Lurrean haziak

Argitaletxea: Elkar

Urtea: 2.023

Orrialde kopurua: 120

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Iraultza gatibu dago ezezagunen eskuetan, lagun bakarra Sayen maputxe machia duela. Bitartean, Lof Kidu Ngüenewün komunitatean ez dira lo geratzekoak. Zigor ez dago bakarrik, aldi berean du Nahuel bestengusua bere kezketan lagun eta ezinegon berrien iturri. Ez dira, ez, Argentinan espero zituzten Aste Santuko oporrak, baina nork esan du hori txarra denik? Iraultza eta Zigor ere ez dira irailean ikasturteari hasiera eman zioten berberak. Ondarratetik milaka kilometrora hazi berriak hasi dira etorkizun posibleetarako bideak eta aukerak zabaltzen.

#NikEreAurkitu ditut kolonizazioak ukatutako geografiak eta historiak. #NikEreEgin dut topo nire jatorriaren kontraesanekin. #NikEreIkasi dut irakatsitako moldeetatik kanpo maitatzen. #NikEreAurkitu ditut odolak ematen ez dituen familiak. #NiriEreEsan didate hau dela mundu posible bakarra. #NikEreBilatu ditut mundu ezinezko horien haziak. Ez da inoiz asmatuko gure askatasun nahia giltzapetzeko bezain barrote esturik.


Hiru urte joan dira gazteentzako (gazte horiek 13 urte zein 80 izan) sorta txiki hau burura etorri zitzaidanetik. 2020a zen eta artean munduak irentsaraziko zigutenaren izebergaren punta baino ez zuen usaintzen. Ezin asma genezakeen zer izango zen denon etxeak kartzela bihurtzea -benetako kartzela, ez ohiko diskurtsoak aspalditik saltzen diguna- eta egunean gure espetxeko patiotik osteratxo bat baino ezin egitea, beste presoak gure jagole bihurtuta, euren balkoietan gotortuta, birusak hormetan gora egingo ez ote zuen. Giro distopiko hura aproposa izan zitekeen nobela batean sartzeko, baina nire nerabe maiteak, Iraultza eta Zigor, kate horietatik libre uztea erabaki nuen. Kate aski izango zuen biki dizigotikoek ezagutuko zuten gizarteak berez. Hala,  ideia argi izan nuen hasieratik: hiru istorio, gure gizartearen -gure ongizatearen– oinarri ustelak mailaka biluzteko, haren barrote ikusezinak istorioz istorio irakurlearen begien aurrean gorpuzteko. Ordena ere ez zen kasualitate izan eta, hein handi batean, azken istorio honekin ixten den nolabaiteko zirkulua osatzen dute hiruren artean. Abentura honetan Iraultza toki ezezagun batean gatibu hastea ere, ondoan machi maputxe bat duela, ez da kasualitate.

Izan ere, Uzta garaia hartan Baazimaren eta sasoikako langileen errealitatearekin zabaldu zen haria, jabetuen eta desjabetuen arteko arrakala, gure sistema sozial, ekonomiko eta politikoaren oinarri ukiezina, azken abentura honetan agertuko zaigunaren aurpegi bat baino ez da. Ez dut gehiago azalduko, liburuek eurek bete behar baitute lan hori. Azken bira hori egin eta Iraultzak eta Zigorrek euren 14 urteko ikasturtean hasitako bidaiari bukaera ez den amaiera emateko, jauziak ere luzeagoa behar zuen. Lehenengo abenturako paisaia bikien herri txikira -Ondarratera- mugatzen bazen eta Katuak jandakoa-n lurraldeko hiriburuan -Bilbon- apur bat galduta ibiliko baziren, azkeneko honetan mundu guztiz ezezagunera egingo zuten salto, Wallmapuraino, maputxeen lurretara. Hala, gaur egun Argentina esaten zaion horretako lur zati urrun hartan -Junin de los Andesen- euren errealitatearekin uste baino zerikusi handiagoa daukan jende misteriotsua, apur bat magikoa, borrokari beldurrik ez diona ezagutuko dute, bikiek bihotzean daroatzaten haziak ernaraziko dituzten azken piezak puzzle zabal batean. Biki dizigotikoak inguratuko dituzten arriskuek eta mehatxuek ere gora egingo dute mailaz maila Ondarratetik Junin de los Andeserako bidean. Hori da sistemaren arrakalak ikusten hasten direnen patua; arrakala horiei ezikusiarena ez egitea erabakitzen dutenena, behintzat.

