Las sombras de la utopía (Utopiaren itzalak)

portada tren en movArgitaletxea: Tren en Movimiento

Urtea: 2.015

Orrialde kopurua: 203

Liburu hau jatorrian euskaraz idatzitako Utopiaren itzalak liburuaren gaztelaniazko itzulpena da. Euskarazkoa Txalapartak argitaratu zuen 2.010ean.

Gaztelaniazko bertsioaren azala Lluís Ràfols katalan artistak diseinatu zuen berriz ere.

Amaren suizidioaren ostean, Josuk, Eskorbuto taldeko izenkide miretsia hiltzen den egun berean, desintoxikazio zentroa utzi eta familian enpresari aberats eta eszentriko fama duen osaba Arturren etxera doa berarekin lan egitera. Berehala kolokan geratuko da osabaz duen irudia eta, lanean murgildu ahala, konturatuko da Arturrek badituela bestelako idealak eta bestelako enpresa-jarduerak. Hala bada, nobela honetako protagonistek, itzal batzuetatik besteetara joko dute, etorkizun hobe baten promesaren bila. Junkioi desintoxikatu eta berriz hastea geratzen zaigu. Gizarte junkie honi kontsumo gaindosiz hil eta birjaiotzea baino ez; desintoxikazio aukerarik ez.


Eleberri honen lehen zirriborroa 2.006 aldera sortu nuen. Bi izan ziren pizgarri nagusiak. Alde batetik, koadrilako solasaldi aspertu horietako batean -munduko desberdintasunaz ari ginen beharbada-, lagun batek buruan bueltaka geratu zitzaidan ageriko ideia bat bota zidan; holako zerbait izan zen, gutxi gorabehera: imajinatzen duzu munduko biztanle guztiei gureak bezalako hiri edo herrietako kontsumo maila eman nahi bagenie? Gure herri eta hirietako azpiegiturak jarri nahi bagenitu munduko bazter guztietan? Zenbat liraukete munduko baliabideek? Ez nuen lar imajinatu behar izan ulertzeko ezinezkoa zela gure kontsumo ildoari jarraitzen dion mundu oso bat. Ezin ginen gu, mendebaldarrok, gure bizi maila, berdintasunaren eredu izan. Geroago, egunkari batean, elkarrizketa bat irakurri nuen. Ez naiz gogoratzen nori egindakoa, CGTko norbait zelakoan nago. Elkarrizketa hartan kolapsoaren teoriaz mintzo zen elkarrizketatua. Ostabere, altzairuaren eta erregaien kontsumo maila aipatzen zuen, eta hari lotuta, Txina, India, Brasil, eta halako herrialdeen garapen gero eta bizkorragoa. Artean ez neukan entzunda desazkunde hitza, baina halako ideia ez oso originala etorri zitzaidan: munduak ez du irauterik gure zibilizazio estiloari jarraituta; ezinezkoa da munduko biztanle guztiak gure eredura ekartzea. Baina posible da, ordea, guk atzera egitea, munduarentzat jasangarria eta gizaki guztiontzat duina eta arrazoizkoa den oreka puntu batera iristea. Eta atzerako bide horretara iristeko bide bat imajinatu nuen, fikzioaren abantailak baliatuta. Gure gizarteak nekez erabakiko du, borondate onez, atzera egitea. Ohituta gaude beti gehiago eskatzera, inoiz ez gutxiago. Prozesuari bultzadatxo bat emango bagenio? 2.007ra, saldu diguten burbuilaren leherketara, iritsi gabe geunden artean.

Buruan neukan ideia garatzeko, otu zitzaidan onena denboran atzera egitea zela, imajinatzen nuen prozesuaren hastapena iraganeko puntu batean kokatzea. Horri lotuta, junkiaren irudia etorri zitzaidan gure kontsumo gizartearen metafora. Buruan neukan eleberriaren teoria nagusia, eta hari lotuta etorri ziren pertsonaia nagusiak: Josu eta haren osaba Artur. Josuren eskutik haren ama ere etorri zen, istorioaren detonagailua. Josuk, bestalde, bidea ematen zidan bizitzea tokatu zitzaidan garaiei omenalditxo bat egiteko, edo elegia moduko bat kantatzeko, agian. Gogoan nituen bidean geratu zirenak eta geratzeko zorian egon zirenak, Mundaka eta Bermeo inguruko belaunaldi galduak, gure inguruan beti zelatan, itzal luze eta mehatxagarri gisa zebilen heroina. Zenbat berba egiten genuen garai haietan drogei buruz! Batzuek hasieratik hartu genuen haiek gure bizitzatik baztertzeko erabaki irmoa. Beste batzuk tentatuta sentitu ziren. Tentaldi horretatik onez atera ziren zenbait, amaraunean harrapatuta geratu beste hainbat. Espainiako gobernuari nahiko ondo atera zitzaion plana, ezin ukatu. Duela aste pare bat Buenos Airesen aurkeztu nuen eleberria, gaztelaniara itzulita, IV. Liburu punkaren eta deribatuen azokan, eta han esan nuenez, poliziak sartu zigun Troiako zaldia izan zen hura. Droga batekin edo bestearekin, suzko ura, kokaina, cracka, opioa zein heroina izan, Estatu gehienek erabili duten eta darabilten estrategia izan da, gazteria desaktibatzeko eta eurek sortutako segurtasunaren arazoa errepresio eta kontrolerako baliatzeko. Duela gutxi Evaristori ere irakurri nion horretaz argitasun handiz hitz egiten.

Oroitzapen eta ideia haiek guztiek, beharbada, eraman ninduten hasiera nahiko iluna idaztera. Protagonista putzuan hasten da, ezin beherago. Berez atera zitzaidan lehen pasarte hura, iturburu bati darion ura bezala. Hain behean hasita, pertsonaiaren bideak goranzkoa izan behar zuen, iluntasunetik argitara, baina hain erraza ere ezin zen izan, itzalak ez dira inoiz guztiz desagertzen. Josuren eta haren osaba Arturren argi-itzal horien arteko jolasa jabetu zen istorioaz. Batez ere Josuren buruaren barruko argi-ilunak. Eta haiei lotuta, ezustean, beste osagai batzuk agertu ziren: Kiri, Laurita, Surtxu, amaren egunkaria… Argi puntuak, heldulekuak emateko zenbait unetan, iraganeko mamuen itzaletara amilarazteko beste batzuetan, pertsonaiaren arabera.

Eleberriari Bermeon ekin banion ere, Buenos Airesen jarraitu nuen 2.008ko irailean hara mugitu nintzenean, eta Temukon amaitu, 2.009ko negu australean. Horrek ere bere eragina izan zuen. Alde batetik, hasieratik istorioaren azpian nire ideia anarkista batzuk bazeuden ere, ordura arte nire pentsamendua nahiko ateorikoa zen, ez zegoen oso antolatuta, sen hutsak gidatutako anarkismoa zen nirea, nerabezarotik ondo errotua baina nahiko abstraktua eta joera indibidualistakoa. Buenos Airesen, ordea, ordura arte albo batera utzitako irakurketei heldu nien. Malatesta izan zen lehena, haren atzean etorri ziren Bakunin, Proudhon, Kropotkin… Eta testu eder haiek nire ideia nahasiei bota zioten argia esku artean neukan eleberrian ere islatu zen. Horren ondorioz joan ziren eleberrian sudurra sartzen egile haien berbak. Idazlea, azken finean, bizi duenaz elikatzen da. Bestetik, Lauritaren ahotsak pisua irabazi zuen etengabe. Pertsonaia hura sortu nuenean, Hego Amerikan egon gabea nintzen. Ez zen kontinente horretako lehen pertsonaia: han agertu ziren lehenago Karonteko Naroa euskal argentinarra, edo Abaraskako argentinar margolaria, esaterako. Baina haiek europar jatorri eta kulturako amerikarrak ziren. Laurita zen, lehen aldiz nire liburu batean, Ameriketako herri indigenen ahotsa. Ahots imajinatua, diodan lez, ordura arte ez bainuen Ameriketako indigenarik ezagutzen. Badirudi, maiz gertatzen den bezala, fikzio literarioa iragarpen ere bihurtzen dela. Laster, Temukon batez ere, herri indigena batek, maputxe herriak, pairatzen duen errepresio bortitzaren eta kapitalismoaren aurka daraman borrokaren berri izan nuen. Nik imajinatutako indigenak, egiazkoak, bizi ziren lurraldean nengoen. Era berean, gure artean hain idealizatuta daukagun euskal diaspora bertatik bertara ezagutzeko parada ere izan nuen Buenos Airesen, gure leinukoek herri indigenen genozidioetan, diktadura ultraeskuindarretan, lurren espoliazioan izandako parte-hartze aktiboaz hobeto informatzeko. Ameriketan ez zegoen arrazoi handirik euskalduna izateagatik harro sentitzeko…

