Atxikimendu kanpaina aurkezteko prentsaurrekoa

2019a albiste eder batekin amaitu zen niretzat: urte luzeen ondoren, abenduan Amerika arteko Giza Eskubideen Batzordeak (AGBE) onartu zigun Txileko estatuaren aurka jarritako demanda, nire aurkako prozesuan giza eskubideen urraketen zantzuak ikusita. Albistearekin batera, mandatu bat ere eman zidan Jaime Madariaga abokatuak: auzian zabaltzen den fase berria luzea, astuna eta garestia izango da, lan asko dago egiteko, eta zaila izango da datorrenari biok bakarrik aurpegi ematea. Funtsezko gauza bi beharko genituen: nazioarteko erakunderen baten babesa, eta finantzazioa, batez ere, kasuak aurrera egin ahala, AGEBren egoitzarako bidaiak ere egin beharko direlako, hots, Washingtonera (Jaimek, gaur egun Interpolen zerrendan egonda ezinezkoa baitirudi ni AEBn sartu ahal izatea). Zorionez, Euskal Idazleen Elkartetik (EIE) berehala etorri zitzaidan erantzuna, Garbiñe Ubeda presidenteak eta Fito Rodriguezek lanerako arropa jantzita. 2010ean bezala, oraingoan lema EIEren eskuetan utzita bada ere, Euskal PEN Klubak ere hartu du kasua bere gain. Haien esfortzuei esker, atxikimendu kanpaina bat ekin genion. Laster iritsi ziren lehenengoak eta gaur egun laurogeitik gora dira babesa adierazi didaten idazle, musikari eta bestelako artistak. Haien artean, izen ezagunak, hala nola Bernardo Atxaga, Fermin eta Jabier Muguruza, Juantxo Skalari, Asier Serrano, Ana Galarraga, Unai Elorriaga, Harkaitz Cano, Itziar Ituño, Miren Agur Meabe, Koldo Izagirre, Joxe Azurmendi, Pako Aristi, Unai Iturriaga, Petti, Yolanda Arrieta… Ezin denak hemen sartu, eskerrak guztiei bidaltzen badizkiet ere. Horri lotuta, hedabideen erantzuna ere etorri zen. Gotzon Hermosillak berehala idatzi zidan Berriarentzako elkarrizketa bat egiteko, eta Unai Aranzadi Mundakaraino etorri zen solasaldi luzean murgiltzera, El Saltorentzako. EiTBk ere ateak zabaldu zizkidan Egunon Euskadi, Ahoz aho eta Faktoria saioetara gonbidatzeko. Ezin kexatu, alde horretatik.

Orain, kanpainarako weba eta beste proiektu polit batzuk prestatzen ditugun bitartean, Dabid Martinez, Kote Camacho eta John Anduezaren lanari esker, kanpainaren jendaurreko aurkezpena dator. Otsailaren 28an 12etan, egindakoa eta, batez ere, egiteko daukaguna aurkeztuko ditugu Koldo Mitxelenan prentsaurrekoan. Gonbidatuta dago etorri nahi duen oro eta, noski, interesa duten komunikabide guztiak. Handik argazki polit bat ateratzea espero dugu. Esaten denez, itsusia da eskatzea, baina are itsusiagoa lapurtzea eta, beraz, aurrera egiteko eske jarraitu beharko dugu. Bankuak desjabetzea baino bide seguruagoa da egunotan elkartasuna adierazi nahi dutenentzat kontu korronte bat zabaltzea, prozesuak ekarriko dituen gastu potoloei aurre egiten laguntzeko, nork bere neurrian. Egin nahi duenak, kontu zenbaki honetan egin ahalko du, jakinda diru horrek xede bakarra izango duela: auziaren gastuak ordaintzea:

ES38 2095 0314 3091 1964 6098

Paypal

Mila esker guztioi. Ez da erraza eske eta ate joka ibiltzea, jakinda nire kasua ez dela inondik inora larriena, baina jakin ezazue maputxeek eta txiletarrek jasaten duten estatu-terrorismoa salatzen jarraitzeko ere erabiliko duela aukera hau, eta nire auziak Txileko gobernurantz luzatuko duela atzamarra, seinalatzeko, presionatzeko, zein begian sartzeko. (Hemen informazio osoagoa jasoko duzu eta laguntzeko moduak ere aurkituko dituzu).

4 Comments

  1. Ilñaki Zabaleta Urkiola

    Asel Luzarraga, elkartasun osoa. Bidegabekeria zuzenduko da azkenean.

    Reply
    1. Asel (Post author)

      Mila esker, Iñaki!! Zuen laguntzarekin errazago 😉

      Reply
  2. Inma

    Animo Axel, lortuko duzu eta.

    Reply
    1. Asel (Post author)

      Eskerrik asko, Inma! Denon artean lortuko dugu 😉

      Reply

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.