Gazteen eta helduen munduen arteko mugak, ordea, lanbrotsuak dira, apetatsuak, eta hala gertatzen da literaturan ere. Izan ere, Iraultzak lurrean gordeta etxera eroango dituen hazi misteriotsu horiek uste baino lotura estuagoa gordetzen dute gazteentzat eta helduentzat ehuntzen ari naizen unibertso literarioan; ate bat, zubi bat, leiho bat, hats berde bat dira, gizakion buruetan baino ez diren mugak zeharkatzeko sekretuak ezagutzen dituena.


Irakurtzeko zatia

Iraultzak galduta dauka aurpegi hari begira emandako orduen kontua. Oraindik sentitzen du mina gorputz osoan, eskuturretan batez ere, baina minik sakonena, erraiak erretzen diona, bere duintasunean sentitzen du. Ezin esan izututa dagoenik. Edo ez da hori sentimendu nagusia, behintzat. Edo lortu du beldurraren ahotsa zoko urrun batean giltzapetzea, Sayen eta bien gorputzak giltzapetu dituzten bezala. Beharbada, aurrean daukan aurpegiari darion patxadari esker dago lasai, egoerak lasaitasunerako uzten duen neurrian. Alferrik saiatuko litzateke emakume horren zimurren mapan irakurtzen. Min zaharrak asmatzen ditu, inoiz orbaintzen ez direnak, errepide edo ibai adar sare bat osatuz, Google Maps-ek inoiz erakutsiko ez duena. Begiek zabalik diraute zapi beltzaren brodatuen azpian, baina gehiago ematen dute barneko mundu ikusezinetara bihurtuta, eta otu zaio berarekin –Iraultzarekin– ahaztu ote den.

Ingurua ere aztertu du luzaroan eta buruz ikasita dauzka inoiz zuriak izango ziren lau horma biluzietako orbanak, pitzadurak eta inork, haur batek, agian, arkatz arrosa batekin utzi nahi izan zuen lekukotasuna. Zer idatzi edo margotu nahi izan zuen asmatzerik, ordea, ez du lortu. Gelak argi gutxi dauka, Iraultzaren salto egiteko gaitasuna gainditzen duen leiho estu batetik sartzen dena, sareta ugerdo batek eta amaraun trinkoek uzten dizkioten zirrikituetatik. Antzemanda dauzka euren sareak zaintzen dituzten marasma batzuk sabai inguruan, bisitari berriei ezaxola, geldirik, lokartuta bezala, euli galduren baten zain. Hamar zenbatu dituenerako utzi dio kontuak egiteari. Agian, Zigorrek badaki inguru horietan bizi diren aramu, mamarro, zomorro eta sugeetatik zein izan daitezkeen arriskutsuak, eta Iraultzak bere buruari errepikatzen dio eltxoen eraso gutxiago pairatuko dutela haiei esker. Adiskideak direla, azken finean, altueretako jagoleak. Zokaloa osatzen duten oholen arteko zulo eta arrakaletatik ikusiak ditu labezomorro batzuk, ezkutaketan jolastu beste zereginik ez daukatenak, antza. Gela horretako altzari bakarrak hiru koltxoi izateak gaua bertan pasatu beharko ez ote duten ekarri dio burura, eta harrezkero birritan edo hirutan neurtu nahi izan du bere gorputza haietako baten gainean etzan eta trapu zabalak begitantzen zaizkion manta horietako batean biltzeko gai izango ote den. Momentuz, haietako bat dauka jesarleku bakar, machiak okupatzen duenaren aurrean. Machi, duela hain gutxi ikasitako berba, mundu ezezagun berri oso bat zabaldu zaion egunean bertan. Atsoaren eta beraren artean, distantziakidetasunez eta bien arteko nolabaiteko berdintasunaren ikur, pitzar bat daukate, urez betea. Horixe bahitzaileek izan duten keinu gizalegezko bakarra, egarriak ez ditzan hil, behintzat. Ez dirudi Sayen eta biokin zer egin oso ondo dakitenik, eta Iraultzak susmoa du bere presentziak aldrebestu dituela haien planak, zein ere ziren. Zer egiten zuen mukizu hark basoan machiaren urratsen itzal bihurtuta? Zulo hartan, ez baitio hari gela estatusa aitortu gura, lurrari lotuta sentitzen da; ez, hain zuzen ere, maputxeek lurrarekiko sentitzen duten lotura mota beraren mende. Labezomorro imajinatu du bere burua, bere adinean Kafka oraindik ezagutu ez badu ere, beharrik ere ez, berak ez baitu ohe edo sofa baten azpian ezkutatu nahi, zokaloko ohol zahar haien arteko zuloren batetik sartu eta kanpoko mundurako bidea aurkitu baizik.