Musikak ere garrantzia izan zuen berriz. Ez dakit egunen batean eleberrietan agertutako talde eta kanta guztien bilduma egingo ote dudan, baina interesgarria litzateke, neuretzat baino ez bada ere. Kasu honetan, hari lotuta sortu zen Sandor, Josuren iraganeko beste hildako bat. Inkontzienteak badauka zeresana, berriz ere, pertsonaia horrek zabaldu zituen zidorretan. Ez ditut, baina, liburuaren bidez neure buruari egin nizkion galdera guztiak hona ekarriko. Are gutxiago erantzunak, kasu gehienetan, beti bezala, aurkitu ez nituelako. Beharbada hobeto asmatuko du erantzuten irakurleak berak.


Irakurtzeko zatia

Aitarik inoiz izan ez dugunontzat, ama da teilatua. Isuri bakarreko teilatua. Itzala beti alde berean, itoginak ere zulo berberetatik. Eta itogin horiek asko edo gutxi izan, itzala zabala zein estua, aterpe ematen digun beste hegaztegirik ez dugu, ez gara beste inon seguru sentitzen. Horrez gain, anaiatzat zaldia aukeratu genuenontzat, haren trostatik urruntzea, neurri batean, Cainena egitea da, istorio horretan Cain bakarra zaldia bera izan arren. Horregatik, beti geratzen da erruduntasun sentipen txiki bat izioturik, beti atzera egin, barkamena eskatu eta hil dugun anaia berpizteko tentazioa. Berak hil bagintu damurik txikienak ere aztoratuko ez zukeela barneratzea da balaztetariko bat. Bestea, garrantzitsuena, ezagutarazi zizun infernura itzultzea baino, herioa bera nahiago izatea.

Ez zegoen bakarrago sentitzerik. Albistea ezin zen une txarragoan iritsi. Josuk nahiago zukeen irudimenik ez izan, baina bere alde masokistenak behin eta berriz zekarkion irudi bera burura: ama bainuontzian, marea gorriak harrapatuta, biluzik, besoko zainak irekita, bizi zantzu guztiek alde eginda. Ez zioten esan zelan egin zuen bere buruaz beste; zentroko zuzendariak bazekien sentiberatasuna zer zen, eta primeran neurtu zituen hitzak. Euriak hamar bat minutu lehenago utzi zion Dead Kennedysen erritmoan jotzeari, eta orain malko distiratsuz estalita agertzen zen baratzea. Goragalea ematen zion baratzeak: zerion alaitasunak adarjotzea zirudien, aurpegira egiten zion barre. Bere eskuak bizia lorarazteko gai zirela ikasi zuen baratze hartan. Milimetroz milimetro ikusi zituen lekak hazten, tomateak egunez egun gorritzen, laguntza ezinbestekoa gorputzak eskatzen zion auto-suntsiketa ahazteko. Geroago, aitzakia izan zen egonaldia luzatzeko. Hangoa bukatuz gero, nora jo? Auzora? Betiko lagunengana? Hondoratzen lagundu ziotenen ondora? Txirula hartu eta alderrai ibiltzera?

