak ere behar ditugu… Zer espero zitekeen mendez mende erabakimena inoren esku uzteko hezi eta gero, ezta? Eta hala ere…

Giro horretan, askok sentitu genuen euskal komunikabide guztiek buru bakar baten ahots bihurtuta zihardutela. Inoizko adostasunik erabatekoena uhinetan, pantailetan eta paperetan. Ez, ordea, eta zorionez, kalean, kontrakoa pentsarazi nahi izan badigute ere. Hala, harrigarriena, hain zuzen ere, diskurtso bakar eta nagusiari jaramonik egin ez eta beldurraren atzaparretan bizi ez den jendea topatzea da. Badirudi hedabideek ere ez dutela sinesten: zelan da posible? Egunero, orduero, astez aste, hilez hil, tonu mota guztietan egia bakar beldurgarriena errepikatzen badugu, zelan ez ditugu lortu oraindik biztanle guztien erabateko otzantasuna eta laborria? Horrek, noski, ez du hedabideen osasunaren alde hitz egiten, baina bai, aldiz, jende askoren osasun mentalari buruz. Horregatik errepikatuko dut: eta hala ere…

Beraz, irail-urri aldera lagun batek ildo “ofiziala” urratzen duten ahotsei toki egingo zien komunikabide xume bat sortu nahi zuela esan eta parte hartuko nuen galdetu zidanean, baietz erantzun nion, zalantzarik gabe. Hala sortu zen Independentea, agertu eta berehala sare sozialetako egia “ofizialaren” kolpekariak asaldatu zituena. Badakit horrek zelako presioa eragin diezaiekeen kolpekari horien itu bihurtzen direnei. Ez zen nire kasua eta, beraz, hedabide berriak harrotutako hautsei distantzia batetik begiratuta, irrigarria ere eman zezaketen batzuen temak eta joko zikinak. Manipulazio informatiboari buruzko doktore-tesi bat egiteko beste material, seguruenik.

Nire ekarpen xumeak artikulu batzuk izan dira, pixkanaka gai bakarretik aldenduta, hedabide “ofizialetan” pandemiaz baino ez hitz egiteak izugarri aspertzen banau, espero eta desio nuelako Independentea ere gai izango zela korronte horri ihes egin eta lerro “ofizialetatik” jausten diren beste ildo batzuk ere jorratzeko. Beharbada, hobeto egin zitezkeen gauza batzuk, baina egin beharreko lan eskerga eta pisu itzela zenbat eskutan egon den kontuan hartuta, uste dut meritu ikaragarria izan duela eta jende askok eskertu duela ekarri duen aire freskoa. Ni, behintzat, harritu nau ikusteak zenbat ahots mota biltzeko gai izan den.

Eraso autoritarioak atsedenik hartzen ez badu ere, ulertzekoa da, beraz, holako ahalegin batek arnasa behar izatea. Jarraituko dugu autoritarismoaren mozorroak biluzteko moduen bila, gure artean autoritarismoari berari aurrez aurre kontra egiteak zailagoa badirudi ere. Izan ere, osasunfaxismoak zutik uzten dituen askatasunak ekofaxismoaren eskuetan hiltzeko arrisku handia dago, kapitalismoaren gurpil zoroa laster eteten ez badugu erabateko kolapsoa baitugu zain, eta ez oso urrun. Garapen eta hazkunde etengabe eta jasangarriaren lilurak amesgaizto bihurtzen hasi besterik ez du egin birus horren maskararen atzetik. Bitartean, esan diezagutela marilurlau edo asma ditzatela gura beste etiketa eta irain arrastoan sartzen ez diren ahotsak mendean hartzeko. Kolore orotako pasaporteen aurrean, intsumisio eta desobedientzia beltza.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.