Zortzigarren Hiria

Argitaletxea: Txalaparta

Urtea: 2.024

Orrialde kopurua: 148

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Zortzigarren Hiria aintzat hartzen hasi da Eleder, eta horrek ez dauka atzera bueltarik, onerako zein txarrerako. Baina, nor ote Eleder hura? Historiak ahaztu duen berba aldakorren poeta, kobazulo mistikoko ziberprofeta, hiriaren bihotzaren irakurle eta interpretea, ondoriorik gabeko iraultza txikien itsasargia, pazientzia handiaren jazarlea, zazpi goseteen garailea, Barrio Altoko parkeko zuhaitzik zabalenaren gerizpeko predikaria… Finean, bere hitzaren bidez argikundea hedatu nahi duen abere hutsa. Bitartean, auzo ahaztuan zerbait prestatzeari ekin diote: auzokide berriak iritsi dira, geratzeko asmoz eta auzoari bizia emateko borondate osoz, eta ez Zortzigarren Hiriko denen gusturako.

Eleberri hau Simun Palsu fikziozko idazlearen trilogiako pieza bat da, gure eskuetara iristen den bigarrena, Esan gabe doa eleberriaren atzetik. Asel Luzarragak ohi duen umorea inoiz baino gehiago zukutuz, Sakau herrialdean iraultza piztu aurreko garaira garamatza, elkartzera kondenatuta dauden bi istorio tartekatuz.


2009 zen, udazkena negurantz abiatzen ari zen Euskal Herrian, udaberria udarantz Wallmapun. Bertan nengoen ni, Araukaniako Padres las Casaseko Villa Pulmahue auzoan. Izen horiek eurek berez gonbidatzen dute mundu literario magiko batera. Hil batzuk lehenago, negu austral gorrian, Utopiraren itzalak izango zena amaitu eta bidalia nion Mikel Soto Txalapartako editoreari. Berehala heldu nizkion gerora Bioklik bihurtuko zenaren oharrei eta proiektu horretan neukan burua. Une hartan hura zen nire unibertso literarioak ordura arte hartutako bide baten azken pieza. Lehenago aintzat hartzen ez nituen irakurketetan murgilduta bizi izan nintzen 2008an Buenos Airesa iritsi nintzenetik: Malatesta, Proudhon, Kropotkin, Bakunin… Baina une hartan Nietzscheren Honela mintzatu zen Zaratustra nuen amaitu berri eta bueltaka zebilzkidan hango berbak, neuronetan sinapsiak sortzen euren apeten arabera. Latinoamerikako literaturak ere harrapatuta nindukan eta nire baitan nire literaturaren hurrengo urratsak beste noranzko batean jartzeko gogoa sentitzen nuen. Bioklikek bultzatzen ninduen noranzkotik urruti.

Halako batean, lantzean behin gertatzen diren une magiko horietako bat etorri zitzaidan bila. Libre Officen fitxategi berri bat zabaldu, eta pasarte xelebre bat eratu zen nire begien aurrean. Eratu, teklatuan mugitzen ziren nire atzamarrek eratu zuten. Uste dut batzuek inspirazio esaten dietela halako une magikoei. Une bikoitza, minutu gutxiren buruan hasiera moduko bi baineuzkan osatuta. Paragrafo pare bat. Sortuak ziren Eleder ziberprofeta eta Zortzigarren Hiriko auzo ahaztua, elkarrekin topo egitera kondenatuak. Istorioak zer bide hartuko zuen batere argi izan barik ere izenburu huraxe etorri baitzitzaidan burura: Zortzigarren Hiria.

