Batzuetan etengabeko kiribilean bizitzeko sentipena daukagu, etengabe erdi irrikatura iritsi ezinik biraka ibiltzeko sentipena. Maiz mugimendu anarkista horrela dabilela begitantzen zait, elkarri norabide zuzenean ez joatea leporatzen dioten jarreretan enkistatuta. Egoera horretan, egungo errealitatearen azterketa bateratuaren gainetik, inora ez mugitzeko lubakiko borroka nagusitzen dela ematen du. Nork bere banderari heldu eta, bere izatea bera jokoan balego legez, dogma gisa astintzen du. Agian neurriz kanpoko ustea da edo ezjakintasunak sortua, zorionez, agian txikiak, sumaezinak izan arren, talde “handien” eztabaida horietan gelditu barik gizartearen aldaketa praktikoan aurrera egiten duten mugimendu asko baitaude.
Lehengo egunean, ordea, ezusteko atsegina hartu nuen Anatol Gorelik. El anarquismo y la revolución rusa liburua irakurtzen hasterakoan. Bertan, Goreliken beste testu batzuen artean, Nabat, Ukrainiako erakunde anarkisten lehen konferentzia dator. Errusiar iraultzan bete-betean sartuta, herriak, buruzagirik gabe, senak gidatuta eta berez, oinarri anarkisten arabera Estatua deuseztatzera abiatzen zuen iraultzaren gainean boltxebikeek ordurako argi eta garbi zerabilten manipulazioaz jakitun, ukraniar anarkistek euren ideiak eta jarrerak euren garaiko errealitateari egokitzeko eta, ereduzko konferentzia batean, anarkismoaren ikuspuntu guztiak batu eta, aho batez, guztien artean, eskuzabaltasun eta malgutasunez, inorentzako inposiziorik gabe, amore ematerik gabe, azterketa, estrategia eta xedeak adosteko. Horretarako ezer gorde gabe eta elkarri ezer leporatu gabe eztabaidatu zuten anarkismoan etiketa gehigarri guztiak bereizketa artifiziala direla eta gauza bakarra, hots, anarkismoa, dagoela egiaztatu arte. Alegia, duela ia gizaldi bat, ukraniar anarkistak XXI. mendean oraindik ezinezkoa begitantzen zaiguna lortzeko gai izan ziren: ildo anarkista guztiak fronte bakarrean batzea ildo bakoitzaren egiak onartuz, zentsurarik eta inposiziorik gabe, une historiko hartan euren herriaren errealitateak eskatzen zuenera egokituz. Tamalez eredu hori ez zen nahi zuten helmugara iritsi: batasun hori errusiar anarkismora eta, ondoren, nazioarteko anarkismora zabaltzea. Zoritxarrez, boltxebismoak, autoritarioa eta gizarte iraultza ororen aurkakoa eta bere alderdiari garaipena emango zion iraultza politikoaren aldekoa baino ez izanik, iraultzaren bidea monopolizatu eta anarkismoa giltzapean jarri zuen; mugimendu libertarioak ez zuen botere alderdikoiaren aparatuek egindako difamazioei aurre egiteko beste nazioarteko indarrik izan, eta horrela Nabaten eta bestelako mugimendu anarkisten, zein langile eta nekazarien beraien benetako eta erabateko askapen nahia kondenatuta geratu zen.
Baina joera batze hori nik azaltzea baino hobe da, nire ustez, hemen konferentzia horretako paragrafo eder horietako batzuk euskaratzea, eta nork pentsa dezala izpiritu hori gure garaietarako erabilgarria eta egun zapuztutako iraultza haren aldean hain bestelakoa den egungo errealitatera moldagarria den.
Gai guztiak landu ziren modurik ahalik eta bukatuenean. Ebazpen guztiak aho batez hartu ziren. Konferentzian Nabat, Ukrainiako Erakunde Anarkisten Konfederazioa sortu zen, eta Konfederazioaren idazkaritza hautatu zen, sei kidek osatuta.
