Oso gazte jakin nuen nire maitatzeko modua ez zetorrela bat inguruak espero eta agintzen zuenarekin. Nerabeak ginen, asko hitz egiten genuen sexuaz eta, 80. hamarkadako euskaldunak izanda, ahoz baino ez genuen jarduten. Ezagutu genituen berba berriak, gure ahozko sexua gainditzen zituztenak; felatio eta cunnilingus, besteak beste. Eta egunero genuen masturbazioa mintzagai. Mutilena, neskena misterioa baitzen; itxura guztien arabera, baita neskentzat eurentzat ere. Sarritan galdetzen genien derrigorrez gona jantzi behar zuten gelakideei, baita nahitaezko uniformetasuna amaitu eta haien hankak praketan sartuta agertzen hasi zitzaizkigunean ere, eta erantzun tematia itzultzen zitzaigun beti: gu, neskok, ez gara masturbatzen, ez dugu gure jostailua laztantzen, hori zuen mutilon obsesioa da. G puntua, emakumeen orgasmoa… Entzundako kondairak. Xurrumurruak. Ez genuen inoiz erantzuna guztiz sinetsi, baina ez genuen kontrakoaren froga enpirikorik inoiz lortu. Adin horretan eta gutako gehienok, esan nahi baita. Beste batzuentzat, neska zein mutil, sexuaren mundu debekatu hori zabalik egon zen beti.
Gure Sexual Herri erreprimituan ere bai.
Baina ez genuen amore ematen, eta gure ikastetxe mistoan, denon hormonak borborka eta gure zapaburuak komuneko papera kiloka xahutzera kondenatuta, ahozko sexuak aurrera jarraitzen zuen. Brisa ala urakana? Galdera erretorikoak. Eta halako galdera jokoetan maiz agertzen zen beste bat: zer egingo zenuke zure neska/mutil-lagunak beste batekin txortan dabilela jakingo bazenu? Espekulazio filosofikoa zen gurea, gure artean ez neska/mutil-lagunik, ez txortarik, are gutxiago mirari hori arriskuan jar zezakeen hirugarrenik. Baina imajinatu egiten genuen, irudimena bai, genitalak eurak baino biziagoa baikeneukan -zenbat energia sortzaile liburu artean idortuta; zenbat oihan soilduta-… Jeloskorrak ote ginen, alegia. Erantzun gehienak antzekoak izaten ziren, baina hor hasi zen martetar polimaitakorra agertzen. Polimaitasun berba inongo hiztegitan agertzen ez zen garaietan. Monogamia ala hil. Maitasun askea hippyen saiakuntza baino ez zen izan, aspaldi porrot egin eta lurperatua. Eta neska/mutil batekin ligatzeak selektibitaterako bide osoa arrakastaz amaitzeak baino urrunagoa ematen zuenean, monogamia bera espekulazio hutsa izanda, zelan pentsatuko genuen irudimenezko harreman idealizatu hori arriskuan jarriko zuen ezertan? Eman monogamia lehenago -edo nire mihiarekin jolasteko prest egongo den beste mihi bat aski-, eta utzi fantasiak. Horrek orgien gainean tontakeriak esatea galarazten ez bazigun ere. Nork lortu du titi bat ukitzea, titiaren jabearen baimenez? Urrun zegoen ‘ezetz ezetz da’ leloa. Besteen eskuak gure zakiletara hurbiltzeko oztopoak ez baitzetozen gure baimen faltatik. Irrikan geunden denok gurea ez zen esku bat sentitzeko gure laguntxoagana gerturatzen. Fantasia horiek besarkatzen gintuzten gaueko kanpai-hotsak isiltzeko gure ahaleginetan.
Eta hara martetarra: nik ez dut arazorik ikusten nire (balizko, oso balizko) neska-lagunak, nirekin ez dagoenean, beste pertsona (mutil zein neska) batekin dibertitu gura badu. Hontz begiak nire inguruan. Hontz begi sinesgogorrak. Teorikoki, esan gura duzu. Alegia, ez dizula axola zure neska-lagunak beste batekin txortan egiten badu. Teorikoki ez. Zer dauka txarrik? Ez badago nirekin… Demagun beste lagun batekin zinemara edo dantzara joan gura duela? Zer dauka txarrik? Ondo sentitu gura du eta ondo sentitzen da ondoan daukan pertsonarekin. Maite izatea ez da maite duzunaren zoriona gura izatea? Galdera inozoegia, antza. Eta une horretan haren zoriona ondoan daukan pertsonarekin ondo pasatzea bada zer gura duzu, hori zapuztu? Zer kalte egingo dizu? Bai, baina txortan, ez dantzan! Eta? Zer axola dizu beste pertsona batekin ondo pasatzeko aukeratzen duen moduak? Ados, demagun, martetar hori, demagun ez dizula axola eta pozik zaudela beste batekin txortan dabilelako. Eta maitemintzen bada? Harrapatu zaitugu, ez zara martetarra… Baina martetarra berean: ni maite banau, zergatik ez du beste bat maiteko? Pertsona bat baino gehiago maita dezakegu, bakoitza modu batean, ezta? Ez nau maiteago izango bere sentimenduak errespetatzen baditut, derrigortzen ez baditut? Beste pertsona baten maitasunak zoriona areagotzen badio ez dut zoriontasun hori gura izango maite dudan neska-lagunarentzat? Martetarrak ez zuen polimaitasun berba imajinatu ere egiten, baina, sexu hipotetiko teoriko espekulatibo horren munduan apur bat bakarrik sentitzen zen.
