Malthusen ezinegona

  • Argitaletxea: Elkar
  • Urtea: 2021
  • Orrialde kopurua: 221

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

XXIII. mendean gaude. Mundu osoan milioi bat pertsona bizi dira, luxu eta ondasun guztiak eskura, inguruan beren zerbitzurako hainbat robot-gizaki dituztela, ez lanik, ez gaixotasunik, ez ardurarik gabe. Dena da lasaia eta gozagarria, izatez, baina badira lasai egon ezin direnak ere: horien artean Malthus, bizitza eroso horrekin deseroso, barruan borborka sumatzen duen botere-nahia nola ase ez dakiela.

Malthus apurka joan da deskubritzen mundu perfektu horren arrakalak eta gezurrak, baita historiaren martxa irauliko duen plan bat pentsatzen ere. Iritsi da plan hori gauzatzeko unea, urtetan landu duena. Gaurgero, Malthus ez da izango bere kideak bezalako ondobizi alfer bat, askoren arteko ale ordezkagarria, ezpada bere garaikideek gurtu eta geroak gogoan hartuko duen norbait: berezia, bizia eta boteretsua.




Malthusen ezinegona ezustean iritsi zen, erasoan ia. 2018ko urria zen, udaberrian Bioklik argitaratu nuen eta, berez, ez neukan asmorik distopia gehiagorik idazteko. Beste proiektu batzuk neuzkan esku artean, besteak beste, 2019an argitaratuko zen Inoren munduan eta 2020an aterako zen Bahiketa. Zerbait ari nintzen telebistan ikusten, ez dut gogoratzen zer, buruak hegaldi librean alde egin zidanean. Leherketa baten modukoa izan zen: Malthus etorri zitzaidan gogora, ezerezetik sortutako pertsonaia, eta haren atzetik bera inguratzen zuen mundua. Ordenagailura jo nuen, ezinbestean, eta nire garunean isiltzen ez zen ahotsari irteten utzi nion. Lehen apunteak izan ziren haiek, lehen zirriborroa, eta berehala sortu zen Judithen eta Malthusen arteko ispilu jokoa. Judithen hasierako eszena ere braust, arrapaladan sortu zitzaidan. Idazteko estiloan pertsonaiak eskatzen zidan indarra sumatzen nuen, etorrian, erraz, berez. Hala, hurrengo lau hiletan obsesionatuta idatzi nuen, sukar batek jota bezala, eleberria amaitu arte. Gutxitan lortzen du horrelako intentsitatea sortzeko uneak, baina egiten duenean ezin da beste ezerekin alderatu. Horretaz, baina, nire amarekin baino ezin dut hitz egin. Margolaria, artista da bera eta, beraz, sormenak sentiarazten duenaz mintzatzeko hizkuntza bera darabilgu. Halakoetan, idatzi orduko norbaitekin hustu behar baitut barruan borborka geratu zaidan zirrara, eta ama izan da belarria beti prest izan duena, pazientzia handiz.

Amaitu eta gero, noski, moldaketak etortzen dira, idazteko prozesu bat hain azkar gertatzen denean itsututa bezala sentitzen baitzara, egin berri duzunari neurria ondo hartu barik. Argitaletxeak ere, jakina, ukitu batzuk proposatu zizkidan baina, funtsean, lau hil zorabiagarri horietan sortutakoa geratu da orrietan. Gero, 2020an, agintariek erabaki zuten distopia batean bizitzeko garaia zela, gizakiok inoiz bizi izan dugun men egiteko birprogramaziorik zabal eta arrakastatsuena, zalantzarik gabe. Nik zera esaten nion neure buruari, itxialdiko lehen hil haietan, jendeak estatu polizialarekin pozik ematen zuen bitartean: <<eta Malthusen ezinegona hau dena gertatu aurretik idatzi nuen…>>.

Karonte idatzi nuenean, ez neukan asmorik horren ondorengorik idazteko, eta zenbait urte geroago Bioklik idazten hasi nintzen. Era berean, Bioklik amaituta, esan legez, uste nuen amaitua zela zientzia fikzioa nire nobeletan, baina oraingoan askoz denbora gutxiago igaro da hura argitaratu, eta genero horretako hirugarren eleberriari ekin diodan arte. Eta idatzi ahala, argi ikusi nuen segida guztiz logiko, koherente eta naturala osatzen zutela hiru liburuek, trilogia distopiko bat, gainditu dugun etorkizun batetik beharbada gizakiok desagertuta egongo garen etorkizun baterantz, begiak  gero eta urrunago jarrita. Orain, ordea, eutopiarako garaia iritsi da. Laster. Malthusek ere izan du horren berri, oraindik ulertu ez badu ere.


