El encanto del disfraz (Mozorroaren xarma)

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Liburu hau jatorrian euskaraz idatzitako Mozorroaren xarma eleberriaren gaztelaniazko itzulpena da. Euskarazkoa Ereinek argitaratu zuen 2.007an. Buenos Airesen itzuli nuen 2014 eta 2016 artean. Denis lagun handiak lagundu zidan zuzenketekin.

Gaztelaniazko bertsiorako azalaren diseinua Lluís Ràfols katalan artista eta lagun handiak egin zidan, ostabere, lan honen komikirako moldapena egiteko esku artean daukagun egitasmoaren barruan.

Zigor ez da ohiko euskalduna, inondik inora. Bere belaunaldikoak parrandan eta lagunartean dabiltzan bitartean, berak bere mundu txiki, pribatu eta ezkutua du, bere logelaren lau hormen artean. Pantailek, teklatuek eta prozesagailuek osatzen dute bere koadrila, bere unibertso itxia, eguzkiaren argiak ere gutxitan ikusten duena. Halako batean, ordea, bere kontrolpeko mikro-habitat horretatik irtengo du, eta ez edonora joateko: Thailandiaraino! Izan ere, zer hobe mutil bat mugiarazteko irribarre xarmagarri bat baino? Txatetik harago, ordea, dena da korapilatsuagoa Tawi ederraren esku eztitik.Dasha ere ez da ohiko errusiar neskatila, kanpotik eman dezakeen arren. Ezta Pam ohiko gida turistikoa. Ezta Ming Chun ohiko narkotrafikoaren buruzagia… Baina zer da ohikoa, azken batean, norberaren mozorroa altxatzen dugunean?


Argitaratu zen hirugarren eleberria bada ere, idatzi nuen laugarrena da Mozorroaren xarma. Haren aurretik Abaraska neukan amaituta, baina bide luzeagoa egin zuen berak kalera iritsi arte. Proiektu honi Abaraska idazten nuen bitartean heldu nion. Zerbait arinagoa egin nahi nuen, umorea apur bat jorratu, jostatzeko gogoa neukan, nolabait. Ez da inolako sekretua J.K Tooleren Ergelen batzarra eleberriaren eragin handia daukala, gogoan dut, ETBko Sautrela programan, Hasier Etxeberriak Ignatiusen anaia txikia esan ziola nire Zigor maiteari, eta ez zebilen batere oker. Garai haietan, bestalde, hasia nintzen Asiarako bidaiak egiten, eta zaila da istorioak asmatzerakoan garaiko bizipenak albo batera uztea. Japoniako manga kulturaren eraginpean jarraitzen nuen eta, batez ere, interesgarria neritzon orduan bolo-bolo zebilen otakuen gertakariari. Gure artera esanahia nahiko aldatuta iritsi zen berba hura, eta mangazalearen pareko zerbaiti deitzeko erabiltzen zen gehien bat. Izen horren atzean, ordea, gure gizarteak hartutako bidearen metafora ikusten nuen nik: askok komunikazioaren aroa deritzoten honetan inguratu eta irentsi egiten gintuen/gaituen bakartze gero eta handiagoaren irudi handitua. Hala, euskal Ignatius otaku bat irudikatu, eta Zigor Ganzarri sortu zen. Euskal Herritik Japoniara eroan barik, ordea, zapaldu berria nuen Thailandiara eramatea hautatu nuen. Ez dira gutxi nire liburuetan neure buruari botatzen dizkiodan zirikadak, eta oraingoan gogoa neukan, besteak beste, turismoaren izurriteari buruzko hausnarketak ere egiteko, neure burua, motxila hartzen nuen bakoitzean, makinaria suntsitzaile baten engranajeen artean harrapatuta ikusten bainuen. Gizartearen karikatura nahi nuen, baita nire portaera batzuena ere.