Gai zerrendako puntu nagusia, Konferentziari kezkarik handiena sortzen ziona, anarkistek batera lan egitearen arazoa izan zen. Egon ziren ordezkari guztiek ulertzen zuten batasun premia. Baina inork ez zuen batasuna nahi funtsezko arazoak isiltzearen edo printzipioen eremuan konpromisoak hartzearen bidez. Denek onartzen zuten prezio horretan lortutako batasuna oso ezegonkorra izango zela, xaboi-burbuila litzatekeela, kartazko gaztelua, errealitatearen haizerik txikiena eraitsiko lukeela. Horrexegatik, Konferentzia ez zen desadostasunak leuntzen, ez itotzen saiatu; aitzitik, agerian utzi, eta zehatz-mehatz eztabaidatu zituen, xehetasunik txikienetara arte deseginez. Eta kontu teoriko abstraktu orokorretan eduki bizi eta benetakoa sartu ondoren baino ez zen argi geratu ordura arte anarkistak banantzen zituzten desadostasunak haien irudimenean baino ez daudela, baina inola ere ez errealitatean. Arazo konponezinak haizerrotak zirela agertu zen, eta haiek botatzeko anarkistek indar, energia eta denbora gehiegi erabili zituzten. Konferentziak batasunaren posibilitatea eta beharra onartu zituen eta aho batez anarkismo bakarra zer den zirriborratzen duen adierazpena egin zuen.
Ukranian lan egiten duten anarkisten batasuna oso erraz lortu zen, herriko lan biziak biziki eskatzen zuelako batasun hori. Aldez aurretik dakigu kide batzuen ustez egindako batasuna oso txarra dela. Baina horrek ez gaitu batere nahasten, badakigulako, halaber, kide horiek errealitatetik kanpo daudela. Bizitzarekiko kontaktutik urrun, euren sutan erretzen dira, eraiketa filosofiko zaharkituetan korapilatuz. Nahiago dituzte esaldia eta formula, edukia eta mamia baino, eta, beraz, biribil sorginduan alderrai ibiltzera kondenatuta daude, itxaropenik gabe mugimendu anarkistarentzat hil dira. Baina seriotasunez anarkistek iraultzan daukaten partaidetzaren arazoan diharduten kide guztiek pozik baino ezin dute hartu baterako lanaren arazoa behin betiko konpondu izana; ebazpena Konferentziaren adierazpenean islatu zen, eta horrela mugimendu anarkistan aro berria iraki du.
Mementoz, Ukrainiako mugimendu anarkistarentzat baino ez da batasuna lortu. Konfederazioaren idazkaritzak mugimendu anarkista Errusia osoan eta ondoren mundu osoan batzeko lanak hasteko ardura hartu zuen.
Nazioarteko mugimendu anarkista bakarra sortzea, hortxe hil ala biziko arazoa, eta hori egiteko lehen urratsa eman zuen Ukrainiako erakunde anarkisten Konferentziak. Eta kide serio, zintzo, leial orok norabide horretako hurrengo urratsek lehenak beste arrakasta izatea, eta mundu osoko anarkista batuek piztu behar den iraultza garaitzeko ahal beste egin ahal izatea baino ezin dute nahi izan; iraultza horrek, zuzentasunezko mundu berria sortuz, zapalkuntza eta indarkeriazko mundu zaharra suntsituko du. (65, 66. or.)
Zertan oinarritu zen anarkokomunisten, anarkosindikalisten eta anarkoindibidualisten batasun hori? Haien guztien postulatu, estrategia eta xedeetan, hain zuzen ere, itxurazko janzkera orotatik at, haiek denek gauza bera osatzen baitute, eurek honela egiaztatu zutenez:
Edukiagatik anarkokomunista izanda, ikusi dugunez, gizarte iraultzak, bere barruan ernetzen den antolakuntza oinarriagatik, antolakuntza metodoagatik erabat “sindikalista” izan beharko baitu (masa-erakundeen oinarritik abiatuz). Bere klase erakundeak sortuz, sendotuz eta elkartuz, masa antolatua baino ez da gizarte iraultzaren arazo sortzaile handia, komuna anarkistaren eraikuntza konpontzeko gai.
Antolakuntza metodo gisa ulertu behar da errusiar anarkosindikalismoaren sindikalgintza hitza, hain zuzen ere, eta onartu behar da masa-erakundeen (zein, gizarte iraultzak iraun bitartean, halabeharrez iraultzaile bihurtuko baitira) ekintza bateraturik gabe, ezinezkoa dela gizarte iraultzaren arazoa konpontzea, ezinezkoa dela ekonomia aparatu berria gizarteratzea, antolatzea eta bermatzea. Berezitasun horren onarpena anarkistek batera lan egin ahal izateko bigarren baldintza da.
