Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2.022
Orrialde kopurua: 117
*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.
Iraultza eta Zigorrek jakin berri dute Ondarraten azken urteotan mihirik gabe jaiotako bi ume daudela. Harridurak eta jakin-minak bultzatu ditu ikertu eta eskolarako lan bat egitera. Horretarako, Bilbon bizi den aditu batekin egingo dute hitzordua, San Tomas egunean. Berehala jabetuko dira ematen duena baino korapilatsuagoa eta arriskutsuagoa dela gaia.
#NiriEreIrakatsi zidaten nire erabakiek ordezkariak behar zituztela. #NikEreNahiago izan nuen ulertzen ez nuenari barre egin. #NiriEreJan dit katuak mihia gehien behar nuenean. #NiEreSentitu naiz beste espezie batekoa. #NiriEreEsan didate Zientzia neutrala dela. #NikEreEman diot bizkarra irakatsi didatenari. Erabaki mingarria izan daiteke mingaina askatzea. Mingarriagoa erabakimena besteen mihiek betiko ostea.
2021ean agindutakoa zor, 2022an Iraultza eta Zigor neba-arreba bikien bigarren abentura iritsi da. Ideia Uzta garaia lehenengo nobela pentsatzearekin batera iritsi zen eta jatorriak ez dauka misterio handirik, lehenengo eleberri horri buruz idatzi nuenean argitu bainuen. Gazteentzako eleberri sailtxo bat idaztea erabaki nuenean, hasieratik pentsatu nuen hiru istoriok osatuko zutela eta zein izango zen bakoitzaren eduki nagusia. Gure sistema honen zein zutabe jarriko nuen ezbaian, alegia. Mugiezintzat jotzen dugun orok baitauzka bere hasiera eta bukaera. Historian atzera eginda, gaur egun betiko dirudien gizarte antolamenduaren oinarriak zelan eraiki ziren topa dezakegu, baina haren azken orrialdeak idaztea gure lana izan daiteke, nahi izan eta bide horretan saiatuz gero. Horretarako, eredu honek norantz garoatzan ikusi barik, berriz, nekez izango dugu norantz joan nahi genukeen pentsatzeko betarik.
Bigarren abentura bat eraiki behar nien Iraultza eta Zigorri, beraz, eta kasu honetan fantasia apur bat erabiltzea otu zitzaidan, gogoan Michael Endek Momo eleberri gogoangarriaren bitartez egin zuena, hein batean. Antzekotasunak, seguruenik, horretan amaitzen dira, ordea. Kasu honetan, fantasia hori eraikitzeko zergatik ez hartu Zientziak berak ematen dizkigun tresnak? Zergatik ez gogoratu Zientzia bera gatazka-eremua dela? XIX. mendeaz geroztik eboluzioaren fetitxearen pean bizi gara, beste fetitxe askoren artean. Fetitxea, eboluzioa noranzko bakar batean ulertuta mota guztietako gizarte teoriak zuritzeko balio izan duelako, eboluzio horrek nahitaez eta halabeharrez espezie eta, are arriskutsuagoa dena, gizarte eredu beti hobeago baterantz bultzatzen gaituela barnerarazi digutelako. Eta sinetsi guk. Eboluzioa bilakaera huts gisa ulertuta, ordea, nork asmatu du hark ekarritako aldaketek mundu hobeago bat ekarriko digutela derrigorrez? Determinismo oso arriskutsua ekarri du horrek; gure begien aurrean zapi bat jarri eta agintzarien kantuei itsu jarraitzeko prest gu. Irudimena ez da lar nekatu behar, ostera, asmatzeko determinismo horren eskuetatik norantz egin dugun bidea azken mendean. Zer gertatuko litzateke begietatik zapi hori kendu eta amets profetikoak amesgaizto eta agindutako paradisuak infernu bilakatzeko zorian gaudela ikusiko bagenu? Beharbada, gure sistemaren oinarriek ez dute eskaintzen egunero esaten zaigun hori. Eta, beharbada, Iraultza eta Zigorri ere horretaz jabetzea tokatuko zaie mihirik gabe jaiotzen diren haurren atzetik zer egon daitekeen ikertzen hasi orduko. Fantasia helduleku ezin hobea izan daiteke errealitateari begietara begiratzen hasteko.