Eta aukerak iritsi zirenean, noski, monogamia onartu zuen.
Monogamia onartu egiten baita.
Monogamia bitxia -mutil-laguna zeukan neska baten mutil-laguna izatea onartuta, esaterako, bidean agertzen zitzaizkion neskekin gau bateko mustur-jolasei konplexu barik lekua eginda; adostutako mugen barruan betiere-.
Harreman monogamo bati beste bat jarraitu zitzaion, eta horri beste bat; baten mugak zabalagoak, bestearenak estuagoak, etorri legez onartuta, adostuta, eta halako batean martetarrak bakarrik eta bere buruarekin egoteko denboraren jabe aurkitu zuen bere burua. Ikasbide bat ikasita: ez nago monogamiarako eginda. Aske izateko jaio naiz. Urteak neure burua ezagutzeko, neure buruarekin egoteko beldurra galtzeko, isiltasunari entzuteko, piezak ordenatzeko. Oinarri bat jarrita, berriz: badakit zer maitasun mota ez dudan gura nire bizitzan. Maite izandako neska guztiak maitatzen jarraitu arren. Eta haiei guztiei eskertuta egon arren. Ez genuen asmatu. Martetarraren maitatzeko moduak ez zituen inoiz lurtarren maite premiak aseko. Ezta lurtarrenen moduak martetarraren premiak ere. Beharbada, ez zen beste martetarrik egongo Lur planetan. Are gutxiago Sexual Herri erreprimitura bueltatu ostean. Hala ere, hobeto bakarrik eta ondo, maitasun hitzez eraikitako kartzela batean baino.
Halako batean, ordea, aspaldiko lagun bati bisita egin, Sexual Herritik urrun berriro, Buenos Airesen, eta inoiz entzun gabeko terminoa xuxurlatu zion arima libre hark: harreman anarkia. Ordurako entzunda zeukan martetarrak polimaitasun berba; bolo-bolo zebilen giro batzuetan. Eta izugarrizko porrotetan amaitutako esperimentuen berri ere izan zuen. Irakurria zuen El amor libre liburua. Ederra, baina esperientzia artifizial eta dudazkoegiak begitantzen zitzaizkion. Beste horrenbeste gertatzen zitzaion polimaitasunaz berba egiten zioten pertsonekin: azaleko promiskuitatea eta erantzukizun eza zuritzeko azken garrasia gehienetan. Azken moda. Bazterrak hilotz afektiboz beteko zituen beste teoria postmoderno bat. Harreman anarkian, ordea, zentzua ikusi zuen lehen unetik. Ez zion lagunari itaundu ea zer zen hori. Anarkia bera ez zuen liburuetan aurkitu martetarrak nerabe zenean. Anarkiari buruzko bere teoria ateorikoa eraiki zuen askatasun berberaz eman zion bere esangura termino horri. Harreman anarkia. Anarkia harremanetan. Zentzua zeukan, anarkista zela ohartu zen garai berean jabetu baitzen maitasunak beste giza esparru guztiek bezain aske behar zuela maitasun deitzea merezitzeko. Eta hala, berehala etorri zitzaion zein zen, bere aburuz, horren oinarria. Anarkiarena berarena -edo berak anarkiari ematen zion esangurarena-: askatasuna, berdintasuna, erantzukizuna eta begirunea. Joan-etorriko harremana. Hartu eta eman, eman eta hartu. Niretzat balio duenak zuretzat balio du; niretzat balio duenak nirekin harremanetan jartzen den ororentzat balio du. Neure gain hartzen dut eraikitzen ditudan harremanen erantzukizuna, niri dagokidan neurrian; ez gehiago, ez gutxiago ere. Neure buruari onartzen diodan askatasuna onartzen diet maite ditudan lagunei. Bion, hiruron, lauron, boston… arteko berdintasuna, horizontaltasuna. Eta begirunea: diren legez onartzen ditut, ez nire antzekoago bihurtzeko edo nire moldera ekartzeko, zein bere buruaren antzekoago izan dadin baino, nork bere moldea eraiki dezan. Ni niago, zuago zu.
