Gobernu “progreak” inperialismoaren baliabiderik eraginkorrena direnean

Aspertuta naukate sare sozialetan eta hainbeste giro “ezkartiar”etan Latinoamerikako gobernu progre eta ustez anti-inperialistek jasotzen dituzten txaloek eta laudorioek. Egia esan, inperioak ezin zuen modu bikainagorik pentsatu eskualdean ezinbesteko dituen plan guztiak aurrera eramateko. Ez dago modu hobeagorik bestela gizarte erresistentzia handia piztuko luketen proiektuak isilean eta protestarik gabe -edo dagoen protesta apurra, “gorila”tzat hartuta, isilaraziz eta kolpeka erreprimituz, “progre” askoren txalo artean- gauzatzeko.

Latinoamerika, “ipar globalarentzat”  edo “lehen munduarentzat”, hots, Estatu Batuentzat, Europa eta Japoniarentzat, Errusiarentzat eta, orain, gero eta gehiago, Txinarentzat, oinarrizko baliabideen iturri agortezina izan da europarren eskuetan erori zenetik. Harrezkero, denok dakigunez -edo jakin behar genukeenez-, behar ziren jatorrizko herri eta nekazari guztiak indarrez, bolboraz edo, azken boladan, agrokimikoz kanporatuz, esklabo hartuz -edo “langile” bihurtuz, eufemismoa onartzen badugu, edo akabatuz -haiengandik behar zutenaren edo jartzen zuten erresistentziaren arabera-, Latinoamerika ipar hemisferioan behar ziren baliabideak espolioaren bidez lortzeko lur bihurtu zuten: zilarra, urrea, kautxua, kobrea, petrolioa…; kafea, kakaoa, garia, artoa, patata, azukrea, koka… Lurrik emankorrenetan herririk miserableenak, “aurrerabidearen” mesederako, noski. Hori mendebaldeak mendeetan egindako “oparia”, utzitako “ondarea”.

Espolioak ez du etenik izan, eta ez dauka etenik izateko itxurarik. Testuinguru horretan, askok uste dute Venezuelan, Ekuadorren, Bolivian, are Brasilen, Argentinan eta Uruguain -azken horietan inozoenek baino ez, seguruenik- inperialismoari aurre egin eta azkenean, hainbeste menderen ostean, Latinoamerikari burujabetza emango dioten gobernuak daudela egun. Hala ematen du haien monarken hitz sutsuak -demagogia merkea- entzun eta inperioaren itxurazko haserrea ikusten dugunean. Argi dago: antzerkiak emaitza onak eman ditu beti.

Errealitatea, ordea, beste bat da. Larriena, seguruenik, herri horiek guztiek, batere salbuespenik gabe, sinatu duten ituna, IIRSA delakoa. Baten bate Estatu propagandak tronpatuko balu, hemen ikus lezake, esaterako, jatorrizko herriek zer deritzoten AEB, Europa eta Txinatik bultzatutako “integrazio” plan horri. Venezuelako gobernuak herri indigenekin dauzkan gatazketako asko IIRSAri lotutako planen baitan baino ezin dira ulertu. Hala, Venezuelako eta Kolonbiako presidenteak zirenek, Chavezek eta Uribek, ez zuten iritzi oso desberdina plan horren garrantziari buruz…

 

Orain, testuinguru horretan, Evo Moralesek iragarritako azpiegitura berriaren albistea irakurri dut. Zelako poza! Progre askok, seguruenik, pentsatuko dute ideia ezin hobea dela Amazonia hankaz gora jarri eta kostalde biak lotuko dituen garraiobidea eraikitzea. Bai, marxismoak, oro har, gauza askotan egin du bat ideologia kapitalistarekin, jatorritik, neurri handi batean kapitalismo perfektua lortzeko ezkerreko irakurketa bat baino ez baita, eta muturreko industrializaziorako grina berbera izan baitu beti -salbuespenak salbuespen-. Geneetan daroa. Jakina, azpiegitura suntsitzaile hori askoz hobea izango da Estatu Batuen ordez Txinak eraikitzen baitu. Azken finean, zein da egungo kapitalismorik indartsuena, Txinakoa baizik?

IIRSA Latinoamerikak ipar globalarentzat ekoitzi behar dituen produktuak azkarrago mugitzeko bidea baino ez da. Izan ere, norentzat ekoizten dute bestela Txile, Argentina, Paraguai, Brasil, Peru… eta abarretako lurjabe aberatsek, indioen hiltzaile pedigridunek? Kubak, bahimenduak bahimendu, ez zion utzi estatu batuarrentzako azukrea eta oro har mendebaldeko erretzaileentzako tabakoa ekoizteari. Boliviak, besteak beste, gero eta kinoa gehiago ekoizten du Europako begano alternatiboek euren kalitate oneko proteina dosia izan dezaten. Argentina lehen munduarentzako transgeniko ekoizle nagusienetako bat da, Cristinaren txaloen artean. Kolonbiak urtez urte bidali ditu mendebaldeko merkatuak behar dituen kafe eta koka dosiak, CIAren babespean… Eta orain, merkatu potentzial izugarriak daukan produktuak, marihuanak, bere ekoizle ofiziala lortu du: Uruguai. Dena, Mujica “jator” eta “anarkista ohia”ri esker. Iparramerikako enpresa farmazeutikoak ezin dira zoriontsuagoak izan. Zenbait estatutan marihuana minbizia sendatzeko botikak egiteko legeztatuta zegoen baina… legezko ekoizle eta hornitzailea falta zitzaien. Orain, badaukate, eta egungo negoziorik arrakastatsuenak lasai har dezake arnasa. Sorosek eta Rockefellerrek ez dute patrika alferrik arindu Mujicak behar zuen publizitate kanpaina finantzatzeko, berak aitortu duenez. Monsantok ere lasaiago jarrai dezake marihuana transgenikoari buruzko ikerketak burutzen, non esperimentatu, saldu eta zabaldu baitauka orain.

Itxurazko etsaigoen atzean, munduko gobernu guztiak bat datoz “funtsezko” interes eta ikuspuntuetan. Izan ere, munduko gobernuak tokian tokiko elite militar eta ekonomikoak dira eta, zelan ez dute, bada, elkar ulertuko? Hala, Latinoamerikan beti egongo dira ipar globalak behar dituen gizarte laborategiak, lehengaiak, lurrak emandako luxuzko produktuak, eskulan otzana…, merke-merke, eta orain, estrategia borobiltzeko, ezkerraren txaloen artean. Estatuek ez dute ezer doan oparitzen…

 

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.