Secuestro (Bahiketa)

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Liburu hau jatorrian euskaraz idatzitako Bahiketa eleberriaren gaztelaniazko itzulpena da. Euskarazkoa Txalapartak argitaratu zuen 2.020an. Bermeon itzuli nuen 2021ean eta Juan Pablo eta Alfosina lagun handiek lagundu zidaten itzulpena zuzentzen.

Gaztelaniazko bertsioaren azalaren diseinua Lluís Ràfols katalan artistaren lana da berriz ere.

Buenos Airesko La Hoz egunkarian luzetsita daude, Matxinen artikulua iristen ez delako. Ez artikulua, ez Matxin bera. Haren inguruko berririk ez dagoela jabetzean, alarmak piztu zaizkio Eduri, lagun mina baitu; Euskal Herritik ihesi alde egin zuenean, Matxinek lagundu zion Argentinara. Bizi-bizi ari da Eduren burua, arriskuak ez baitira gutxi: ultra-eskuinak bahituko al zuen laguna, edo zerbitzu sekretuek? Nongotarrek, baina? Edo Euskal Herrira itzultzea erabaki ote du, berari ezer esan gabe? Sortuz gero inoiz desagertu ez diren beldurrak, mamuak, kontzientzia txarra, eldarnioak… Guztiak hasi dira dantzan Eduren baitan, bizitokiaren eta sorterriaren, iraganaren eta orainaren, errealitatearen eta fantasiaren arteko espiral zoro batean. Bahituta nor edo zer egon den ez jakiteraino.


2012ko martxoa. Euskal Herrian urte eta erdi eman, eta atzera nago Latinoamerikan. Argentinan bigarren aldiz. Bero sapa aireportutik irten orduko. Oraingoan Jorge eta Gladys lagunek eman digute ostatu Vane eta bioi, Ramos Mejían, hiriburuan alokatzeko pisu bat aurkitu arte. Ez da ariketa erraza Buenos Airesen pisu bat ordaintzea. Atzerritarrak izanda, aldi baterako kontratuak baino ez dira egiten, turistentzako pisuak, prezioak garestiago, dolarretan jarrita eta pesotara pasatzeko dolar blue erabilita, kotizazio ofizialaren oso gainetik. Joan da Vane Txilera familiari bisita egiten, eta hor nago ni, Jorge eta Gladysenean: solairu biko etxea, atzean lorategia duena, goiko gelatxoa guretzat atonduta, goizean Gladysen kontsulta itzulpenetan jarduteko eta idazteko bulego bihurtuta, katuak (bost ziren?) jaun eta jabe, etxe barruan zein lorategian. Lan egiteko orduetan, “Foris” katuak baino ez dauka baimenduta bulegoan nire ondoan geratzea. Bera da Freuden erretratuei txiza egiten ez dien bakarra. Psikologoen etxean nago, bai. Estatistikoki ez dirudi hain zaila Buenos Aires inguruan.

Hiria esploratzeko orduak bazkaldu eta gero, pisua bilatzearekin batera; kontzertuak, La Cultura del Barrio lokal antifaxista, José Ingenieros liburutegi anarkista, Salón Pueyrredon punkaren Meka txikia…, eta solasaldi amaiezinak eta sukaldaritza saioak Jorgerekin, etxean nagoenean. Eta halako iluntze batean, lorategiko mahaiaren gainean porro oso bat niretzat eta, bidaiaren erdian, txinatar janaria salbatzaile. Ez da ideiarik onena, agian, marihuana senar-emazte psikologoen artean erretzea. Batez ere Jorge eta Gladys badira psikologo horiek, eta haien artean euren mintzaira kriptiko berezia badarabiltzate. Sartu da burua gurpil zoroan, hasi dira susmo paranoiko batzuk asaltoan, eta nire burura atzekoz aurrera iristen den trena ordenatzen denean baino ez naiz gai hariari jarraitu eta zerbait zezeltzeko. Igo dut logelara, azkenean, bost bat ordu igaro direlakoan. Biharamunean, mamuarekin topo egindakoan, jakin dut berrogei minutu inguru baino ez zirena izan. Jorge da mamua, gauez hozkailua arpilatzen altxatzen dena. Txukun daude pieza guztiak nire garunean, zein bere tokian. Jarraitu dut Orham Pamuken Liburu beltza irakurtzen. Eta hor hasi da, baimenik eskatu gabe, eleberri bat sortzen nire buruan, nire baitan holako esperientzia bat ez errepikatzeko asmoa errotzen den bitartean.