Istorioaren ildo nagusia zirriborratuta neukan, baina bertan Zigorren kontakizuna baino ez zegoen. Orduan etorri zitzaidan iradokizun bat kanpotik. Lagun on batek aipatu zidan bisexualitatea edo homosexualitatea ere landu behar nukeela nire libururen batean. Bere sexualitatea ikertzen ari zen neska jator hura, eta asko ikasi nuen berak kontatzen zizkidanetatik. Haren iradokizunari heldu, eta lagun horren neurrirako pertsonaia sortu nuen: Dasha maitagarria.  Eleberrian agertu orduko bihurtu zen nire pertsonaiarik kutunenetako bat. Baina ez zen bakarrik geratu: garai haietan Reinaldo Arenasen liburu batzuk irakurri nituen; batez ere El portero eleberriak txunditu ninduen, eta hari ere keinu bat egitea erabaki nuen. Bestalde, nire inguruko beste pertsona homosexual batzuk omentzeko bidea ere bazen Reinaldo Arangorri pertsonaia. Haren eta Dasharen artean idazteko beste sentsibilitate eta bide batzuk erabiltzeko parada zabaldu zidaten. Maiz gertatzen zait -burura datorkit Utopiaren itzalak eleberriko Laurita- ia ezustean agertutako pertsonaiak nire gogokoenetakoak bihurtzea eta idatzi ahala ustekabeko protagonismoa aldarrikatzea. Idaztean ere, inkontzienteak maiz irabazten dio beso-borroka kontzienteari.

Zer kontatu badago beste pertsonaiei buruz ere. Esan nezake haietako askoren atzean egiazko pertsonak mozorrotu nituela, eleberria benetan izan zela mozorro dantza bat. Gogoan ditut egiazko Baby, Paolo, Roberto eta Marisa…, are opioa erretzen zuen agure zimurtua. Baina tira, utz ditzagun denak mozorro horien babespean.

Umore apur bat zeukan lana egin nahi nuen, batzuek une batzuetan barrez lehertzen zirela ere esan zidaten, nire ustez ez zen hainbesterako, baina nik behintzat ezin hobeto pasa nuen hura idazterakoan. Eta pasarte batzuk irudikatzean berotu ere bai. Irakurleek horren erdia lortuz gero pozik ni. Eta horrez gain, lerroen artean utzitako hausnarketarako amuei heldu eta gure gizartearen miseria batzuei beste ikuspuntu batetik begiratzeko balio badie, askoz hobeto.

Abaraskak argitaratua izateko bidea egiten zuen bitartean, Mozorroaren xarma amaitu eta Ereinek antolatzen duen Erein-Euskadiko Kutxa Narratiba Sarira aurkeztea otu zitzaidan. Halako batean, sariketako notarioak deitu zidan, txarto gogoratzen ez banaiz: epai-mahaia saria emateko zorian egon zen, eta azkenean beste lan bati ematea erabaki bazuten ere, eleberria haiekin argitaratzea proposatu nahi zidaten. Azkenean, Iñaki Aldekoa editorearekin hitz egin, eta berak egin zidan proposamena. Zioenez, gogoz geratu zen saria nire lanari emateko eta ez zuen lana argitaratzeko aukera galdu gura. Tira, ez zegoen ezetz esaterik, editore batek holako interesa agertzen duenean. Saririk gabe, baina lana argitaratzeko bidea erabat zabalik geratu zitzaidan; gaitz erdi!

Lan honi lotuta, bestalde, zerbait aurrera dezaket: emaitza urrun badago ere, beste zerbait ari da egosten haren inguruan…