Garai bertsuan iritsi zen nire eskuetara Asier Serranok amaituta zeukan eleberri baten eskuizkribua, berak bidalita, noski. Txileraino egin zuen bidaia, teknologiaren abantailak, laster Txalapartak argitaratuko zuen Erlojugilea izango zena. Eskuizkribu hark Serranoren unibertso ilun, samur, eder eta gordinean harrapatuta izan ninduen bolada batez. Bolada laburrez, irentsi egin bainuen. Buruan zeukan proiektuaren berri eman zidan, eta horrek beste argitxo bat piztu zuen nire garunean. Beste sinapsi bat. Askotan eman nizkion bueltak buruan, gure gizarte ustel honen itzal herrenetik urrundu eta haren ifrentzua agertuko zuen beste mundu posible bat zelan ekarri nire literatura. Hor hasi zen zirriborratzen beste istorio bat, pertsonaia eta egoera batzuk…, eta Askayala izango zenaren hazia sortu zen.

Apur bat geroago konturatu nintzen Askayala horretan zegoela nire Zortzigarren Hiria. Barrio Altoko parkeko zuhaitzik zabalenaren gerizpeko predikaria eta hiriko beste muturrean ahaztutako auzoa izango zirela nolabait iraultza pizteko txinparta eragingo zutenak. Zelan? Horretarako liburua irakurri beharko! Zortzigarren Hiria aspaldi amaitu bainuen, eta harrezkero bere uneari itxaroten jakin baitu. Zuk hartu eta irakurriko duzun uneari.


Irakurtzeko zatia

Azken urteotan asko hitz egin da Zortzigarren Hirian gertatutakoaz. Mitifikatu ere egin dira hango jazoerak, aro biren arteko marra ezartzera iritsitako gertakari oro mitifikatu daitekeen neurrian. Han egondako inork ez du, ordea, horretaz ezer idatzi, eta kronistek jantzitako erromantizismoa oso lagungarria izan bada ere, garaia da bertan egondako norbaitek idazteko Zortzigarren Hiriaren benetako historia, gertakariak gure oroimenetik oraindik ezabatu ez diren bitartean. Han egon nintzelako ni, Simun Palsu, eguzkiaren printzak sartzen ez diren bazterretan ere itzal ikusezin baten moduan, dena hasi zen urtean. Susmoa neukan hiri hartan, Yarantan -hura baitzen eta baita Zortzigarren Hiriaren benetako izena- zerbait garrantzitsua gertatzear zegoela; une erabakigarri askotan piztu zaidan senak xuxurlatua zidan.

Hemen idatziko dudana, beraz, lehen eskutik ezagututakoa eta lekuko zuzen batzuek kontatutakoa da, baina nire irudimenak egon ez nintzen leku batzuetarako bidaia birtualak ere proposatuko dizkizue. Baten batek desilusioa hartuko du, baina errua ohartarazi zidan sen berarena da, gertakari nagusitzat hartu nuena beste bat izan baitzen. Dena dela, ikusi, entzun, jakin eta imajinatu nituenak bilduko ditut hemen, eta kontatuko dudan istorioaren bitartez beste guztiari hasiera eman zionaren irudi benetakoagoa egin ahalko du irakurleak, zeharka bada ere, idatzitako edozein kronika edo historia liburu bezain badaezpadakoa, oroimenak traditzen ez gaituenean gure irakurketa subjektiboak edo ura nork bere sorora ekartzeko gogoak emanarazten baitizkigu urrats okerrak; egiari zor baina egiarekin zorretan, gura baino gehiagotan. Askayalako batzarrek ebatziko dute zenbat paper merezi duen xahutzea ekarpen xume honetan, eta beharbada, balioko die gure errealitatearen berri urrutitik, tantaka eta iragazki ideologikoek desitxuratuta jasotzen dutenei ere, hutsune informatibo batzuk betetzeko, kontakizun hau mantso ibili eta oso urrun iritsiko ez delakoan banago ere.