Ideia horietako batzuk gerora etorriko ziren. Artean, neure burua, nire maitatzeko modua, nire iraganeko akatsak… hobeto ulertzeko bidea baino ez zen. Bide teorikoa. Agian praktika inoiz ezagutuko ez zuena.
Baina, beste halako batean -eta badira hiru gutxienez-, martetarraren piezek elkarrekin bat egiten zuten bitartean, presa barik eta pertsona ederren laguntzaz une batzuetan, beste martetar bat agertu zen bidean. Lehenago ezagutu zuten elkar martetarrek, biak planeta beretik jausi zirela jakin barik. Covid-faxismoak ez zizkion gauzak erraz jarri maitasunari une hartan, ordea. Ez lurtarrari, are gutxiago beste planeta batzuetatik etorritakoari -antropologia kontrakoa erakusten tematzen bada ere; alegia, maitasun monogamoak dituela lurtarren artean historiarik laburrena eta hedadurarik murritzena, baina mendebaldarren mende egonik lurtarrek euren buruaz eraikitako irudia-. Eta giza-harremanen aurkako oldea arindu zenean, hara non egin zuten topo martetarrek berriro eta, ia zelan jakin barik, elkar ezagutu zuten. Polimaitasun hitza erabili zuen batek, harreman anarkia besteak. Eta euskaraz. Sexual Herri erreprimituan bazegoen hizkuntza berean mintzatzen zen beste martetar bat! Larrutan ere euskaraz zekiena!
Bai, azken teoriek egia diote beharbada: euskara beste planeta batetik eta nahiko berandu iritsitako hizkuntza ei da. Ezerezetik sortua. Asmatua, agian. Galdetu ETBn eta EHUn. Haiek dakite gehiago lurtarren kontuez…
Hortik aurrera, martetar honek aukera izan dut hamabost urterekin usaintzen nuena posible ez ezik, ikaragarri ederra dela egiaztatzeko. Baita edonorentzako balio ez duela ikasteko ere. Etengabeko erronka den harreman zail, eder, zintzo eta aske horretan ikusi baititugu polimaitasunaren predikariak porrot egiten eta monogamia sutsu besarkatzen, besteak beste -hori egiten ari direla jabetu barik, beharbada-. Ez da erraza nor bere buruarekin zintzo jokatzea eta teoriaren lilurak ez du guztiengan gainditzen praktikaren egia.
Baina praktikaren bidez teorizatzeko aukera handiak ere ekarri dizkigu. Ulertzeko, esaterako, nire harreman anarkia gauzatzeko modua polimaitakorra dela. Maite nauenak beste inor maitatzeko bidea murrizten didanean zimeldu egiten naizela; idortu egiten dela pertsona horrenganako maitasuna. Maite nauenak nire bihotza libre uzten duenean, aldiz, are gehiago zabaltzen dituela bere hegoak harengana. Indartu egiten dela libre maitatzen uzten nauen maitale bakoitzagatik sentitzen dudan maitasuna. Eta sexu desira, sexua beste maitale batzuekin bizitzeko ateak ixten ez dizkidanean. Maite dudana beste pertsona batzuek maitatzea, maite dudanak beste pertsona batzuk maitatzea, zoriona dela. Nerabe baten moduan nabilela, pozez zoratzen, nire maitea(k) beste bat(zu)ekin larrutan imajinatzen d(it)udanean; zoriontsu, maitasunez, sexuz, plazerez beteta imajinatzen d(it)udalako. Eta poz, lilura, irrika bera sentitu dut nire maiteagan maite nauen/maite dudan beste batekin gauzak ondo joan eta sexu zoragarria izan dugula jakitean.