Liburuak holako hausnarketak eta hemen isilduko ditudan are arriskutsuagoak egiteko bidea eskaintzen badu ere, argi neukan kontatzeko estiloak aurreko liburuaren bidetik jarraitu behar zuela, arin doan abentura arriskutsu batean sartuz Iraultza eta Zigor. Kontatzen dena norentzat den arriskutsu, bestalde, irakurleak erabaki beharko du.
Irakurtzeko zatia
Patioan Iraultza nagi da Zigor bilatu eta lana elkarrekin egitea proposatzeko, eta komuneko ispilua bona madarikatu batzuk kentzeko erabili ondoren, atetik hurbil gorde da Alaitzekin ogitartekoa jatera, hor baitago epelen. Sofi eta Alaine batu zaizkie, baina Iraultzak nahiago du saskibaloian ari direnei begiratu, Go!azenen gertatu diren azken haserreen eta maiteminen berri izan baino eta, azkenean, nork esango zion, neba izan da haren asperduraren aurkako salbazio-taula.
Kasualitatez bezala inguratu da, patioko mugimenduei begira orain, komun aldera gero, bere zapatilei, Iraultzaren ondora iritsi arte. Bide osoan neurtu zuen arrebak eta, haren ondora iritsi zenean, baieztatu zuen azken egunetan kezkatzen zuena: parean geratu ziren neba-arreben begiak, eta ikasturtea amaitu baino lehenago, seguruenik, gorago egongo ziren nebarenak. Eskuak poltsikoetan, patiotik harago dauden etxeei so, azkar egin du galdera mutilak:
–Elkarrekin egingo dugu lana?
Lehen orduan izan dute Gizarte haiek ere, bistan da.
–Baina elkarrekin egiteak ez du esan nahi nik lan eta zuk jai, hori argi gera dadila –errematatu du, oraingoan, bai, arrebaren begiei begira. Esan, eta alde egin du Zigorrek pantaila baten inguruan bildutako Kerman eta Julenengana, misioa beteta.
–Nik lan eta zuk jai –errepikatu du Iraultzak, nebaren tonua imitatu nahian, burua kulunka.
Dena dela, arinduta sentitzen da, berak eskatu behar izan ez diolako. Azken finean, arrebaren gelan nori eska ziezaiokeen Zigorrek berekin bikotea osatzeko? Ez zaizkio lagunak pilatzen, ate joka, lana xurgatu nahi dizkioten banpiroak ez badira.
–Mihia txulora, mihia txulora, mihia txulora! –iritsi zaie halako batean Iraultza, Alaitz, Sofi eta Alaineri mutilen komunetik.
Sofik, Alainek eta Alaitzek txor-txor jarraitu dute, mezuari erantzun behar ote zion, hautsiko duten, nork eskatu behar dion nori barkatzeko…, Iraultzari bost axola dioten izenen festa batean murgilduta. Ez dira egiazkoak, jakin duzue? Hala esango lieke, baina, behin eta berriz errepikatzen den leloak estalita ia, zotin batzuk ere entzun ditu eta, Go!azeneko hari itsaskorrei ihes egiteko baino ez bada ere, soinuaren atzetik abiatu eta burua agertu du mutilen komuneko atetik. Barruan DBHko 4. mailako hiru mutil daude, eta Haur Hezkuntzako ume bat dute inguratuta, besteen leloa mutu entzuten duena, lantzean behin zotin batek gorputza goitik behera astintzen diola. Ezagutzen ditu 4. mailakoak, euren gelako inozenteenak. Horretarako baino ez die buruak ematen? Euren gelako harroxkoen jazarpenari itzuri egiten diotenean zilborrera iristen ez zaien mukizu bat izutuz kementsu sentitzeko?
