Jarridazu

Jarridazu baso bete haurren burezur hauts
hautsitako promesak errazago
loditzen baitira oroimena finkatu ez dutenen
odolean.

Jarridazu plater bete ostutako zentzu komun,
hoztutako iraultzak zotz,
hortzen artean ideia hari deserosorik
geratu ez dakidan,
gonbidatuak baititut afaltzera.

Bapo jan barik larrutan ezin egin
eta horren aitzakian lortu dut
santutasuna.

Postrerako jarridazu, beraz,
kikara bete zelibatu literario,
libertario ez, bai publizitario,
iragarri barik zertarako gure kalbario.

Sukaldaritza ez da ba kultura unibertsalari
eraiki diogun monumenturik jasoena?
Elkar janez elkarren bazka
saltsa on batek ezin estal dezakeenik ez da.
Lotsa ere emultsionatzen da pil-pilean
su egokian jarrita
bere kadentzia asmatzen diogunean.

Jarridazu azpil bete arau antzu.
Jarridazu…

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.