Izan zitekeen eleberri arrunt bat horren emaitza? Zaila.

Los buenos no usan paraguas ari nintzen orduan amaitzen, eta ondoren, Vane Txiletik itzuli zenean, ordura arte Txileko Fiskaltzak bahituta izan zituen ordenagailua eta disko gogorrak berreskuratuta, ordurako hiriburuan izango genuen lehenengo pisuan instalatuta, Villa Crespoko Honorio Pueyrredón kalean, Bioklik izan nuen eskura berriro, aspaldi hasitako proiektu horri berrekin ahal izateko. Itxarotea zeukan proiektu berriak. Bitartean, material ugari oparituko zidan hiriak istorioa girotzeko.

2016an, Bioklik amaituta eta Buenos Airesen artean, bete-betean heldu nion azkenean Ramos Mejían hasitako proiektuari, eta Bermeon amaitu, 2018an, 2017an Euskal Herrira itzuli ondoren. Vanerik gabe oraingoan, baina Liki eta Newen argentinar katuak lagun. Zelan ez zuten protagonismorik izango katuek? Agertu ziren animalia horiek nire aurreko liburu batzuetan ere. Katu zuri-gorri bat zen lehen orrialdeko elkarrizketaren lekuko bakarra Hamaika ispilu ganbil nire lehen eleberrian, eta Gezurra odoletan nobelan ere lagun itsaskor eta iletsua zeukan Verok: Pepi. Baina saihestezina zen oraingoan katuek beste protagonismo bat hartzea. Txikitatik maite izan ditut, baina 2014 arte itxaron behar izan dut halako lagun bat izateko! Nondik eta Ramos Mejíatik iritsia, nire lagunen etxetik. Ez da asko pentsatu behar jakiteko haren izena nork inspiratua den.

Ez da gehien itxaron behar izan duen liburua, eta hemen dago, azkenean. Ez dakit aitaren antzik daukan. Badaezpada, errua Orham Pamuk eta marihuanarena da.

(Eskerrak eman behar dizkiot Edorta Jimenezi liburua irakurri eta bere iritzia eskuzabal emateagatik).




Irakurtzeko zatia

Aurrean daukan agureari begiratzen dio Eduk, Tigretik eta inoiz zapaldu ez duen Daguerreren etxetik urrun, hitzei zentzurik aurkitu ezinik. Zer dio, baina, alokairuaz? Zergatik jaisten da igogailua hain astiro? Behera ala gora doaz? Bat-batean Eduk ezin du begirada agurearen haginetatik aldendu. Erretzailea, kafe edalea, ardo edalea, hirurak batera… Ezagut daiteke pertsona bat bere haginei erreparatuta? Zer bizipen dago eseak txistuka eta listua bala galduen modura jaurtiarazten dizkioten hutsune horien artean? Besteak bezain horiak…, tira, marroiak… izango ziren hutsune horiek betetzen zituzten piezak betiko galdu aurretik? Zenbatetan galdu zituen Eduk bere haginak ametsetan… Bata koloka hasi, mihiaz kulunkarazi eta bat-batean hor askatu da, eta haren atzetik beste bat, eta beste bat, eta laster haginak murtxikatzen dihardu oi biluzien artean. Horrek ematen dio beldurra Eduri, baina badirudi agure harentzat izugarriagoa dela alokairua igotzea hortzak galtzea baino. Zaila da, gero eta areago, Buenos Airesen ordain daitekeen pisu duin bat lortzea.

