Arrazoimena-irrazoimena

(Luzeegi atera zait artikulua eta, beharbada, ez duzu interesik dena irakurtzeko. Itzulinguruetan galdu gura ez baduzu, sentitu libre Nia egia unibertsal bihurtzeko bidea puntura zuzenean jotzeko).

Neure burua zuritzen

Beti bizi izan naiz nire diletantismoan gatibu. Edo aske. Beharbada gauza bera da. Ez daukat, beraz, gizarte eredu honek batzuei ematen dien autoritatea hemen jorratuko dudan gaiaz idazteko. Ez naiz filosofo, ez naiz psikologo, ez naiz teologo, ez naiz zientzialari. Ez dut jakintza arlo mugatu bat ikasi, ez naiz ezertan espezializatu. Eta egin badut, ahaztuta daukat. Nire garunean pixkanaka pilatu diren ideiak, nire ez-jakintzaren piezak, ez daude atalka sailkatuta, eta anabasa den ni hau osatzen lagundu dute. Diletantea gutxi ez, eta lotsabakoa ere banaiz. Hemen jorratutako ezeri buruzko titulurik eta jakintza sakonik gabe idaztera ausartzen den diletante lotsabako bat. Itxura batean, sarrera hau ipar-orratzik gabe dabil, etorriko dena zuritzeko estrategia erretoriko bat, baina zerikusi estua dauka idatzi nahi dudan guztiarekin eta, besterik gabe, beharrezkoa da inor ez tronpatzeko.

Diletante saiatua izanda, denetarik irakurtzen dut, denak balio dit nire barruko ezinegonaren goseari mokadutxo bat edo beste emateko. Diletantismo horren atzetik horixe dagoelako: gosea. Gosea zer naizen, nor naizen, ni hau zer den, zertaz osatzen den; ni hau izaten ikasteko. Eta, hala, azken egunotan nire buruan behin eta berriz ibili diren ideia, kezka, ezinegon batzuek bazka gozoa aurkitu dute Carl Jungen orrietan. Batez ere haren liburu autobiografikoan. Izan ere, Jungen bizitzeko arrazoia izan zenak duela urte batzuk Buenos Airesen lagun on batekin hasi eta inoiz amaitu ez zen eztabaida bat ekarri dit gogora behin eta berriz. Baita Vanerekin aspaldi izandako solasaldiak ere.

Artikulu -zelan edo zelan deitzearren- honek luze jotzeko itxura guztia dauka, azken egunotan Bermeo eta Mundaka arteko nire joan-etorrietako erregaia izan baita, eta bide horretan etengabe zabaldu dira hariak, adarrak, bidegurutzeak… Ahaleginduko naiz hori dena apur bat kimatzen, baina ez dut ezer agintzen. Ez dut Bakunini legez gertatzea nahi: artikulu bati ekin, eta liburu amaigabe bat idaztea.

Hari nagusiari heldu orduko, ordea, garrantzitsua da sarrera honetan beste kontu garrantzitsu bezain agerikoa ere jasota uztea. Edozein testu -idatzia zein ahozkoa izan- hartzen dugunean gure hautua da -kontzientea zein inkontzientea- igorleak egia edo gezurra dioen pentsatzea. Dena sinestea, gehiena, apur bat, ezer ez… Ez gara igorlearen asmoen jabe, geure asmoen jabe baino ez gara, eta ez guztiz. Emango dut, beraz, Jung irakurritakoan nik izandako jarrera mentalaren berri baina, noski, esan gabe doa irakurlearen esku dagoela nire jarrera hori sinestea ala ez. Nik hemen idatziko dudana -osorik, hein batean- nire egia den ala ez. Nire aldetik, Jung irakurtzen dudanean, imajinatzen dut, printzipioz, nik idazten dudanean egiten dudan legez, ez daukala arrazoirik gezurretan aritzeko. Harrigarria gerta dakidake -eta gertatzen zait- berak horrenbeste amets eta xehetasun hain handiz gogoratzea. Txundigarria iritz diezaioket -eta baderitzot- Jungen eta haren pazienteen ametsek holako eduki bitxi, berezi eta zehatzak edukitzeari. Jungen ametsek Jungen beraren bilaketa eta teoriekin hain ondo bat egiteari. Baina ni neure buruarentzat baino ez naiz neurri, eta nahiko badaezpadakoa, gainera, eta beraz, nire amets gehienak gogoratzeko gai ez izatea edo nire ametsetan irudi sinboliko eta arketipiko hain garbirik ez topatzea nire arazoa da, ez Jungena. Azken finean, hemen idatzi nahi dudanerako gutxi inporta horrek guztiak.

Jungen lanak ez dira, noski, irakurri ditudan bakarrak, eta irakurtzeaz gain, askotan izaten dut belarria ere prest nire ingurukoei entzuteko. Jungek inkontzienteaz idatzi eta bere amets askoren berri eman digun legez, euren esperientzia mistikoez mintzatu zaizkidan lagun pare bat ere izan ditut. Lagun horiek kontatu dizkidate, batzuetan zehaztasun handiz, euren bidaia mistikoetan ikusi eta entzundakoak; eman didate buru barruko bidaia horietan topatutako izakien berri. Jung irakurtzean legez, nire lagunei entzundakoan ere ez dut arrazoirik topatzen esaten didatena gezurtzat jotzeko. Ez daukat modurik esateko haiek hori dena bizi izan ez dutenik. Gauza asko bizi daitezke nor bere burutik atera barik. Gauza bakarra esan dezaket: nik ez dut sekula holakorik bizi izan. Baina nire -ustezko- egiak ez du zertan haiena izan. Nik, noski, irakurtzen eta entzuten dudana neure modura interpretatzeko askatasuna daukat -askatasuna ote den ere artikulu honetarako gaia izan daiteke-, eta hala egiten dut beti.

