Bioklik

Argitaletxea: Elkar

Urtea: 2.018

Orrialde kopurua: 428

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Bilbo, XXI. mendearen erdialdea: teknologiak lagundutako demokrazia garatu batean bizi gara denak, biodemokrazian, non bizitzako xehetasun guztiak geure botoz erabakitzen ditugun, sakelakotik zuzenean egindako bozketaz: greba bat egin daitekeen ala ez, atsegin ez dugun musikak merkatutik desagertu behar duen ala ez, edo balizko delitu baten akusatua erruduna den ala ez. Gardena eta garbia dirudi sistemak, hiritar guztien partehartzea eskatzen eta bermatzen duena, baina perfekzio horren ifrentzua ezagutuko du Txetxu Urrutik, bere emazte Nere Pozaren hilketagatik salatu eta atxilotzen dutenean.

Distopia bihurtzen diren utopien tradizio politikoan (Orwell eta Huxleyren itzala nabarmen), irakurlea harrapatzea lortzen duen eleberri indartsu eta erritmo bizikoa idatzi du Asel Luzarragak, geure gizartearen gaitz eta joeren gainean pentsarazten duen begirada kritiko eta ironiko batekin: nolako familiak eraikitzen ari garen, nolako eskolak, telebista, entretenimendua, polizia, justizia, kartzela…


2007-2008 aldera etorri zitzaidan Bioklik eleberriaren lehen ideia. Utopiaren itzalak ari nintzen idazten orduan eta lehen zirriborroak utzi nituen geroko. Duela hamarkada bat etorri zitzaidan burura, beraz, liburuak jasotzen duen gizartea. Istorioaren zertzelada nagusiak utzi nituen jasota eta, oker ez banago, hasiera emango zion pasartea. Oro har, familia bati buruzko istorioa izango zen, 2044. urtean kokatuta. Ama hilda agertu, eta aitari leporatuko zioten hilketa automatikoki. Pentsatuta neukan nor izango zen narratzailea, unibertsitaterako txosten bat egin behar zuen neska gazte bat, Zientzia Politikoak ikasten zituena. Bere ikasketetarako kasu praktiko gisa hartu behar zuen familia horri gertatutakoa, eta eskura jarriko zizkioten gertakarietan oinarrituta, ordura arte teorian ikasitakoaren isla bilatu beharko zuen. Funtsezko lana izango zen hurrengo ikasturtera pasatzeko. Hala, kontatzeko estilo ahalik eta biluziena erabiltzera behartu nuen neure burua, zaila gertatuko zitzaidala jakinda. Gizarte distopikoa izango zen txostengile horren begietatik deskribatuko zena. Ez dago ezkutatu beharrik, liburuan bertan aipatzen baitira, Huxley eta Orwell neuzkan buruan, euren liburu ospetsuetan emandako etorkizunaren ikuspegi horiek uztartuta, nolabait. Egia da gure egunotan gero eta posibleago sumatzen dela faxismorik latzenerako joera, baina bere aurpegi errepresiboa begi-bistan jartzen duen sistema baino interesgarriagoa egiten zitzaidan askatasunez mozorrotzen dena, azken hamarkadetan bizi izan dugunetik gertukoagoa. Borreroak baditu milaka aurpegi, kantatzen zuen Negu Gorriakek, eta borreroan milaka aurpegi horietako batzuen atzetik ibili nahi nuen. Izan ere, teknologia berrien atzean daudenek guk baino askoz argiago daukate zein den iparra: gizartearen kontrol bioteknologiko erabatekoa.

