Uzta garaia

Argitaletxea: Elkar

Urtea: 2.021

Orrialde kopurua: 115

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Iraultza eta Zigor neba-arreba bikiek urtero herrira mahatsa biltzera joaten diren sasoikakoen kanpamenduan ezagutuko dute Baazima, ezkutuan. Beren eskuen lanaren indarra baino ez duten gizon desjabetuen artean, neska gaztea ezagutzeak umetako xalotasuna galaraziko die. Baazima ez da bere gorputzaren jabe ere.
Gure artean ere, ikusi ez arren, ehunka desjabetu bizi dira.
Gizartea eraldatzeko indarra eta konpromisoa gazteen esku.

#NikEreMahatsak jan ditut jaso dituzten eskuak gogoan hartu barik. #NikEreMaite izan ditut urrutiko paisaiak zekartzaten begiradak. #NikEreAzal ilunagoaren laztanak daroatzat tatuatuak. #NiEreLegeak ito nau naizena izateagatik. #NiEreArrotza izan naiz herrialde urrunetan. #NikErePribilegioak eroan ditut motxilan eta inoren lepoan hustu. Uste asko atzean uztean baino ez dira uzta emankorrenak hazten. Eta bada garaia.


2018an Inoren munduan eleberriaren proiektua gazteentzat egokituta idaztea erabaki nuen arte, ez nuen bultzada berezirik sentitu gazteentzat beren-beregi idazteko. Inoren munduan bera helduentzako proiektua izan zen jatorrian. Nire eleberri guztiak proiektu luze eta oso baten piezak dira, apurka-apurka, irakurleek sumatu gabe, osatuz doan errei biko unibertso literario bat, eta unibertso horretarako ez neukan nerabeak hartzaile izateko berariazko piezarik. Inoren munduan bera unibertso horretatik kanpo zegoen hein batean, esangura aldetik hor sartzen den pieza bete-betea izan arren. Hala, 2019an Inoren munduan aurkeztu, eta Durangoko Azokan ondoan John Andueza izatea tokatu zitzaidan. Zorte itzela, harrezkero ikusi ahal izan dudanez. Ez genuen elkar ezagutzen, baina berez eta azkar aspaldiko lagun bihurtuta sentitu ginen biok. Gazte literaturan izandako esperientziaz mintzo zitzaidan bera, eta lehen eskutik hasi nintzen mundu hori ezagutzen neu ere. Dena dela, ez nuen lehen momentutik gazte literatura gehiago egiteko erabakirik hartu, baina ideiak pixkanaka egin zuen bere bidea nire burmuinean.

Harra barruan hozka nuela, denborak aurrera egin, eta 2020ko urtarril-otsail aldera etorri zitzaidan ideia. Behartu barik, berez, leiho bat zabaltzea legez izan zen, eta leiho horretan zehar ikusi nuen baneukala nire unibertso literarioaren barruan gazteei zuzendutako pieza batzuk jartzeko materiala. Hala sortu ziren Iraultza eta Zigor neba-arreba bikiak, eta hiru liburu edo abenturatarako ildo nagusiak. Bete-betean sartzen ziren, gainera, ehuntzen nenbilen errei biko mapa horretan. Bestalde, bidea eman zidaten Inoren munduan ere lotuago uzteko proiektu osoan, eta hala sortu zen neba-arreben unibertso txikia, Ondarrate, Bizkaiko Urdaibai inguruan kokatzen den fikziozko herri arrantzalea. Orain, argitaratu denean, lagunei esaten diedan legez, disidentzia pilula txikiak jarri dira bidean gazteek ere euren buruari galderak egin eta oinordetzan hartu duten munduaren arrakalei errepara diezaieten.

Liburu edo abentura bakoitzak begien aurrean zer arrakala jarriko dien irakurleek aurkitu beharreko lana da, ez dut aurreratuko, baina istorioen ordenak badauka bere esangura sinbolikoa ere. Nire lehenengo eleberritik etortzeko daudenetara istorioz istorio osatzen ari den errei biko unibertso horretaz ere ez dut gehiago argituko. Beharbada, hasiko zen irakurleren bat osotasunari usaina hartzen eta testuak elkarri josteko hariak sumatzen. Horrek badu bere kodea, ordea, eta Iraultzak eta Zigorrek ere badauzkate euren giltzak.