Eta hor kokatzen da gaia, Buenos Airesko lagun horrekin izan nuen solasaldi amaitu gabeak ere hartu legez utzi zuena: mundu espirituala -har dezagun badaezpadako izen hau hasteko, gero aldatuko dugu, beharbada-. Lagunari, eta Kropotkinek moral anarkistaz idatzi zuenaren ildotik, kezka agertu nion pentsaera -ideologia- materialistek espiritualtasuna erabat baztertzean, erlijioen eta metafisikaren kateetatik askatu nahian baztertu ere, eta munduari oinarri bakarra uztean -materia, alegia-, umezurtz utzi ditugulako gizaki asko espiritual esan ohi zaion ezinegon, premia edo kezka horien aurrean. Ordukoan ez atzera ez aurrera geratu ginen. Lagunak modu sinplean ebatzi zuen arazoa: dena da materia, beraz, espiritual esaten diezun premia horiek materialak dira, besteak legez; materia baino ez dute euskarri. Gauzak puntu horretan jarrita, ezinezkoa zen aurrerago egitea, baina horrek ez ninduen ase, noski. Ihesbidea iritzi nion, arazoa ukatzea ez baita arazoa ebaztea, edo ebazteko urratsak ematea. Une hartan, ordea, neuk ere ezin nuen gehiagorik esan. Jakin banekien, berriz, nire baitan bizirik zirauela ezinegon horrek. Mundu arrazional mugatu eta txikia zen mundu irrazional mugagabe eta eskergari atea itxi nahian. Hausnarketa edo dibagazio hauetan heldu nahi diodan gaia, hain zuzen ere.

Hemen jasoko ditudan ideiak, askotan esaten dudanez, ez daude amaituta, ez daude osatuta. Behin-behineko egoera bat da, gaur, 2021eko irailaren hasieran, iritsitako puntua. Zertarako idatzi, beraz? Bahiketa eleberrian nire pertsonaia batek esan legez, beste tximeleta hil batzuk jartzeko horman, orratz bat sartuta. Hemendik urte batzuetara nire garai bateko ni disekatuarekin topo egiteko. Zertarako idazten da, bestela?

Abiapuntu posible bakarra: ni

Gaia jorratzeko uste dut daukadan egia -partzial- bakarra dudala gida bakar. Neure burua, neure eskarmentua, neure bizipenak, alegia. Nigandik kanpoko mundua ezezaguna da, nire baitako mundu gehiena den bezala. Heldulekua, beraz, oso gauza txikia da: nitaz ezagun dudan apurra. Ni ezagun horri helduko diot, beraz, hasteko.