Hurren neukanari ipini bainion arreta nik, Eleder predikariari, eta elkarrizketa pertsonal eta zintzo bakan batzuk egiteko parada ere izan bainuen, gerora, hari buruz neuzkan hutsuneak bete ahal izateko. Beste batzuetan, elkarrizketa haiek eman didaten Elederren gaineko ezagupenari esker asmatzeko ausardia hartuko dut, irakurleak laguntzeko plazera badu. Gehienok buruan duzuen auzo ahaztuari buruz, aldiz, zuzeneko datu gutxiago daukadan arren, izan nuen aukera, bai hango kaleetatik eta auzotarren artean ibiltzeko, bai orduan bertan haietako batzuk elkarrizketatzeko ere. Gerora, imajinatuko duzuenez, ez zen horretarako parada handirik izan. Orain arraroak egingo zaizkizue hemen aipatzen diren asko, hainbeste aldatu da gure mundua harrezkero. Balio beza atzean utzi genuena gogora ekartzeko eta hura ezagutu ez zuten belaunaldi gazteenek ideia bat egiteko ere; gure batzarretan eta baratzeetan iragana interpretatu, oraina ulertu eta etorkizuna zirriborratzeko eztabaidak aberasteko, agian.

Nor zen, baina, Eleder, historiak ahaztu duen berba aldakorren poeta, kobazulo mistikoko ziberprofeta, hiriaren bihotzaren irakurle eta interpretea, ondoriorik gabeko iraultza txikien itsasargia, eragindako suteen hezlea, pazientzia handiaren jazarlea, zazpi goseteen garailea, goragalearen aitzindaria, Barrio Altoko parkeko zuhaitzik zabalenaren gerizpeko predikaria, haur galduaren arima sailkaezina? Haren itzal mutua, haren mirarien begirale inpartziala, haren lekukotza ematera deitutako kontalari objektiboa izanik, ez dagokit niri beti laburregiak, lurtarregiak, apalegiak, apalategitarregiak, argiegiak liratekeen berbak jartzea definiezina dena definitzeko. Onena, nire eginkizuna zintzo bete eta berak egindakoek defini dezaten uztea.

Denari, zuek buruan duzuen horri, hasiera eman ziotenak, ordea, gizabanako arruntak izan ziren. Banaka izendatzea merezi ez dutenak, kalifikazio arranditsurik onartzen ez dutenak. Gizakien artean hazi eta hezi ziren, gizakiak baino ez ziren, eta euren burua ezagutzen zuten. Hiritarrek zein landatarrek, bertakoek zein atzerritarrek, haurrek zein helduek, ontzietan iritsitakoen ondorengoek zein indigenek, soldatapekoek zein langabeek, zisek, transek zein queerrek, lodiek zein argalek, ederrek zein itsusiek, azal argi zein ilunekoek, hiriko kaleetan elkar ikusi zutenean, berehala ezagutu zuten elkar. Ez zeukaten ezaugarri fisiko berezirik, ez janzkera berdintsurik, ez antzeko adinik, ez militantzia komunik, ez ikur ideologikorik, baina arrazak, jatorriak, estiloak, iraganak gorabehera, ez zuten zalantzarik egin. Zerbait dago haien begietan, pentsatuko zuen baten batek, konturatu balitz, baina holakorik ere ez zegoen. Elkarri irribarre egin zioten, hirian nekez ikusten zen irribarre zintzo eta eskuzabala, eta inork entzun ez zituen elkarrizketa isilen ondoren, denek hartu zuten auzo ahaztu baterako bidea.

Udaberriko egun eder horietako bat zen, airea biriketan hotz eta garbi sartzen den horietako bat, hodei kotoi bakanek iragazi balute bezala. Gure Askayalan urtea udaberri, uda, udazken eta neguaren arabera banantzea alferrekoa dela esango didazue; ea zein hemisferioren araberako udaberria zen hura; ezin dizuet arrazoia ukatu, baina onar iezadazue lizentzia poetiko hori, udaberria baita hilda zegoena berpizteko garaia; dena hasten ei den garaia, munduko beste zenbait txokotan, eta saia gaitezen apur bat unibertsalagoak izaten eta geure burua une batez globalizatzen. Onartuko didazue, behintzat, Zortzigarren Hiria dela gure geografia honetan hotza ezagutzen duen bakarra. Zorrotzenak aseko ez ditudala jakitun, ordea, esango dut sasoi euritsuaren amaiera zela, eta horri udaberria esatea dela nire erabaki arbitrarioa.