Irakurtzeko zatia

Arratsalde hartan, esan legez, gizona zegoen etxean bakarrik, arrats guztietan bezala. Seme-alabak etxean sentitu orduko, askatutako torlojuak kutxatila batean utzi, eskuak trapu batean garbitu, eta sukaldera joan zen, merienda prestatzera. Hori zen haren bigarren bizioa: sukaldea. Kuadrilaren txokoan ere bera izaten zen sukaldari gehienetan. Nork gaindituko zuen Karmeloren bakailaoa pil-pilean! Eta zelan lortuko zuen kuadrilak bera barik hainbeste sari herriko jaietako sukalki lehiaketan! Sinplea da, esaten zuen itxurazko apaltasunez, gauza bi baino ez dira behar: genero ona, eta esku ona. Pazientzia zen esku onaren funtsa. Eta oparitzeko izaten zuen Karmelok pazientzia, bai tipula ondo gorritzeko, bai Iraultzaren galdera amaigabeak entzuteko, bai Asiako hornitzaileen erantzunei itxaroteko eta haien baiezkoak maiz ezetz esateko modua zirela ulertzeko ere.

Egun hartan, ordea, haren burua enbatari eutsiko ez zion kai-mutur bat zen, alabaren jarioari ezin jarraiturik, arreta prestatu nahi zien ogitartekoetan jartzeko eginahala egiten zuen bitartean. Ez zuen ezer ulertzen; neska bat omen zegoen, marokoarrak, lurrak, mahastiak, azal iluna… Eta dena galdu ei zuen Zigor, bazter batean, bere txandaren zain. Irrikan zegoen semea bere lehen eskola-eguna laburbiltzeko. Batez ere, tutorearekin izan zuten zorte onaren berri emateko. Pozik entzungo zuten gurasoek, diziplina ezarriko zuelako Katixak. Trumoik, alegia. Zalantza bakarra sortzen zion Zigorri, ostera: aita ere ez ote zen poztuko, eta aurrerantzean guraso-bilera guztietara joan nahiko ez ote zuen. Bat-batean ikusi zuen aita, bere bizitzan lehen aldiz, lehiakide posible bat bezala. Gizon bat zen, azken finean, altua, sendoa, atsegina…, eta ume moko bat bera. Bibotearen itzalik ere ez zeukan artean Zigorrek. Garau itsusi batzuk baino ez, gupida gabe ateratzen zituenak goizero. Neba-arreben bikitasuna baieztatzeko inbaditu zituzten bona haiek bien aurpegiak, antza. Baina, bestalde, nor bera baino diziplinatuago gelan, eta nor bera baino bizkorrago? Bikain aterako zuen Gizarteko azterketa eta lan guztietan, bai horixe.

Azkenean, iluntzean, ama iritsi zen etxera. Baretuta ematen zuen Iraultzak, bere logelan, liburu bat hartuta. Marrazketaz harago, liburu batzuek baino ez zuten lortzen zurrunbilo ibiltari hori lasaitzea. Telebista ere ez zuen oso gustuko, Dragoi Bola eta beste japoniar marrazki bizidun batzuk kenduta. Posible zen, galdetzen zion maiz entzuteko prest zegoen orori, bere klasean bera izatea Go!azen gogoko ez zeukan bakarra? Hain egiten zitzaizkion kartoizkoak gazte haien arteko harremanak, maitasunak, haserreak…; hain irrigarriak eta melengak kantak… Baina bere klasekoen gustu musikalak ezagututa… Sentitzen zuen jaio zenetik gauza bat baino ez zela Ondarratera iritsi geratzeko: reggaetona. Eta hori gutxi ez, eta trapa ere gehitu zitzaion halako batean. Haien aldean, mila aldiz nahiago zituen bere aitaren Berri Txarrak eta antzekoak. Halakoa bide zen Euskal Herria: behin musika estilo bat errotuta, ez zen desagertuko ekarri zuen belaunaldi osoa hil arte…