Nire nia, nire kontzientzia, testuinguru jakin batean garatu eta bertan hasi zen forma hartzen: XX. mendeko 70eko hamarkadako Euskal Herrian, Bilbo eta Mundaka artean, erdi mailako familia katoliko batean, ama margolari, aita ogi ekarle, kontratatutako neskek zainduta, anaia-arreba nagusiago biren artean, eta ikasgeletan, arbelaren gainean gurutze bana zeukan ikastetxe erdaldun batean. Katoliko hezi ninduten, beraz, eta baziren unibertsoa antolatzen zuten egia ukaezin batzuk: bazen mundua sortu zuen jainko ahalguztidun eta bakarra, banuen arima hilezkorra, gorputza -materia- hil eta gero, nire merituen edo bekatuen arabera betiereko saria edo betiereko zigorra jasoko zuena, bazegoen aldi berean jainko eta gizaki izandako pertsonaia bat, gurutziltzatuta agertzen zitzaigun bizardun errukarri hori, bazegoen uso bat, eta ama birjina bat -zer ere esan nahi zuen horrek-, ba ei neukan jagoten ninduen aingerutxo bat beti lagun… Bazen misterioz betetako mundu bat: benetakoak ziren mamuak, OHEak, Ness lakuko munstroa, elurretako gizona? Nork eta zelan egin ote zituen Egiptoko piramideak? Zer misterio gordetzen zuten Mexikokoek? Ahalmena ote zeukan buruak materiaren gainean? Posible ote ziren telekinesia eta telepatia? Atera zitekeen arima gorputzetik? Jakin zitekeen gure patua izarren edo eskuko marren bitartez? Zirraragarria zen misterioz betetako mundu hori. Eta ni txiki hura -libra, basurdea, belea…- sinetsita zegoen dena zela posible; nahi izan, esan, eta jainkoari eskatu; fedea. Horrek bihurtzen zuen dena egingarri, baina bene-benetan eta zalantza izpirik gabe sinetsi behar zen -baina jainkoak ez ninduen inoiz Spiderman bihurtu…-. Zalantza zen etsaia. Arrazoia, logika, galbideak. Guretzat, gizaki errukarriontzat, gauza batzuk ulertu nahi izatea ezinezkoa zen, infinitua ezin zen imajinatu, lehertuko zitzaigun burua. Jainkoa edo unibertsoaren sorrera, ulertu nahi izatea gurpil zoro bat zen, erotuko zintuen gurpila (nork sortu zuen unibertsoa? Jainkoak. Eta nork sortu zuen jainkoa? Inork ez, bere burua sortu zuen. Eta zergatik ez zuen unibertsoak bere burua sortu? Jainkoa behar zelako bera sortzeko. Eta ez zen inor behar jainkoa sortzeko? Ez. Ixo). Eta hor garatzen ginen, pixkanaka, ametsak eta amesgaiztoak zer ziren ulertu barik, baina gauero amets egiteko irrikan, ametsek, gaiztoak ez zirenean, mundu zoragarriak, araurik gabeak zabaltzen zizkigutelako. Nik ametsetan beti neukan hegan egiteko ahalmena; erraza zen, airean igeri egitea bezalakoa, baina batzuetan arazoak nituen aireratzeko, eta hor ibiltzen nintzen, beso eta hankei eragin eta eragin, eta nire jazarleen eskura, gora egin ezinik. Ametsean jausten banintzen, bihotza ahoan esnatzen nintzen. Eta posible ei zen amets horiei esangura bat ematea. Etorkizunaren berri ematen ei ziguten. Nire emaitzarik ukigarriena, ordea, ametsean txiza egin edo uholde batean harrapatuta gertatu, eta ohea blai esnatzea zen. Eskarnioa egun batean eta bestean, hura ametsek iragarritako etorkizun bakarra. Ume beldurtia, gaua mehatxuz beteta imajinatzen nuena, estrategiak asmatzen nituena kanpoko etsai ikusezin horiengandik babesteko. Izaren azpian sartu eta, nik baino ikusten ez nuen botoi bat sakatuz gero, geruza suntsiezin batek inguratzen zuen nire ohea. Txiza egiteko, noski, orinala izaren barrura sartu behar, eta gero komeriak orinal betea kanpora ateratzeko, ohe azpian egon zitezkeelako etsaiak, zain. Orinalaren ondoan lokartu, hura irauli eta berriro bustita itzartzea ez zen arraroa.

Beldurtia bai -izan naiz eta banaiz, beldur eragileak aldatu arren-, baina iluntasunak erakarrita sentitzen nintzen -eta naiz-, aldi berean. Egiten genituen saioak Mundakan objektu txikiren bat gure buru ahalmenaz mugitzeko lagun guztion artean, deituko genituen izpirituak, dena batere arrakastarik gabe; eta maiz imajinatuko nuen, gizaki ez eta deabru txiki bat nintzela, edo banpiro bihurri bat -edo neska, edo txakur…-. Marraztuko nituen nik asmatutako munstro eta mamu txikiak, liluratuko ninduten aurpegi itxuragabetuekiko panpinek, eta kezkatuko nuen ama halako gustuekin. Nire umetako ipuinetan pasadizo makabroak ez ziren falta. Beldurtu eta erakarri, zerbait berezia zeukan beti ilunpeko munduak.

Baina mamuak buru barruan baino ez ei zeuden, eta nagusitan galduko nituen beldur horiek -ez izaera beldurtia-, arrazoimena nagusituko zelako orduan. Gauza irrazional batzuk baztertu eta beste batzuk besarkatzea, hori zen bidea. Mamuak, izpirituak, itzaletako etsaiak baztertu, eta jainkoa besarkatu. Alde handi batekin: mamuak nire buruak sortuak ziren, eta jainkoa beste buru batzuek sortua eta nire baitan landatua. Eta gauero egiten nion otoi, zintzo demonio, solasaldi luzeak izaten nituen, lagun ezaguna zen ia, ezagutzen ninduena, ezagutzen nuena. Haren erresumara joan ei zitzaidan anaia auto istripuan hil eta gero, eta orduan ere, hildako anaiari lotuta, behar nituen fantasia lasaigarriak eraiki nituen, ikasitako erlijioa makulu hartuta.

Galderak eta zalantzak ez ziren inoiz desagertu, ordea. Sinestea gehiago zen hautu bat -eta harro nengoen eguneroko hautu horretaz-, arrazoiak bere bidea egiten baitzuen, bere aldetik.