Ikasi dut gustuko ditudanei sentitzen dudana gardentasun eta zintzotasunetik esaten, diren legez onartzen. Monogamoak errespetatzen eta, ahal dela, haiekin denontzako mingarria izango den harreman sexu-afektiboa ekiditen, horregatik gutxiago maitatu barik. Egon dira une zoragarriak, bidean etenda geratu direnak. Eta bestea ulertzeko ariketa ere ederra izan da. Ez baita erreza martetarrontzat ulertzea: zergatik egiten dute lurtarrek hain korapilatsu berez hain erraza dena? Beldurra da gakoa, eta horretaz ere dezente hausnartu ahal izan dugu, geure beldurrei -oraingoei zein iraganekoei- aurrez aurre begiratuta. Onartu, bai: pertsona batzuei beldurra ematen die maite duten pertsonak beste pertsona bat maitatzeak; beste pertsona batekin gozatzeak. Gizarte lehiakorrak lehia ezarri du maitasunean ere. Batek behar du onena, bakarra, hautatua -Sartrek esango zuen pertsona bakar batek nabarmendu behar duela gure mundu-hondoan; horixe maitasun indoeuropar judu-kristau erromantiko monogamoaren legea, antza-. Batek ase behar dizkigu premia guztiak. Bati ase behar dizkiogu bere premia guztiak. Gure maiteen zorionaren erantzule bihurtzen gaitu maitasun mota horrek. Geure buruarenganako erantzukizunetik urrundu, gure zoriona ere gure maite bakarraren erantzukizun bihurtuta. Elkar behar dugu, maite bakar hori desagertuta galduak gara. Ez da erraz ulertzen martetarra zarenean. Onartzen denean norberarentzako garrantzitsuena norberak behar duela, era berean onartuta gure bizitzan sartzen den lagun bakoitzarentzat ere berak izan behar duela garrantzitsuena. Ez gu, ez beste inor. Bera. Norberarenganako eta bestearenganako begirune horretatik errazago ulertzen eta onartzen eta disfrutatzen dela dena. Sexua eta maitasuna batez ere. Zuk zeure ipar-orratza, nik neurea. Nire ipar-orratzaz beste fidatzen naiz zureaz. Zure ipar-orratzaz beste fidatzen zara nireaz. Ez da teoria. Bizi izan dut. Bizitzen ari naiz. Eta ikusi ditut bere unean uneko ipar-orratzari nolabait kasu eginda hanka, edo atzamarra, edo begiak, edo bihotz zatiak izozkailuan sartu behar izan dituztenak. Erauzi ez, espero. Bestea maitatzeko euren burua murriztu behar dutenak. Penaz baina errespetuz ikusi ere. Maitasunez. Hautu horretan zoriona opaz. Zail ikusi arren.
Beharbada ez du lurtarrentzako balio, baina martetarrok zerbait atera dugu argi: zure maitasunak zure maitearen mundua handitzen, zure maiteari berago izaten lagun diezaiola. Ondoan argi egiten, elkarren argia biziagoa izan dadin, ez batak besteari itzal egiteko. Zure maitasunak ez diezaiola zure maiteari hazteko bidea oztopa, ez dadila muga izan, are gutxiago zure maitearen oinarri bihurtu. Ni nire oinarri nagusia, zu zeurea. Ni zure ondoan nire erara hazi, zu nire ondoan zeurera. Elkar eraldatuz elkar aldatzeko asmo barik. Elkarri entzunez, asko entzunez. Elkarri berba eginez, asko berba eginez. Partekatuz. Sentituz. Entseatuz. Huts eginez.
Eta teorizatu dugu, holakoak gara martetarrok, ez dugula hartzearen beldur izan behar. Ez ematearen beldur. Asko hartzen dugunean aukera ematen diogula besteari asko ematearen plazeraz gozatzeko. Guri emanez hazteko. Asko ematen dugunean asko hartzen dugula. Euskarak ezin hobeto adierazten duenez: hartu-emana, harremana. Ia-ia ar-emea, eme-arra. Denongan dauden eta osagarri diren energiak. Neurgailurik gabeko harremanetan ez dagoela inoiz zorrik inoren alde edo kontra. Oreka berez datorrela emateko beste hartzeko eta hartzeko beste emateko prest gaudenean. Zerbait hartzeko prest ez bagaude hobe dela ez ematea. Zerbait emateko prest ez gaudenean hobe dela ez hartzea. Pertsona bakoitzak ez dituela pertsona bi berdin maitatzen. Ezta maitatua izaten ere. Pertsona bakoitzak ez duela sexua pertsona birekin berdin egiten. “Eta” ez eta “ala” erabiltzen dugunean gure zatitxo bat sakrifikatzen dugula. Batez ere “ala” horretarako arrazoirik ez dagoenean. Arrazoiak geuk asmatzen ditugunean desio dugunaren kontra. Sentitzen dugunaren kontra. Edo are latzagoa, beste batek ezartzen digunean “ala” hori.
Martetar honek jarraitzen dut ikasten. Behaztopa egiten. Hazten. Maitatzen. Onartzen. Hegoak zabaltzen. Besteen argiekin argi egiten. Praktika teoria bihurtzen, eta ez teoria praktikatzen.
Norberaren intentsitatea ulertzen, horren erantzukizuna hartzen.
Niago izaten.
Martetarrago.
Eta hain lurtar.
Eta hain iraultzaile.