Galdera geroratuek ez dute betarik galdu, eta bonbardaketa gupidagabeari ekin diote. Orain zer? Amak hemendik at nahi zaitu, baina garbi. Garbi hago, baina barruan hagoelako. Ez duzu berriro tximinoa izan nahi, ez duzu iritsi gura zeure burua hilda ikusi nahi izatera. Salbatu haute eta hik ez duk ama salbatu; beragandik urrun igarotako denbora zakarrontzira botako al duk?

Leihoak alaitasun guztia galdu zuen, tunel sakon batean sartu balira legez, eta euriak bere bateria soloari ekin dio berriro. GBH oraingoan. Hobeto horrela. Zeruak ere negar egin diezaiola amari. Nire ordez. Zergatik ez dago malkorik nire barruan? Negar egiteko gogoak urdaila iraultzen zion, baina, hala ere, bazekien lehenago egingo zuela oka, begiak bustitzera utzi bano. Logelatik irtenez gero, elkartasun keinurik ez zuen faltako. Horrexek egiten zuen gainezka zentro hartan: elkartasuna. Ez zuen holakorik beste inon topatu. Familian ez, argi eta garbi. Kaleko lagunen artean are gutxiago. Kalean hobe zen ondokoa putzu batean itotzen ikustea, garbi baino. Helduko zizuten burutik, arduratuko ziren, bai, bihar ere koilara nork berotu izateko. Ondo zekien Josuk, bera ere halakoa izan zelako, eta oraindik ez da guztiz ausartzen holakoa ez dela baieztatzera.

Eguneko bigarren albistea idatzia izan zen. Hura ere zuzendariak ekarri zion. Hain jo zuen xamurki atean, ezen Josuk laugarrenean baino ez baitzuen entzun. Ozenagoa zen zaparrada. Luismi ez zen eskutitza ekartzera mugatu. Beti zeukan gizalegezko keinua prest, eta oraingoan botilatxo baten barruan etorri zen. Holako eguraldiarekin ez dago barruko epeltasunetik kanpora begiratzea bezalakorik, batez ere garagardoa lagun. Bigarrenera zeuk gonbidatu beharko nauzu ni. Piparen usain gozoa zabaldu zen haren ahotik. Betaurrekoak sudur gainean egokitu, bizartxoari hazka egin, eta horrela, botila esku batean eta “Josurentzat” zioen gutun-azala bestean, bakarrik utzi zuen berriro. Ez zen azalpenik behar, zelan heldu den, nork ekarri duen, are gutxiago norena den. Baina “Josurentzat”? Zergatik ez “semearentzat”? Zalantzarik ez geratzeko?, subkontzientearen ukoa, bestela? Ez, amak ez dit inoiz uko egin. Bete-betean asmatu zuen Luismik, Josuri beti egiten zion on garagardoak. Alkoholari, zaldiari ez bezala, gazte-gaztetatik hartu zion neurria. Debekatuta zegoen zentro barruan, baina Luismi ia amak baino hobeto ezagutzera iritsi zen egonaldi luze hartan, eta bazekien oraingo honetan garagardoak berak baino gehiago, keinuak lagunduko ziola. Zuzendariak berak arau bat apurtzeak asko esan gura du Josurentzat.

<<Josu laztana, jakingo duzu inoiz zure amari keinu koldar hau barkatzen. Azalpenik ere ez dut zuretzat. Aitzakiarik ere ez. Orain, inoiz baino gehiago, zure bideari heldu. Gauza bakarra dut zuri aholkatzeko, horretarako eskubiderik edo indar moralik baldin badut: ipini harremanetan osaba Arturrekin. Ahalik eta lasterren. Badakit ez duzula hau inola ere ulertuko, baina ezagutu dudan pertsonarik oso eta fidagarriena da, eta zinez maite zaitu. Berak jakingo du zure hustasuna bide onean ipintzen. Ez nazazu gehiegi madarikatu. Maite zaitut, seme>>.