Hala, nerabe bihurtu, eta deabrua izan zen hil nuen lehena -ez da kasualitatea-. Jainkoa arrazionalizatuta, bekatuak, zigorrak, infernuak… ez zeukaten zentzurik. Jainkoa, izanez gero, nik imajina nezakeen modukoa izango zen: maitasun hutsa, ona. Askatasuna eman, eta gero zigorra ezartzen duena ez da ahalguztiduna, oso ahula baizik. Are gehiago obeditua izateko mehatxuak behar dituena. Besterik gabe, ahula da obeditua eta gurtua izateko izakiak sortzen dituena. Bere sorkariei bideak tranpaz betetzen dizkiena. Herriak eta gizakiak apeta hutsez hautatzen dituena, nori agertuko, nor salbatuko, nor babestuko, nor suntsituko, nor kondenatuko. Munstro izugarri bat. Ahalguztidun eta orojakile bada, inork ezin du haren borondatearen aurka ezer egin eta, beraz, zer zuzentasun dago berak erabakitakoa egitea zigortzean? Arrazional eta logiko, gero eta arrazional eta logikoagoa bihurtu nintzen. Arrazoimena zen nire argia. Giza arrazoimena zen, gero eta gehiago, jainko ahalguztidunaren ordezko ahalguztiduna. Nire orduko anarkismoa ez zen inon irakurritako doktrina bat. Nire anarkismoa hasieratik izan zen nire arrazoimenaren emaitza. Gizartea arrazionalizatu, eta anarkismoa zen bide logiko eta arrazoizko bakarra. Aske ez bagara, zertarako izan. Niretzat askatasuna nahi badut, beste guztientzat ere nahi dut, ezin bainaiz libre izan nire inguruko guztiak aske ez diren mundu batean. Nire jainkoa ere gero eta anarkistagoa zen. Egizue paradisua lurrean, baina imajina dezakezu poliziak, mugak, armadak, dirua, esplotazioa, hierarkiak… dituen paradisurik? Eta, luzaroan Unamunoren antzera nolabait ibili ondoren, arrazoimenaren azken urrats logiko bakarrera iritsi nintzen, horretarako urteak behar arren, nire baitan ahots isil bat haraino aspaldi heldua baitzen: jainkoa ez da arrazoizkoa, ez da logikoa, ez du zentzurik, ez da.

Arrazoimenaren garaipena, ordea, ez da inoiz erabatekoa, irrazoimenarena ere ez den bezala. Nire baitan, ahots bat matxinatu da beti arrazoimenaren tiraniaren kontra -tirania ororen kontra-, zientziaren kontra, logikaren kontra, absolutu ororen kontra. Mundua bera ez baita arrazoizkoa, logikoa; mundua zabalegia delako zientziarentzat, aldakorregia absolutuetarako. Arrazoia, logika, zientzia, gizaki mugatuok garatutako makuluak baino ez baitira. Makulu akastunak, mugatuak.

Hala, gaztetatik, alkohola edaten hasi aurretik eta edaten hasi nintzenean, arrazoimenaren ahalmen erabatekoaren sinestun nintzela, seguru nengoen zenbat alkohol ere edan, beti izango nintzela neure buruaren kontrola izateko gai. Kontzientziak garaituko zuen mozkorra. Nerabe nintzela, ardoa edan eta edan, eta energia asko xahutzen nuen neure buruaren kontrolarekin tematuta…, eta garaituta, behin eta berriz. Ez zen nire barruan kontrolpean bizi ohi zen izaki ilun -zein argi- ezezagunak arrazoimenari partida irabazteko bide bakarra. Gauza bera gertatzen zitzaidan, behin eta berriz, egoera egokietan, libidoak -Freuden zentzuan- itsasontziaren lema hartzen zuenean, besteak beste. Halakoetan, kontzientziak bere zaintza ahuldu orduko, arrazoimena ez zen itzaltzen, beste indar baten esanetara jarri baino. Ondo ulertu nituen Humen berbak, urte asko geroago irakurri nionean gure adimena, gure arrazoimena, gure barruko bultzaden mende jartzen dela; gure bultzaden eta apeten esanetara, eta haiek arrazionalizatu eta zuritzeko argudioak aurkitzeko beti prest. Halakoetan, sentitzen nuen nire barruan beste ni bat bizi zela, askatu eta kontrola hartzen zuena. Orduan, nire adimen osoa jartzen zen ni ezusteko horren gogoa betetzeko bideen bila. Ez zen arrazoimena itzaltzen, neure buruari ezarritako muga moralak baizik, haien jagolea erlaxatu orduko. Beste ni horrek, itzartzen denean, gaitasuna dauka adimena, arrazoimen guztia, bere apetak zuritzeko lanean jartzeko, kontzientziaren ahotsa isilarazteko. Irrazoimenaren ordua da, haren mendekuarena, «hemen nago, bizi naiz» gogorarazteko unea. Ni moralari, ni kontzienteari, berriro gobernatzen utzi arte. Bere ilunpetara erretiratu arte. Orduan kontzientziaren ausikia. Orduan emango zizkidan arrazoimenak egindakoa deitoratzeko argudio kontziente guztiak -traidore horrek-…, hurrengo abagunean berriro abandonatuta utziko gaituztenak.

Hortik, seguruenik, neure buruaren kontrolari eusteko maiz izan dudan obsesioa. Hortik, substantzia batzuek nire baitan zabaldutako bideak libre utzi eta disfrutatzeko ezintasuna: nire baitan bizi den ezezagunari senez-edo diodan beldurra. Eta hortik erabateko arrazoimenaren aurrean matxinatu beharra, jakin badakidalako arrazoimena nire baitan bizi denaren zati ñimiño bat baino ez dena eta, askatzen denean, beste ezezagun horren aurrean morroi zintzo eta esaneko izaten baino ez dakiena.