Irakurtzeko zatia

Eta halaxe zen, bai horixe: Zigorrek bizi-bizirik zirauen bere logelan. Pantaila bietatik zetorkion kremazko tarta handi bat bezalako aurpegian islatzen zitzaion argi bakarra, pertsianak oso bakanetan igotzen zituen-eta. Tarteka idazten ari zen azken programari begiratzen zion, ezkerrekoan, gero eskuinekoaren irudi mugikorretan ipintzeko bere arreta guztia. Internetetik jaisten ari zen pelikula, eta aurreikus zitezkeen zatiak irensten zituen, izerdia bekokian eta jesarlekuan pilatzen zitzaion bitartean, lurruna begien aurrean. Sailor Moon mangaren hentai bertsio bat zen hainbeste izerdi aterarazten ziona. Holako uneetan bera ere marrazki biziduna izatea desiratzen zuen, hirugarren beso bat aterata behar zituen gauza guztiak egin ahal izateko. Bigarren burua ere ez zetorkiokeen txarto. Programa hark ez zeukan presa handirik eta ez zen oso zaila, baina behingoz bukatu nahi zuen, aspertzen zuelako. Batzuetan halakoak gertatzen ziren, eta batere gatzik gabeko softwareak tokatzen zitzaizkion. Hura baitzen haren mundua, familiarentzat guztiz debekatuta zegoena, guztiz ezezaguna, eta, beste gauza batzuen artean, bankuan dirutza ederra pilatzeko bidea eman ziona; batez ere, Jaurlaritzarentzat euskaratzen zuen softwarea ordaintzen zioten ondo, baina berak sortutako programek asetzen zuten gehien, horretarako Linux beti lankide leiala. Zertarako behar zuen gehiago? Han gura zezakeen guztia zeukan: prozesagailuak, zerbitzaria, pantaila handiak, DVD, musika (Albinoniren adagioa jo eta ke), play-station, harreman birtualak, sexu birtuala, kable-modema, telefonoa janaria eskatzeko, musuzapiak, komikiak, pelikulak, ohea, haizagailuak, eskularruak, web-kamera… Kanpoko mundua ez zuen ezertarako behar, komuna baino ez, eta hori ere oso gertu zeukan; han dena zegoen bere begi miopeetatik hurbil, betaurrekoen kristal lodietan zipriztintzen ziren argitxoek guztiaz zuten informatuta noiznahi. Haragizko emakume bat eskertuko zukeen, eta hori ere telefonoz eska zitekeen arren, ez zen gauza bera etxean pizza saltzailea sartzea, eta puta bat, jakina. Gainera, cyber-sexua ere ez zen hain txarra, eta handik eta hemendik lapurtutako hamaika irudiren atzean ezkuta zitekeen, edonongo benetako neskek euren gorputzak eta jolasak eskaintzen zizkioten bitartean.

Horrela jokatzen baitzuen neska batekin txateatzen zuenean, sarri egiten zuen gauza. Web-kamerako irudiak trukatzen zituzten bakoitzean, berak gordeta eta moldatuta zeukan sekuentziaren bat aukeratu, eta gimnasiotik atera berria zirudien gorputz zizelkaturen bat eskaintzen zien, bere web-kamera beste mota bateko bideokonferentzietarako gordeaz. Damu bakarra, kamerari bere benetako gizontasuna ezin erakustea, eta ez futbol epaile baten txilibituaren tankerakoa zelako, hain zuzen ere, baina hankartean gordetzen zuena, itxurosoa izan arren, nekez agertuko zen kameran gainera erortzen zitzaizkion flotagailuen azpitik… Zorte apur batekin, bera bestaldeko neskaren sekretuak ezagutzera iristen zen, eta eskularruei etekin paregabea ateratzen zien, aulkian gero eta itsatsiago geratzen zen bitartean.

Otaku bat zen gure Zigor, bai. Zertarako ukatu. Bere ustez, otakutasunaren perfekzioa atzemanda zuen. Agian, gela barruan komuna integratzea zen falta zuen txikikeria bakarra, eta batek jakin, hori ere lor zitekeen. Ez dugu ezkutatuko 27 urterekin benetako sexua inoiz probatu gabea izateak kezkatzen zuela, baina txikitatik ikasi zuen bere burua konbentzitzen, eta ia-ia sinesten zuen birjintasuna bere bikaintasunaren beste froga bat baino ez zela.

