Esan gabe doa

Argitaletxea: Txalaparta

Urtea: 2.022

Orrialde kopurua: 325

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Hamar urte dira Sakau herrialdea desagertu eta Askayala sortu zela, herri askeen federazioa. Tentsioa, ordea, ez da aienatu, bizi-bizi baitago nazioarteko aliantza baten inbasioaren mehatxua. Ohi denez, balizko gerraren lehen frontea informazioa da, eta asko dago jokoan. Egoera horretan, Lorek eta Fabik euren egunerokotasun berriari aurre egin behar diote, kontraesanen, gaizki esanen eta erdi esanen artean. Bitartean, Costa Alegre auzoko herrialdean, batzuentzat itxaropen dena mehatxu da beste batzuentzat; Jacok eta Jacintok badakite hainbeste. Horiek dira lau pertsonaia nagusiak, eta bosgarrena, berriz, gizartea bera, bere egitura, eredu eta arkitektura berrituekin.

Esan gabe doa Simun Palsu fikziozko idazlearen trilogiako pieza bat da, gure eskutara iristen den lehenengoa. Utopia bat, esan beharko. Bizigarria eta bidezkoa izan daitekeen zentzu komun baterako gonbita, Latinoamerikako tradizioak hain berezkoa duen errealismo magikoak zipriztinduta.


2009an sortu zen gerora Esan gabe doa izango zenaren lehen kimua. Txilen nengoen, hego hemisferioko udaberrian sartuta. Utopiaren itzalak amaitu eta editoreari bidalia nion, eta urte pare bat arinago Bermeon zirriborratutako Bioklik proiektua neukan esku artean. Orduan gauza bi gertatu ziren batera. Nietzscheren Honela mintzatu zen Zaratustra irakurtzen nenbilen, eta halako batean, pasarte jostari bat etorri zitzaidan gogora, braust, nobela baten hasiera izan zitekeena. Hor jarri zen gero 8. hiria izango zenaren hazia. Aldi berean, Asier Serranok Temukoraino bidali zidan Erlojugilea eleberriaren eskuizkribua, eta bere proiektuaren berri eman zidan. Liluratuta irakurri nuen liburu zoragarria, eta nire burmuinean hariak lotzen hasi ziren. Pixkanaka, forma hartu zuen ideiak: trilogia bat idatzi behar nuen, eskuartean neukan Biokliken ifrentzua izango zena, hein batean, nire unibertso literarioari falta zitzaion dimentsioa emango ziona. Hala ikusi baitut nire literatura beti: unibertso bat, elkarrekin hitz egiten duten liburuak, mundu berean mugitzen direnak, liburuen arteko ispilu jokoak…; eta mundu hori jostean behin baino gehiagotan egin nuen gogoeta hau: zelan sartuko dut nik amesten dudan gizartea eredu horretatik hain urrun dagoen unibertso berean? Zientzia fikzioa etorri zitzaidan maiz burura, unibertso urrunak, baina nire beste nobela guztien unibertso berean kokatu gura nuen, planeta honetan eta beste liburuen garai bertsuetan, eta hor etorri zen trilogiaren ideia. Laster erabaki nuen hasitako zirriborroa, nobela umoretsua izango zena,  kontatu gura nuen istorioan lehenengo adreilua izango zela kronologikoki, baina trilogia zabalduko zuen liburua kronologikoki bigarrena izango zela. Ideia nagusia sinplea zen: herrialde batean iraultza bat gertatu da, herria altxatu eta, liderrik eta doktrinarik gabe, anarkistatzat jo daitekeen sistema bat eratzeari ekin dio, bere zailtasun, mehatxu eta kontraesan guztiekin. Ziklo berri bat esan nahi zuen horrek, ondo pentsatu eta prestatu beharrekoa.