Muturreko egoerak alde batera utzita, nire nerabezaroan eta gaztaroan, unibertsitate garaian batez ere, bazegoen buruan biraka izaten nuen beste ezinegon bat. Gogoratzen naiz lagun-min batzuekin hitz egiten nuela horretaz edo, hitz egin baino gehiago, trukatzen genituen eskutitz luzeetan idazten genuela ondoeza sentiarazten zigunaz. Garai haietan inguratzen gintuztenen iritzi eta aurreiritzietan preso sentitzen ginen. Ematen zuen bizitzak noranzko batean bultzatu gintuela, besteen aurrean gure irudi bat marrazten joan zela, eta aurrerantzean gure patua irudi horri erantzutea zela. Eta, horren aurrean, hutsetik berriro hasteko aukerarekin egiten genuen amets. Besteen aurrean geure burua birdefinitzeko bigarren aukera bat bilatzen genuen. Nire pertsonaiak, nolabait esateko, nekatuta nindukan.

15 bat urte nituenetik, orduak eta orduak ematen nituen ohe gainean etzanda, sabaiari begira, buruari bueltak eta bueltak ematen -denbora galdu baino ez duzu egiten, esango zidan amak maiz-. Labirinto haietan etorkizunean izango nintzena proiektatzen nuen. Ni arrazional baten proiekzioa zen. Arrazoimenak bazeukan ni ideal bat definituta, baina etorkizunaren zerumugan baino ez zen existitzen ni hori. Egunen batean izango nintzen hori, heldua, nagusia, nire bizitzaren jabe izan nendinean. Bitartean, nerabe, gurasoen etxean, besteen aginduetara, besteek nitaz gura zutenaren aurrean matxinatu, eta nire proiektu hori diseinatu, besterik ezin egin. Nire buruaren barruan baino ez nintzen libre, ez nintzen neure burua nahieran definitzeko gai. Kanpoan denak ziren arau, agindu, mehatxu, zigor, hertsadura, nahi ez nuen hura izan nendin. Etxetik ihes egitearekin egiten nuen amets batzuetan, neure buruaz beste egitearekin beste askotan. Jaiotzea ez nuen aukeratu, desjaiotzea da geratzen zaidan hautu libre bakarra; hiltzea. Ilunaren dei tentagarria. Edo besteek nigandik nahi zutenetik urruti egongo zen ni ideal hori eraiki, isilean eta setati. Baina garatzen zen nia pixkanaka, eta gero eta urrunago sentitzen nuen imajinatu nuen ni ideal eta arrazional horrengandik. Egiazko emaitza, besteek ezagutzen zutena, ez zetorren bat nik proiektatu nahi nuenarekin, eta urruntzen zen, etengabe. Muga ziren besteak, senideak, lagunak, irakasleak nahi nuen nia izateko. Desbideratu egiten ninduten, nigan beste norbait ikusten zutelako, nigandik beste norbait espero zutelako. Eta nik haiek espero zuten txistea egingo nuen haiek espero zuten unean, txiste horiek esaten zituen pertsonaia jasanezina gertatzen bazitzaidan ere. Ikasi nuen besteek espero zuten Asel antzezten, hain ondo ikasi ezen ez bainintzen gai jendaurrean beste Asel bat izateko. Asel asko, bai: Asel bat gurasoentzat, Asel bat irakasleentzat, Asel bat Bilboko lagunentzat, Asel bat unibertsitateko lagunentzat, Asel bat Mundakako lagunentzat… Denak ni, eta denak barruan sentitzen nuen Aselengandik urruti.

Urteak igaro, eta azkenean, halako batean, onartu nuen ni ez nintzela inoiz izango diseinuzko ni ideal, logiko eta arrazional hori. Ez nintzen besteek ikusten zutena, baina ez nintzen nik nahi nuena ere. Edo hori dena nintzen, baina ez hori bakarrik. Nire baitan bazeuden inoiz kontrolatuko ez nituen bultzadak, joerak, apetak, beldurrak, ezinak, grinak, argiak, ilunak…, eta emaitza, beraz, osotasuna, nire kontroletik guztiz kanpo geratzen zen zerbait zen. Onartu eta ezagutu behar nuen norbait nintzen. Nor, ordea? Liburuetan aurkituko nuen, beharbada, eta bilaketa horren emaitza dira idatzi ditudan eleberri gehienak, inoiz amaitzen ez den bidaia.

Nia egia unibertsal bihurtzeko bidea

Hori da nire bizipenen laburpen oso eskematiko bat, hemen jorratu dudanerako agertu behar nuena. Laburbilduta, beti sentitu dut etxe honek, nire gorputzak, bizilagun asko dituela, denen artean osatzen dutela auzoa, eta gehienak ez ditudala ezagutzen; seguruenik, euren geletatik inoiz irten ez duten asko daudela oraindik hortik. Hori da nire egia -partziala-, baina egia unibertsaletara iristeko ei dugun abiapuntu bakarra horixe da, norberaren egia partzial hori. Uste dut oinarri bera hartu zuela Jungek bere ibilbidean, eta orain helduko diot honekin guztiarekin esan nahi dudanari. Itzulinguru pertsonal hori, ordea, guztiz beharrezkoa zen datorrena ulertzeko.

Lagun horrekin izan nuen solasaldian ez nintzen ohartu hiztegiak trabatu gintuela. Bitxia da, filologoa izanda, jakin behar dudalako zelan baldintzatzen eta mugatzen gaituzten berbek. Bere burua materialista zorrotz aldarrikatzen duen bati espiritua aipatu, eta moztu dira elkar ulertzeko zubi guztiak. Hor ere lagun etorri zait Jung. Berak psikologiaren ikuspuntutik aztertu nahi duen fenomenoaz mintzatzeko inkontzientea da aukeratutako berba, eta halako batean esango digu berdin dela horri inkontziente esan, jainkoa esan, demonioa esan… Eta bat-batean, hasten dira gauza asko argitzen. Nik irrazoimena esango diot horri. Edo ez zehazki horri, baina bai haren ezinbesteko bidaideari.