―Daukagun aukera bakarra da, zuek ikusi. Ez da bost izarretako hoteleko suita, baina apur bat txukunduta bizi egin daiteke. Merkeago ezin dizuet utzi, Cuervok gomendatu zaituztelako jaitsi dizuet prezioa, baina hortik behera dirua galduko nuke. Auzoa polita da, lasaia, eta ondo komunikatuta dago.

―Tira, hasiera baino ez duk, ezin gaituk luzaroago ibili aterpe eske.

―Hik ondo ikusten baduk, aurrera, moldatu egingo gaituk.

Baina ondo ezagutzen zuen Matxin eta haren aurpegian izua irakurtzen zuen. Han dauka laguna, ingurua aztertzen. Horma baten kontra dagoen sofa apurtua hartu eta leihoaren pean jarri du bultzaka. Donostiako ikasle garaietako pisua ez zen Sheraton hoteleko suita, baina bizigarria zen. Bestalde, ez dagokio anarkista bati bizi baldintzengatik kexu hastea, edozein burges txikiren antzera. Edozein kobazulo onartuko du, klaserik zapalduenen mailara jaisteko prest agertuko da, eurek zerbait hobea merezi dutela iradoki baino lehenago. Edu seguru dago, ordea, bera bezala, jabetzen hasia dela Euskal Herrian iraultzaileak izaten jolasten ziren klase ertaineko pribilegiatuak zirela. Atzean utzitako pribilegio horri neurria hartzen. Eta urrun daude oso –ondo baino hobeto dakite biek–, villa batean, auzorik txiro eta abandonatuenetan, guztiaz desjabetutakoen moduan bizitzetik.

―Ez duk munduko etzalekurik erosoena, baina itsu geratu barik irakur zezakeat hemen etzanda, agian. Gortina horien baimenez, noski…

Sofan etzan zen berehala, esandakoa egiaztatu nahi balu bezala. Askatasunaren prezioa zen hura.

―Literatura erromantikoa zakarkidak burura. Tira, literatura erromantikoa bera baino gehiago, garai haietako idazleak. Ez duk zaila Rimbaud edo holakoren bat holako toki batean bizitzen imajinatzea. Hik, noski, guragoko duk Marxek Londresen lortu zuen pisu ziztrinean hagoela pentsatzea. Zoritxarrez, ni nauk hire familia bakarra eta ez zakiat Piolin horrek Engelsena egin ahalko duen, hi apur bat finantzatzeko. Baina tira, askatasunaren prezioa ei duk, ezta? Hire askatasunaren prezioa, batez ere.

―Biona, esan nahi duk.

―Tira, biona… baina hirea batez ere –onartu zion, haur bati kasu egiten zaion legez, arrazoia guztiz ematen ez zaiola iradokita.

Eta han geratu zen, baten batek sastarretara botatzea ahaztu zuen sofa hartan etzanda. Eta, nolabait, zoriontsua zirudien, hilobi abandonatu hartan mundu literario oso bat aurkitu balu bezala. Askatasunaren prezioa omen. Suposatzen zen biek zituztela Espainiako inteligentzia zerbitzuak orpoz orpo. Biak jotzen zituztela ekintza baten egiletzat. Ala egia ote zekien Matxinek? Ez, egia jakin balu ez zion haraino jarraituko. Lagunak ere arrazoirik ote zeukan Euskal Herritik alde egin nahi izateko? Ezin zuen onartu holako sakrifizioraino iristeko prest egon zitekeenik lagunaren adiskidetasuna, jakinaren gainean egonez gero. Ez zuen nahi.

―Rimbaud ostatua. Ez, Wilde ostatua, askoz egokiagoa guretzat, ezta? Erraz koka litekek Oscar Wilderen testu bat hemengo giroan. Pospoloak saltzeko gogoa ere piztu ez zaidak ba.

