Ni bat asmatu nuen

Ni bat asmatu nuen,
bikaina,
nahi nuen neurrikoa,
onak zirela ikasi nuen dohainez jantzia,
eta asmatu ez nuen niak
bere bizi osorako lantzat hartu zuen
asmatu nuen nia gezurrez gezur
biluztea,
suntsitzea,
gezurtatzea.
Maitasuna maite nuela asmatu nuen,
maitatzen banekiela.
Maite behar nituen pertsonak maite nituela
asmatu nuen.
Maitatzen banekiela,
maite behar nituen pertsonak maite nituela
sinistu nuen.
Nire neurrirako maitasuna asmatu nuen,
maite behar nituen pertsonen neurrikoa.
Maitasuna nuen gustuko, bai,
maitasuna, hitza bera,
hitzari asmatu diogun esanahia,
hitzak asmatu diogun esanahia badaukala sinetsita.
Esanahi hori maite nuela barneratuta.
Asmatu nuen niaren neurriko maitasuna zen hura.
Eta maitasunak bere bizi osorako lantzat hartu zuen
maitalez maitale
bere esanahia
biluztea,
suntsitzea,
gezurtatzea.
Ni bat asmatu nuen,
bizitzeko maitasuna besterik behar ez zuena.
Eta orain maitasunaren esanahiaren bila nabil
niak zelan bizi behar duen
asmatuko badut.
Ni berri bat asmatu beharko dut
maitasunari esanahi berria aurkitu
orduko.
Edo porrota onartu,
niak asmatzeari utzi,
asmatu ez dudan nia izan,
naizen ni bakarra izan,
eta maitasuna libre utzi
bere esanahiak bila ditzan,
maitasunak libre izaten baino ez baitaki,
asmatu ez dudan niak bezala.
Bizi osoa emango diet euren burua
biluzteko,
suntsitzeko,
gezurtatzeko.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.