Ez dakigu inguratzen gaituzten beste animalien baitan -katuak ditut nik inguruan- antzeko prozesurik gertatzen den; haiengan ere garunak jarduteko modu biren -edo gehiagoren- arteko gatazkarik gertatzen den, baina badirudi gizakiongan aspaldi sortu zela barruko mundua bitan banandu zuen haustura edo gatazka. Azalean, ikusgai, geratu zen kontzientzia deritzogun hori, arrazoimenari lotuta dagoena, nia esan ohi dioguna; sakonean, ezkutuan, bistatik kanpo, baina beti lanean, inkontzientea esaten dioguna, itsaso zabal eta ezezagunena, arrazoitzeko -irrazoitzeko- beste era bati lotuta, irrazoimenari. Eta esango nuke, gizakiari, alde kontzientearen azpiko -edo gaineko, edo inguruko, bost axola- itzalak, ulertzen ez zituen bultzadak, ametsak, irudiak, obsesioak… sumatzen hasi zenetik, haiek ulertu ezinik, haiekiko nolabaiteko beldurra, errespetua, prebentzioa piztu zitzaiola. Irrazionaltasuna, beste animalien moduko naturaren emaitza bat baino ez dela gogoratzen diona. Irrazoimena. Makulu, akuilu, oztopo eta mehatxu. Irrazoimen hori azpirrazoimen, gainarrazoimen, aurrerrazoimen, postarrazoimen, perirrazoimen den… Izen hori etorri zait burura, eta hala erabiliko dut.

Jungek inkontziente kolektiboaren kontzeptua garatu zuen. Ez dakit halakorik dagoen, nik norbanako prozesu baten emaitza ikusten dut hor, norbanakoaren historiaren arrastoak, gizakien historia kolektiboaren arrastoak baino gehiago, gizaki ororen sorreran errepikatzen diren prozesu unibertsalak baitaude, espeziearen oroimen kolektibo batera jo beharrik gabe, baina alde batera utziko dut hori, ez baita beharrezkoa garatu nahi ditudan ideiak azaltzeko. Inkontziente hori kolektiboa edo norbanako-unibertsala izan, neuk ere hor ikusten dut erlijioen sorburua. Gure baitan bizi diren azalpenik gabeko indar, bultzada, argi, itzal, poztasun eta ondoezak kanpoko mundura proiektatzean, norbanakoaren eta kanpoko unibertsoaren arteko bereizketa kontziente egiten denean, asmatu dira, pixkanaka, haientzako azalpenak, banakakoak eta kolektiboak. Erlijioak, azken buruan, proiekzio horiek ordenatu eta sistematizatzeko eraikuntza kolektiboak lirateke. Izan ere, artega bizi da gizakia bere baitako indar horiei azalpenik aurkitu ezinik; hein handi batean, dena ikusten dugu hor, izutzen gaituena eta adoretzen gaituena. Plazera eta sufrimendua. Jainkoak ez ziren asmatu kanpoko munduan azaltzerik ez zeuden gertakariak azaltzeko, barneko mundura bake apur bat ekartzeko baizik; koherentzia bat mundu inkoherente bati. Norbanakoaren azalpena zabalduko zitzaion gero munduari, unibertsoa beste gizaki bat bihurtuta. Gure barruko indar ezezagunak, sakratu bihurtuta, arrastoan sartu eta zentzu bat emateko tresna zen. Kontzientziak, arrazoimenak, inkontzientearen, irrazoimenaren gaineko agintea izateko. Jainko ona eta gaiztoa, jainko salbatzailea eta tentatzailea, jainko zintzoa eta gezurtia, jainko maitekorra eta suminez betea, jainko barea eta amorratua. Ni menderatzen nauten indarrak, ezagutzen ez ditudanak, menderatzeko exortzismoa; haiekin bizikidetza itun bat sinatzeko bidea. Gida finko bat neure buruari galdetu beharra saihesteko. Sinetsi, ez pentsatu. Eraikitako erantzunak galderarik ez egiteko. Kontzienteak inkontzienteari dion beldur sakratua. Beldurtu beste erakartzen duena. Mugak jartzeko gurtu behar duena. Tabua.