Aldaketa urteak izan ziren haiek nire bizitzan. 2008ko irailean Buenos Airesa joan nintzen, hasierako asmoa han urtebete pasatzea. Bertan amaitu zen harreman sentimental luze bat, eta bertan, teknologia berrien bitartez, ironikoki, hasi hurrengoa. Buenos Aireseko esperientzia oso aberasgarria izan zen, arlo teorikoan, batez ere, baina baita arlo praktikoan zerbait gehiago egiteko gogoa piztu zidalako. Handik Txilera joan nintzen 2009an eta Temukon bizitzen hasi. Nire lehen negu austral hartan amaitu nuen Utopiaren itzalak. Editoreari bidali, eta berehala heldu nion Biokliken zirriborroari. Egun haietan hasi ziren osagai berriak sartzen, pentsatu gabe zeudenak. Konturatzen nintzen uste baino nekagarriagoa egiten zitzaidala txostengilearen narratzeko estilo horri zorrozki lotzea, eta hala hasi nintzen txostenetik ateratzen txostengilearen beraren gorabeheretan pixkanaka sartzeko. Txostengileak zerabilen bibliografia asmatua bide emankorra zen erregistroa aldatu eta gizarte horren erraietan gehiago murgiltzeko, baina zerbait falta zitzaidan, hala ere. Parean genbiltzan txostengilea eta biok: berarentzat ihesaldiak zirenak ihesaldi bihurtu ziren niretzat ere. Atsegin berezia hartu nuen neska horren azalean sartu eta 2044ko Bilboko kaleetan barrena abiatu nintzenean. Gozatu egin nuen Bilbo eraldatu horretatik mugitzen, bazterretan sortutako giro berriak usaintzen, uholde batek berriz zigortutako Plaza Biribilean oinak lokatzetan harrapatuta sentitzen… Horixe da, besteak beste, eleberri bat idaztearen magia: aurrera egin ahala, ezusteko esanahi berriak agertzen dira bidean, hasieran pentsatutakoei gailentzen zaizkienak eta, hala, funtsezko eginkizunak hartu zuten txostengilearen ihesaldi horiek. Eleberriaren mezurik baikorrena ekartzeaz gain, osagai askoren lotunea bihurtu ziren.

Bioklik idazten ari nintzen goiz batean, hain zuzen ere, jaso nuen, Padre las Casaseko etxetxoan, ezusteko bisita, beste nobela bateko derrigorrezko pertsonaia bihurtu ninduena. 2009ko abenduaren 31n, Txileko Karabineroak agertu eta, berezkoa duten adeitasunez, nire ordenagailua eta disko gogorrak bahitu zituzten. Han geratu zen etenda eleberriaren bidea, luzaroan. Zenbait egun geroago etxera itzuli nintzenean, abuztu aldera posta elektronikoz bidalitako bertsio bat baino ez neukan. Abenduan geratu zen etenda eta, beraz, zenbait hiletako lana falta nuen eta ez neukan indarrik hori dena gogoratu eta berridazteko. Gezurra odoletan idazteari ekin nion, beraz, egunen batean Bioklik berreskuratuko nuelakoan. Hurrengo urteetan, Gezurra odoletan ez ezik, hari lotutako Los buenos no usan paraguas ere idatzi nuen. Eta batera etorri ziren azken hori idazten amaitzea, eta Vanek Txilera egindako bidaiari esker nire ordenagailua eta disko gogorrak berreskuratzea, 2012ko apiril-maiatz aldera. Buenos Airesen geunden orduan, Euskal Herrian urte eta erdi inguru pasa ondoren. Ez zen erraza izan urte bi eta erdi igarota eleberriarekin berriz konektatzea. Osorik berrirakurri, eta pixkanaka hasi zen olioztatzen engranajea. Gauza asko ziren gertatuak bidean, gauza asko bizitzan aldatuak, testu asko irakurriak, hausnarketa berriak, ikuspuntu berriak, edo aurrekoetatik garatuak… eta, normala denez, idatzitakoan euren arrastoa uzten hasi ziren horiek denak. Beste pisu bat hartu zuen kartzelak, beste ikuspegi bat epaiketek eta, batez ere, istorioko familiari gertatutakoak berak ere hartu zuen beste esanahi bat. Lehen kimuak baino ez zirenak ernatu eta sakontasuna hartu zuten.

Ezin esan, beraz, lan erraza izan denik. Gehien kostatu zaidan liburua da, zalantza barik. Baina bide oparoa izan da eta askotan ondo pasatu dudala ere ezin ukatu. Ondo pasatu dut neure buruarekin jolasten, esaterako. Izan ere, 2009an bertan beste proiektu potolo bat etorri zitzaidan burura, patxada eskatzen zidana, eta ziklo amaiera gisa hartu nuen Bioklik. Hala, amaiera horren ikur gisa, ordura arteko beste liburu guztietako pertsonaiak sartzen entretenitu nintzen. Irakurleren batek haiekin topo egiten badu, sinpatiaz ikustea espero dut. Ez da, ordea, jolas txiki bakarra. Etorkizuneko Aseli ere egin diot keinu. Aurten zendu den Ursula K. Le Guin handiak ere behar zuen tokitxo bat liburu honetan. Eta mezu subliminal txikiz josita dago. Bihurrikeria txikiak, mezu orokorra politikoki nahiko desegokia izateaz gain. Holako keinu eta jolasen ehizak gogoko dituztenek izango dute zerekin denbora pasa. Gauza gutxi daude kasualitatez jarrita liburu honetan, eta inoiz zerbait oker jarrita dagoela pentsatuko du baten batek. Halakoren bat topatzen baduzu, egon seguru asmo betez dagoela dagoen moduan…