[Ikus dezagun, bidenabar, arestian azaldutako guztiak duela asko pentsalari anarkista guztiek onartutako beste jarrera bi sendo baieztatzeko bidea ematen digula:
1) Gizarte iraultza eta komuna anarkistaren eraikuntza antolakuntza eta sormen lana dira, neurri handi batean lan sortzailea, eta ez berezko matxinada prozesua.
2) Gizarte iraultza langileriak baino ezingo du burutu, eta ez anarkistek (edo alderdiek). Jarrera horiek onartzeak ere anarkista guztiak hurbiltzea ahalbidetuko du].
Azkenean, ezinbestekoa da honako baldintzari arreta handia jartzea, banakako “nia” ezingo da sekula materiala baino ez den prozesuaren esparruan loratu.
Gizarte iraultzak berak, gizarte bizimodua bidea oztopatzen dion guztitik askatzeko prozesu eta komuna libertarioen elkarketako eraldaketa gisa, bultzada handia emango dio nortasun bakoitza askatzeko eta garatzeko senari. Banakotasun aske, bizi eta sortzailea agertuko da eta nor bere erara hasiko da bere eskaerak, interesak eta nahiak azaltzen. Norbanako bakoitza berehala konbentzituko da lehentasunez jarraitu beharreko helburuaz: gizarte berriaren eraikuntzan aktiboki parte hartzea, banakoen posibilitaterik handienetarantz bideratzeko, askatasuna bere alderdi guztietan sartzeko; gizarteak banako bakoitzaren garapen zabal, aske eta sortzaileak dakarren altxorra gero eta gehiago errespetatzea lortzeko. Eta baldintza materialek gizarteko kide guztiak ase heinean, alde batetik, banakako premia guztientzako erantzuna egongo da eta, bestetik, (guztientzat era berean) banakako askapena gero eta gehiago eskatuko da, helmuga gisa. Izan ere, haren garapen askea gizarte antolakuntzaren prozesu ororen benetako zentzua da (eta haren izatea bera).
Arestian azaldutako guztian oinarrituta, honako ondoriora iritsi gara: anarkistarentzat ez dago arrazoirik, teorian edo behin behinean, indibidualismoa komunismotik kentzeko, edo komunismoa sindikalismotik. Gure ustez, azken batean, ordua da benetako anarkista guztiek ikuspegi hori, egia guztiz bukatua, onar dezaten.
Hiru elementuok (sindikalismoa, komunismoa eta indibidualismoa) hiru alderdi dira prozesu bakar eta berean: langileen klase antolakuntzaren (sindikalgintza) bidez, gizarte anarkokomunistaren eraikuntza, zein banako askearen betetasun osoak behar duen oinarri materiala baino ez baita. Hiru elementuok bat datoz kronologikoki, eta sendo agertzen dira gizarte iraultzaren hastapenetik.
Ikuspegi hirukoitz horren aurrean, anarkista orok fase guztietan egon behar du bera prestatuta, eta besteak ere prestatu.
Horregatik diogu benetako anarkista oso eta sendoak ez duela ez bereziki “sindikalista”, ez bereziki “komunista”, ez zehazki “indibidualista” izan behar. Hirurak batera izan behar du. Besterik gabe, anarkista izan behar du. Anarkiaren eguzkiak dauzkan izpi guztiekin jokatu behar du. Anarkismo osoaren hiru elementuokin sortu eta jokatu behar du. Anarkokomunista izan behar du, anarkokomunismoa berehalakotzat hartuz, “aldi baterako aldi”rik gabe, gizarte iraultzaren prozesuaren bidez eraikitzen den gizarte berriaren antolakuntzaren oinarri material gisa. Eta anarkosindikalista izan behar du, masak alderdirik gabe antolatzea onartzearen zentzuan, gizarte iraultza eraikitzeko palanka delako. Eta anarkoindibidualista izan behar du, onartuz banakotasun askearen garapen izpiritual osoaren interesak baino ez dela prozesu material horrentzako arrazoia.
Gure ustez, horrela anarkoindibidualismo mota batzuen ordezkariek ere (guztienak ez badira) aurkitu zuten euren lekua langile anarkisten mailetan.
