
(Artikulu hau EIEren webgunean argitaratu da lehenik)
Hasi baino lehen, ez dadila inor lar poztu, ez baitut idatziko ezein aberriren balizko independentzia politikoaren prezioaz. Gauza itxuraz xumeago bat hartuko dut hizpide: idazleen eta, oro har, artisten independentzia intelektuala. Lagun batek eskatu zidan iritzia behinola, Buenos Airesen. Koka nezakeen testuingurua hiri kaotiko amaiezin horretan ugariak diren Paris zaporeko kafetegi horietako batean eta asmatu giro bohemioko tertulia literarioak barreiatzen zirela mahaietatik, baina seguruenik bigarrenez zapuztuko dut irakurlea. Tokia mitikoa zen, bai, baina Buenos Aires punk eta lumpenaren parametroetan. Salón Pueyrredón zen lekua, Batra eta beste punk zahar batzuen aterpea, kontzertu-aretoa, taberna…, eta garai haietan, hilean behin, literatura undergroundaren epizentroa. Hain zuzen ere, hori zen gu han egoteko arrazoia: gure Letras al margen programarako bigarren grabaketa. Izan ere, martitzen hartan Literapunk zikloa tokatzen zen Salón Pueyrredónen. Urte batzuetan Liburu punkaren eta eratorrien azoka ere egin zen bertan, eta halakoetan argitaletxe txikien, fanzinegileen eta bestelako bitxikeriak eskaintzen zituztenen mahaiek betetzen zuten areto zabala. Literapunk bestelakoa zen: hilean behin, hiriko idazlerik lumpen eta apurtzaileenak -zentzu askotan- biltzen ziren bertan sexuz eta probokazioz betetako poemak eta ipuinak irakurri eta performanceak egiteko, eta tarteka musika akustikoa jotzen zen zuzenean, garagardoa, ardoa eta pizzetak mahaiz mahai zebiltzan bitartean, ohiko bisitarien gozamenerako. Ez dut inoiz hainbeste punk ikusi literaturaz gozatzeko bilduta. Esperimentu sozio-literario horren arduradunak Paraguaiko idazle berezi bezain zoragarri bat eta hiriko musikari bat ziren, eraikinean zegoen irratirako -Radio de Salón- programa bat egiten zutenak.
Garai hartan, aurreratu legez, Letras al margen programa egiten ari ginen Antena Negra TV telebista komunitarioarentzat, Prosegurren eta gobernuaren kontra borrokatzen ginen bitartean, 2001ean okupatutako eraikin hartan -bankua izan zen lehenago, toki seguruagorik nekez- iraun ahal izateko eta transmititzen jarraitu ahal izateko. Niri otu zitzaidan literatura undergroundari buruzko programa bat egitea eta, halako batean, jakin nuen nik egiten nuenak -grabaketetarako agenda antolatzea, funtsean- ekoizle bihurtu ninduela. Diruari lotuta ulertu nuen nik beti berba hori, eta gure programaren aurrekontua zero peso zirela kontuan hartuta, txiste bat ematen zuen ezeren ekoizle izateak. Baina ekoizlea antolatzailearen sinonimoa ere badela jakin nuen eta, antza, nirea zen taldean bururik antolatuena. Denboraldi oso bat grabatu genuen, zortzi kapitulu guztira, estreinaldi ia denak atzeratuta iritsi baziren ere, edizioan ataskatuta beti.
Independentzia … Zorionez independentea.eus badegu gaur egungo erokeri ta zentsura artean. Hor egi eta askapen bila idazten dezue batzuk, mila esker. Ildo horretan sekulako jakinduria aurkezten digu Laura Ferrok hemen:
https://www.youtube.com/watch?v=bM-fdt69_1E
Mila esker zuri, nik beti egingo dut askatasunaren alde eta autoritarismo ororen kontra, eta bagara batzuk bide horretan 😉