bazter hautsiak (euskal herriko turismo-gida deseraikia)

Ilustrazioak: Xabi Cerezo

Argitaletxea: DDT

Urtea: 2.023

Orrialde kopurua: 51

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Ohar laburra turistari

Gidaliburu labur honek jolasetik beste dauka probokaziotik. Bisitatzeko proposatzen den helmuga bakoitzaren berri emateko orduan, noski, logika bati jarraitu eta bere apeten araberako mapak osatzeko bideak marraztu ditu agentziak. Haietan barneratzen den turistak, ordea, askatasun osoa dauka mapa berriak marraztu eta gidaliburuak eskaintzen dion informazioa bere senak edo adimenak markatutako bidearen arabera interpretatzeko. Ez dago erantzun zuzenik zirriborratzen diren galderentzat. Gure paisaien irudiak sortzeko ere, agentziako ilustratzaileari bere mapak askatasun osoz osatzeko eskatu zaio eta, beraz, testuek iradokitakoa libre jasotzeko ariketa baten emaitza dira. Turistak, beraz, askatasun bera dauka eta ez du haiek baldintzatuta sentitu behar. Agentzia honek ez du behartuko derrigorrezko bisitak egin eta geografia mugatu bat osatzera. Jolasteko deiari erantzunez gero, bere ardurapean bilatu beharko ditu bideak eta haietan egon daitezkeen minak saihestu, arriskuak ez baitira falta gure Euskal Herriko bazter hautsiotan. Seguruenik, gidaliburuko sarrerek euren artean osatzen duten solasaldiak ez du erakutsiko beste agentziek saldu ohi diguten Euskal Herriaren irudi idilikoa. Kexa-libururik ez dugu, ordea. Barka eragozpenak.

Bazter hautsiak agentzia

 

Olerki bilduma hau 2022ko udaberri aldera sortu zen, oker ez banago. Ez naiz gogoratzen zein etorri zitzaidan lehen, baina “hausten ditut, hausten, gure bazterrak” izan zen behin eta berriz errepikatzen zitzaidan leloa. Zer pentsatu, Urdaibain bizi, eta gure inguruko agintariek, euroaren hizkuntza globalaren doinuan, gure paisaiak, kultura, hizkuntza, ingurumena, komunitateak… azpiratzeko ahal duten guztia egiten ikusten dituzunean? Beraz, Bermio-Mundaka, Mundaka-Bermio, aurrera eta atzera eta eguraldia lagun, neure buruarekin jolasean, berehala ikusi nuen etortzen zitzaizkidan poema horiekin zer nenbilen josten, oharkabean hasieran. Aste gutxi batzuk joan, eta olerkiak hizketan hasiak ziren euren artean, jostari haiek ere. Etorri, berez etorri ziren formak hartuta, eta jolasa muturreraino eroatea onartu nien. Horixe da bazter hautsiak, gure Euskal Herri maitea bestela ulertzeko turismo-gida deseraikia. Derridaren mantra posmoderno hutsala hartuta, gu deseraikitzen entretenitzen gaituzten bitartean haiek baitira eraikitzen jarraitzen dutenak.

Halako batean hogeita zortzi poema nituen saskian, hogeita zortzi jolas, hogeita zortzi pilula osti txar, hogeita zortzi lapa-bonba, baten batek iradoki didan legez, eta ikusi nuen osatuta zegoela nire puzzle desitxuratua; esanda zegoela esan beharrekoa. Otsailak beste, hogeita zortzi. Gure antzinako hil guztiek beste, ilargiari kasu egiten genion garaietan, hamabi ez eta hilabeteak hamahiru zirenean, ilargi beste. Eta ilargiaren zikloari lotuta, emakumearena. Oxitozina mundu zokoratu baten oihua baztertu gura dutenen suntsipen masiboko zapalgailuaren kontra. Umorea galtzen ez duen oihu etsia.

Eta kantu jostari bat gure eusko label hipokrisiari. Zer garen zenbat eta ozenago aldarrikatu biluziago uzten baitugu zer ez garen. Sartrek ere zeresana izango luke horretaz. Izana eta ezereza; horixe baikara.

Olerki asko berez marrazki badira ere -ez eskatu originaltasunik, Artzek egin zuen askoz lehenago-, otu zitzaidan bidaideak eskatzen zituztela, beste begi batzuen interpretazio grafikoa, eta lagun batengana jo nuen berehala. Nire postontzia berak diseinatutako pegatina anarkistaz betetzen didan Xabik, bere estilo punk eder horrekin, jakingo du olerkiei bidaide horiek oparitzen… Eskatu, eta txintxo egin berak, poemak eurak jarraibide bakar. Bat-batean, bestelako begiekin so egiten zidaten nire kumeek orrietatik!

