Poema bat agindu nizun, ez edozein poema, ordea,
zurea azala letra bat gora, letra bat gora, letra bat gora
a za la
iz te rrak
gora, hizkiz hizki, biloz bilo, ikaraz ikara
zure azala bera den poema bat
zure izterrak, zure ezpainak
letra bat gora, ikara bat behera,
bilo bat gora, zizpuru bat behera,
sudurra hankartean barneratuko dizun
poema bat, izerdiz, dardaraz, listuz
eginak haren letrak
egonarririk gabeko poema pazienteek baino
ezagutzen ez duten irrikaz
bidea egingo duena zure ezpainen artean
zure arnas bizkortuan, zure osinean
ezinean, ezin eutsirik,
hizkiek borborka egiten dutelako
kili-kili.
Poema bat agindu nizun,
nire hats etenak bultzatuta
barruraino iritsiko zaizkizun
berba debekatuz
jendaurrean onartuta ez dagoena
eragingo dizuna ikusle mutuen
inbidiarako.
Poema bat, zure atzamarrek bakarka
osatu beharko duten poema bat
agindu nizun.
Asmo oneko lagun batek baino gehiagok asmo hobeaz aholkatuko ote zizun, zeuri ere, zure musek esnatutako sentipenak eurentzat bakarrik gordetzeko (zeure buruari idatzitako hitz osagarriak beste inorekin partekatu beharko ez zenituzkeela iradokiko zuten lez).
Egingo zuten, ziurrenik.
Eta zuk, kasurik ez.
Eskerrik asko!
Ba, egia esan, zorionez inork ez dit holakotik inoiz aholkatu. Aitortu behar dut horri buruz ez dudala sekula aholkurik eskatu, kar, kar. Dena dela, dezente gehiago kostatu zait beti nire poesia jendaurrean zabaltzea nire prosa baino. Poesian biluziago agertzen gara, eta aldi berean zalantza beti: nori axola? nork ulertuko ditu neure buruari idatzitakoak? Neure buruari poeta esatera ere ez naiz ausartzen O:)
Eskerrik asko zuri!