Indibidualisten inkoherentziaz

Aspaldi nabilkio ezinegona sortzen didan gai eztabaidatsu bati bueltaka buruan, eta zalantza horiek elikatzera etorri da atzo irakurri nuen artikulu bat. Bertan, banakotasunaren defentsa sutsua egiten da, Max Stirnerren berbak abiapuntu edo inspirazio, eta batasunaren aldeko jarrerak ezkertiartasunari (ezkerkoikeriari seguruenik, haren ikuspuntutik) egotzi. Ez diot artikuluari berari eta are gehiago egileari heldu nahi, horrek islatzen duen diskurtso indibidualistari baino. Indibidualismo horrek banakako, norberarengandik, norberaren askatasun eta burujabetza erabatekotik ateratako ekintzak hobetsi ohi ditu, afinitatearen araberako elkarketa kasualak (eta kausalak) ere onartuz, batzen gaituzten oinarri finkoen (edo aldakorren) bilaketaren gainetik. Eta, ikusi dudanaren arabera, banakotasunaren apologia hori erabili ohi da matxingintzaren baitan kokatzen diren banakako ekintza bortitzen zuribide. Gai labainkorra da, ondo dakit, eta horregatik da hain zaila horren aurrean jarrera definitua izatea. Horregatik, ikuspegi bitatik begiratzea komeni delakoan nago: banakako ikuspegia eta taldeko ikuspegia. Aurretik doa, ohikoena ikuspegi biak uztartuta joate dela, batzuentzat batek pisu handiagoa hartuta, eta beste batzuentzat bestea, eta gutxitan agertzen dela ikuspegietako bat bere bakarrean.

Anarkismoak tradizioz eduki du banakako ikuspegiari garrantzi handia emateko joera. Hortxe dago aipatu Max Stirner bera, kontzeptua muturrera eramanda, baina baita beste korronteetako egileak ere. Etorkizuneko balizko gizarte anarkista irudikatzerakoan beti egin da ahalegina banakako askatasunari ahalik eta lekurik handiena uzteko eta, batzuek, banakako erabateko askatasuna baino ez dute onartzen oinarri. Luze hitz egin genezake banakako erabateko askatasun hori benetan ba ote den eta batzuek proposatzen dutena banako batzuen ustezko askatasunaren ezarpena ez ote den, beste batzuen kalterako. Zer den aske izatea. Nire askatasuna besteek mugatzen duten ala, Bakuninek zioen legez, eta hala uste dut neuk ere, nire askatasuna besteen askatasunean hazi eta hedatzen den. Kontuak kontu, banakoa baino kontuan hartzen ez badugu, matxingileen diskurtsoa eta ekintzak, honaino, koherenteak dira. Ni neure buruaren jabe naiz, neure hautua askatasunez egiten dut, eta nire kontzientziak ekintza jakin hura egitera eraman nau. Neugan hasi eta neugan bukatzen den afera da. Nire bide iraultzailean, gizarte ereduari aurka egiteko nire bidean, etengabeko gerran aldarrikatzen dut neure burua eta ekintzetan bertan ematen diot zentzua nire iraultza horri. Beste eztabaidarako emango luke suntsipena proposatzen denean suntsitutakoa ordezkatzeko zer eraiki pentsatu dudan ala suntsitzeak berak ematen dion zentzua nire ekintzari, suntsitu dudanaren ordez zer eraikiko den zerikusirik ez daukan kontua izanik, beste norbaiten lana. Edozelan ere, honaino ekintza matxingileak koherenteak lirateke indibidualismo horrekin eta ez legoke horrela jokatzen duenari zer leporatu.

Era berean, anarkismoak tradizio zabala izan du (nire aburuz are zabalagoa), banakotasuna taldetasunari batzeko. Proudhon, Bakunin, Kropotkin edo Malatesta, bakan batzuk aipatzearren, har genitzake hori egiaztatzeko. Ikuspegi horren arabera, banakotasuna taldean, gizartean baino ez da eraikitzen eta askatasunak berak gizartean baino ez du zentzurik hartzen. Ikuspuntu horren arabera, norberak bere banakotasunaren zati bat utzi behar du ordainean taldetik utzi duena baino askoz gehiago hartuz. Horri jarraituz, modu batean edo bestean, elkartzea, talde lana egitea bilatu da, ez elkartze hutsagatik, helburu batzuetarako baizik. Horrek ez du esan nahi izan irauteko asmoz sortzen direnik taldeak. Aitzitik, anarkosindikalismoa alde batera utzita, gehienetan berezko eta behin-behineko elkartzeak bilatzen dira, helburu jakin baten araberakoak, ondoren desegiteko eta beste zerbait sortzeko, pertsona berberen edo beste batzuen artean, bilatzen denaren arabera. Taldeko ikuspegia nagusitzen den elkarteetan, mesfidantzaz begiratu izan zaie banakako ekintza suntsitzaileei, horiek errepresioa areagotzeko aitzakia eman eta euren urteetako lan neketsua hankaz gora jar dezaketelakoan. Hala ere, talde kontzientziak berak eraman ohi ditu halakoetan dihardutenak besteekiko elkartasunera eta datorkiekeen kaltea bere egitera. Alde batetik, ulertzen delako disidentziaren aurkako errepresioak aitzakia gutxi behar izaten dituela indargabetu nahi dituenen aurka jotzeko, eta bestetik, banakako ekintzen arduradunen banakako askatasuna ulertzeko eta errespetatzeko joera dagoelako. Ikuspegi ez hain erromantikoak adieraz lezake berez txikia eta indar txikikoa den mugimendua (dagoen anarkismoari mugimendu esan badakioke, behintzat) barneko gatazkek eta borrokek are ahulagotzeko edo jarduera bateratu askotan kidetzat izandakoen eraso pertsonala jasateko beldurra ere badela barnean pentsatutakoa jendaurrean ez kanporatzeko. Dena dela, banakotasunaren bidea hautatu dutenak ez dira taldeko jarduera hobetsi dutenen patuaren erantzule sentitzen eta, honaino, beraz, haien koherentziak ba omen dirau.

