Musukoa

Derrigorrezkoa ez zenean jarri nien musukoa musuei,
eta orain,
derrigorra denean,
musuka jango nituzke hodeiak eta olatuak,
izurdeak eta basurdeak,
baita adreiluak eta eskudelak ere, musu gogorrari haginak zorrotz.
Musuko barik,
musu barik,
musugorri,
musik eskatu barik,
baina, beharbada, seguru,
hordagoka,
karta barik ere.
Seguru urrun nahi gaituztela
musu seguru orotatik.
Hordagoka beldurra txertatzeko zain.
Ardorik gabe edango dut kopa hutsa
eta kristalak mamurtuko ditut, haiek dira gozoenak.
Irribarre egingo dut orduan,
baina ez duzu ikusiko,
musukoa jantzi dudalako begietan,
hori ez baita derrigor.
Eta berriro musukoa jartzeko agindua iristen denean
hasiko naiz musuak oparitzen
hodeiei eta olatuei,
izurdeei eta basurdeei.
Baina ez zaitez, arren, izan balkoi atzamarluzea,
tximeleten, txibiriten, eta txipiroien musu askeek
nazkatuta.
Neu ere nazkatu nauzue, musu truk, eta hobe
musukoa janzten badut.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.