Denboran zatika

Argitaletxea: Booktegi

Urtea: 2.021

Orrialde kopurua: 78

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Urgentziaz, arin idazten duen prosagilea da Asel. Distopian aurkitzen du sarri lumaren lerroa. Agian, horregatik harritu nau bere estreinako poema bilduma honek: ez du presarik hartu utopiazale baten poemak izan daitezkeenak argitaratzeko momentuan. Iragan ez hain urruneko pasio, ilusio, balio eta sentimenduak orainean balekoak izan daitezkeela oroitaraztera datorkigun poeta egiazkoa.

Ez da poesia barrutik azkarren sortzen zaidana. Nire buruak narratibara bultzatu ohi nau. Hala ere, ahots txiki eta gehienetan isil horrek hor dirau beti, lo, itzartzeko une apetatsuen zain. Hala osatu da, denboran zatika, olerki bilduma hau. Poesiarekin dudan harremana oro har da gatazkatsua. Irakurtzeko orduan ere eleberrian edo saiakeran murgiltzen dut burua gehienetan, eta gauerako geratzen dira hurrupaka, pilula txikitan, har daitezkeen testuak, poesia haien artean. Poesia irakurle ona naizen zalantza eginda, are handiagoa da zalantza poesia idazle ona ote naizen pentsatzen dudanean. Irakurtzen ditudan poesia liburu asko ulertzeko ahalegin handirik egin gabe pasatzen ditut orriz orri, beste askotan ez diot poetikotasunik aurkitzen irakurtzen dudanari, eta apetaz moztutako gatz handirik gabeko testu soilak begitantzen zaizkit. Arima ukitu edo pentsarazten didaten olerkiak ere aurkitzen ditut maiz, noski, bestela ez nuke poesian ezer bilatzen jarraituko. Kritikak txalotzen duen poesia da, ez gutxitan, hutsik uzten nauena eta, beraz, zelan pentsatu hain biluzik sentiarazten nauena, hain pertsonala dena, nire ahots poetikoa, azken finean, beste batzuek ulertzeko eta estimatzeko modukoa izan daitekeenik? Horra nire buruaren gainetik beti hegaka sentitu dudan galdera, eta horregatik, seguruenik, poesia euskaraz idazten hasi nintzenetik, olerkiak pilatu ahala, uzkur ibili naiz beti haiek argitaratzeko ganorazko eginahalak egiteko. Lantzean behin fede handirik gabeko tanteo txikiren bat, eta burua ostabere ezkutatu, ostruken antzera. Eta hala ere…

Hala ere, denboran zatika berriro ere, topo egin dut urteotan orri maiztuetan zein ordenagailuko fitxategietan gordetako poemekin. Maiz berrirakurri ditut eta, nire sorpresarako, irakurri ditudan bakoitzean sentitu dut ezin zirela hor geratu, gordeta; hor badagoela irakurri ohi dudan poesian aurkitzen ez dudan zerbait, eta zerbait hori ere poesia dela. Hala esan didate sarri inguruko asmo oneko beste pertsona batzuek. Holakoak izan dira kanpotik etorri zaizkidan definizio gehienak: zure poesia originala da, ezohikoa euskal letretan, ausarta, bizia, pentsaraztera daroana, krudela batzuetan, sakona gehienetan. Asmo onez esandako berbak direla sentitu dut beti, baina egiatik zerbait balute, ez lirudike txarra txatal poetiko horiek jende gehiagoren eskura uzteak.

Duela urte gutxi batzuk hartu nuen erabaki nolabait irmoa nire poema bilduma argitaratzeko bidea aurkitzeko. Ez dira garairik onenak, ordea, eta poesia argitaratzen duten argitaletxe gehienak lepo daude. Bestalde, nire euskarazko lehen olerkiak urte bat edo bi lehenago hasi baziren ere, bilduma honetan jasotako lehenengoa 1994koa bada, duela 27 urtekoa, alegia, ez du ematen apur bat gehiago edo gutxiago itxarotea kontu larria denik. Hala, azken urteotan gehitu dira olerki berriak, aldatu dut hasieran eman nion antolatzeko logika eta, azkenean, hiru aldi edo boladatan banatu ditut. Lehena oparoena, unibertsitate garaikoa. Izan ere, Euskal Filologian nenbilela, kritika literarioari buruzko klase ezin aspergarrienetan poesiaz entzuteak zer edo zertarako balio izan zidan, antza, “Edozein klase-egun” poeman agerian geratzen denez. Orduko aldarteak ere sarriago pizten zuen ahots gehienetan isildu hori. Garai horren aldean, hurrengo boladak askoz antzuagoak izan dira, batez ere erdikoa, baina haietan ere gehitu dira aleak, banaka-banaka. Bikote bizitzaren ondorio? Batek jakin. Boladak bolada, ordea, garai guztien haria lotu, eta, ez dakit harritu nauen, baina, bilakaera bat aurkitu arren, gai nagusien artean koherentzia eta logika bat ikusi dut. Duela 27 urteko olerkiak bultzatutako kezka eta ikuspuntu gehienek hor iraun dute, gaur egun beste modu batean adierazten ditudan arren, beharbada. Batzuek esan didatenez, hasierako poesia hura kriptikoagoa gerta daiteke, sinbolikoagoa. Horretaz ere zer esango dut nik, ba; uste dut oraindik ulertzen ditudala idatzi nituenean legez, baina auskalo.