Hala, presa barik, hurrengo urteetan beste nobela batzuk idatzi bitartean -hor joan ziren sortzen Gezurra odoletan, Bioklik, Bahiketa…-, denbora hartu nuen, nire eskuetara iristen ziren irakurketek, lagunekin izandako eztabaidek, sortutako zalantzek, izandako bizipenek eta inspirazio une jakinek bultzatuta, Esan gabe doa izango zenari buruan forma eman eta pasarte batzuk idazteko. Zentzu askotan izango zen ziklo berri bat, argi izan nuen hasieratik. Besteak beste, ziklo berriak leku handiagoa emango zien eragin literario berri eta ez hain berriei, Latinoamerikako arnasari, bereziki. Halako eraginek xaxatuta, lantegian biltzen ziren gazteen ideia etorri zitzaidan, argi ikusi nuen herrialde hori Latinoamerikan kokatu behar zela, hasieran pertsonaia bakarra zena bikoiztu eta buelta handi bat eman nion hasieran berarentzat pentsatutakoari, gizarte-antolakuntza berri horri lotuta etorri ziren zenbait gai, hala nola hezkuntza, zaintza, teknologia, desazkundea, komunitatea… Eta, noski, herri iraultzaile horrek izango zituen mehatxuak. Pixkanaka, forma hartu zuten pertsonaia nagusiek eta haiek lotuko zituzten hariek: Lore -eta Nahuel mertzenario ohia-, haren lehengusu Agus, osaba Jacinto, amama Pilar, Jaco eta lantegi abandonatuko gazte guztiak, Fabi… Pasarte asko hurrengo urteetan sortu ziren, Buenos Airesen. Batzuetan ideia lauso bat baino ez da: bururatu zaidan pasarte hau lantegian kokatuko dut, beste hau oihanean, beste hau… ikusiko dut gero non. Nobelari buru belarri ekin nionerako orrialde asko neuzkan pilatuta, eta pasarte gehienek topatu zuten euren tokia, era aski berezkoan. Eta, bitartean, beste ziklo paraleloan ere agertu ziren ziklo berriarekiko loturak eta keinuak, bai Biokliken, bai Bahiketan, bai Esan gabe doa baino apurtxo bat arinago atera den Katuak jandakoa gazte literaturakoan ere. Prestatuta zegoen errail biko errepidea bereizteko eta aldi berean lotzeko engranajea, jokoak ere ez dira falta, ez eleberrien artekoak ez liburuaren beraren barrukoak.

Hala, proiektua elikatu bitartean, sentipena izan nuen eleberri giltzarria izango zela nire ibilbide literarioan, eta zaila izan zen pazientzia eta antsietatea orekatzea. Garai haietan hasi zen ideia bat argi agertzen nire buruan, Buenos Aires eta Bilbo arteko bidaietan batez ere, hegazkinak hartzean. Ez diot inoiz beldurrik izan hegan egiteari, baina hegaldi bakoitzean pasatzen zait burutik jausi egin daitekeela hegazkina eta ni bertan hil. Ez da inoiz kezka handia izan, baina aurrerantzean, ideia hori agertu eta zera esaten nion neure buruari: ez, ezin zara hil liburu hau idatzi eta argitaratu arte. Idatzi dut, amaitu dut, argitaratuko da orain, sentitzen dut benetan dela nire libururik onena, osoena, garrantzitsuena… Esan nahi du horrek orain lasai hil naitekeela? Ez, noski! Trilogia bat da hau! Bigarrena ere amaituta dago, baina ez hirugarrena, eta badakit hori ere garrantzitsua dela niretzat; gero eta gogo handiagoa daukat hari heltzeko, eta funtsezkoa da hemen zabaltzen diren hari batzuk ixteko eta nire Askayala hori eraikitzen jarraitzeko ere.

Eta trilogia baten hasiera ez ezik ziklo oso batena ere badenez, bidean datoz trilogiatik kanpokoak izan arren ziklo berekoak izango diren beste batzuk. Edukiko ahal du Askayalak bizi luzea!

Irakurtzeko zatia

Disko-jogailuaren gaineko hautsari begira geratu zen Fabian Malyan, trapua eskuan. Ezin zuen gerra hura irabazi. Sentitzen zuen hauts geruza hari itsatsita geratzen zirela Pilar Yrizarren buruak galtzen zituen oroitzapenak. Hori baino ez zegoen pisu hartan: oroitzapenak, gogoratzeko oroitzapen horien jabe behar zuen andreari zenbat gauza ahazten zitzaion. Andreari ez zioten ezer gogoraraziko, ordea, hura zaintzen zuen gazteari baizik, hots, Fabian Malyani; Fabiri, lagun artean. Trapua disko-jogailuaren gainetik pasatzean, zenbat urtetako oroitzapenak bildu ote zituen pentsatu zuen une batez, leihotik barreiatuko zirenak Pilar Yrizarrek luzaroan ezagutu zuen auzotik, trapua astindutakoan. Pilar Yrizarrek gehiago ezagutzen ez zuen auzoa, auzoak artean bera ezagutzen zuen arren. Hamar urtean kaleen fisionomia aldatua baitzen, bertan bizi ziren arimak baino gehiago. Edo arimak eurak ere bai, iraultzak bertan bizi ziren pertsona guztiak aldatu baitzituen.