Balizko inkoherentzia non dago, beraz? Irakurri berri dudan artikulu horretan banakotasunaren defentsa sutsua egiten da, batasunerako jarrera ezkertiartasunari leporatuz. Defendatzen duen ikuspegitik uler daiteke eta errespetatu ere bai. Aukera bat da. Inkoherentzia, ordea, elkartasunaren erabilerari dago lotuta. Ea adibide baten bidez azaltzerik daukadan. Demagun matxingilea naizela, nire ekintzak neure egiten ditudala, neure burua etengabeko gerran aldarrikatzen dudala. Hori, datozkidakeen ondorio guztiekin egiten dut, hautu kontzientea da, inguratzen anuen testuinguruaren jakitun. Demagun anarkismoaren aurkako giro errepresibo itogarria dagoela eta nik jakin badakidala. Demagun zenbait taldek lan handia eta neketsua egin dutela luzaroan, agintarien, komunikabideen, polizia eta fiskalen presioari aurre eginez, eta horien guztien gainetik ere, auzo batean, esaterako, talde batek auzokoen konfiantza lortu eta auzoaren funtzionamendua beste oinarri batzuen arabera apurka eraikitzen ari dela. Hala ere, talde horren lana ez da nire ardura, nire ustez haiek egiten dutena eta nik egingo dudana ez daude elkarri lotuta, bide subirano bana dira. Nire ekintzak haien lana koloka jarri ahal izatea eta haiek ekintza horrekin ados ez egotea ez dira arrazoi nik neure ekintza burujabean amore emateko. Errepresioaren erantzule bakarrak, egia da, errepresioa darabiltenak dira. Demagun edozein anarkistak uler dezakeen jomuga bat hautatu, banku bat, eta kalte material txikiak -bankuarentzat erabat onargarriak- eragiten dituen lehergailu txiki bat jarri dudala. Azken finean, Estatuari bakerik izango ez duela adierazi nahi diot, harekin gerran nagoela, eta nire etsaiak zein diren identifikatzen dudala. Bideratuko den errepresioaren benetako zioa ez da ekintza isolatu hori izango, argi dago, horrek Estatuari gehienez ere kili-kiliak egiten dizkiolako. Balizko ekintza hori aitzakia hartuko duen errepresioak, beste askoren artean, emaitza bi ekar litzake, labur adieraziko ditudanak: fiskaltzak, sakabanatutako lehenagoko beste “froga” batzuk erabili eta auzo horretako talde horren lanaren aurka jotzea, haien lokala miatuz eta hango jendea atxilotuz, edo, kasualitate handiz eta agian nahi gabe ere, benetako egilea harrapatzea. Hona galdera: holako banakako ekintza hautatu duenak, hura prestatzerakoan, talde harekiko elkartasuna izan du burua? Bere burujabetzan, solidarioa izan da beste ikuspegi bat daukaten anarkistekin eta haien bidearekin? Norberak erantzun diezaiola galderari. Seguruenik, pertsona horren aburuz ez zuen inorekin solidarioa izan behar, bere buruarekin baino. Horraino ere, koherentea litzateke. Baina gehienetan, holako ekintza burujabea burutu duena, zoritxarrez, errepresioaren eskuetan jausten denean, zelan jokatuko du pertsona horrek eta haren inguruak? Elkartasuna inguru jakin bati, bere bidearekin bat egiten duenari, ala anarkismo eta antiautoritarismo osoari eskatuko dio/te? Eta gehienetan, gainera, anarkismo eta antiautoritarismo osoak aho batez elkartasun hori eman, banakako hausnarketak alde batera utzita, batzen omen gaituenari garrantzia emanda. Hots, taldeko ikuspegia, batasunaren premia sentitzen dutenen elkartasuna gauzak txarto doazenean gogoratu ohi da, lehenago haien lanarekiko agertutako elkartasuna gorabehera. Onean indibidualista, txarrean batasunaren aldekoa. Koherenteena, txarrean ere, indibidualismoari eustea litzatekeenean, nire ustez, behintzat, eta elkartasuna dei zabalen bidez bideratu nahi izan beharrean, banakako erabaki burujabeen mende utzi.

Hori da gaur etorri zaidan hausnarketa, gauzak asko sinpletuz eta topiko bihurtuz, egoera bakoitzak beti dauzkalako mutur bi baino gehiago eta taldeko zein banakako egoerak beti direlako askoz korapilatsuagoak.

(2010-12-18)

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.