Mundaka gaba

Gure lehenengo singlea da “Mundaka gaba”. Bilatzen genuen estilo berrian beste bide bat ere behar genuen testuak idazteko garaian. Asmoa trapunk esan dakiokeen zerbait egitea izanda, berben esangura politikoari uko egin barik geure errealitate hurbiletik hasi behar genuen. Hala, derrigorrez, bidaia hau eragin zuenari begiratu behar nion: azken udan, 2021ekoan, Mundakan egindako parrandei. Zertarako bilatu urrunago, Mundakako gau horiek hain iturri oparoa izanda? Eta zenbat gauza esan daitekeen hain abiapuntu xume batetik… Zuzentasun politikoa ez da inoiz izan nire ardura nagusia, ezta idazten dudanarekin lagunak egitea ere. Lehenengo kantak egiten hasi orduko, shamplerren ideia ere etorri zen, eta zer shampler hoberik Mundakako gauez berba egiteko Aratusteetan atorrek abesten duten/dugun “Al mundakes errante” baino, horrelako ahapaldi gogoangarri eta erabilgarria oparitu digun kanta. Zoritxarrez -edo zorionez- kanta hori ez zegoen inon grabatuta, eta geure moldaketa egin behar izan genuen, horretarako atorra jantzi ez bagenuen ere. Gontzalek grabatu zigun akordeoia, Fondak mandolina, eta beraren, Pelloren eta hiruron ahotsak koru bihurtu ziren teknologiak lagunduta. Zer hasiera eta, batez ere, zer amaiera hoberik kantak lerro artean dioen guztiaren markoa izateko? Eta ez, guk ez dugu alderdiaren karnetik. Gura bez.