Gizon zakar haiek ez dituzte jipoitu, baina zakartasuna bera, berba iraingarriak, edozein kolpe baino mingarriagoak izan daitezke, eta kamionetaren atzealdean lotuta egin duten bidaiak mailatuta utzi dio gorputz osoa. Hori da modua Aste Santuko oporrak igarotzeko… Eta, hala ere, zirrara arraro bat sortzen dio horrek guztiak. Machi batekin bahituta dago, ezagutu eta ordu gutxitara miresten hasia den emakume zaharrarekin, Sayen jakintsuarekin. Zelan egiten du hain lasai egoteko maputxe andreak? Auhenik txikiena ere ez diote atera astapotro haiek. Zenbat dira? Lau bai, gutxienez. Lau morrosko, hirurogeita hamazortzi urteko andre bat eta hamalau urteko neskatila bat harrapatzeko. Lau morrosko armatu, euren beso sendoek eta basati aurpegiek aski ez balituzte bezala.

–Barkatu ataka honetan sartu bazaitut, lamngen, pentsatuko duzu ez dudala eskubiderik. Ez dut jakin zelan gertatuko zen, zehazki, baina bai zerbait gertatuko zena. Zerbaitek gertatu behar zuena. Irtengo dugu hemendik, sartu baino indartsuago irten ere, ikusiko duzu.

Eta Sayenen ezpainak esan beharrekoa esateko zabaldu diren bezala itxi dira.

Zelan iritsi zara hona, Iraultza? Neskatilaren buruak atzera egin behar izan du. Zenbat egun? Aste Santuko oporrak hasi ziren ostiralera, gutxienez. Edo urrunago agian, oporretarako planak egiten hasi ziren egunetara. Zer zeukan buruan berak orduan? Zigorrek eman nahi izan zizkion eskolak, Trumoirentzat gorde beharko zituenak: Neuquen non dagoen, zenbat kilometro egin beharko zuten autobusez Buenos Airestik, zelako klima zeukan, Panparen erdialdea lehorra ei zela beti, baina hegoaldean, haiek joango ziren Junin de los Andes haren inguruan, basoak, ibaiak eta lakuak zeudela; eta erakutsi zizkion argazkiak Interneten bilatuta. Baketsua zer zirudien denak irudi haietan. Gatazkaren itzalik txikiena ere ez nebak erakutsi zion mundu ezezagun hartan. Han bizi zen Marga, amaren lehengusina, Nahuel seme bakarrarekin. Aitarik ez, antza. Haiek baino nagusiagoa ei zen bestengusu ezezaguna; 16 urtekoa. Baazimaren adina, otu zitzaion Iraultzari. Tira, hobeto horrela, Iraultzak gurago zuen jende nagusiagoarekin elkartu beti, eta seguru zegoen Zigorrentzat ere pizgarriagoa izango zela buru helduago bat inguruan izatea –ez zuen orduan imajinatu zein pizgarri mota–, haren ondoan nebaren ustezko jakituria guztiak haur sasijakintsu baten erretolika emango bazuen ere. Ondo etorriko zitzaion apaltasun apur bat.