Gizarte iraultza gertatuko da ala ez da gertatuko. Baina benetan gertatzen bada, guretzat ez dago zalantzarik, antolakuntzagatik anarkokomunista, metodoagatik sindikalista, eta nahi izpiritualetan indibidualista izango da. Horregatik, anarkistak -iraultzaren apostoluak eta inspiratzaileak- aspalditik ahalegintzen dira, arrazoi sakonen arabera elkarrengandik alferrik urrundu beharrean, hizkuntza komuna aurkitzen, eskua ematen eta anarkismo bakar eta osoko plataforma baten bidez baterako lanerako batzen.
(Aho batez hartua.) (72-75. or.)
Halaber, interesgarria lehenagoko azterketa, batasun horretako ezartzen duten axioma. Bestelako korronte sozialistek benetan nahi ez duten helmugara, hots, Estatuaren aboliziora, iritsi aurretik beharrezkotzat jotzen duten balizko “aldi baterako erregimena” da. Honakoa da orduko Konferentziak garai hartan estatuaren abolizioa gehiengoz nahi zuen gizarte-masa tronpatzeko erabili zen “aldi baterako erregimen” horri buruz ondorioztatu zuena:
Laburbilduz: gizarte iraultzaren prozesua bera -suntsitzailea, antolakuntza modu zahar eta iruzurtiak suntsituko baititu-, bere alde sortzailean, hasieratik, anarokokomunista agertzen da bere edukiagatik, eta ezin liteke bestela izan. Gizarte iraultza berez da komuna anarkista eraikitzeko prozesua. Haren oinarria eraikuntza horren oinarria da, komuna anarkista sortzearen oinarria.
Ateratzen dugun ondorioa argia da: ez dago “suntsitutako kapitalismoaren” eta “araubide anarkistaren” arteko inongo “aldi baterako aldiri” buruzko eztabaida posiblerik. Egiatan ez dago holako aldi baterako aldirik. Komuna anarkista irudikatzen hasi orduko, gure aurrean gizarte iraultzaren beraren alderdi sortzailea altxatzen da, eta ez dago gizarte iraultzaren amaiaren eta araubide anarkistaren hastapenaren artean nahi den tarteko aldi hori non sartu. Araubide kapitalista burgesaren amiltze unetik komunismo anarkikorako urratsa ez da “aldi baterako egoera”, komuna anarkistaren beraren berehalako eraikuntzaren hastapena baino. Alderdi politikoaren aldi baterako nagusitasuna ezin da inola ere “aldi baterako egoera”tzat jo, eta korrelatiboki anarkisten lanean sartzen da. Hori ez da gizarte iraultza. Egiatan, iraultza politikoaren jarraipena eta helmuga da, eta iraultza politikoak iraultza osoa hilko du, ala gizarte iraultzak hura baztertu eta ordezkatuko du. Ekaitza ez da oraindik baretu. Ez dago lasaitasunik, eta ezin da aldi baterako aldiaz hitz egin. Borrokan boltxebismoa garaile ateratzen bada, gizarte iraultza (hots, anarkista komunista) laster abiatuko da, boltxebismoaren (alderdiaren) ezintasun sortzailea dela-eta, masek alde batera utziko dute. Iraultza osoa egiten jarraituko duten masen jarduera sortzaileak berak eraikuntza anarkista komunistaren bide zabaletik aterako du. [Jakina, hemen akats bat dago. Errusierazko testuak honela dio: “Masen etengabeko jarduera sortzaileak, iraultza kaltetu barik, anarkokomunismoaren eraikuntzaren bide zabaletik gidatuko du”.]
Agian ez da gizarte iraultzarik egingo. Baina gizarte iraultzan (gertatuz gero) ez dago “aldi baterako aldia”rentzako lekurik.
Axioma hori onartzea aurkako korronte anarkistek, azkenean, elkarri eskua eman eta elkarrekin lan egin ahal izateko ezinbesteko lehen baldintza da. (71, 72. or.)
Ez dirudi oinarri bateraturako agiri txarra, egungo errealitatea oso bestelakoa den eta gizarte iraultzaren edozein zantzutik oso urrun dirudigun arren. Besterik ez bada ere, ukraniar anarkistek erakutsi zuten izpiritu eskuzabal eta dogmatismoaren aurkako bera har liteke erdi irrikatura milimetro batean ere hurbildu gabe biraka ibiltzeari uzteko.
(2009-10-9)