Ezusteko onak ere ekarri zizkion bere gurasoen CD bilduman kuxkuxean ibiltzeak: Selektah Kolektiboa ezagutu ez zuen, ba! Zer izango ote zen bizitza hip hopik gabe… Eta aurkitzea holako talde bat egon zela Euskal Herrian eta euskaraz kantatzen, mende hasieran! Ikusi ahal izan balitu… Iraultzaren entzungailuetan, Glaukoma isildu eta Sara Heberen ahotsak lagundu zion orrialdea pasatzen. Saiatu zen burua “asado de fa” hartan ez kateatzen, txundituta baitzebilen alfen eta beten artean, amaren liburuen artean topatutako Aldous Huxleyren eleberria irensten. Bere adinerako gehiegi izango zela ez zion, ba, esan amak… Zergatik uste zuen mundu guztiak bere adinekoei ikastolan agindutako liburuak gustatu behar zitzaizkiela? Azalean adina adierazten zuen zenbaki bat ikusten zuen bakoitzean, kontrako noranzkoan hasten zen korrika Iraultza. Argi zegoen harreman txarra zeukala zenbakiekin, ikur mugatzaile ororekin. Hurrengo liburua ere begiz jota zeukan apalategi hartan: Desjabetuak. Izenburua ikusi eta bueltaka geratu zitzaion kontzeptua.

Hala, afaltzeko deia entzun zuenean, Kumbia Queers-ek utzitako zirrikituen artean, Huxleyren besoetatik urruntzeko nagi, hitz hori eroan zuen mahaira, desjabetua, eta lotura egin zuen haren eta egun hartan ezagutu zuen neskaren artean. Mahaira eseri, eta platera entsaladaz betetzearekin batera bota zuen, amari begira oraingoan:

-Desjabetu bat ezagutu dut gaur, oso bitxia.

Txundituta begiratu zioten denek, susmo txarren bat hartuta amak, galdetu ez galdetu zebilela, azken ordu gogorra izan baitzuen ume negarti bati ortodontzia bat jartzen, eta ez baitzekien Iraultzaren amuari kosk egin behar zion. Ez zen beharrezkoa izan, ordea, gazteak abilezia handia baitzeukan bere burua elikatzeko; eta aurrera jarraitu zuen:

-Baazima du izena, eta sasoikakoen kanpamenduan bizi da. Tira, sasoikakoena ere ez da kanpamendua, haiek ere desjabetuak ei direlako, Baazima legez. Eta hori da ulertzen ez dudana: zergatik ez da kanpamendua han bizi direnena? Antza, ezer ez da haiena, ez kanpamendua, ez mahastiak. Eta badakit mahastian ez direla haiek lan egin duten bakarrak, hori ere ulertzen dut, baina, antza, ez dira han lan egin duen inorenak, haiek landu ez dituzten beste batzuenak baizik.

Sardexkatik jausi zitzaion Karmelori tomate zatia, eta emazteari begiratu zion, txanda pasa begirada nabarmena zuela. Sonia oliba baten atzetik luzatu zen erantzun aurretik.

-Egon, goazen astiro, ea dena ulertu dudan ondo: sasoikoen kanpamenduan egon zara, basoan? -baiezko keinu irrikatsua egin zuen Iraultzak buruarekin-. Badakizu jabetza prib… -hor egin zion kosk mihiari amak, baina beranduegi zela jabetu, eta aurrera jarraitu zuen-, jabetza pribatua dena hori. Matxuri enpresarena da, eta ezin da inor hara baimenik gabe sartu. Imajinatzen duzu ezezagunen bat gure etxean sartuko balitz, guri baimenik eskatu gabe?

-Baina ni ez naiz inoren etxean baimenik gabe sartu, basora joan naiz, eta basoko soilgunera, eta orain han bizi den neska batekin topo egin dut, eta berak ez dit eragozpenik jarri. Hizkuntza bai, eragozpena izan da, apur bat, nik ez dakidalako frantsesik ez arabierarik, baina gazteleraz jakin du berak, eta gainera, anfitrioiarena egingo zidala esan dit, alegia, gonbidatu egin nauela.

Sabaian eta hormetan bilatu zuen Soniak inspirazioa, baina Ondarrateko hondartza txikia erakusten zuen erlojuak afaria luzea izango zela baino ez zion adierazi. Muturra alde batera eta bestera okertu, eta alabari begiratu zion begietara.