Tira, poesiak gutxien behar duena da hari buruz teorizatzea, are gutxiago egileak berak egitea, eta Asier Serrano lagun eta idazle handiak hitzaurrerako oparitu dizkidan hitzak utziko ditut, uste baitut nik baino hobeto irakurri duela nire gogoaren lerro etenen artean. Eskerrik asko, Asier!

IRAKURTZEKO ZATIA

Denbora zatika neurtzen omen da. Donostiako Tabakalera usategi erraldoi hutsa zenean ezagutu genuen elkar Aselek eta biok; oraindik denetatik bizi nahi izateaz, eta denetatik sartzeaz aspertzen hasi ginen garaian. Ordudanik zatika ehundu dugu elkarren berri izateko denbora. Hori da adiskidantza ederrenaren legea. Akordatzen naiz lau eguneko egonaldi etiliko-kultural hartaz piraten etxean. Gogoratzen dut nire aitaren elkarte gastronomikoan, arazo teknikoak medio, komunean grabazio bat egitera behartu genuenekoa. Oroitzen naiz Argentinara joan zeneko email trukaketa egiazkoez; eta Txilen atxilotu zutenean egoera gezurrezkoak eragin zigun ezinegon eta kezka hilabeteez. Uneak, beste barik. Laguntasunaren arauek ebakitzen eta erabakitzen dituzten instanteak.

Urgentziaz, arin idazten duen prosagilea da Asel. Distopian aurkitzen du sarri lumaren lerroa. Agian, horregatik harritu nau bere estreinako poema bilduma honek: ez du presarik hartu utopiazale baten poemak izan daitezkeenak argitaratzeko momentuan. Iragan ez hain urruneko pasio, ilusio, balio eta sentimenduak orainean balekoak izan daitezkeela oroitaraztera datorkigun poeta egiazkoa. Badirudi Aselen ahotsa xuxurlaka datorkigula: akordatzen zara duela hogeita bost urte sinesten genuenaz? Ba, hemen dugu eskuartean bizirik oraindino. Zerbait kutsatzekotan, bizigura kutsatzen digute Aselen ele zahar eta berriek.

Horitutako poemak biltzeko eta argitaratzeko ausardia edo inkontzientzia behar dira. Bietatik bat. Eta liburu honetan bi Asel horiek azaltzen zaizkigu batean: ausart inkontziente bat, eta inkontziente ausart bat. Berdin du zein den motiboaren detonantea, nolanahi ere, urgentziazkoak izaten segitzen dute Aselen poemek.

Hemen isiltzen dira lagunarentzako berbak eta hasten dira benetako hitzak. Inoiz ez da jakiten noiz hasiko diren izan ginenaren mamuak argia bilatzen. Zelatatu ditzagun, beraz, Aselen iraganeko mamuak.

Pisu bat dago Aselen betileetan

lurrinezko lainoan askatasun esneaz

bere ametsetako erreinura garamatzana.

Eguzkiak minik eman ez eta elurrezko hegalak dantzan.

Oihuaren sokak apurturik

balearen irria ezpainetan

ortzia askoz zabalagoa da.

Onddo pozoitsuez oinak buztinean bidea margotuz:

inoiz nire aterpe hontara bazentoz

zatoz apaingarririk gabe.

Hildako putzuetan mila labana arrotz sartu dizkigute lepoan,

eta harriek negarrez ulertu dituzte

haizeak daramazkien keen ipuinak.

Esku hutsez kristalak hautsi eta bihotza aterako diot

bihotzik gabeko lur honi.

Malenkoniaz beteta jaisterakoan

guk, herritarrok, desberdinok, bereziok

lipar bakar batez kiskaldu dugu inozentzia.

Euria doa zerura nire sorotik

eta kanpaiek jo dute autobus zuriak belzten direnean.

Mailua ez bada egia

Zergatik mundu honetan ez dut nik agintzen?

paperen burezurrak oka egiten dituztelako.

Zertarako idatzi,

isiltasuna eskatzen duenean ederra miresteak?

Izotz beltz bihurtzeko denbora hilko dut

akelarre berrietan murgiltzen garenean.

Zergatik hiltzen dira ametsak

nahiaren eta etsipenaren labirintoetan?

Tristeziarik gabeko orgasmorik ez dagoen bezala,

Kristal garden eta hauskor baten antzera lurrunduko da egia.

Egunari azken odol tantak legez

atera begietatik zure amuak.

Itsasoan bideak desagertzen direla

ke urdinak esan zidan margo ugariren argitan.

Ipuin erbesteratuetan haizea jaten du

elurraren urtzaro beroetan

ahanzturaren gauak,

eta burdin hotzaz txoriak aldentzen dira

geroaren gezurra ez dutelako haiek asmatu.

Iraungipen data jarri eta

paradisu amesgaiztokoa zabaldu zenidan.

Mozorroa erantziko diogu arima saltzaileari

udaberri berriak ekarriz

maitasuna maite nuela asmatzeko.

Ezerezaren aldarea ez da gurea

eta espaloiaren mihi luzea sentitzen dut orain eta hemen.

Ez ezazu hodei eta olatuetan kaiolarik ikusi.

Pisu berri bat dago Aselen betileetan.

Iratzar ezazu, arren,

izorra dadila.

(Liburu osoa hemendik jaits daiteke zenbait formatutan).