Bestalde, jaiotzen garenetik, unibertso osoa gugandik bereizi eta unibertso horretan beste bat izatera etsitzen dugunean; bat eta bakarra, osotasuna izateari uzten diogunean, berezko beste bultzada nagusi biren artean biziko gara, bata bestea bezain errotua eta naturala, mundura ez baikara bakarka jaurtiak. Sortzen hasten garenetik, gutxienez, gizaki bik osatzen naute. Ni beti naiz gu. Kasurik muturreko eta arraroenean, sortzen ari den haurra eta inguratzen duen unibertsoa, ama. Baina naturan salbuespena baino ez da haurra eta ama munduan bakarrik egotea. Haurra komunitate batean jaiotzen da. Haurra ez da ezer babestu, elikatu eta gizaki izaten irakatsiko dion komunitaterik gabe. Norberak hautatua ez denean, bakartzea izan da beti zigorrik latzena. Komunitateak desegiten direnean edo haietatik kanpo geratzen garenean, automatikoki hasten gara komunitate berrien bila, lotura berriak asmatzen, bakardadeari ihes egiten. Berezkoa dugu besteekiko atxikimendua, geure buruarekikoa beste. Hasieran, ez dugu nia eta komunitatea bereizten. Niaren luzapena da bera. Komunitatearentzat, haren zelula bat gara gu. Hazi ahala, gure zerumuga zabaldu beste mugatuko digu komunitate horrek. Geuk ere komunitatearen aukerak zabaldu beste mugatuko ditugu. Indar biren arteko dialektika etengabea garatuko da, hobeto edo txarrago. Indar batek nia hobetsiko du, komunitatearen kaltetan behar badu ere, batzuetan; beste batek, komunitatea lehenetsiko du, niaren kaltetan behar badu ere. Hainbeste, ezen maiz pentsatuko da komunitateari indar horietako bakarra komeni zaiola, eta norbanakoari bestea. Aitzitik, biak dira beharrezkoak bientzako, biak dira ezinbesteko eta onerako, bien sintesia aurkitzen jakinez gero. Norberekeria edo egoismoa esango diogu bati, eskuzabaltasuna edo altruismoa besteari. Indibidualismoaren oinarri izango da bata, komunismoaren oinarri bestea. Bateragarriak, elkarren osagarriak, ez balira legez, gainerako indarrak legez. Nik dakidala, azken mendeotan anarkismoaren adar batzuk izan dira biak bateratzeko, harmonizatzeko, uztartzeko bideak setati bilatu dituzten bakarretakoak, komunitateak desiratutako berdintasunean norbanakoaren askatasuna zapaldu ez dezan, eta norbanakoak desiratutako askatasunean besteen berdintasuna urratu ez dezan; norbanako bakoitzaren ahalmen guztiak loratuta, komunitatea aberatsagoa izan dadin, komunitatearen indar eta babesarekin bakoitzaren ahalmenek ahal duten guztia eman dezaten.

Gizatalde bakoitzak bere moral kolektiboa garatuko du -eta norbanako bakoitzak, bere aldetik, bere banako moral berezia-; kasu batzuetan, ez beti, bere erlijioa ere bai. Bere sinesmen sistema. Sistema horietako batzuek eutsiko diote sorburuko osotasunari, onaren eta gaizkiaren arteko batasunari, nolabait esateko. Argia ilunean, iluna argian. Beste batzuek hautsiko dute jainkoaren, gizakiaren, bikoiztasuna, osotasuna, marra bat eginda, eta marraren alde batean jarriko dute ongia, jainkoa, eta bestean gaizkia, deabrua. Komunitate batzuek arazo handiagoak dituztelako gizakia bere osotasunean onartzeko, beldur handiagoa diotelako giza inkontzienteari, irrazoimenari. Gizarte horiek arrazoimenean jarriko dituzte euren itxaropen guztiak. Kontzientzia hautatu, eta inkontzientea zokoratuko dute. Beldurra izango diote gizakiarengan bizi den naturari, animaliari. Naturatik bereiztea bilatuko dute, atzean uztea, gainditzea. Ezinezko bide neurotiko bat.

Irrazoimenaren mendekua arrazoimenaren garaietan

Horixe da gurean nagusitu den joera, mendebaldeko gizarte zibilizatuarena, globalizatu nahi den gizaki mutilatua. Hortik zientzia eta kultura bihurtzea gurtu beharreko jainkoak. Setati irakatsiko digute gizakiarengan animalia hil dela, ez dela senaren arrastorik geratzen, gizakia kulturak nahi ahala molda daitekeela, aurreko formarik gabeko buztina dela, kulturaren eta zientziaren eskuetan. Humanismotik posthumanismora eta transhumanismora. Zientziak eta teknologiak gidatutako eboluzio kontziente eta arrazionala. Arbuiatuko du zientziak bere metodoaren bitartez azaltzerik ez dagoen oro. Zientziak ezin badu azaldu, ez da. Horra irrazoimenaren mendekua, erantzun automatiko, murriztaile eta eroso oro baita faltsu -dena da materia esatea erantzun automatiko, murriztaile eta erosoa da, zalantza barik, betiko uxatu nahi ditugun, gure baitan sumatzen ditugun eta aztoratzen gaituzten indarrak, ahotsak, irudi eta bultzada deserosoak betiko lurperatzeko-. Zientzia eta kultura, ordea, giza jainkoaren sorkariak dira. Tresna batzuk, aurrera egiteko -edo atzera-. Zientzia gizakiek egiten dute, metodo bat du, eta gizaki horiek adina muga, akats, itzal. Zientziak ere, erlijio orok legez, bere liburu sakratuak, liburu horien interpreteak, gizaki hilkorren eta zientzia-jainkoaren arteko bitartekariak, bere misterioak, liturgiak, paradisuak eta infernuak ditu. Heresiak eta heretikoentzako erbesteak, gurutzeak, anatemak.