Fabian Malyanen aita ere aldatu zuen iraultzak. Uniformea janztea artean merezi ote zuen zalantza egiten zuen Metropolitanako kapitaina izatetik, iraultzaren haizeak espaloian hilotz utzitako funtzionario ohia izatera pasa zen segundo batean Mauricio Malyan jauna. Ez zuen, ez, iraultzak berak hil; esan legez, iraultzaren haizeak hil zuen. Zehazki, haize bolada zakar batek Fabiren aitaren buru gaineko teilatutik askatutako teila batek. Aurreko egunean bertan galdetu zion hamalau urteko Fabik bere sudur peko goroldioaren eta sudur inguruko aknearen artean nerabezaroak egindako zein opari zuen gorrotoen erabaki ezinik zebilen mutiko hark ea zergatik ez zuen bere polizia-etxeko beste agente askok bezala egiten; hots, ea zergatik ez zuen uniformea eskegitzen eta ez zen barrikadaren beste aldera pasatzen. Izan ere, Mauricio Malyan kapitainak behin aitortu zion, 8. hiriko sarraskia gertatu eta gutxira, aurrerantzean lotsa emango ziola bere uniformeak, eta kaleak jende suminduz betetzen hasi zirenean sumintzeko arrazoi asko zituztela ere onartzen zion. Baina ematen zuen urte bi lehenago bere emazteak, Aurelia Valtierrak, senarra baino hogei urte gazteago zen kadete batekin alde egin izanak betiko utzi zuela kapitaina uniformeari itsatsita, azala mudatzeko nagiegi bihurtutako musker baten antzera. Beharbada, hura izan zen Mauricio Malyaren azken gogoeta, teila hark garuna pentsamendu orotatik guztiz hustu arte: zergatik bizi naiz oraindik uniforme honen barruan? Esan gabe doa azken pentsamendu hori, zein ere zen, ahoskatu gabe joan zela Mauricio koitadua.

Ez zuen inoiz jakingo aitak une hartan buruan zer zeukan, beraz, hamalau urteko Fabik, Mauricioren semeak; aldiz, urteak igarota, iraultzak auzoaren fisionomiaren aldaketa nahiko aurreratuta zuenean, gogoratu zuen bere kale berean Mauriciok estimatzen zuen andre zahar bat bizi zela, eta aspaldi ez zuela inon ikusi. Entzunda zeukan Pilar Yrizarren semea, Jacinto Orbegozo enpresaburu ospetsua, iraultzatik ihesi joana zela Costa Alegrera, seme Agustin berarekin eramanda, eta alaba, Aitana, Sakauko kostaldeko herrira itzuli zela senarrarekin, Bermeora. Ziotenez, han, Bermeon, hasi zen orbegozotarren ibilbidea mundu berrian, eta ba ei zeukaten bertan arbasoek utzitako etxetxoa, oporretarako erabiltzen zutena. Ahaztuta zeukan Fabik Aitanaren senarraren izena, baina gogoratzen zuen alabarena: Lorena Aubia. Bera zen orbegozotarrei buruz holako xehetasunak ezagutzeko zio nagusia. Auzotik alde egin zuen berak ere aspaldi, Lorek, alegia, baina Fabik ez zituen ahaztu hamalau urterekin neska harekin izandako amets hezeak.

Ametsak amets eta hezetasunak hezetasun, Pilar Yrizar andreak bakarrik behar zuela bururatu zitzaion halako batean. Bizirik ote zegoen ere zalantza egin zuen eta, berak andre petral horretaz uste zuenagatik baino gehiago, teila hark hildako aitaren oroimenagatik erabaki zuen bisita egitea. Ez zuen inoiz ulertuko zergatik estimatzen zuen Mauricio Malyan kapitainak Pilar Yrizar alarguna. Ez zuen ideia okerrik egin nahi, ideia izugarria baitzen, erabat antiestetikoa, aita eta andre zahar hura larrutan imajinatzea. Kontuak kontu, bisita hori egin zuen, eta harrezkero egunero hasi zen joaten pisu horretara Pilar Yrizar jasanezina zaintzera, premia gorrian aurkitu baitzuen, iraultzan parte hartu zuen inori laguntza eskatu baino lehenago hil nahiago zuela. Marga auzokoari baino ez zion uzten etxean sartzen eta laguntzaren bat ematen. Fabi atean ikustean, ordea, gogoratu zuen atsoak Mauricio Malyaren semea zela, artean gai zelako halako gauzak gogoratzeko . Ordenako gizon baten semea, beraz, Xixenen aberriarekiko fideltasunagatik geratu bide zena. Fabik ez zion inoiz kontatu bere aitaren amaiera ez bereziki heroikoa. Barrikada batera igota eta alproja matxinatuei tiroka ikusten zuen andrearen irudimen beroak. Ikus zezala horrela, horrek Pilar zaintzea errazten bazion Fabiri. Berez batere erraza ez zena, bestalde. Are gutxiago, Fabi barik, Jacinto deitzen hasi zenez geroztik. Jacinto Orbegozo, “o” guztiak ondo borobilduta eta azpimarratuta, kontu eske zetorkionean, hots, ia beti. Argi baitzeukan andre hark gustatzen ez zitzaion ororen errua ezkutatzen zela Orbegozo horretan, Jacintoren aita zenaren abizenak utzitako ahultasun genetiko sendaezina.