Heldu batzuek oinez nekatzen ziren haurrak hartu zituzten lepoan edo besoetan, ahaidetasunik aintzat hartu gabe. Batu zitzaizkien adinekoei ere lagundu zieten beste batzuek. Hiriko eta aldirietako puntu guztietatik noranzko berean abiatutako marea txiki hautemanezina, errekasto sumaezinak. Adreiluek eta asfaltoak baino ez zuten haien solasa aditu. Hiriak bere erritmoari jarraitu zion, haiek utzitako hutsuneari antzemateke. Berehala betetzen dituzte batzuek besteek utzitako hutsuneak, hirian, ontziko bazter guztiak bete arte pixkanaka egokitzen den ezti lodi baten antzera. Eta hala, tantaka bezala, zazpi zulo dauzkan harea-erloju arraro bateko aleen antzera, hautatutako esparrua bete zuen jendeak ezari-ezarian auzo ahaztu hartara sartzeko zazpi kaleetatik. Iritsi ziren bi, bost, sei, zortzi, hamaika urteko haurrak, eskolako lau hormen artean ahots bakar bati geldirik entzuten egoteko gai inoiz izan ez zirenak; hamalau, hamabost, hamazortzi urteko nerabeak, burua edukiz betetzeak utzitako hustasuna berriz alkoholez betetzea baino zerbait betegarriagoa behar zutenak; zenbait unibertsitario, mundu bat ikasteko grinari titulu baten muga eta inork erabakitako prezio baten peko jarduera baten kartzela jarri nahi ez zizkiotenak; euren asmamena merkatuaren logaritmoen pean jarri nahi ez zituzten ingeniari eta informatikari batzuk; farmazien osasuna izurrite baten moduan zabaldu nahi ez zuten zenbait mediku, erizain eta biokimikari; lurra monolaborantzaren monotonia akigarritik urrun ikusi nahi zuten baserritar batzuk; haurrak berriro izaten eta bizitzeko benetan balio zuen zerbait ikasi nahi zuten irakasleak; makina baten mugimendua zaintzen zuten makinak izan nahi ez zuten hainbat motatako beharginek; enpresek euren trebeziak erretiratuta ametsak erretiratu nahi ez zituzten erretiratuek; jendeari goitik begiratzeaz aspertuta ingurukoen pareko begiak nahi zituen pilotu batek; bizitza salgai nahi ez zuten dendari batzuek; aldirietan zokoratuta euren historia esku arrotzek idazteaz nekatu eta euren ahotsez kantatu nahi zuten indigena batzuek; are egiak ahaztu eta errealitatea bizi nahi zuen apaiz batek. Baita kale-garbitzaile bik, postari batek, inoiz lanbiderik eduki eta bilatu ez zuten batzuek, hiru poetak, zortzi margolarik -euren pintzelen tamainak alderatzen ez zituztenek-, zurginek, igeltseroek, arkitektoek, su-hiltzaile pare batek, zazpi eskalek, bost prostitutak… Baina zertarako sailkatuko ditut nik euren burua sailkapen orotatik askatu nahi zutenak!

Haien guztien zain, lehen minutuko anfitrioi, etxegabetzeek auzo ahaztu hartara halabeharrez bidalitako familia batzuk, zoriontsuenak kale gris hits haiek kolorez eta bizitasunez betetzen zirelako.