Ginga falta nuen, euskaltasunaren kontrako holako atentatu baten gainean hitz ederren bat esateko prest egongo zen konplizea. Eta hala etorri zen liburuak agian duen ederrena: Mikel Etxabururen hitzaurre magikoa.

Dena hartu eta DDT argitaletxe anarkistaren eskuetan jarri genuen. Zerk irten dezake txarto?

Liburu honek ez dit zerutik lagun-euririk ekarriko, horrenbeste badakit…

IRAKURTZEKO ZATIA

Zaila da osotasuna den liburu batetik zati bat aukeratzea, bilduma honetako olerkiak oso bakarrik sentitzen baitira bakarka. Hala ere, Mikel Etxabururen hitzaurre zoragarriarekin batera, jolas horien adibidetxo bat utziko dut.

Labana eskuetan dabil poeta hitzei lepoa moztuz. Esaldiak harakirirako prestatu ditu eztandarazteko irakurlearen begietan. Eta ni, Bazter Hautsien albo kaltea naiz. Hariak desordenatu zaizkion txotxongiloa, hautsia.
Ahalegindu naiz hitzen labirintoan bidezidorrak deskubritzen, irteera posibleak bilatzen. Baina labirintoan ez dago bidezidorrik, ez maratilarik, ez aterik abiaburura itzuliko gaituenik.
Behin sartutakoan ezin atera daiteke bat. Onik ez, behitzat.
Bere buruaz beste egin duten panpinen gorputz atalez osatutako kartografia surrealista eraiki du poetak. Silaba mutilatuak arrastaka bidean galdutako zatien bila. Eta hitzen arteko amildegi infinituetan erori naiz behin eta berriz; “zenbat beharko dut espaloiraino 10B balkoitik?” eta espaloirik ez balego? Eta erorikoa infinituraino luzatuko balitz? mingarriak izan ohi dira hutsuneak, bete beharrekoak hitzekin eta bakardadeekin, ereduekin, sastreekin eta arrakalekin. Ausentziak halabeharrez estali behar diren eremu beldurgarriak dira, infinitua neurrira ekarri behar da.
Eta poemek nire lurra mugitu dutenean, heldulekurik gabe labirintoan barrena sartu naizenean, babesgabe, seinaleztatu gabeko ausentzietan aurkitu dut poetaren arnasa eta hantxe etzan naiz, geldik eta mutu, bele hilen eta armarrietako otso mugiezinen antzera.
Finean, bidea denean helburu geldo besarkatzen gara, harrien erritmora egiten dugu oinez eta olatuak banaka-banaka zenbatzen ditugu, presa barik. Halaxe aritu naiz neu ere bazter hautsietan barrena, bandera beltza soinean jantzita poemetako hitzak banaka-banaka biltzen, geldo, minak interrogatzen eta hasperenak eta arrakalak, “titularrik merezi ez dutenak”, salatzen. Bidea helburu denean berdin zaigulako “etorkizuneko trena atzeratuta etortzea”. Jadanik ez gaude geltokian trenaren zain, bidean gaude, poemaz poema goaz oinez, edo hegaz, eta horrela bazterrak ez zaizkit hain bazter egin, eta horrela hautsiak ez zaizkit hain hautsi egin.
Bazter horietan jostatzen dira gorde-gordeka gure zilborrak, adreiluzko aldare faltsuak, itsas-izarrak eta hegaluzeak. Begiak zarratuta, batetik hamarrera kontatu dut eta bila hasi naiz. Zauria izan da errazen aurkitu dudana: Pago!!! -zauriek ez dakite izkutatzen -, ondoren ikusi dut parkean zahar hil den azken etsitua, Pago!!! eta hitzontziak eta otzanak, Pago eta Pago!!! mila bider aurkitu dut mila bider idatzitako poema bera, Pago!!! eta horrela jarraitu dut labirintoan oinez eta narras, bere buruaz beste egin duten panpin zati infinituak bilatzen eta biltzen.
Baina labirintoan ez dago bidezidorrik, ez maratilarik, ez aterik abiaburura itzuliko gaituenik.
Behin sartutakoan ezin atera daiteke bat.
Onik ez, behitzat.

Mikel Etxaburu Osa