Analgy

Analgyren lehenengo hazia 20 17 aldera jarri zen. Orduan, Buenos Airesetik Bermeora itzulita, Sergio Meauriorekin elkartu, eta elkarrekin proiektu bat egitea proposatu zidan berak. Izena ere bazeukan, pentsatuta, orain arte iraun duena. Asmoa, garai haietan, punka, elektronika eta metala uztartuko zituen zerbait egitea zen, Prodigy, Nine Inch Nails eta beste talde batzuk erreferentzia hartuta. Lehenengo testuak idazteari ekin nion nik, base eta erritmoekin jolasteari Meauriok, baina saltsa askotan zebilen bera une haietan eta ezerezean geratu zen asmoa. Zenbait urte geroago, ordea, 2021eko uda amaieran, nire musika aurreiritziak goitik behera astindu zituen talde bat jausi zen nire eskuetara, lehenago Pello lehengusuak erakutsita, Alfonsina argentinar lagunak gero: Chill Mafia. Bideo bana jarri zidaten eta, lehenengoan ikusten ari nintzena zelan ulertu ez banekien, bigarrena ikusi eta erabat irauli zidan burua. Beharbada, zerikusia izango zuen 2021eko bigarren uda pandemiko hark, gure parranda gehienak Mundakako talan amaitu baikenituen, herriko gazteen urratsen atzetik, litroak eginda geu ere. Pixkanaka xurgatu genuen giro hark pixkanaka higatu zituen belaunaldi horrek entzuten duen musikari buruz neuzkan aurreiritziak, eta Chill Mafia entzun nuenean hasi ziren loturak egiten nire burmuinean: hura zen XXI. mendeko punka! 70-80etan punkaren eginkizuna ordurako guztiz komertzial eta sistemiko bihurtutako rocka azpikoz gora jartzea izan bazen, azken hamarkadetan belaunaldi berrien artean nagusi bihurtutako erritmoak iraultzeko garaia iritsia zen: reggaetoia eta trapa. Azken finean, guk no future akitu arte errepikatu bagenuen, belaunaldi gazte horiek dira benetan etorkizunik ez daukatenak, guk utzitako planetaren azken hondarrak baino jarauntsiko ez dituztenak. Zer daukagu guk haiei irakasteko, gure bide guztiek porrot egin badute eta ekofaxismoaren ateetaraino ekarri? Berehala ekin nion beste talde batzuk entzuteari: Dupla, Kai Nakai, Tremenda Jauria, Louta… Zer ez zegoen mundu berri horretan! Entzutea eta musika horretan barneratzeko gogoa biak bat. Hala, Meauriorekin berba egin eta Analgy proiektua berpizteko garaia zela iradoki nion, baina estiloari buelta bat emanda. Erritmo haietatik hartu behar genuen, gure beste eraginei uko egin barik. Hala sortu ziren noranzko berrian idatzitako lehenengo testuak, “Mundaka gaba” lehenengoa, eta aspaldi Punkaminerentzat idatzi eta tiradera batean ahaztuta geratutako besteren bat berreskuratu ere bai, “Erlijioso osoa” hasteko. Haiei musika jartzeko magia Meaurioren kontua. Berak ere bazeukan bidean kanta bat, eta estilo berrirako moldatzeari ekin zion. Martxan zegoen Analgy, oraingoan, bai, bolada baterako geratzeko asmoz.

Logoa, berriz ere, Lluís Ráfols lagun handiaren lana izan zen, Pellok emandako ideia bat hartu eta moldatuta.

 

DISKOGRAFIA

Mundaka gaba

Mundaka gaba

Gure lehenengo singlea da "Mundaka gaba". Bilatzen genuen estilo berrian beste bide bat ere behar genuen testuak idazteko garaian. Asmoa trapunk esan dakiokeen zerbait egitea izanda, berben esangura politikoari uko egin barik geure errealitate hurbiletik...