-Basoek ere jabeak dauzkate eta ezin da edonondik ibili, nahierara, hori badakizu.

-Eta horixe nahi dut azaltzea, ez dudalako inoiz ulertu: zerk egin dezake pertsona bat baso baten edo baso zati baten jabe? Ez dakit, itsaso edo aire zati baten jabe egitea bezalakoa da, ezta?

-Ez zehazki. Zuk eros dezakezu baso zati bat, baina ezin duzu aire edo itsaso zati bat erosi.

Pentsakor geratu zen Iraultza.

-Baina hitz egiguzue Baliza horretaz -saiatu zen gaia desbideratzen ama, berak ere ulertu baitzuen bere azalpena ez zela oso konbentzigarria izan.

-Zeuk ere ez duzu ondo esango? Baazima! Eta esan dizut, desjabetu bat da, izenburu hori daukan liburu bat ikusi dizut, eta desjabetu zelan izan daitekeen ulertzeko, jabetu izatera zelan iritsi ulertu beharko dut lehenago. Alegia, zelan jabe daitekeen pertsona bat guztiona den edo inorena ez den gauza batez. Erosi bai, baina nori erosiko diozu? Nork dauka baso zati bat saltzeko ahalmen hori?

-Gobernuek daukate ahalmena lurrak saltzeko, jabetza-tituluak ematen dituzte, diru truk -saiatu zen aita.

-Baina, inoiz entzun nizun Matxuriri lur komunalak ere saldu dizkiola udalak, eta ez zenuen oso pozik ematen hori esan zenuenean. Aitaita ere ikusi dut inoiz pipertuta, lur komunalen galera dela-eta. Lur komunalak udalarenak dira?

Arnasa hartu zuen luze Karmelok, letxugaren artean gazta zati bat bilatzen zuela. Noiz entzun zien deabru horrek lur komunalen kontua?

-Lur komunalak herriarenak dira, guztionak dira eta, zuk esan legez, ez dira inorenak. Herri osoak handik baliabideak ateratzeko erabiltzen dira, gauza historiko bat da.

-Eta ez dira udalarenak, orduan? Hala gauza bera dira udala eta herria?

-Mmmm, bai eta ez, edo ez eta bai… Zergatik ez diguzu gehiago hitz egiten Baazimaz? Zer esan didazu lehen, 18 urtekoa dela? Ez delako oso ohikoa halako kanpamenduetan neskak egotea.

-Bai, 18 urtekoa, baina hori gero. Ikasten ez dudala esaten didazue beti, eta kontzeptu bat, amaren liburu batean agertzen dena, gainera, ulertu nahi dudanean, ez didazue azaldu nahi…

-Udalak herria ordezkatzen du -saiatu zen Zigor, berak bai, ikasi egiten zuela erakutsi nahian. Gainera, ondo etorriko zitzaion halakoak azaltzeko ariketa, gero Trumoiren aurrean luzitzeko.

-Herria denok gara, neu ere bai, baina ez dakit udalak zelan ordezkatzen nauen. Lur batzuk komunalak baziren, esan daiteke denok ginela jabeak, ezta? Jabetuak ginela gu denok, zelan jabetu ginen oraindik ulertzen ez badut ere -gehitu zuen ahopeka-. Baina zelan sal dezake udalak lur komunal zati bat? Nirea ere bazen, eta lehenago baso horretara gura nuenean joateko eskubidea baneukan, denona zelako, zelan kendu dit baso horretara joateko eskubidea udalak? Ni ordezkatzen banau, ezin du erabaki nik gura dudanaren kontra, ezta? Ze nik ez daukat ezer Matxurikoek mahastiak landatu eta txakolina egitearen kontra, baina bai gure herriko baso eta mendietatik ibiltzeko eskubidea mugatzearen kontra. Nik ez diet kalterik egingo mahastiei.

-Bai,Matxurikoei, haien langileen lana eragozten baduzu.