―Andersenekin nahasten ari haiz, motel.

Betiko moduan, Matxini ez zion axola okertu izanak, inoiz ez zion garrantzirik eman datu historikoen zehaztasunari. Eta hor dago, hilotz baten besoetan. Antzeztea gustatu zaio beti, bere inguruan pertsonaia bat sortzea eta haren azalean sartzea. Bihar azal hori utzi eta beste batean bildu. Jarrera hori bera antzezpena zen, izaera dogmatikoaren aurkako antzezpena. Txertoa, haren hitzetan. Gehiegi goresten dugu nia, gutako bakoitzean zerbait guztiz berezi eta aparta balego bezala. Eta egon badago, baina ez dauka horrenbesteko garrantzirik hari betiko atxikita bizitzeko. Txiklezkoak ziren Matxinen hitzak, guztiz. Erraza zen hortzak haietan itsatsita geratzea, puztu egin zitezkeen, eta gehienetan bera arduratzen zen puxika handiegia izan aurretik hura leherrarazteko. Eta malguak zer ziren Matxinen hitzak. Luzatu, laburtu, zabaldu, borobildu egin zitezkeen. Eta, hala ere, erlatibismo postmodernoaren aurkako jarrera ere sartzen zen txikle horretan. Barailak sendotzeko balio ditek berbek, malabareak ere egin ditzakek haiekin, baina berbak horixe dituk, berbak, ez dituk hireak, inoren ahoan sartzen dituk, baina barailak bai, hireak baino ez dituk, eta haiek darabilzkik berben mugak bilatzeko. Eta bat-batean, beste irudi bat egiteko erabiltzen hasi zen txiklea.

―Ez haiz jabetzen berben balioaz, txo. Gure pentsamenduak ez dituk betetasunera iristen berbetan jartzen ditugun arte. Pentsa, berba bat mihiaren puntan daukagula diogunean. Hor ziharduagu kontzeptu labainkor baten ehizan, bazirudik ideia badakigula, baina, zein da ideia hori harrapatzeko daukagun arma bakarra? Harentzat beren-beregi prestatutako bala? Berba. Eta azkenean ondo apuntatu eta berba horrekin jotzen ez dugun arte ez diagu ideia eskuetan hartu eta haren pisu osoa sentitzeko modurik.

―Hire berbetan galtzea lortuko duk, motel. Ez diat usaintzen nora hoan.

―Ideiak, kontzeptuak izendatzen ditugunean gaituk gai haiek eroso erabiltzeko. Adiskidetu egiten gaituk ideiarekin berba-bala batez botatzen dugunean. Orduan kateatu zezakeagu berbaz jotako beste ideia batzuekin, nahi ditugun mezuak osatzeko. Geure burua ulertzeko ere behar ditiagu berbak. Isilik gaudenean ere, burua ez duk isiltzen, berbalapiko nekaezina duk. Eta berbak erabiltzen ditik beti bere buruarekin komunikatzeko.

―Hire burua ez duk berbalapiko bakarra, alajaina.

―Nik, behintzat, elkarrizketen bidez baino ez zakiat pentsatzen. Ez nagok inoiz bakarrik, beti zaukaat solaskide bat buruan. Izan haiteke hi, izan daiteke ama, izan daiteke azken bost urteetan ikusi ez dudan maitalea…; baina nire ideiak aditzeko, berbetan jarri behar ditiat. Eta berbetan jartzeko, solaskide bat behar diat.

―Eta uzten diok inoiz hire solaskideari hitz egiten?

