Punkamine

PunkaminePunkamine 2.003an sortu genuen Jonuk, Xantik, Gaizkak eta laurok. Zenbait taldetan aritutakoak ziren denak baina, niri dagokidanez, nerabezarotik beti heldu ezinik geratzen zen asmoa izan zen punk talde batean parte hartzea. Proiektuak ez ziren falta izan, ikastetxean lagun batzuen artean “sortu” genuen Alkol talde birtual hartatik hasita. Inoiz tresnarik lortu ez eta entsegurik ere egin ez bagenuen ere, kantak bai, sortu egin genituen, hala nola “Kalimotxo kultural” ereserki etilokoa. Gure inguruko batzuek gogoratu egiten dute oraindik. Baina tira, asmo nerabe haiek alde batera utzita, Punkamine izan da benetan jardun dudan lehen taldea. Eta urte haietan guztietan tresnarik jotzen ikasi ez nuenez gero, abeslaria izatea tokatu zitzaidan -aitortu behar dut horixe izen zela, bestalde, nire betiko gogoa-. Taldeak aldaketak izan zituen berehala, azkenean formazio nahiko iraunkorra geratu arte: Jonu baxuan eta bigarren ahotsetan, Jorge gitarran, Maci baterian eta ni neu mikrofonoan.

Pixkanaka kanta sorta bat lortu eta 2.004ko ekainaren 25ean igo ginen lehen aldiz eszenatokira, Basaurin, hango AEK-ko ikasleentzat. Lasai hartu genuen, urtea amaitzerako zortzi kontzertu geneuzkan eskainita. 2.005ean gure lehen CDa etorri zen. Estudioko lanak Xantik berak egin zizkigun, 2.003an, hain zuzen ere, soinua eta irudia ikasteko utzi behar izan baitzuen taldea. Lan txukuna, pasadizo xelebreak ere izan zituena -ondo gogoan dut zelan grabatu behar izan genuen bateria…-. Eta kalean geneukanean, aurkezten hasteko garaian…, nire erdipurdiko eztarriak, gure kantetako batekin ados jarrita, aski da esan zuen. Kontua zertxobait luzatzen saiatu arren, eta pena handiz, agur esan behar izan nion taldeari, 2.006an. Baina bitartean bizi izandako guztiak merezi izan zuen, merezi. Eta hurrengo urteetan ere nire ekarpentxoak egin nizkion taldeari aukera izan nuen bakoitzean. Batez ere lagun taldea izan zen beti. Horixe izan zen hasieratik Jonuk eta biok izan genuen asmoa, hura sortzean: 80ko punkera itzuli, euskaraz aldarri libertarioak zabaldu… eta lagun artean ahalik eta hoberen pasatu.

Taldeak 2.010 arte jarraitu zuen, bidean Iagoba, Aitor eta Eleder ere batu zitzaizkiola. Punkamineren hiletak kume bi utzi zituen, Ezisilik alde batetik eta, geroago, Koiu bestetik. Jonuk, gainera, bere kantautore proiektu pertsonala izan du beti, eta badauka oraindik.

“Historiarako” grabazio batzuk geratu ziren…


DISKOGRAFIA

Punkamine (LP)

Punkamine (LP)

Izena: Punkamine Urtea: 2.005 Estudioa: Xanti Azala eta diseinua: Xabi Taldekideak: Jonu (baxua eta ahotsak), Jorge (gitarra), Maci (bateria) eta Asel (ahotsa) Gure lehen LPa izan zen eta, niretzat behintzat, estudioko lehen esperientzia....