-Matxurikoen langileak direla esan nahi du pertsona horien jabe direla? Badago pertsonen gaineko jabetza titulurik? Hala ematen duelako, ze, gizon horiek, eta lehenago egon ziren beste batzuek, lan egin dute mahasti horiek egoteko, hazteko, fruituak biltzeko…, baina Baazimak esan didanez, kaka hutsa ordainduko diete gero, eta beste toki batera eramango dituzte lan egiteko, haiek ez daukatelako ezer, ezta euren lanaren fruitua ere. Euren buruaren jabe ere ez dira? Hain desjabetu ere bizi daiteke? Horregatik ez dut ulertzen zer egin behar den bizitza honetan jabetu izateko edo desjabetu izateko. Ala jabetu edo desjabetu jaiotzen gara? Dirudienez, Baazima Marokon jaio zen, baina ez dakit desjabetu jaio zen, ala gero desjabetu zuten.

-Bueno, ez dakit, berari galdetu behar zenioke… -Emaztearen begirada zorrotza sentitu zuen Karmelok, eta berriro pentsatu zuen aurrera jarraitu aurretik-. Baina…, nik uste dut hobe dela baso zati horretara itzultzen ez bazara eta Baazimari bere bizimodua egiten uzten badiozu, seguruenik, kanpamendu horretan badago, ardurak izango dituelako.

-Ez! -garaipen oihua izan zen Iraultzarena, Zigorri burrunba mingarria utzi ziona eskuin belarrian-. Berak esan dit gizonek mahats-bilketan diharduten bitartean ez duela lanik egin behar berak. Haiek itzultzen direnean hasten dela Baazimaren lana. Beraz, ez dago arazorik bihar berriro banoa, ezta? Agian berak lagunduko dit ulertzen zelan bihurtu den desjabetu, ala desjabetu jaio den, zuek ez didazuelako lagundu nahi, bistan da. Ez dut ulertzen ezta zergatik dagoen aitaren familiaren baserria hor mendian usteltzen, hutsik, gutako inork ezin duela erabili. Desjabetu zuten aita, agian? Baserri batek ez luke han bizitzeko prest dagoen edo behar duen pertsonarena izan behar? Hutsik usteltzen geratzea baino hobe litzateke, ezta? Baserri bat zein beste edozein etxe edo pisu.

Berehala altxatu zen Karmelo, platerak bildu eta ezkaratzera eroateko, aurpegia gorri eta belarriak bero. Min egiten zuen tokian ukitu zuen Iraultza gazteak, antza.

Komunean, hortzak garbitu bitartean, bere nebaren islari begiratzen zion Iraultzak.

-Zu zara nota onekoa, Zigor. Ulertu duzu jabetzaren kontua?

Ezker-eskuin mugitu zuen mutilak burua, apur bat lotsatuta, ispiluan Trumoi ikusten zuela, lezioa galdetu eta bera ikasi gabe harrapatuta.

-Oso argi neukan, zu galdetzen hasi arte -erantzun zion, ahoko aparra bota eta gero-. Zergatik lortzen duzu beti argi daukadana korapilatzea? Eta badakizu aitari min ematen diola baserriaz eta portuko etxeaz berba egitea.

-Eta hala ere ez daki azaltzen zelan lortzen edo galtzen den jabetza.

-Beti esaten didazu nota onekoa naizela, azkarra naizela…, baina bion artean, nagusiek euren mundua zenbat eta gehiago azaldu, orduan eta gutxiago ulertzen dut. Azkarragoa zara zu, agian. Buru ona daukat ikasteko, gauzak buruan gorde eta errepikatzeko, baina niri otutzen ez zaizkidan galderak otutzen zaizkizu zuri. Dena ulertu nahi duzu beti.

Gorri-gorri mintzatzen zitzaion Zigor arrebari. Aitorpenik lotsagarriena egiten ari zitzaion, eta Iraultzaren ziztadaren bat espero zuenean, aho bete hortz ikusi zuen neska ispiluan. Isilik jarraitu zuten biek hortzak garbitzen eta, ahoa ondo irakuzten amaitu zuenean, konplizitatez begiratu zion Iraultzak nebari:

-Galderak egiteko balio badut, behintzat, lagunduko didazu erantzunak aurkitzen, ezta? Etorriko zara bihar Baazima ezagutzen?

Une hartan berdin-berdinak bihurtu zituen neba-arrebak ispiluko irribarreak. Dizigotikoak izan zein ez, ez ziren alferrik bederatzi hilabetez sabel berean bizi izan.