–Txoriak baino ez dauzkazue zuek buruan? Non hasiko naiz ostikadak banatzen, zuen ipurdian ala zuen barrabiletan? Bai ausartak. Zergatik ez duzue adore hori gordetzen zuen adineko kirtenei aurre egiteko?
Izoztuta geratu dira hiru mutilak, Iraultzari erantzuteko gai ez direla eta, mugitu behar ez dutela ikusita, azken aldarria egin die neskak:
–Alde, ostia!
Korrika atera dira patiora hiru gizontxo adoretsuak, eta zotinka begiratzen dion umearengana hurbildu da Iraultza. Eskua haren kizkur gaztainkaretan pausatu, eta kukubilko jarri da, burua haren parean, adiskidetsu.
–Zelan duzu izena, mutiko?
Umeak, ordea, mutu jarraitu du, zotinak pixkanaka baretu bazaizkio ere.
–Lasai, inork ez dizu minik egingo. Esan zure izena, eta goazen zure lagunen bila, ados? Uste dut zuen patio ordua amaitu dela, eta errieta egingo dizute.
Umearen begietan kezkak hartu dio lekua beldurrari, baina Iraultzak ez dio txintik ere atera.
–Tira, erdu nirekin, izena esan gura ez badidazu, esan ze klasetakoa zaren, ala katuak jan dizu mihia?
Bat-batean, malkoak itzuli dira umearen begi berdeetara, eta Iraultza harrituta geratu da haren negar isilari begira.
–Halakorik esatea ere…
Atzera begiratu du Iraultzak, Alaitzen berbak ulertu gabe. Zer esan dut? Galdera irakur daiteke haren aurpegian.
–Ez esan ez dakizula nor den…
Ideiarik ez, ordea, Iraultzak.
–Izei, mihirik gabeko umea.
Aurpegitik irten arte zabaldu dira Iraultzaren begiak, ia.
–Kaiku horiek askotan zirikatzen dute, koitadua –esan, eta eskua luzatu dio umeari–. Tira, Izei, goazen zure gelara, eta lasai, ez dizu inork zigorrik jarriko.
Lasaiago, Alaitzen eskua onartu eta txintxo-txintxo irten du harekin komunetik, Iraultza ere atzetik datorkiela.
–Bost urte dauzka. Baietz, Izei?
Baiezko keinua egin du Izeik, eta libre duen eskua altxatu du, bost atzamarrak zabalduta.
–Ez dakit kaka egin ez ote duen –esan du Iraultzak, umeak atzean uzten duen airea arnastea tokatu baitzaio berari.
–Egin badu, bere andereñoak garbi diezaiola, nahikoa egin dugu guk, zuk txorimalo horiek uxatuta, eta nik bere gelara eroanda.
Bakarrik igo du Iraultzak Talatxurako aldapa. Bere lepoko termikoan bilduta doa, eskuak poltsikoetan. Oskarbi dago eguna, baina Ondarraten termometroek ez dute zazpi graduen langa gainditzea lortu. San Tomas etzi. Ez du gogorik baserritarrez janzteko, baina itxaropena du aitak Bilbora eroango dituen Zigor eta biak. Aspaldi ez du talo eder bat jan. Akituta utzi du Steven azken klaseak. Gabonetako oporren aurreko azken Soinketa ordua izanik, eduki zezakeen gupida apur bat, ezta? Iraultzaren gorputza ez dago holako ariketetarako eginda, eta naturak eman ez diona ez diote Steven klaseek mailegatuko. Hor izan ditu, patioan izoztuta, malgutasun-ariketak egiten eta bueltak eta bueltak ematen. Maite ditu saio horiek Iraultzak, bai horixe. Bisita egingo ote diete aitita-amamei Bilbon? Nahiago ditu halako egunetako bisitak, eta ez azokan gastatzeko dirutxo gehigarri bat eman ohi dietelako, ezpada laburrak direlako, familia osoa mahai beraren inguruan batu eta sesiotan amaitu gabe, Gabon bazkarian gertatu ohi denez. Gainera, San Tomas egunean zentzu handiagoa dauka jendeari eguberri on esateak. Hori baino ez diote ateratzen egun horietan, eguberri eta urteberri on. Desio unibertsalagoak dira, eta gaur egun egokiagoa lehenengoa San Tomas egunean Gabonetan baino, azken finean, neguko solstizio eta aro berri ona opa baino ez du egiten, hori baita eguberria, Olentzero bera legez. Utikan mozorro kristauak.