Irakurtzeko zatia

Biopantaila itzali eta malko bakarti bat bildu du atzamar batez. Zoratuta sentitzen du bihotza. Airea behar du, kalekoa. Bere buruaren jabe egin eta hunkipenak oro baztertu. Horretan datza, besteak beste, egin beharreko lana. Ez da historian nahastu behar. Ez du gogoratu behar. Ikusi, hitzetan jaso, eta ikasitako teoriei lotu, besterik ez. Eta azken hori, hain zuzen ere, ez du aspaldi egin. Horri heldu behar dio berriz. Baina lehenago ideiak freskatu behar ditu, hari emozionala hautsi eta bere senera itzuli. Ezingo du, ordea, pisu horretan egin hori. Ez da inoiz izan Bilboko kaleak eta parkeak gehien zapaldu dituen hiritarra, baina premia gorria du irteteko. Itota, nahastuta, zorabiatuta dago, irabiagailu erraldoi batetik aterata legez. Eta ez da komeni hori guztia argiegi erakustea. Edonon egin diezaiokete jarraipena, segurtasun-dronak ere hor daude, dena jasotzeko prest, baina egun intimitate handiagoa egon daiteke kaleetan etxean baino, hura ere hutsaren hurrena bada ere.

Bero dago kanpoan. Eskerrak armairuak zer jantzi gaztigatu dion, pisu barruan ez baitago kanpoko giroaren berri izaterik. Tenperatura eta hezetasun maila berberak beti. Haren benetako etxea baino doiago girotuta dago ezarri dioten bizilekua. Uneoro han sartuta, ez da guztiz moldatu auzo berrira. Zer egun den ere ez daki, baina Miribillako kaleetan familia dezente dabil egurasten. Asteburua, seguruenik. Ez du inor ezagutzen. Ez du inork ezagutzen. Mnaxezko buruzapi koloretsuak daroatzate emakume askok. Azala freskatzen ei du ehun berri horrek, baina garestiegia da haren poltsikorako. Magnetoa hartu du hiri zaharrera joateko. Garraiorik ekologikoena dela diote, magnetoa. Ez daki ekologikoena, baina isilena bai, behintzat. Bidaiari bakoitzaren arnasa ere entzun liteke, belarria zorroztuz gero. Asteburua da, zalantza barik, non jesarri ere aurkitu baitu. Mutiko bakarra doa leihotik begira, objektu erreal edo irrealen bat seinalatzen duela atzamar batez. Beste buru guztiak biomugikorretarantz edo magnetoko biopantailetarantz okertuta doaz. Askatasuna etorbidetik Tahir kalera egin dute. Hamar urte lehenago Juan Garai kalea zen hura, oker gogoratzen ez bada. Ez zuen gogoratzen aldaketaren arrazoia, biobozketa baten emaitza izango zen, seguruenik. Laugarren aldiz ikusi du Bilboko meskita nagusia eta laugarrenez harritu du eraikin ikusgarri hark. Pauma harroa ematen du, lotsatutako uso arreen artean. Minarete lerdeneko bozgorailuak otoirako deia hedatzen ari dira. Hirian jasotako azken lan arkitektoniko aipagarria da meskita nagusia. Gurasoek inoiz kontatu zietenez, haiek hogei bat urte zituztela amaitu ziren garai bateko proiektu monumentalak. Azken-aurreko krisi handia gainditzea lortu zuten bakanak. Aro posturistikoaren hasiera iragarri omen zuen krisialdi hark, eta hogeita hamarretan lehertu zenak aro berrindustriala abiatu zuen. Iragan industriala guztiz ahaztu barik zeukan Bilbo hala-hola moldatu zen, beste asko baino hobeto, zalantza barik. Jendaurrean ez zen horretaz hitz egiten, ordea. Orekan bizi ziren, biorekan, baten bati ironikoki entzun zekiokeenez. Unibertsitate tituludunek zailago izan zuten. Aitak zioenez, bera umea zela hasi ziren gaztigatzen lanbide heziketan zegoela etorkizuna, baina ez zen erraza izan merkatuaren eskakizun berrietara moldatzea eta krisi sakon bi behar izan zuten euskaldunek gaztiguaren egiaz jabetzeko eta soldata estandar berriak onartzeko. Oso bakanetan entzun ziren halako kontuak, ordea. Gurasoen belaunaldiak isiltasuneko itun ezkuturen bat sinatu zuela ematen zuen batzuetan, hogeita hamarra baino lehenagoko gizarte errealitateaz ahalik eta gutxien esateko. Hogeita hamarreko hamarkadaz ere gero eta gutxiago entzuten zen, ezinbestekoa baino ez, haien belaunaldiak ere orduan bizi izandakoaren nolabaiteko kontzientzia edo oroitzapenak zeuzkalako. Oraina zen guztia; orainerako eta etorkizun gero eta hoberako baino ez zituzten hezten. Pisua zen iragana, zer irakatsi ez zeukan errealitate deserosoa, zaharra, alferrekoa, itsusia. Ikasketa oso tekniko eta zehatz batzuetan izan ezik. Eskolan, mendebaldeko historiako mugarri nagusiak eta zertzelada orokor bakan batzuk baino ez ziren ikasten. XIX. mendeko iraultza liberaletik aurrera dena izan zen onerako; eboluzioa, garapena, modernitatea, oparotasuna, gertakari lazgarri batzuk gorabehera.