Izan ere, auzo ahaztua, garai bateko desindustrializazioak eta krisiak hustuta, langileentzako etxe hondatuek, tailer eta denda itxiek eta fabrika herdoildu batzuek osatzen zuten. Ordurako garai bateko kirrinken mamuek baino ez zituzten zeharkatzen, eta bazirudien urte asko zirela udaberria haraino iritsi barik; luzaroan haren ziklo behin eta berriz errepikatua negua-udazkena-negua izan zela, urtarorik ezagutzen ez duen gure lur honetan. Haren bihotzaren gainetik Zortzigarren Hirira sartzeko autobideetako bat igarotzen zen, auzotarren zeruan ikus zitekeen ostadar bakar, zuri-beltzeko pelikula batean sartuta beti, eta, lantzean behin, auzoa ikusi ere egiten ez zuten gidarien opariak jasotzen zituen toki hark, hala nola lata hutsak, zigarrokinak eta kolore eta zaporerik gabeko txikle hondarrak. Eraikinik garaienetatik oso urrun ez zegoen zabortegia ikusten zen. Hura zen paisaiarik pribilegiatuena, hiriaren erritmoan hazten zen muino bizia, modernitatearen hilotzek sortua.

Parke bat ere bazegoen. Edo parkea izandako toki zabal bat. Eta han, auzoko biztanle bakarrak bilduta, zain, etorriko zenaren seinale bat jaso balute bezala. Eta hala izan ei zen: ur biltegirik garaienera igotzea jolasik zirraragarriena zuen zortzi urteko neskatilak, pirata-ontzi bateko zelatari batek bere postutik bezala, «Badatoz!» egin zuen aldarri hurbiltzen ziren lehenak hauteman orduko. Egun hartan, behintzat, helduek ahaztuko zuten neskatilari errieta egitea amiltzear zegoen zementuzko dorre hartara igotzeagatik.

Hala, pixkanaka, aurpegi bizardunek eta bizargabeek, adats luzeek eta burusoilek, azal zuri-zuriek, beltzaranek eta beltz-beltzek, begi berde, marroi, urdin, hori, gris eta beltzek, azal guriek, zailduek eta zimurtuek, ostadarraren kolore guztiak biltzen zituzten soinekoek, alkandora koadrodunek, traje grisek, lan-jantzi urdinek, praka laburrek, piltzar arreek, belaun urratuek, puxikek, pirtzinek eta dreadlockek inguratu zituzten bildutako auzokideak, erreka nabar hark xurgatu eta bere egin arte. Mihise bat zirudien parkeak, margolari mozkor baten erasoaren ostean. Pixkanaka, agindu isil bati erantzunez bezala, giza borobil bat osatu zuten denek parke berpiztu hartan. Elkarri begiratzen zioten, baina inork ez zuen ezer esaten, bat-batean segizio bereziaren etorrera iragarri zuen neskatila plazaren erdi-erdian zegoen jesarleku batera igo, eta inguruko guztiei irribarre eginda, hitz egin arte:

-Ondo etorri gure auzo ahaztu xume honetara, orain zuen auzoa ere badenera. Jolas bat proposatzen dizuet -isilunea egin zuen, aurpegi haiek guztiak berari begira sentitzeak bat-bateko lotsa eman balio bezala, une hark denon historiarako izango zuen garrantziaz jabetuta, agian; hiztegi egokia hautatu eta akats gramatikalik ez egiteko ardura hartuz, beharbada-. Soinean daroazuen arropa guztia, baina guzti-guztia… eranzteko eskatuko dizuet.

Goizegi zen orduan holakoetarako, antza, laster zurrumurru bat zabaldu baitzen bildutako guztien artean. Neskatilak, beraz, bere proposamenaz berriro hausnartu, eta erdibidetik jotzea erabaki zuen:

-Bai, badakit Yaranta dela Sakauko hiririk hotzena, ados. Baina soinean daroazuen zerbait eranzteko prest egongo zarete, ezta?