Trikuaren arantzak

Triku bat naiz baina,
gauzak zer diren,
naturak barrurantz jarri zizkidan arantzak.
Kanporantz, ostera,
azal fin-fina dut,
hauskorra,
edozein haize boladak urratzen duena,
larrua deitzea ere merezi ez duen geruza ezdeusa.
Beldur naiz hala,
edozein mugimendu ezusteko egin ezinik,
arnasa sakonegi hartu ezinik,
lar maitatu ezinik,
pentsamenduak harrotu ezinik,
itxaropenak, ametsak, nahiak
nahi gabe haziko ote zaizkidan
eta hazi legez
zulatu,
lehertu,
hustu,
zulo are handiagoa utzita,
hor erdian,
beltz,
huts,
arantzek inguratuta.
Triku bat naiz,
eskertuta,
nire arantzek ezin diotelako
ezustean
inori minik eman.
Kanpoko haizearen beldur,
barruko arnasari eutsirik.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.