Txinan, Indian, Egipton, Iranen, Brasilen, Venezuelan, Hegoafrikan… soldatak Europan baino altuagoak izaten hasi zirenean itzuli zen Bilbo aro industrialera. Hogeita hamarretan hasi ziren zabaltzen orain hiriko toki askotan sakabanatuta ikusten ziren lantegiak edo tailerrak. Industriagune pare bat baino ez zen geratzen, beste garai batekoak, zuhaitzetik jausteari amore ematen ez zioten neguko orbel setatiak. Lantegi handirik ez, ordea. Lantegi txikiak eraginkorragoak eta produktiboagoak zirela zioten. Muturreko espezializazioa eta langileen arteko horizontaltasun neurritsua bermatzen ei zituzten halakoek, ekonomiaren teoriko entzutetsuenen arabera. Produktibitatearen, egonkortasunaren eta bake sozialaren onerako beti. Halakoetako bat ikusi duenean etorri zaio burura politika ekonomikoari buruzko bibliografia. Horri buruz ere idatzi beharko du, baina oraindik ez zaio agertu horretarako abagunerik. Agian lehenengo bideo hari, tailerreko elkarrizketari lotuta sartu behar luke, une egokiagorik idoro ezean. Batzuek miraritzat jotzen dute denda eta tailerretako karteletan euskara agertzea oraindik. Aitak gogoratzen zuenez, XXI. mende hasieran ingelesaren moda hasi zen garai hartako agintarien artean, barregarri bihurtu arte ere. Euskararen aldeko politikak iragarri eta ingelesa zerabilten aukera zuten gauza garrantzitsu guztietarako. Kontraoinean, gero ikusi zenez, Estatu Batuen gainbehera ekonomiko eta militarra hasita zegoelako. Oraingo moda, euskara, txinera eta arabiera modu adiskidetsuan uztartzea. Miraria, zalantza barik, euskarak irautea. Harro entzuten zitzaion askori biodemokraziak, bioteknologiak, salbatu zuela euskara, nahierarako biotelebistak, edozein programa edozein hizkuntza handi zein txikitan entzun ahal izateko teknologiak. Beste batzuek, ordea, herritarren, euskaldunen setari egozten zioten miraria. Potentzia berriek periferiako herriak tokiko kulturei gerra egin barik kontrolatu gurago zutela zioten mesfidatienek. Oso gutxik, alegia. Potentziak bazirela aipatzea bera meritu handiko ariketa mentala zen, eta susmo mota guztiak pizteko modukoa, biotelebistatik kanpoko iturriak eduki zitzakeen oro baitzen badaezpadakoa. Hizkuntza ohiturekin amaitzeko, bitxia zen gazteleraz hitz egiten zutenen artean, Bilboko biztanle gehienen artean, alegia, bolo-bolo zebilela Karibe aldetik maileguan hartutako esamoldeak eta doinua imitatu nahia, hangoak izaki arrakasta sozialaren ereduetako bat.

