Garai batean baneukan olerkiak idazteko joera, oso handia ez bazen ere. Gehien bat klaseko orduak jateko modu bat zen. Olerkiak zenbatu eta data jartzen nien. Lehengo egunean garai haietako zorroa topatu dut Mundakako ganbaran eta, oraindik ordenagailuan gordeta dauzkadanekin batera, baztertutako asko ere topatu dut. Hona duela ia hogeita bost urte idatzitako hiru, Denboran zatika izenburuaren pean bilduta haietako bi, urte luzeetan galduta ibilita bestea. Orduan nintzenarekin topo egin, eta nire baitan bizirik aurkitzen dut bera.
MARRAUA,
izaki laua.
Mozorro barroko, barruko oihartzun.
Azala soila estali,
marrauz beste larrua ipini,
eta berdinean segi.
Saiatu izaten beste izaki,
molde berean ilargia eguzki.
Lurrinezko lainoan burua sartu
eta usaina aldatu ez dela aurkitu.
Marraua aurpegiz mozorrotuta,
nor zer den ahaztuta.
Zelan ostendu ortzia
itsaso sakonean
horrek haren aurpegia
islatzen badu azkenean?
Marrau-larru
mozorro-azala
ahalegin handiak, alferrik dena.
(1994-2-11)
Iturriak
Hordituko naiz
zure hanka artean;
hordituko naiz
askatasun esneaz;
hordituko naiz
nire bakardadean,
eta neu izango naiz
nire azken unean.
Edango dut, bai,
zure irriaren eztia,
eta guztiz mozkor
galduko basoan;
kurloiek dizkidate
erakutsiko
asetzen dituzten
erreka guztiak.
(1994-4-18)
Barrumugak
Kimeraren lumak eroan ditu haizeak;
hegalezko kaxoian giltzaperatuta
haizearen haziak hil dira.
Eta ihesari emateko
sartu gara kaiolan,
zein zabalik baitago,
hesirik ez baitauka.
Oihuaren sokak apurturik,
ixiltasuna dantzugu ozen;
minik eman ez degigun,
kanpoko bero-ametsei so,
hutsez betetako barrua osten.
Airezko etxe bizi gara,
basatzazko errekan zutabea,
balearen irria ezpainetan,
ez diren ateak itxita.
(1994-5-9)