Lurrikara bihotzean

Bihotza oraindik kulunkatzen da lurrikararen erritmoan. Lurrak gu guztiok astindu gintuen: gorputzak, oheak, hormak, etxeak, errepideak, kartzelak, ospitaleak… Gaur ere berriz egin du. Baina natura itsuak, ekonomiaz, politikaz eta gizarteaz ezer gutxi ulertzen duten plaka tektonikoek hemen bizi garenoi dardara eragiteari utzi ondoren, bihotzek ez dute ohiko erritmoa berreskuratu. Izan ere, denok antzera astindu arren, ez gaitu guztiok berdin kolpatu. Ondorioetan ekonomia eta agintariak ez dira natura bezain itsuak eta berriz ere aberatsak txiroak baino askoz hobeto zaindu dituzte. Jende xumearen etxeak ez daude aberatsenak bezala eraikita; ezer ez zeukatenen supermerkatuen “arpailatzea” delitutzat hartu eta jazarpena jasan duen bitartean, aberatsek diruz egindako “erosketa” berekoia ez da delitua, ez da arpailatzea, besteak baino eskasia handiagoa eragin arren. Enpresen eta aberatsen jabetza zalantzan jartzea delako zigortu beharreko ekintza bakarra. Hondamendiaren erdian, baita diruak ezertarako balio ez duenean ere, txiroek pazientzia izatea, ohiko lapurrei ezer ez “ostea”, ordenatuta eta txintxo portatzea espero dute, argirik eta urik gabe, supermerkatuetan janariak usteltzen diren bitartean.

Horri, kapitalismoaren basakeriak irakatsitako mafia lapurren indarkeria gehitu eta aitzakia ezin hobea dugu dena militarrez eta poliziaz betetzeko, kapitalismoaren akatsak zuritzeko modurik onena errepresioa areagotzea eta kapitalismo gupidagabe bera berreraikitzea dela sinistarazteko, hedabideen lan leiala lagun. Orain negoziorako aukera bikainak zabaltzen dira, prezioak gehiago igo eta alde ekonomikoak areagotzeko parada paregabea.

Eta bihotzak dardaraka jarraitzen du. Lurrikara areagotu egiten da leihoko burdin barren artean begira. Etxean ere, lehengo espetxean bezala, burdin barrak dauzkadalako. Etxea ere presondegi bihurtu zaidalako. Eta lapurrengandik babesteko omen ziren barra horiek etxean mugiezin, inora gabe, inori lagundu ezinik jarraitu behar dudala gogorarazten didate. Orain ez da supermerkatura, etxe ondoko dendara, parke batera, azokara, tabernetara, lagunengana joan ezinaren ezerosotasuna, laguntzeko balio ez izatearen mina baino.

Leihotik begiratu eta ikusten ditudan leiho gehienetan nireak bezalako burdin barrak ikusten ditut, baina azken asteetan itxurara mugatzen da antzekotasuna. Nire auzokoen burdinek eta nireek orain esangura oso desberdina hartu dute. Ez dakit euren askatasuna laguntzeko ala euren familien lasaitasuna, lana, egunerokotasuna berreskuratzeko darabilten. Ez naiz nor inori kontuak eskatzeko. Baina neure buruari bai, etengabe eskatzen dizkiot kontuak, eta egunotan inoiz baino harrapatuago sentitzen naiz, bihotzak eskatzen didan elkartasunak hesi horien artean egiten didalako ihes. Oihu egin nahi du, baina telebistak errepikatzen dituen ikuspegi higatuei erne egon besterik egiterik ez dauka.

Geratzen diren pozen artean, Euskal Herritik, Argentinatik…, hainbat lekutatik iristen zaizkidan elkartasuneko ahotsez gain, abiarazten ari diren ekimenak daude. Merezi duten ekimenak. Mundua bestela antola daitekeena erakusten digutenak. Eta haietan asmoz baino ezin parte hartu. Eta Vane ere geratzen zait, beti hain eskuzabal, beti hain bihotz oneko. Orain bera da nire besoak eta nire hankak eta badakit berak nik beste gogo daukala nik ezin dudan hori egiteko. Eta egin egingo du, egiten ari da. Haren begietan, hesirik gabeko irribarre horretan, bihotzak bake apur bat berreskuratzen du egunero. Elkartasuna herrien arteko xamurtasuna ez ezik, bihotzen arteko xamurtasuna ere bada. Joseba Barrenetxeak azken boladan opa izan didan xamurtasun hori bera. Hainbeste bihotzengandik jaso dudan xamurtasun ezaguna zein anonimoa. Hori da, ezeren gainetik, herri hau zutabe berrien gainean berreraikitzeko gehien behar duguna. Bihotzaren dardara gorabehera, burdin barren artean ere, nire leihoei xamurtasuna darie.

(Eskerrik asko Ariel Dorfmani artikulu hau idaztea iradokitzeagatik)

(2010-03-05)

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.