Patxi ere deitu zion behin, eta erregu moduko bat sentitu zuen atsoaren begietan izen hori esatean. Tarte batez aspaldiko intimitate isildu baten lekuko sentitu zen, eta deseroso itxaron zuen Pilarren marmarra isildu arte. Gehienetan deitoratzeko baino gogoratzen ez zuen senarra aurrean ikusi ote zuen bururatu zitzaion. Ez zeukan entzunda izen hori, Patxi, baina hala zela ulertu zuen silaba bi horietan andrearengan ezezaguna zen eztitasuna sentitu zuenean, hunkituta bezain artega. Argazki batzuetan ikusi zuen itxura gozoko gizon ezezaguna behar zuen Patxik.

Fabik pentsatu zuen zein ironikoa zen gogoratu behar zituen pertsonak ahaztutako oroitzapenen artean ibiltzea. Mahai gaineko argazki markoztatu bati heldu zion, mahaiari hautsa kendu ahal izateko baino gehiago, Lore berriz ikusteko. Besoetako haur bat zen argazkian, familia osoak inguratuta. Batek daki zeren karietara atera zuten familia argazki hura. Pilarren eta senarra zenaren zilarrezko ezteiak? Galdetu zion Margari azkenean Pilarren senarraz, eta haren izena Francisco zela argitu zion. Margak ere ez zuen inoiz Patxi izena entzun, eta areagotu egin zitzaion Pilarren pribatutasuna urratu izanaren sentipena. Oso dotore zeuden denak argazkian, jatetxe are dotoreago baten atarian, lorategi apain batean. Andre hark, Pilarrek, arruntzat joko zuen, zalantza barik, auzoko lorategi batzuk ez ezik plazak eta zenbait kale baratze bihurtu izana. Xixengo burgesia nekazari bihurtuta? Jainkoaren izenean! Eta jakin balu, entzun zuenez, hirigintza plan berri haietan Lorena Aubia arkitektoak esku hartu zuela… Oihana zaintzera alde egin aurretik, esan gabe doa. Aitortu behar baitzuen Fabik auzoa utzita ere jarraitu zuela Loreren berri izaten, hein batean behintzat.

Ez, kalera inoiz ateraz gero – iraultzak porrot egin eta ordena itzuli arte halakorik ez egitea bere buruari agindu baitzion-, ez zuen auzoa ezagutuko Pilarrek. Nahikoa zuen leihotik ikusten zuena eskuak amorrazioz tenkatzeko, askotan egiten zuena, bestalde, andrearen denbora-pasa nagusietako bat baitzen leihotik begiratzea. Errezelaren atzetik, noski, auzoa ez baitzen bera ikusteko duina. Beharbada, Margaz gain atsoa zaintzeko txandak egiten zituzten hiruzpalau bizilagunak kenduta, auzoak ere ez zuen Pilar ezagutuko. Hobeto horrela. Eta hasieran laguntzeko prest aurkitu zituen haiek etxe hartan sartu ahal izateko hartu behar izan zituen nekeak hobe ahaztea. Bazeuden adinekoak, bai, premia zuten pertsonak auzolanaren bidez zaintzeko mentalitate berrira atso petral hura baino errazago eta hobeto moldatu zirenak!

Argazkia utzi zuen mahaian, hautsa kendu ondoren eta Loreri begira zakila gogortu aurretik; ez haur hori ikusteagatik, noski, ezpada nerabezaroko irudiek baldintzatuta. Ziplo baretu zitzaizkion praka barrukoak, ondoko beste argazki batean Agustin ere ikusi zuenean. Agus. Eskola berean zeuden biak, eskola toki fisiko itxi bat zen garaietan. Jesusen konpainiaren eskola pribatua. Amaren erabakia izan zen Fabi ikastetxe katoliko batera bidaltzea, kadete harekin ihes egin aurretik emakume fededuna baitzen oso, Erromako Elizaren esanak gogoan zituena beti. Bat egiten zuen horretan Pilarrekin Fabiren amak, erlijioak grina suharrik pizten ez zuen herrialde hartan. Aita, Mauricio Maylan kapitaina, ez zen katolikoa. Armeniar kristau ez bereziki kartsua zen bera, eta, sakautarren izaerari atxikita, ez zegoen gatazka erlijiosoetan sartzeko.