Irakurtzeko zatia

Mendi nagusiaren magalean gelditu dut autoa. Askotan geratu naiz hemen, ilunabarretan batez ere. Hiri ia osoa ikusten da behean. Garai batean izan zen hiria, haren izena nahita ahaztu badugu ere, beste gauza asko bezala. Zenbat lagun bizi zen orduan hor behean?, zortzi, hamar milioi? Gaur egun horren zortzirena ere ez gara mundu osoan, hor nonbait. Gure arbasoen garaipena esaten diote horri. Ezinezkoa zait gizaki haien inurri bizimoduaren irudi bat egitea. Hiri tematikoak daude: New York, Chicago, Londres, Paris, Tokio, Beijing, Mosku, Bartzelona, Rio, Buenos Aires, Marrakex…; uste dut denak bisitatu ditudala, eta ideia bat egin daiteke haietatik, baina ez da gauza bera; fantasiazko munduak dirudite, irrealak, ezinezkoak, inkoherenteak. Ez da egiazko inor haietan bizi, berrehun mila langile inguru alde batetik bestera, girotzeko, benetako izerdirik, hatsik, arriskurik, dramarik gabe. Film zaharretan egin daiteke ideia osoago bat, baina hori dira: filmak, irudi partzialak, zati txikiak pantaila batean. Hor behean, ordea, oihan trinko batek erdi irentsitako mundu bat. Zer izango zen esnatzen zinenetik inurri horietako bat sentitzea? Sentitzen ote ziren inurri? Ale bat, milioien artean. Goragalea sentituko nuke nik goizero. Gu ez ginen haietakoren bat izatera deituak, noski. Beste mundu batean bizi ziren gure arbasoak. Nabaria da utzi dizkiguten liburuetan zelako higuina eragiten zieten halako jende olde itxuragabeek.

Handik goitik ere, hiri gaineko begiratoki zabaletik, ez da hiria osorik ikusten. Badaki hori Malthusek orain. Hara iritsi zen lehenengoan, aldiz, ezin zuen imajinatu mendiaren oinetan ikusten zituen auzoak, etxe-orratzak, plazak, parkeak…, oihanak pixkanaka jaten zituen haiek denak, hiriaren zati txiki bat baino ez zirela. Bisitatu zituen hiri tematikoekin erkatuta identifika zitzakeen, gutxi gorabehera, landareen goseak hartuta ez zeuzkan hiri zatiak. Imajina zezakeen bere Avgirekin antz handiagoa zeukan zati hura aldirietan bizi ziren aberatsen auzo baten hondarrak zirela; beste orban itxuragabe eta kaotiko hark aterpe eman ziela garai bateko alproja, alfer eta lapurrei; barruti komertzial bat izango zela haragoko beste etxadia, eta bulegoz beteta egongo zirela eraikinik garaienak, baita elkarren kontra erorita zeudenak ere. Liburuetan irakurri eta pelikuletan ikusitakoa zuen horretarako gida. Behera joan eta hirian barneratuta, gauza gehiago ere identifikatuko zuen, eta zirrara berezia eragin zion landare igokarien erresuma bihurtutako jolas-parkeak. Huntzek lotuta zirauten zabuetan beste garai bateko haurren aldarri alaiak imajinatu zituen, haietan zabukatu bitartean, altzairuaren gaineko pintura zeharkatu eta bigarren azal bat osatuz. Barre haien oihartzunak entzun uste izan zituen lipar batez. Hiroshima animazioko filmaren irudi batzuk etorri zitzaizkion burura.

Bazeuden halako beste hiri asko kontinente guztietan; gutxi, ordea, begi bistan eta hain osorik. Oihanak gosetiagoak izan ziren beste geografia batzuetan, antza. Hautsak ezkutatutakoak ere bazeuden. Denak zain, nork aurkituko; historiaren une jakin batean geratutako munduaren istorioak nork entzungo. Gutxi dira, ordea, haiek aurkitzeko jakin-mina dutenak. Zertarako barneratu mundu horietan, administrazio nagusiak programa oparoa, segurua, gustu guztietarakoa eskaintzen badu egunero?