Irrazoimenaren mendekua, diot, zientzia irrazoimena erbesteratzeko sortu baitzen, besteak beste, baina erlijio bihurtzen denean -eta ez diot zientzia beti, derrigorrez eta mundu guztiarentzat erlijio bihurtu denik, uler dadila ondo-, haren defentsa, haren gurtza irrazoimenaren erresuma bihurtzen delako. Fedearen ezaugarri nagusia honakoa da, hain zuzen ere: fededunak, sinestunak, bere gurtzaren objektuan sinetsi behar du, itsu eta arrazoimen ororen kontra. Sinestea ez-arrazoitzea da, irrazoitzea. Kristautasuna arrazoimenak hil duen legez, zientzian ere arrazoimena izan daiteke haren aurreko ateismorako bidea eta, beraz, zientzian sinesteko, edozein erlijiotan bezala, itsu behar dugu haren kontraesan, inkoherentzia, gezur eta akatsen aurrean. Sinetsi nahi baduzu ez arrazoitu, irrazoitu. Eta izen berriak asmatu heretikoen kontra, anatemaren aurka.

Gauza bera gertatzen da hein batean edo bestean -ismo guztiekin. Arrazoimenaren bitartez eta irrazoimenaren kontra, ustez, iritsi ohi da -ismo modernoetara baina, fosiltzen direnean, egia sakratu bihurtzen direnean, haien barruko eta haien gaineko eztabaida oro ukatzen denean, irrazoimenak aldarrikatzen du bere lekua, eta arrazoimena garaitzeko beste ahalmen dauka berak.

Hala gertatzen da masako gertakarietan. Jendartea garenean, multzo, talde, olde…, gure kontzientziak atseden har dezake, baita gure arrazoimenak ere. Ez da beharrezkoa egiten dugun gauza bakoitza pentsatzea, hausnartzea, arrazoitzea. Taldeak -edo liderrak, hautatuak, mesiasak, presidenteak, gobernu demokratikoak, herriak…- egiten du gure ordez. Kontzientzia kolektiboan urtzen da, erlaxatzen da, bere lana eskuordetzen du. Egiten duguna okerra bada, errua ere lausotu egiten da, edo guztiona da edo, zuzenean, beste batena. Eta kontzientzia erlaxatu orduko, zirrituak zabaltzen zaizkio inkontzienteari. Arrazoimenak atseden hartu orduko, hor dator irrazoimena libre utzitako hutsuneen jabe egitera.

Onerako zein txarrerako, kontzientzia eta arrazoimena ez baitira beti argitsu, ez inkontzientea eta irrazoimena beti ilun. Argiak eta itzalak daude batean zein bestean -argi eta itzal zeri esaten diogun da beste kontu bat-. Hala, gerta daiteke gure ikuspuntu kulturaletik kontzientzia eta arrazoimen ilunak dituenarengan, halako uneetan inkontzientearen eta irrazoimenaren argia azaleratzea, eta alderantziz. Ez da arraroa, hondamendien erdian, aurreko egunean gustura akabatuko genituzkeenak -bai, akabatu, denon baitan bizi baita demonio edo jainko hori- ekintza heroikoak egiten ikustea. Dena bere buruarentzat gordetzen zuena daukan guztia behartsu eta zigortuenekin esku beteka banatzen aurkitzea. Kontzientziarik eskuzabal eta altruistena zuenak bere burua salbatzeko edonoren gainetik igarotzeko prest dagoen bitartean. Batzuek altruismoa bandera eroaten duten legez, egoismoa baitute gida bestetzuek, eta kontzientzia altruistenen azpian inkontziente berekoia dagoen bezala, irrazoimen eskuzabala bizi da arrazoimen egoista dutenengan. Indar biek behar dute elkar. Horrela biziraun du espezieak.

Maiz galdetzen diot neure buruari nire anarkismoa ere erlijio bihurtu zaidan. Horregatik, beti eusten diot piztuta zalantzaren suari. Askotan galdetzen diot neure buruari zergatik naizen anarkista, benetan ote naizen anarkista. Eta besarkatzen ditut nire zalantzak. Izan daiteke pelikula batean hiri erraldoi bat agertzean, gauez edo egunez, etxe orratzez osatua edo basamortuan buztinez egina. Imajinatzen ditut hor bizi diren guztiak, milaka edo milioika lagun, zein bere izaera, arazo, joera, tragedia, arrazoimen eta irrazoimenekin. Posible da denak elkarrekin antolatzea bakoitzari behar duena emateko, inork inor zapaldu gabe? Zaila, seguru. Baina anarkismoaz pentsatzen dudanean ez dut imajinatzen gizarte guztiz arrazionala, proiektu amaitua, finkoa, estatikoa, gatazkarik eta indarkeriarik gabea. Eta berriro berresten dut posible dela. Edo, gutxienez, desiratzen dudala. Posible ez ezik, gizakiok merezi dugun gizarte bizigarri bakarra begitantzen zaidala. Gure arrazoimenak lehenago planeta honetatik guztiz desagertzera ez bagaroatza, behintzat, zientziak lagunduta.

Buruan geratu zaizkit beste ideia asko solte, egunotan nire garunaren barruan hamaika bider idatzi den artikuluak jaso dituenak, baina kimatzen saiatuko nintzela agindu dut, eta luzeegi atera zait dagoeneko. Ulertzen dakienak ez du azalpenik beharko artikuluari egin diodan sarreraren zioak ikusteko.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.