Horrekin konpondu gura du amak egin didana? Ez dezadala madarikatu? Eta zertara dator osaba Arturren kontu hori orain? Josu atzera egiten saiatu da. Oharra puskatan deuseztatzeko gogoari eutsi eta astiro tolestu du papertxoa. Ez, hain zuzen ere, bertan amak osabaren telefonoa utzi diolako. Amak berarentzat egin duen azken ekintza dago letra horietan. Eta berba garrantzitsua mezua bukatzeko: seme. Osaba Artur. Zer daki Josuk hari buruz? Familian urrun mugitu den norbait izan bada, Artur da hori. Urteetan ez du ikusi. Txikitako oroitzapen zokoratuenen artean bilatu behar du zerbait idorotzeko. Badago zer edo zer: nerabezaroan sartzeaz batera, urtero helarazten zion liburua. Ez zen urtebetetzearen zain geratzen, edonoiz irits zitekeen, baina urtea bukatu aurretik han zegoen, ondo bilduta, osaba Arturren liburua. Beti pentsatu zuen bere eguna noiz zen ere ez zekielako egiten zuela horrela. Kontua da, liburu haien zain ematen zuela aknearen mendeko sasoi latz hura. Ez daki inoiz utzi dion nerabe izateari, baina liburuek bai, iristeari utzi zioten. Orri haietan beti topatu zuen merezi zuen zerbait; ez ziren gazte-literaturaren zakuan sartzen ziren istorio zozo horietarikoak eta, iraunarazi nahi zien arren, egun gutxitan irensten zituen. Ideia bereziak zekartzaten eta helduago sentiarazten zuten. Norbaitek bere benetako aldaketak hartzen zituen aintzat, eta ez bakarrik ahots aldaketak edo azaleko bonak. Orain Josu gai da aitortzeko liburuak berriro ez heltzearen errua berak izan zuela. Aukeratu zuen bide nihilistak zerikusi gutxi eduki zuen liburu haiekin guztiekin, eta, gainera, zelan jakingo zuten bera non topatu, etxean baino gehiago alderrai ibiltzen bazen, berdin gaztetxe batean edo kutxazainean lo egiten bazuen?

Osaba Artur, familiako aberats okitua. Emazteak, izeko Madalenek, aspaldi laga zuena. Horretan bazuen kidetasuna amarekin. Seguruenik urrezko komunean egiten du kaka. Zer demontre egingo zuen berak holako bati laguntza eskatuta? Galdera hobeto formulatuta: zer onartu behar zuen osabak bere iloba junkieagandik? Bestalde, irribarre zuriak eta hitz politak baino ez dituztenekin badaki jai daukala. Are gehiago: sekula ez litzateke makurtuko familiako beste inori laguntza eskatzera. Ulertzen du amaren aholkua, bai, bera bide da inguruko zintzoena eta, eskatuz gero, laguntzaren bat edo beste emateko prest legokeen bakarra, bihotzez. Baina orain ezin du ezertaz pentsatu. Bere etorkizunaz baino ez, bere minaz gozatu nahi du. Barru-barruraino, zorigaitzak erraiak erretzen dizkiola sentitu gura du. Garagardoak ez dio zauria eztituko; aitzitik, darion zornea biziagotuko dio. Baina horixe nahi du orain. Badaki zelan edo hala urradura zitalenak ere orbaintzen direla; beraz, orbaintzen hasi aurretik ematen dion suminduran sakondu behar du, inork ez ezerk ez diezaion unea ebats. Hori izan du beti Josuk: muturreko sentsazioen bila eman du gaztaroaren onena. Asko gozatzeko asko sufritu behar dela, lelo horrek gidatu du bizitzan.


Liburu osoa jaits dezakezu epub nahiz mobi formatuan.