Amu horiek hor diraute, berriz, sor daitezkeen Malthusen modukoentzat, haietarainoko errepideak garbi eta zainduta, Malthusek horren arrazoia ulertzen ez badu ere. Izan zitekeen Boston, izan zitekeen Hannover, izan zitekeen Rosario, izan zitekeen Monterrey, izan zitekeen Minneapolis… Ez du garai hartako izen askok iraun, literaturan baino. Malthusek hainbeste maite duen literatura horretan. Eta zirrara eragiten dio oraindik hiriaren ikuspegi horrek Malthusi, lehengo eguneko zimikotik urrun badago ere. Egun hartan, hamabost urte lehenago, 23 urteko gazte bat baino ez zela, bere oinetan hiri paisaia hori agertu zitzaionean, ez zituen urrun malkoak, eta sinfonia baterako notak sentitu zituen bere ermamietan kilika. Joko zion sinfonia hori hiriari, biolina hegautoan eroan balu. Hamarkadetan beste gizakirik iritsi ez zen tokian sentitu zen begiratoki hartan, misterio bat argitzeko zorian. Berezi, beti bezala.

Jakintsuak ziren gure arbasoak gero. Zertara kondenatu gintuzten, ordea, euren borondaterik onenaz? Haien atzamar txikiaren itzala ere ez gara. Heroismorik gabeko garai luzeetan bizitzera jaurtiak. Zer ez nuke emango hiri horretako bazter ilunetan gau batez galtzearren!

Argiegiak dira gure garaiak. Baina laster amaituko da gure derrigorrezko lozorroa. Goizean atzean utzi dudan auzoa datorkit gogora. Erroien muinoan egon naiz hari begira hogei minutuz, orain hemen nagoen legez, horrela ikusiko dudan azken aldia izatearen sentipena erraietan ainguratuta, itsasora itzuliko ez den ontzi bat nola. Hogei etxe Avgi herriaren hegoaldean. Ibaiaren beste aldean, haran osoa hartuz, gainerakoak. 500 bat eraikin guztira, baratze, lorategi, iturri eta kanalen artean. Lore usaina leihoa ireki orduko. Hiri honen azalera ia berbera, mila lagun inguru bizitzeko. Eta bizi diren mila lagun horietatik, zenbat egoten dira herrian egunero? Seiehun? Horrela bizi garelako denok, edozein aitzakiaren bila egunerokotasuna aldatu eta toki batetik bestera mugitzeko, berritasun gose. Baina berritasun gutxi geratzen zaigu. Hortik jendeak egiten dituen etxandi gero eta afrusago eta gustu txarrekoagoak, handinahiak izan nahi besteak baino handiagoak izaterik ez dagoen munduan. Patetikoak. Joera estetiko eta kulturaletan eragile izaten tematzen diren horien antzera, lau mila lagunek euren gustuak kopiatzearekin zerua ukitzen duten errukarri horiek. Mila lagun bizi eta ehun mila langile inguru gordetzeko azalera zabal hori guztia gure Avgin. Altxatzen zarenerako hor daude haiek, ortuak lantzen, loreak zaintzen, gure etxeetara eta biltegietara hornigaiak eramaten, haurrentzat eskola paratzen, haur- eta gazte-etxeetan gosariak prestatzen; isilik, zehaztasun matematikoz, programatik lerro batean ere mugitu gabe.

Ausartuko naiz esaten leihotik logelaraino iristen zaidan ikuspegia itsusia dela? Ezinezkoa gezurretan aritu gabe. Gaur bereziki, ortuzainak baino arinago itzartuta ia, gutxitan harrapatzen dudan eszena zabaldu zaidanean: gandua ibaian gora ertzeko laboreak laztantzen mihi heze zuri bat bezala, milaka eguzki txiki pixkanaka pizten artoaren hostoetan, azetan eta, bereziki, orkideetan. Zelan lortzen dute holako mimoz tratatzea orkidea sentiberak, zirrararik txikiena sentitzen ez duten langileek? Han zeuden lehenengoak agertuta, beste batzuk bidean, auzoko nekazari etxetik, sinkronizatuta, zein bere orduan doi-doi. Elkar agurtzeko, hitz egiteko, listua alferrik xahutzeko premiarik gabe.