Baina halakoetan Matxinek ez zion entzuten bere buruari baino, antza:

―Gizarterik gabeko banakoak imajinatzen dituzten anarkista indibidualistak zatozkidak burura. Abstrakzio metafisiko handiagorik ba ote! Gizarterik gabeko banakoak ez dituk gizaki ere! Haietako asko, gainera, zientziarekin maiteminduta zaudek. Zientzia bera ez da, bada, gizartearen emaitza hutsa? Egin daiteke zientziarik berbarik gabe? Pentsa daiteke berbarik gabe? Gizakiak ote gara pentsamendurik gabe? Eta zer dira berbak, zer da hizkuntza, gizartearen fruitua eta gizartea bera ahalbidetzen duen tresna baino? Hori aditzen baduk adituko duk zergatik idazten dudan.

―Hori aditzen badiat, ondo esan duk.

―Ea ba. Nire buruan dauden ideiak ikusi nahi baditut, lehenik berba bihurtu behar ditiat. Eta zer hobe berbaz botatako ideiak aurrean argi ikusteko paperean jartzea baino. Baina, bestalde, akats larri bat ere badik horrek: berbaz jo eta paperean jasotako ideiak tximeleta disekatuak dituk, ideia hilak. Buruan tximeleta kaiolatuak izan daitekek, baina berbaz jo arren bizirik zirautek, hegaka zabiltzak hezurrezko barroteen kontra jo egiten badute ere. Milioika modutan elkartzeko aukera zaukatek ideia hegalari horiek.

―Idazlea eta bere metaforak –moztu zuen Eduk berriro–, tximeleta reggae orain.

―Entzun, alua, ez moztu inspirazioa. Tximeleta reggae horiek paperera eramandakoan, disekziorako prest zauzkaagu, xehe-xehe ikus zitzakeagu, bai, baina hilda zaudek, ez dituk gehiago mugituko. Eta denbora igarota, disekatutako tximeleta horiek ordena desegokian, lagun okerrei lotuta iltzatu genituela konturatuko gaituk. Teoria zientifikoei gertatu legez. Gu disekatu baten isla dituk. Eta izugarria izan daitekek gure hilotz disekatua paperean ezustean aurkitzea. Hori aditzen baduk, adituko duk zergatik artikuluak hiri eman eta gero ez dudan ardurarik hartzen haiek argitaratuta berrirakurtzeko.

Salbatuta nagok, otu zitzaion Eduri azken hori entzundakoan.

―Ez ditiat jarrera jakin eta aldaezin batean iltzatua ikusi gura. Gurago diat beste ni berri bat disekatu. Eta hor etorriko duk beste artikulu bat. Horixe duk berbaren balioa, eta horixe berba idatziaren beharra eta tragedia.

―Tragedia duk hiri entzutea, motel. Hau dena zer esateko izan da?

―Banoak, txo. Berbak txikleak bezalakoak direla esaten hasi nauk, eta oraintxe esan dudan guztia paperean disekatuko bahu, ikusiko huke ez dagoela batere kontraesanik, erabateko koherentzia dagoela. Eta, gainera, txiklearekin jolasean ibilita barailak indartzen diren bezala, berbekin, eta haiek izendatzen dituzten ideiekin jolasean ibilita, burezur barruko beste barailak, neuronak, indartzen dituk.

―Neuronak indartu? Guakamolea egin behar duk nire ideiekin.

―Ondo nabilek orduan, osasuntsua eta goxoa duk eta –esan, eta barre egin zuen Matxinek–. Zer dira neuronak bada, besteak beste, ideiak murtxikatzeko barailak baino? Berdin duk ideia horiek ipuin bihurtu dituena Andersen, Wilde edo Matxin den. Ideiak aspalditik zabiltzak burmuinez burmuin murtxikatuta, gure ekarpenek ezer gutxi gehitzen zietek, eta onuradun nagusiak geu gaituk, edo gure neuronak. Horregatik, harrokeria itsua duk jabetza intelektuala aldarrikatzea.

―Hara, agertu duk azkenean hire portua; banengoan ni, jabetza zalantzan jartzen noiz hasiko zain.


Liburu osoa jaits dezakezu epub nahiz mobi formatuan.