Biotelepredikariak, apezpikuak, alegia, egia zioen: Bilbon ez zen muturreko txirotasunik ikusten. Hirigunean ez, behintzat. Aberastasun handirik ere ez. Klaseak bereizteko ghettoak iragana ziren teorikoen arabera, baita Bilbon ere. Makro-kartzelen ondorengo hiri-kartzelak izan ziren konponbideetako bat. Hiri edo auzo pribaturen bat edo beste ere bazen, uharte-hiriak edo -auzoak zeritzenak. Baina herritar gehienek ez zituzten ez batzuk ez besteak ikusten, entzundako errealitate lauso bat ziren biak gehienentzat.

Hurtado Amezaga eta Kowloon arteko eraikinek nekatuta agurtu dute magnetoa. Hiriko umore ironikoaren arabera, Buenos Airesko auzo batzuekin antz handiagoa hartzen hasi zenean, hain zuzen ere, aldatu zioten izena kaleari. Adinekoei entzunda, noski, inor gutxik ikusi baitu Buenos Aires bertatik bertara, egun zer itxura duen jakiteko. Negozio handientzako kalea izatera deituta zegoen baina asmo horrek porrot egin bazuen ere, inguruko jarduera nagusiak izen berriari lotzeko modua bilatu zuen, mihi pozoitsu berberen arabera: hango kaleetan saltzen ziren marka ospetsu guztien kopia faltsuak, bilbotar gehienen poltsikoaren neurriko prezioetan. Gehienek, aldiz, ez dute ulertzen zer lotura daukan horrek Kowloon izenarekin. Asteburuan ere inurritegia da plaza Biribiletik Udaletxeko zubirainoko tartea. Magnetoak ere sentitu du giro aldaketa: plaza Biribilean bertan hiru bat lagun sartu dira erlikiak saltzera, bildumagileentzako bioteknologiaren aurreko gailuak gehien bat. Batek daki nondik ateratako papera ere saltzen du; resma osoak ere, haietako batek. Azken urtean txerpolarien negozio nagusietako bat bilakatu da papera, are gehiago zenbait hil lehenago azken lege aldaketak erabat murriztu zuenean haren salmenta, eta ahopeka eskaintzen die bidaiariei, magnetoko kameren puntu itsua bilatu ondoren.

Zubia gurutzatu aurretik jaitsi da, Uribitarte ibiltokira jaisteko. Gutxitan ibili da itsasadarraren alde honetan. Zubiaren bestaldekoa ezagunagoa egiten zaio, baina egun batez handik parkerako tartea egin nahi izan du, oinez. Ez da erraza hautatutako bidearen lehen zatia, txantxetan zubibaltz diotsoten zubirainokoa. Berak ere ezagutu ei zuen lehenago han zegoen Zubizuri zubia, berez erori aurretik eraitsi behar izan zutena, eta haren ordezkoa, Isozaki Atearen jarraipena izanda, ofizialki Isozaki zubia deitu bazuten ere, herritar gehienek nahiago dute eurek jarritako zubibaltz hura. Haraino iristen da legezkotasunaren ertzean bizi den azoka. Aurrerantzean, ertzainen presentzia aurreko zatietan halako bost da. Izan ere, Al-Thani jauregirako bidea hasten da bertan. Diotenez, museoa zen lehenago, baina Said Al-Thani jekeak erosi zuen, bitxikeria moduan, eta biziraun duen helmuga turistiko bakanetako bat da. Katalogoetan ikusten denez, gutxik ikusitako luxua eta arte bildumak pilatzen dira haren barruan. Sarrera ordaintzea, ordea, ez dago bilbotar gehienen eskura; bisita bakarrak gidatuak dira, astean bakarra euskaraz, eta beste guztiak arabieraz, txineraz, hindiz, portugesez, errusieraz, gazteleraz eta ingelesez. Beste ertzean DTBren egoitza nagusietako bat dago. Han biltzen dituzte legebiltzarrerako eta aldundirako hautagaiak hauteskunde garaian. Biodemokraziaren egunerokotasunari lotutako beste saio batzuetarako ibiliko dira erabiltzen orain, mugimendua sumatzen baita inguruan, ispilu-leihoek barruan gertatzen dena ikusteko betarik ematen ez badute ere. Ispilu horien bidez kanpokoen arima xurgatu eta ezer itzultzen ez duen kutxa beltza dela begitandu zaio. Itxura klasikoko eraikin handi bakarra da Bilbon, diskotekara joateko jantzitako dinosauro bat. Garai batean unibertsitatea izan ei zen, ikasleek klaseetara joan behar zuten garaian. Hura bai denbora galtzea. Erabilera hobea ematen asmatu zuen gobernuak, jesuitei eraikina erosi zienean.