Udazkena izango zen Argentinan, baina, Zigorrek bilatu zuenez, hotz handirik pasatzeko arriskurik ez sasoi hartan. Gauean, beharbada. Maletak ez zituzten lar bete beharko, beraz. Hegaldia, bestalde, besteetan bezain luzea izango zen. Ohituta zeuden Bilbo-Madril-Buenos Aires egiten, baina Neuquen Tandil baino dezente urrunago zegoen hiriburutik.

Zigor. Non ote dago oraintxe bertan? Konturatu al da inor gehiegi luzatu dela basotik egin behar zuten osteratxoa? Lelotuta ibiliko da mutila, Nahuelen irratiarekin liluratuta. Edo Nahuelekin berarekin, agian. Ez dio berak ezer leporatuko, lerdena zer da bada haien bestengusua. Iraultzak, ordea, haren laguna gurago, mihia dantzan jartzen duen bakoitzean, batez ere. Hormei begiratu die Iraultzak berriro hamaikagarren aldiz, baina orban ilunek ez diote ate ezkuturik erakutsi, eta agerian dagoen bakarra, metalezko ate gotorra, giltzaz ondo itxita dago eta ez die amore emango gaztearen ahalegin alferrekoei. Horrenbeste egiaztatzeko gai izan da. Zelan iritsi da hara? Neskaren buruan beste aro batekoak diruditen irudiak ageri dira.

 

–Prest dituzue maletak? Berandu iritsiko gara azkenean –iritsi zitzaien Soniaren ahotsa ezkaratzetik.

–Ez zaizkit liburuak sartzen –izan zen Zigorren gelatik zabaldu zen oihartzuna–, zuen maletetan tokirik bai?

–Oporretan goaz, mesedez! –erantzun zuen beste oihartzun batek, Iraultzaren logelatik oraingoan–. Ez duzu ondo pasatzeko gidarik sartu zure ekipajean?

–Ahaztu duzu oporren ostean azterketetan sartuta ibiliko garela, konturatu orduko?

–Azterketak, azterketak, burua aztertu beharko dizute zuri, nebatxo.

Iraultzaren ihardespenak ez zituen haren logelako hormak gainditu, ordea, ozta-ozta osatu baitzuten marmar bat, bere maleta itxi bitartean.

–Nirean liburu gehiago sartuko dituzula uste baduzu, jai daukazu.

–Zenbat liburu dira? –galdetu zuen amak azkenean.

–Bi, Natur Zientziak eta Gizarte.

–Ekarri, nirean eroango dizkizut, baina mugi ipurdia, hegazkina ez da geratuko zuk ikasteko gogoa duzulako.

Azkenean, Zigor ere iritsi zen ezkaratzera. Atean aita zuten zain, autoko giltzak eskuan, eszenari bere kristal lodien atzetik begira.

–Arin, arin –errepikatzen zion amak semeari–. Emakume bat ematen duzu.

–Zer dela-eta? –haserretu zitzaion alaba–. Hori da amagandik ikasi behar duguna? Topiko matxista bat?

Soniak, ordea, ez zion jaramonik egin alabaren purrustadari, eta ezinbesteko ekipajearen zerrenda birpasatu zuen ozenki: hortzetako eskuila, etxean egoteko txapinak, arropa zuria, pijama, bainujantzia, lakura joateko aukerarik balute ere, jertse lodiren bat, gauean hotz egin baitezake… Toallak Margak berak utziko zizkien, ziurtatu zionez. Zigorrek zapatilak lotzen amaitu zuenean, zerrenda osoari baiezko keinua eginda, Karmeloren eskutik hartu zituen giltzak Soniak.

–Nik gidatuko dut, begira zer ordu den, zurekin hegazkinak zelan alde egiten duen ikusteko iritsiko gara Loiura.

