2018ko udaberrirako, “Bioklik” bidean

Bide luzea izan da, baina badator nire zazpigarren eleberria izango dena, “Bioklik”. Proiektuaren lehen apunteak 2008an egin nituen, Bermeon, orduan Utopiaren itzalak hasita neukala. Karonterekin hasitako zientzia fikzioaren bideari heldu nion berriz, oraingoan etorkizun ez hain urrun batera bidaiatuta: 2044ko Bilbora. Kasualitateak nahi izan du, gainera, “Bioklik”ekin Elkar argitaletxera itzul nadila, 13 urte geroago.

Argitaratzen denerako 10 urte igaroko dira ia lehen zirriborro hartatik istorioak argia ikusi arte. Hamarkada bat. Denbora horretan, hainbat aldaketa gertatu dira gizartean, eta nire bizitzak ere hainbat gorabehera izan ditu. Bermeon hasi, Txilen jarraitu, urte biz idatzitakoa hango Fiskaltzaren eskuetan bahituta geratu, tartean beste eleberri bi argitaratu eta beste liburu bat gazteleraz idatzi, Euskal Herrira tarte baterako itzuli, Buenos Airesa bost urterako joan…, eta han berreskuratu nuen luzaroan bahitutako fitxategi haiek eta hango giroan tokatu zitzaion amaitu arteko prozesua bizitzea. Gauza asko istorio gaixoarentzat. Hala ere, bizirautea lortu zuen. Eta bidean ondo loditzea, bai horixe.

Eleberri bat, ordea, egileak bizi dituen egoeren emaitza ere bada, neurri handi batean eta, hala, hasierako asmoetan agertzen ez ziren eduki batzuk funtsezko bihurtu ziren aurrera egin ahala. Pentsatuta ez zeuden pertsonaiak eta batez ere bidean sortutako hausnarketa eta ikuspuntu berriak. Nolanahi ere, hasierako asmo nagusiari eustea lortu du: etorkizuneko Euskal Herri distopikoa marraztea, egungotik hain urrun ez dagoena, zoritxarrez. Biodemokrazia betean.

Ez dut istorioari buruz asko aurreratu nahi. Gauza bi baino ez: aurreko liburuak irakurri dituztenek keinu batzuk topatuko dituzte saiakeratik zerbait ere badaukan eleberri honetan; atseginak gertatzea espero dut… Bestetik, zabalik zeuden ziklo pertsonal eta literario batzuk ixteko liburua dela esan daiteke, buruan borborka dabiltzan beste istorio eta mundu batzuei atea irekitzeko. Ez da gutxi Latinoamerikatik motxilan ekarritakoa…

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude