Jolas moduan hasi zen LP hau, hasieran EPa behar zuena, GorriBaltz proiektua bera legez. Inoiz ordenagailuan musika konposatu barik egonda, linuxerako programen bila hasi, LMMS topa, instalatu, eta tutorial pare bat ikusita “Eskegiko zaituztegu” atera zen programaren aukerekin esperimentatu bitartean. Eta harrapatuta geratu jostailuarekin! Egun pare batean lehenengo laurak konposatuta eta hitzak bilatu nizkien pixkanaka, sortutako musikak iradokitakoaren atzetik. Shampler bitxiak agertu ziren jostaketa horretan, hala nola “Zuen gainean” kantako iturri kantari organikoa (bai, Fonda, arrazoi, “Zuen gainetik” behar luke, baina juntaletras hau nagi da zuzentzeko). Astebetean lau kantak osorik eginda, ahotsak mugikorrean grabatuta, eta hurrengo zapatuan bosgarrena, “Sarean”, jolasari gurpila hartuta. Gainerakoak tantaka etorri ziren, ezustean, EPa LP bihurtzeraino.
Gehitzen azkena, “Anarkia Euskal Herrian”, Jonuk iradoki zidan, Punkaminerentzat idatzi nuen lehen kantetariko baten moldaketa, kontzertuetan jo bai, baina inoiz grabatu ez genuena, guretzat ereserki modukoa izan arren. Bonus track gisa sartu dut, beraz, entzun nahi baduzu disko osoa jaitsi beharko duzu eta… sorpresa! (bai, oraintxe zapuztu dudan sorpresa, badakit).
Zerrendan ikusten den ordena da labetik atera ziren horixe.
Hortik ateratakoak bazeukan kutsu ilun eta apur bat psikotikoa, eta elektronika nire betiko punk senarekin nahastu zen halabeharrez. Beraz, zer demontre atera zen definitzeko berba baten bila “psikoelektropunk” etorri zitzaidan burura. Neurriz hartu! Hasieran ero eta arraro xamarra denak zure burmuina kolonizatuko du denbora ematen badiozu…
Eta ez da azkena izango, ala Bakuninen bizarra!
Logoa, berriro ere, Lluís Ràfols lagun eta artista handiari zor diot (azala nirea da, ez leporatu halako krimenik Lluísi!).