Jakin dut Erasmus jauna goiz jaikitzekoa zena, baina horrenbeste! 110 urte inguru ei ditu. Zer axola du adinak, ordea? Nekazarien ezaugarri faltagatik ez balitz, haietako bat emango luke. Kapelua, koadrodun atorra, zapia lepoan, praka maiztu marroiak, hanka erdirainoko botak, patata landareen artean txistuka. Langile bat sentitzearen gustua. Gustu txarra, ordea. Orkideak inguruan izanda, patatak aukeratu behar. Zelako tirria patatekin. Arrunta sentitzearen jolasa, inguruan askok daukaten bizioa. Orgietan, ordea, gustu hobea erakusten du, baita talentu fina ere bere zirtoetan. Eta halako batean, ez dakigu noiz, agertzeari utzi eta hil egin dela jakingo dugu. Tira, beste hamar urtez izango dugu gure artean, agian. Ez zait buruan sartzen irakasten diguten hori: bizitzeko gogoa iraungitzean hiltzen garela. Pixkanakako galera moduko bat dela, sumaezina ia, gutaz jabetuko dena, nahi eta nahiez, gure zelulak sortu ginenetik programatuta zeuden epemugara hurbildu ahala. Ez dela arrangurarik sentitzen une horretan, hil beharragatik. Askapen moduko bat dela. Hori da sortu dugun izugarrikeria. Ahulegiak gara betiereko bizitza amesteko ere.

Hain zorrotza gauza batzuetarako, eta hain irudimen laburra beste batzuetarako Malthusek.

Erasmus, 115 urte. Ikusi du Malthusentzat argazki mugiezina den mundua eraikitzen. Parte hartu du prozesuan. Bizi izan du ezabatze handia, jazotzen zenaren kontzientzia handirik gabe bazen ere. Hiru urteko umea, eta beraren patua gidatuko zuten erabaki guztiak hartuta. Bizirautera deitutako klasean jaioa, berak aukeratu gabe. Eta gizadiaren patua erabaki ez bazuen ere, parte hartu zuen urte garrantzitsuetan, Malthusek emanda jaso duen gizartea eraikitzen. Gauza asko egin ditu, Avgin erretiratu aurretik. Urte asko izan ez arren, lan egin behar izan zuen azken belaunaldikoa da Erasmus. Lanik gogorrenak automatizatuta zeuden ordurako, egia da. Lan egin arren, ez baitzuen langile klaserik ezagutu Erasmus gazteak. Goizean, nekazarien artean nahastuta, patatak haztera doanean, beraz, ez da Judithen alua ikusteko gogoa baratzera bultzatzen duen bakarra. Baina Malthusek ezin ditu itxura gazteko gizon zaharraren pentsamenduak ikusi. Ezin dio 115 urteko iraganari begiratu. Imajinatu ere ez horrek dakarren zama, are gutxiago zelan arintzen dion zama hori pataten zurtoina bere atzamarren artean sentitzeak.

Hori bakea hiri-oihanean. Zuri zor dizut dena. Zuri zor dizut ibilgailu hau baina, batez ere, zuri zor dizut azken urteotako itxaropena. Bake aspergarria, akigarria, etsipengarria hiltzeko eguna iritsi da. Zenbat etorriko ziren duela mende pare bat, esaterako, begiratoki honetara? Argi baitago beren-beregi eginda dagoela toki hau, denbora hiriari begira emateko. Gauza bi eskertu behar zaizkie azpiegitura-langileei: errepide hauek garbi edukitzen jarraitzea, eta hiriari oihanaren sabelean atseden hartzen utzi izana. Edo administrazio nagusiari edo, zehatzago esanda, gure arbasoek izan zuten aurreikusteko gaitasunari. Eskerrik asko, beraz, berriz ere, gure arbasoei, dena eginda eta antolatuta uzteagatik. Eta gauza bi eskertu behar eskolari: hiriekiko higuina irakatsi izana, eta Nietzsche nire bizitzara ekarri izana.