Hori egiten zuen bere konplexu guztiekin, eta ez ziren gutxi. Ehun bat aldiz egin zuen bizarra, berak gura zuen biboteak ez zuelako bera nahi, eta ilea trinkotzen zitzaion leku bakarra bekain ia bakarra zen. Aurpegia beti ume baten ipurdi osasuntsua izango zuela onartu zuenean, erabaki zuen nekagarria eta are mingarria izan behar zuela egunero bizarra egin beharrak, eta zorte itzela zela berak bilo ikusezin hura baino ez izatea. Hala ere, etengabe saiatzen zen sudur azpian marrazten zitzaion itzal mehe hari eusten. Gela beti epelean biluzik egoteko ohitura zuenez, azaleko ile falta hark panda baten itxura izatetik libratzen zuen, ordainetan baleekin ahaidetu arren.

Zorionez edo zoritxarrez, hau da Zigor Ganzarri, aurrerantzean lagun izango dugun heroia. Kalitatean falta duguna, kantitateak ordezka dezala!

Zigor, ordea, ez dago bakarrik istorio honetan. Tira, mementoz bakar-bakarrik utziko dugu, bere lan bikoitzean lasai kontzentra dadin, eta zilipurdi bat eginda, urrun, oso urrun bidaiatuz, Errusian lurreratuko gara. Literaturak eskaintzen digun abantaila da ordaindu gabe turismo egitea, eta horrekin batera, lekuak nahi dugun erara moldatzea. Gainera, bide batez istorioaren linealtasuna apurtu eta kritikoei lan hau laudatu edo jipoitzeko parada izateko beste helduleku bat emango diegu.

Errusian gaude, beraz, gure Euskal Herri tropikaletik oso-oso asago. Denok ezagutzen dugu Errusia, nire legez, inoiz bertan egon ez bagara ere, beraz, ez da zaila kale haien irudia egitea. Tira, kaleak, etxeak, ez dira gehiegi ikusten, dena elurraren izara distiratsuaren pean dago-eta. Elurra mara-mara ari du, -20ºC. Dashak, 16 urteko gure neskatilak, axola gabe egiten dio aurre ezer berririk ez dakarren eguraldiari. Eskolako maletak ez daroa pisu handirik, gutxi gorabehera bere ikasteko gogoak jasan dezakeena. Muturtuta doa, eta irribarre bakarra heziketa onez kapela altxatu dion hartz zuria agurtzerakoan agertu zaio. Auzoan dagoen jatorrena, zalantzarik gabe, hartz zuri hau. Gorputzean gradutxo bat galtzen igarri bezain laster, botila altxatu eta tragoxka bat vodka hartu du. Uniformeko minigonak nekez berotzen dizkion izterrak edari nazionalak berotu behar. Horrela atera da, etxerako bidean, ikasle saldotik. Nork bere botilatik edanez, xango luze haiek guztiak sakabanatu egin dira zapaldu bezain laster berriro zuritzen diren kaleetatik. Berdin da uda izatea eta, berez, oporraldia, guk elurra eta uniformez jantzitako neskak behar ditugu sarreratxo hau girotzeko, errealismozaleren batek udan Siberian bero itzela egiten duela esan dezakeen arren. Dasha, Dariya lagunen artean, paisaia hark irentsiko luke, uniformeagatik ez balitz; belarrien gainetik tentetzen zaion ilea eta begiak inguratzen dizkion margo trinkoa, bata bestea bezain beltza, lirateke elur artean mugitzen ikusiko genituzkeen bakarrak. Tira, uniformea guztiz erantsiz gero, anatomiaren beste ezaugarri batzuk ere bai, baina Dashak nekez onartuko liguke horiek hemen agerian uztea, batez ere bularrak ez dituelako inoiz inoren aurrean agertzen, eta soinketa ondoren lanak izaten ditu beste neskek titiak ikusi barik dutxatzeko. Ezin du ekidin, barru-barrutik irteten dion ezina da atal horiek besteen begiei eskaintzea, eta nik, haren baimenik gabe, ez nituzke inoiz biluztuko.

Liburu osoa jaits dezakezu epub nahiz mobi formatuan.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.