Panteismotik niismora, zientifizismotik igarota

Duela gutxi Max Stirnerren Bakarra eta haren jabegoa berrirakurtzeari ekin ondoren, anarkoindibidualismoaren “aita”tzat hartzen denak hainbestetan aipatzen duen Feuerbach irakurri beharra sentitu nuen. Horretan ibilita, ordea, Feuerbachek erlijioen jatorriari buruz egiten duen azterketak honako hausnarketa, betiko moduan behin-behinekoa, unean unekoa ekarri dit: erlijioa jatorrian panteista izan bazen, egun haren jatorrizko jomugara iristear gaude, hots, niismora, oraindik bitarteko baten, Zientziaren, beharra daukagularik.

Izan ere, Feuerbachek ondo ikusi zuenez, erlijioaren funtsa gizakiaren gutxiegitasun sentipena da, haren nahien eta benetako ahalmenen arteko arrakala gaindiezina. Hala, gizakiak gizaki izaten emandako lehen urratsetan, bere beharrizanak asetzeko, bere nahiak betetzeko, bere asmoak zuzentzeko inguratzen zuen mundu ezezagun, ulertezin, aldakor, ezegonkor osoa aurkitu zuen lehen oztopo gaindiezin. Hark zeukan botere guztia, haren aurrean batere ez gizakiak, eta hala hasi zen nahierara zerabilen mundu hori gurtzen. Natura izan zen lehen jainkoa, unibertsoa, erlijio panteista. Ondoren etorri ziren gizakiek nahi zituzten naturaren gaineko botereak zeuzkaten super-gizakiak, jainko politeistak, gizakiak bezala munduan bertan bizi baina mundua sortu, eraldatu, menderatzeko boterea zeukatenak. Hirugarren urratsa naturatik kanpo kokatutako gizakiaren nahi ahalguztidunaren proiekzioa izango zen, jainko monoteista, mundutik at kokatua, naturaz bestekoa, naturaz gaindikoa, gizakiak beretzat nahi lituzkeen dohain guztien jabe, aldi berean toki guztietan egoteko, dena ikusteko, dena jakiteko, gizaki guztien bihotzaren txokorik ilunenetan ere sartzeko gai, pentsamendu hutsa, pentsatu hutsez errealitatea sortzen zuena.

Baina bide horretan guztian, gizakiaren ametsa bat eta bera izan da beti: kanpoko izaki edo ez-izakiengan proiektatzen zituen ahalmenak beretzat izatea. Naturak ezarri dizkigun mugak gainditzeko lasterketa izan da beti gizakien historia, gizakiak bere burua naturatik at kokatuta. Naturaren mende hasieran, baina naturaren jabe egin nahian beti. Eta mota bateko edo besteko jainkoak gizakiak bere ahalmenez lortzerik ez zuena erdiesteko -edo erdiets zezakeela sinesteko- makuluak izan dira.

Europan -kultura europar edo “mendebaldarrera” mugatuko naiz, besteak baino gehiago ezagutzen dudalako-, ordea, Ilustrazioak gizakitik kanpo kokatutako jainkoenganako sinesmenaren ahultzea ekarri zuen; pixkanaka, erlijioek hasieratik izandako helburura hasi zen hurbiltzen pentsamendu ilustratua. Azken finean, kontzientzia lasaitu dezakete jainko bati otoitz egiteak, entzungo digula eta gure nahiak beteko dituela pentsatzeak, gure biziak berak muga fisikorik ez daukala eta naturaz gaindi luzatuko dela sinesteak…, baina askoz atseginagoa, gogobetegarriagoa da hori dena geuk, gizakiok, kanpoko ezein indarretara jo barik, lor dezakegula sentitzea. Bide horretan, beraz, lehen urratsa botere guztia gizaki kolektibo abstraktuetan jartzea izan zen. Stirnerrek aipatu bezala, bere garaiko ildo liberal guztiek garai bateko jainko natural edo espiritualak gainditu bazituzten, jainko berriak sortzeko baino ez zuten egin, jainko berri horiek Estatua, Gizartea eta Gizakia bera izanik. Gizaki bakar batek ezin duena, Gizakiak, gizaki kolektibo abstraktuak, edo Gizarteak, edo Estatuak, ustezko giza komunitate baten ordezkari, ahal du. Feuerbach bera da horren adibidea, eta halaxe adierazten du bere liburuetan. Haren humanismoaren xedea horixe baita: Gizaki-jainkoaren erlijioarekin ordeztea gainbehera zetozen erlijio espiritualak. Argi ikus daiteke, esaterako, gogora justizia dakarkigunean. Baten batek kalte bat egin eta horren kontra ezer ezin dudanean, kanpoko indar batean jartzen dut nire fedea: karma arduratuko da eta ordainaraziko dio egin didan kaltea; jainko ahalguztidunak zigortuko du beste bizitzan; Estatuak jazarri, harrapatu eta zigortuko du niri kalte egin didana…