Karmeloren buruak ozta-ozta egin zuen goitik beherako mugimendu bat, emaztearen berben esanahi osoa deszifratzeko ahalegina egiten zuela.

–Motel gidatzen dudala esan…

–Goazen, goazen, ez geratu hor, badakit zuk ez duzula inorako presarik –eten zuen Soniak senarraren galdera erretorikoa.

Horrela hasi zen Argentinako abentura, amak Ondarratetik Loiurainoko bihurguneetan gurpilen arrasto paraleloak eta gurutzatuak uzten zituela. Zigorrek eta Iraultzak autoan jarri beharreko musikaz eztabaidan eman zuten bidearen lehen erdia, azkenean adostasunera iritsi ziren arte: Tremenda Jauría jarriko zuten, Iraultzari reggaetoiaz zuen iritzia aldatzeko bidea zabaldu zion taldea. Batez ere, Kumbia Queersekin eta Sara Heberekin egindako kantak entzun zituenetik. Hala, bere abestirik gogokoenaren zati bat burutik kendu ezinik jaitsi zen Iraultza autotik: “Crecen las flores abonadas por cuerpos de los que lucharon / Crecen las flores regadas por sangre de los que pelearon”. Bilbo-Madril hegaldirako ilaran hamar bat lagun geratzen ziren, azkenak.

–Txintxo ibili, eta egin amak esandako guztia, ez sartu zuekin zerikusirik ez duten saltsetan, ados?

Aitaren agurtzeko moduak hartzaile nagusi bat zeukan, baina Iraultzak aholkua berekin zerikusirik izan ez balu legez eman zion agur musua Karmelori.

–Ez zara kexatuko, etxe osoa zuretzat. Txintxo ibili zeu ere, eta ondo jan, zure irratien tripetan ikusten zaitut datozen egunetan, eta ez duzu inor izango lantzean behin gorputza elikatu behar dela gogorarazteko. Ez zaitut argalago aurkitu gura bueltan!

Karmelok ez zuen oporrik lortu Aste Santurako. Lar saiatu zen ere ez zuten oso argi emazteak eta seme-alabek. Bakarrik geratu orduko xanpain botilarik zabaldu ote zuen ez zuten inoiz jakingo. Amak eta umeek, bestalde, bidaia luzea zeukaten aurretik, eta nekez imajina zezaketen zer ekarriko zien amaren lehengusinari egingo zioten bisitak. Egonak ziren Argentinan lehenago, noski, baina ez hain mendebaldean. Ez zuten ezagutzen amaren lehengusina, Marga, eta Junin de los Andes izenak oihartzun misteriotsuak uzten zituen bikien belarrietan. Ordurako, Zigorren burua datuz beteta zegoen: zenbat probintzia zeukan Argentinak, non zegoen Neuquen, zelako klima eta orografia zeuzkan… Gogora ekarri zituen nebak erakutsitako argazkiak, batez ere euren helmugatik hurbil zegoen lakuarenak. Huechulafken, hori bai burua ametsez betetzeko moduko izen exotikoa. Lehenago, ordea, ordu asko zeukaten hegazkinean sartuta, Madril-Buenos Aires hegaldian batez ere. Orduak laburtzeko, musika zeukan, noski, eta aitortu behar zuen zerbait berezia zeukala nebak ezagutzera eman zion azken taldeak, Chill Mafia delakoak. Bai izen xelebrea. Ez zuen oso ondo aditzen zer esan gura zuten “el lobo quiere estepa” horrekin, baina ez zion eskola bat emateko plazera oparituko ondoko jesarlekuan zeukan sasijakintsuari. Penintsula atzean utzi eta itsasoaren gainean hegan egiten hasi zirenean, musikaz aspertu eta amari ezkutuan ostutako Ursula K. Le Guinen liburua irakurtzeari ekin zion. Ezagutuko zuen azkenik desjabetuak zer ziren. Laster, Iraultzaren burua Anarres ilargitik izar are urrunagoetara egin zuen, betileen pisua nagusitzearekin batera.