Isiltasunaren lotsa edo lotsaren isiltasuna

Ehun egun baino gehiago dira Alfredo Cospito italiarra gose greban dagoela, haren bizia gero eta arrisku handiagoan. 2022ko urriaren 20an ekin zion protestari, nik etxeko epelean nire 51. urtebetetzea lasai ospatzen nuen bitartean. Alfredo, ordea, europarra da, ez kubatarra, eta ez du bere kausa erabiltzen gobernu jakin baten kontrako kapital politikoa eta mendebaldeko potentzien oniritzia irabazteko. Anarkista da, eta Europan dauden kartzela-erregimenik ankerrenetako baten kontra ari da protestan, Italiako 41bis delakoaren kontra. Horregatik, beharbada, Europako berriemaileek, Euskal Herrikoak barne, ez dute aurkitzen beraren berri emateko ziorik…

2023-2-26 Europaren itxurakeria eguneratzen

22 egun joan dira sarreratxo hau idatzi nuenetik. 22 gose greba egun gehiago Alfredorentzat. 22 egun isil gehiago. Euskal komunikabide nagusiak pozik daude Ukrainiarekin  elkartasuna eta bihotz ona adierazteko aukera dutelako egunero. Badute efemeride bat: urtebete Errusiak gerra hasi zuenetik Ukrainian. Gerra hori (gutxienez) duela 9 urte hasi zela eta hasiera horretan Errusiak ez zuela zerikusi handirik izan? Ez du axola. Azken hamarkadan Europa ukraniar neo-nazismoaren sustatzaile eta laguntzaile ezinbestekoa izan dela eta egun ere badela? Gutxi inporta. Faxista bien arteko talkan 2014an ukraniar gobernuaren garbiketa etnikoaren kontra altxatu eta sarraskituak izan direnek ez dute ahotsik inon. Horretarako daukate presidente demokratiko bat, umorista handia, telebistan argi ikusten denez. Ukraniar nazionalismoak utzitako hildako horiek ez dira politikoki erabilgarriak. Zelan izango da politikoki erabilgarria, beraz, europar ezkerrak eta eskuinak batera txalotzen, indartzen eta gurtzen duten sistemaren aurka bakarkako borrokari ekin dion anarkista ziztrin bat? Ezkerrak eta eskuinak grina berarekin maite baitituzte espetxeak. Historikoki anarkistek berdin ezagutu baitute kartzela, errepresioa, erbestea, tortura, zentsura, zapalkuntza… derrigorrezko tresnatzat dituzten gobernu demokrata, faxista, sozialista zein komunista ororen maitasun mota berezi hori, Alemaniatik Koreara, AEBtik Txinara, Kuba ahaztu barik. Geure burua pentsatzeko lanaz askatu nahi gaituzte sistema politiko horien maitasuna ulertu ez guk, ordea.

Kaleko jendeak, Netflix zentzu komunean pozik bizi den horrek, galdera errepikakorra izan ohi du norbait kartzelan dagoela jakin orduko: zer egin du? Kartzelara zure ekintzek eroaten baitzaituzte, zer hori baino naturalagoa. Alfredo Cospito italiarraz galdera hori egiteko xarma ere kendu diete, ordea, Euskal Herrietako herritar zintzoei. Aipatu ere egiten ez denaz ezin galderarik egin. Ofizialki gu informatzea lana duten horien eginkizun ezinbestekoa baita erabakitzea guri zer informaziok egingo digun on, zer informaziok kalte. Eta Europan, EBn, are gure gizarte modernoaren oinarriak, Estatu eredua, erromatar zuzenbidea! eman dizkigun herrialdean, hurbilegi dagoen Italian, pertsona bat sistemaren erro ustelei aurre egiteko bere bizia uzteko prest dagoela jakitea ez da on egingo digun albistea. Gizon bakar batek piz dezake galdera deserosoen gurpila eta, behin piztuta, nork geldituko! Hil dadila; isilik hobe. Eta ez, hain zuzen ere, Italian haren kasuak zalaparta gorgarririk sortu ez duelako. Baina haien etxe barruko kontua da, eta etxeko suak etxeko hautsekin itzaltzen dira, ezta?

Beldur naiz laster Alfredo Cospito gure artean memoriarik gabeko mamu bihurtuko ez ote den. Ez da beste Boby Sands bat izango, haren borroka ez baita aberri jakin baten mugen ingurukoa, gizateria osoari eragiten dioten sistema honen erraien kontrakoa baizik. Joan bedi isilik, beraz, gure kontzientzia aztoratu barik. Nori axola dio Italiako justiziak bere erabaki bakoitzarekin gizon bat akabatzeak eta gure inguruan haren aldeko protestak gero eta ugariagoak izateak, gure egongelako leiho beltzak gerrarako dei etengabea egiten duen bitartean?

Azken egunotan Naiz-ek erabaki du gure komunikabide nagusien isiltasun hori urratzea, eta bada zerbait haren alde. Bitartean, beste gai askotan legez, hedabide nagusien hesi higienikoa gainditu nahi duenak beste toki batzuetan bilatu beharko du. Eta hemendik hogei urtera, beharbada, haren borrokaren oihartzuna neutralizatuta dagoenean, orduko Netflixek erabakiko du Alfredo Cospitoren gaineko pelikula edo are telesail zirraragarri bat egitea. Orduan, Sacco eta Vanzettirekin, Chicagoko martiriekin, Santiago Maldonadorekin, Solerekin edo Lucio Urtubiarekin batera, besteak beste, gure neurrirako filmoteka anarkista bat izango dugu etxean, eta ez diogu geure buruari galdetu beharko zer egin genuen guk Alfredo heriotzara kondenatzen zuten bitartean. Kontsumoko anarkismoa ere errentagarria izan daitekeenez, agian Makhnovtchinaren gaineko telesail historiko-epiko bat ere oparituko digute.

 

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.