Tipi-tapa, STBren lentejuelazko orratz luzearen eta KuTBren ugerrezko kutxa erraldoiaren artean, biotelebistek salbatutako iragan handinahiaren hondarretan barrena, hiriko parke nagusira iritsi da. Birika berde txiki bat beira eta herdoilezko ametsen artean. Asteburua, zalantza barik. Belartzak eta haien arteko bidexkak gainezka daude. Bakan batzuen luxuak ere badabiltza inguruan, korrika eta zaunka. Begi gehienak biomugikorretako zorionak harrapatuta daude eta kaleko margolari bakarti bat da, itxura batean, inguruko natura ederresten bakarra. Bakea nahi zuen berak eta bake gutxi dago parkean. Non jesarri ere ez. Jesarleku batean gizon bakarra dago, bankuaren muturrean, eta beste muturrean jesarri da bera. Itxura onik ez du gizonak eta berehala ulertu du inork ondoan jarri nahi ez izatea, berehala hurbildu eta ahopeka esan baitio, euskara garbian:

-Bk-ren bat ez deustazu transferituko, eder horrek? Hilabeteak daroataz beharrik barik…

Bakea azkarrago emango diolakoan, biomugikorra atera eta harengana zuzendu du. Berehala atzeman ditu datu biometrikoak gailuak eta 10 bk transferitu dio. Bere biopantailan begiratu du gizonak eta eguzki txiki bana piztu da haren begietan. Korapilo bat egin zaio urdailean. Beharbada, ez du gezurra esan. Eskua luzatu dio gizonak eta onartu berak.

-Eskerrik asko, andereñoa, bihotz txikia dau huriak baina haren taupadetako bat zeuk emon deutsazu.

Konplimendutzat hartu eta irribarrea itzuli dio. Altxatu eta alde egin du gizonak. Lasai hartu du arnasa berak. Ez da hain txarra izan uste handirik gabe egindako hautua: jesarlekua dauka, azken finean, seguruenik laster beteko bada ere. Jendetzaren artean desagertzen doan gizonari begiratu dio tarte batez. Bidaia horretatik itzulitakoan, zerbaiti erreparatu dio lehen gizonaren ipurdia egondako tokian. Paper bildu bat da. Papera. Parkeko jesarleku batean. Jakin-minari eutsi ezinik, biomugikorra zorroan gordeta eta itzala ematen dion zuhaitzean dauden begi bakarrak txantxangorri lotsagabe batenak direla berretsita, disimuluz hurbildu eta paperaren gainean pausatu du eskua. Pixkanaka bildu du, arreta inguruko jendearen joan-etorrietan baleuka legez. Eskua magalera ekarri eta eskuak igurzten ari delakoan zabaldu du misterio zatitxoa:

<<“Demokraziarik garbienetan ere, gutxiengo pribilegiatu batek dauka boterea jopu bihurtutako gehiengoaren aurka”, Mikhail Bakunin. Aipu hau, ordea, beste asko bezala, ez dunk KuTBn aurkituko. Itzali telebista eta piztu burua, egia hire aurrean zagonk, benetan bilatzen badunk. IT>>