Estatuak berak, ordea, berez, ezin du dena, berak zuzenean ezin digu osasuna eman, ezin gaitu gaixotasunetik edo heriotik aldendu, ezin gaitu nahi dugun mundura eraman, ezin gaitu nahi dugun unean nahi dugun tokian jarri, ezin du jakin mundu guztiak uneoro pentsatzen duena, ezin gaitu lan egin beharretik denok askatu, ezin dio mundu osoari gosea kendu… Horretarako, ordea, badaukagu tresna bat, gizakion esku dagoena eta Estatuek gure “ongizatea” -eta batez ere bere helburu guztiak- lortzeko etengabe erabili behar duena: Zientzia. Eta azken mendeotan Zientziaren erlijioan jarri dira gizakion jainko-itxaropen guztiak.

Lehengo egunean lagun batekin hitz eginda, zera esan zigun: diotenez -nork dio? Zientziaren abadeek, noski-, 1.000 urte biziko den lehen belaunaldia jaio da dagoeneko. Zientziaren bitartez, gizakion ahalmen kolektiboen bitartez, alegia, esan daiteke ametsetako bat lortzear gaudela agintzen digutela: betiereko bizitza. Edo ia. Historian lehen aldiz gizakiak hasi dira sinesten erlijio guztien bidez amestu dutena, naturatik kanpo eta naturaren gainetik kokatzea, eskura dagoela, eta gizakien eskuetan gainera. Jainkoak behar baziren bizia sortzeko, gizakiak lortu ahalko du orain Zientziaren bitartez, gizaki kolektiboa jainko bihurtuta.

Gure pentsamendu erlijiosoan, beraz, ez da arraroa, naturaren beharrik ez daukagula, hura gainditu dugula, haren “tiraniatik” askatu garela sentitu ahala, hari lotutako guztia gutxiesteko ideologia nagusitzea pixkanaka. Bizia sor badezakegu, zertarako beharko ditugu bide natural zaharkitu eta tiranikoen bidez umeak sortu? Esaterako.

