Trio Ternura 2.012an sortu zen, eta izenak izen, ez zen inoiz hirukotea izan. Taldea sortuta zegoenean batu nintzaion ni, maiatz aldera. Orduan Cristo, Fir, Negro eta Joseba osatzen zuten. Josebak, ordea, Euskal Herrira itzuli behar zuen, eta haren agur afarian, hain zuzen ere, eskaini zidaten taldean sartzea. Otsailean iritsia nintzen Buenos Airesa, eta hala, lagun baten bidez beste bat ezagutu, haren bidez beste bat…, eta haiek bihurtu ziren familia berria. Josebak baxua jotzen zuen eta arazotxo bat neukan nik: ideiarik ere ez baxua jotzen. Ez baxua, ez gitarra, ez bateria, ez armonika… Baina tira, punk izaerari jarraituz, jo behar nuena jotzen ez jakitea oztopo ez zela erabaki eta egun batetik bestera baxu-jotzaile bihurtu nintzen. Urteak pasa, eta orain esan dezaket gutxi bada ere zerbait ikasi dudala…
2.012an bertan, urria aldera Joseba Euskal Herrira betiko itzuli ostean, Golo batu zitzaigun gitarran eta halaxe jardun genuen bolada batean: Cristo ahotsean, Fir baterian, Negro gitarra nagusian eta Golo bigarren gitarran. Lehen kontzertu ofiziala 2.013ko apirilaren 30ean jo genuen, “Soy de la eskina” programak maiatzaren lehena ospatzeko antolatuta, CID esparru okupatu eta autogestionatuan. 2.013an bertan, ordea, Negrok taldea uztea erabaki zuen, eta laukote gisa jarraitu genuen guk. Eta halaxe grabatu genuen 2.014 eta 2.015 artean gure lehen EPa. Bertan taldearen klasiko bihurtutako bost kantak sartu genituen, berrienak beste baterako utzita.
Golok ere taldetik alde eginda baina EPan gitarra ederrak utzita eta Medo taldetik laburki igaro ondoren, Mariano eta Fer batu ziren sei hariak laztantzeko eta pixkanaka Tamek heldu zion baxuari nik Argentinako lurrak uzteko prestatzen nintzen bitartean. Haien eskuetan jarraitzen du abenturak orain…
Eta denbora honetan guztian zertan jardun dugun? Punk psikodelikoa kasetean egiten, horixe gure definizioa. Konposatzen ez jakiteak daukan abantaila da edozer ateratzen zaizula, arauak ez dituzula errespetatzen, eta uztarketa bitxiak ateratzen dira hala. Denak balio du ondo pasatzeko eta musikaren bidez oihu libertarioei bozgorailua jartzeko…
DISKOGRAFIA
Trio Ternura (EP)
Trio Ternura - Todos Terroristas