Hiru hizkuntzatan dator testua, hiruretan mezu bera, ulertu ahal izan duenez. Lehenago irakurritako zerbaiten oihartzuna ekarri diote burura paperean bildutako hitzek. Eskuan estutu eta poltsikoan gorde du azkar, ikara eta asaldura nahastuta, blaitzen duen izerdiak testua hondatu baino lehen. Kanpoko tenperaturak hogei gradu egin du gora bat-batean, haren barruan. Paper puzka bat baino ez da, ordea, tontakeria bat, txantxa bat, eroren baten eldarnioak. Lehenagoko arloteak utzi ez ote duen bururatu zaio, baina ezinezkoa behar du paper zatirik txikiena ere lortzeak halako batentzat. Ez ditu xahutuko dauzkan bk apurrak halako zorakerietan. Zergatik jarri du hain urduri, ordea? Bake bila etorri da parkera eta horren ordez urdailak erromeriara atera dituela ematen du. Papera ahaztu, burua hustu eta patxada berreskuratu behar du, bere txostenaren nondik norakoa argitu ahal izateko. Inertziak bide okerretik eroan ez ote duen hausnartu du. Asko dago jokoan eta bere onena eman behar du lan horretan. Jai dauka bestela. Haize ufada batek aurpegia eta ideiak freskatzen lagundu dio, zorionez. Biomugikorrari heldu eta mezua utzi du txostenen zuzenketa batzordearen biopostontzian: <<Jaun-andere agurgarriak, azken egunotan agindutako txostenerako lehen oharrak hartzen jardun dut eta zalantza dut gero atondu beharko dudan azken lanerako modu egokian ari ote naizen datuak biltzen eta lehen hausnarketak egiten. Ez dakit orain arte egin dudanaren jarraipena egin duzuen eta agian goizegi da holako argibideak eskatzeko, baina edozein jarraibide laguntza handia izan liteke>>. Eskerrak eman, agurtu eta mezua itxi zuen.

Handik gutxira ortozik aurkitu du bere burua, belartzaren gainean dabilela. Otu zaio txikitatik ez dituela sentitu belarraren kilimak oinazpietan, ez duela zuhaitzen enborren lakarra azalean sentitu, eta bere urratsek zumar sendo bateraino gidatu dutela ohartu da. Birritan pentsatu barik besarkatu du, beso biluzietan haren zimurrak sentitzeko. Inurriei eta bestelako intsektuei zien beldurra umetan, baina orain haien hiru hanka pareen kili-kiliak ere eskertuko lituzkeela bururatu zaio. Intsektu bizien aztarnarik ez du sentitu, ordea. Bat-batean, ingurura begiratu du, lotsatuta. Erotzat joko dute, zalantza barik. Erotzat joko luke berak edonor, hala ikusiko balu. Inork ez dio begiratzen baina, eta zumarrean ez du kamerarik sumatu, antzematen gero eta zailagoak badira ere, ez baitago jakiterik ziber-intsektuetatik zein diren polinizatzaileak eta zein zaindariak. Naturaren besarkadak on egin badio ere, berehala enborretik aldendu eta bide asfaltatura itzuli da, gertatutakoa ahultasun lipar bati egotzirik. Belartzatik irten arte, ordea, ez ditu zapatak berriz jantzi. Oinak asfaltoan jartzearekin batera dardara sentitu du poltsikoan. Biomugikorra atera eta txosten zuzendariaren erantzuna agertu zaio: <<…seguru gaude azken lana atontzen hasten zarenean bide onetik eramango dituzula hartzen ari zaren oharrak eta oso baliagarriak izango dituzula ikertu beharreko familiaren bilakaera aztertu eta ondorioak ateratzeko. Bestalde aholku pare bat daukagu zuretzat: alde batetik, ez estutu bibliografia guztia orain erabili nahian; horri lotuta, bestetik, aurrerantzean lana azkar dezakezu bideoz bideo egin beharrean multzoka hartu eta kontaera orokorragoa egingo bazenu, gertaerarik aipagarrienetan bakarrik geldituz. Ikuspegi orokorragoa lortuko duzu horrela eta errazagoa egingo zaizu historia osoa buruan izanda bibliografia egokia erabiltzea eta ondorio zuzenak ateratzea. Orain arte egindakoa, ordea, baliagarria da, eta gertaerak ikusi ahala bibliografiako pasarte egokiren bat badatorkizu, noski, erabili ahaztuta ez geratzeko. Edozelan ere, zeure hautua da eta prozesu osoan zelan moldatzen zaren neurtzea dagokigu guri. Gaurko osteratxoak on egingo dizulakoan…>>. Irakurketa bertan eten eta ingurura begiratu du, mila begi ezkuturen zaintzapean sentiarazi baitu azken hitzen oihartzunak. Ez da gai, ordea, berben tonuari antzemateko. Zintzotasunez idatzi diote hori ala errieta egiteko modua da, etxean eta lanean egon barik kanpoan denbora galtzen ibiltzeagatik?

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.