Baina hasieran esan dudanez, gizaki bakoitzaren premia erlijiosoa harago doa. Ez da nahikoa ahalguztiduna gizaki kolektiboa izatea. Gizakiaren benetako nahia jainkoa, ezelako mugaren mende ez dagoena, ahalguztiduna, bera izatea da. Horregatik, esan daiteke erlijioa, pixkanaka, azken urrats horretarako bidean dagoela bere bilakaeran. Eta azken jauzi horren iragarleak, hain zuzen ere Stirner, lehenik, eta Nietzsche, bigarrenik, dira. Jainko guztiak akabatu ondoren, beharrizan erlijioso berari jarraiki, beste jainko bat igo zuten aldarera: Nia. Azken finean, nik dena ahal banu, zertarako behar nuke bitartekorik? Ez da nahikoa gizaki kolektiboaren bitartez natura gainditzea: neure bitartez gizakiak ere gainditu behar ditut, gizakiak ere, natura bezala, muga bat direlako, ez direlako Ni, neure burua ere gizakiengandik kanpo ikusten dudalako. Haiekin behar beste botere pertsonalik ez dudan heinean baino ez naiz elkartzen, eta haiek nire jainko-xedeetarako erabili ahal izateko. Nahi hori, erlijio guztien funtsa dena, ñabarduraz beteta dago pentsalari biengan, baina haien etika erlijiosoa harantz doa darabilten logika muturreraino eramanez gero (batzuetan berariaz adierazten dute, dena dela). Eta ez da arraroa azken garaiotan Stirner eta Nietzscheren pentsamenduak izan duen gorakada edukitzea. Muga hori gainditzeko amets erlijioso hori, superheroiak berriz puri-purian dauden honetan, norberak naturaren muga oro gainditu nahia, oso argi ikusten da gure inguruan, ideologia iraultzaileetan beste inon baino gehiago agian. Sexua eta generoa ulertzeko moduan ikus dezakegu, esaterako: nahierarako sexua nahi dugu egun. Natura muga bat da; gorputz bat, fisiologia bat ezarri dit eta ezin dut nahi ahala moldatu. Duela gutxi lagun batekin hitz eginda, aitortu zidan inoiz, egun batez balitz ere, gizon baten gorputzean bizi nahi izan duela berak beti. Desio bera izan dut nik ere txikitatik: emakume baten gorputzean bizi. Ez zen arraroa bost bat urterekin nire arrebaren soinekoak jantzi eta amari neska izan nahi nuela esatea, eta fantasia horri heldu nion 20 bat urterekin idatzi nuen ipuin erotiko batean. Orain dakidan eta pentsatzen dudan guztia gorde, baina dena gorputz eme batean kokatu, zenbait egunez, gustatuz gero betiko agian, emakume bizitzeko. Nire lagunaren frustraziorik handienetakoa zen hori egiteko aukerarik ez izatea. Gaur egun, ordea, badaukagu desioa betearazten lagun diezagukeen jainkoa: Zientziari egin diezaiokegu otoitz, dirua izanez gero entzungo digula jakinda. Eta Niaren erlijioak oraindik oztopo nagusi bat aurkitzen duenez -zorionez, gizakiok muga asko daukagu oraindik bururatzen zaizkigun apeta guztiak nahi dugun unean bete ahal izateko-, Zientzia jainkoarengana jo beste erremediorik ez daukagu. Hor baitago bitarteko jainko hori gure gorputza nahierara moldatzen laguntzeko, natura tiranikoak eman digun sexua gogoko ez badugu, esaterako, muga hori gainditu eta medikuntzaren bitartez aldatzeko.

Ez da, beraz, harritzekoa, erlijio politiko eta ideologiko garaikideek Zientzia jainkoaren atal batzuei gorroto izatea -beti daude kontraesanak, baita erlijioetan ere-. Izan ere, Biologia mugak, baldintzatzaile biologikoak, hormonak, naturari lotutako erritmoak, zikloak, aldarteak… dauzkagula gogorarazten tematzen da, eta hari aurre egiteko, hark gogorarazten dizkigun naturaren mugak gainditzeko daude Giza Zientziak, askoz moldakorragoak, esanekoagoak, entzun nahi duguna entzuten utz diezaguketenak, dena Kulturaren ondorio, hots, gizaki kolektiboen erabakien ondorio dela esateko, gure lasaitasunerako. Izan ere, Natura egungo deabru gaiztoaren ondoan -batzuk panteismo zaharrera itzultzen ari diren garai berberetan, gizakion historiak beti dauzkalako aldi berean noranzko bateko eta haren kontrako mugimenduak, batzuetan biak batera pertsona berberengan-, Kultura deabrutxo onberagoa da; azken finean, hura bai, nahi dugun gizaki-jainkoak sortutakoa izanik, gure gizaki-jainko kolektiboaren botereen bidez alda dezakegu, eta denbora emango diogu bitartean Zientzia erlijioaren beste adarrek, biozientziek eta bioteknologiek, Natura deabrua guztiz azpiratu eta gure mendean kate laburrean lotzea lortzeko behar dituzten urratsak eman ditzaten.

Ahaztu gabe, ordea, Zientzia jainkoa bitarteko jainko bat dena, Ni jainkoaren ordua iristen den bitartean erabili behar duguna.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.