Buruan mokoka dituen pentsamenduek lagundu dute Iraultza etxeraino eta, giltza sarrailan sartu gura izan duenerako, norbait ibili da bizkorrago sukaldeko atea zabaltzen. Aita da, noski, Karmelo Bazterretxe jauna, oinak marigorringo barregarri bitan sartuta, etxeko arropa eroso baina epeletan, haren urmael urdinak betaurrekoetan hondoratuta. Neguak bere aurpegia agertu orduko hasten da kexu Karmelo, babes ofizialeko etxe horiek hotzak direla, ez daukatela berokuntza sistema onik, eta dituen zirkulazio arazoak direla-eta, izoztu egiten zaizkiola oinak eta eskuak. Hain garaia izatearen prezioa, berak esan ohi duenez.
–Kaixo, maitea, oraintxe amaitu ditut zuen bokatak. Zure neba? –galdetu du aitak bere ohiko doinu zakarrarekin, Iraultzaren atzetik inor ez datorrela ikusita atea ixteko presaka, etxe barruko epeltasun urriak ihes egin ez diezaien.
–Kerman eta Julenekin geratu da –argitu dio Iraultzak–. Portura joan dira, Zientzietako lan bat dela-eta. Badirudi kaskoan sartu zaiela irakasle guztiei gure oporralditxo hauek ere burua liburuetan sartuta eman behar ditugula. Denbora falta izan dute deeeenek Gabonetarako lanak agintzeko. 14 urte dauzkagula, dibertitzeko adina!
Purrustada bota, eta ogitartekoan bilatu du kontsolamendua.
–Albiste bi dauzkat, ona bata, txarra bestea –iragarri dio aitak, ezpainetan hitzak bezain anbiguoa den irribarrea duela.
–Asma dezaket txarra: ez dizute txanda aldatu, ezta?
–Ez. Pentsa, ez naiz San Tomaserako goiza libratu gura duen bakarra…
–Esan ona, ea arratsaldea alaitzen didazun.
Atzera eroan du eskua Karmelok, eta magikoa nahi duen mugimendu bat egin du, nahiko traketsa.
–Barik atera dizuet, eta 20€ kargatu, zuek bakarrik joan ahal izateko!
Ilbete bana bihurtu dira Iraultzaren begiak.
–Zigor eta biok? Bakarrik Bilbora?
–14 urte dituzue, beti esaten diguzue ez zaretela umemokoak, ezta? Aitita-amamei bisita egin, Areatzara jaitsi, talo eder bana jan, sagardoz edo txakolinez bustitzea burutik pasatu ere ez, eta arratsaldean batuko natzaizue ni. Amak hitzorduak dauzka, imajinatuko duzunez, Gabonetan turroiz hondatu aurretik, euren umeen hortzen egoera ziurtatu nahi dute gurasoek…
Iraultzak “talo eder bana jan” entzun orduko deskonektatu du. Zertarako bete burua alferreko informazioarekin? Ziur dago mugatuak direla neuronen arteko sinapsiak, zer diren ere. Izan ere, Iraultzak zalantza handiak ditu Zientzietako klasean azaldutako sinapsiaren eginkizuna ondo ulertu duen baina, badaezpada, hobeto neuronei debaldeko esfortzuak aurreztea. Nahiago du bere sinapsiak beste gauza batzuetarako gorde. Esaterako, une horretan neuronek gogora ekarri diotenerako.