Inoren munduan

Argitaletxea: Elkar

Urtea: 2.019

Orrialde kopurua: 246

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Baso eta ibai, mendi eta mortu, itsaso eta hiriz osaturiko lurralde ezezagun eta denbora zehaztugabe batera garamatza Asel Luzarragak abenturaz eta fantasiaz, borrokaz eta errebeldiaz beteriko nobela honetan. Aize eta Hodei, egoera zailean topo egingo duten bi emakume gazte dira; andre gerlarien leinutik erbesteratua bata, sorginen askazikoa izateagatik jazarria bestea, era guztietako etsai eta arerioei egin beharko diete aurre, bidean topatuko duten Leixuri adiskidearekin batera.


Liburu honek historia berezia du. Berez, euskaraz idazten hasi nintzen bigarrena izan zen, unibertsitate garaian, Hamaika ispilu ganbil prestatzen nuen bitartean. Laurogeita hamarrak ziren, 94-96 aldera, ezin zehazki gogoratu. Hamabost urte nituela, oker ez banago, Hobbita irakurri nuenetik, bolada luzea eman nuen fantasiazko eleberriak irensten, eta irakurri ez ezik, ildo horretatik idazteari ekin nion. Gazteleraz idatzi behar nuen, artean nire euskara A ereduan ikasitako edozein erdaldunena baitzen, gutxi gorabehera, eta hala utzi nuen 500 orrialde inguruko bat amaituta eta haren jarraipena behar zuena amaitzeko zorian. Beraz, euskaraz idazten hasi nintzenean, estilo horretako bati ekitea otu zitzaidan baina, nire lehenengo liburuetako protagonisten artean punk itxurako leinu anarkista bat bazegoen, euskarazko horretan erabaki nuen neskek behar zutela protagonismoa. Ez nion izenbururik jarri, baina hiru protagonisten soslaien apunteak egin, asmatutako munduko mapa arkatzez marraztu, lehenengo kapitulua idatzi, eta bigarrenaren hasieran geratu nintzen. Geroko proiektua izango zen, Hamaika ispilu ganbil amaitu behar nuen lehenago.

Euskarazko lehenengo eleberri horrek, ordea, luze jo zuen, garai haietan garrantzitsuagoa baitzen lagunekin irten eta parrandan ibiltzea, idazteari (eta ikasteari) denbora ematea baino, eta amaitu nuenerako, beste nonbait neukan buruan. Karonte eleberrirako ideia etorri zitzaidan orduan, eta hor geratu zen, ordenagailuan eta paperean, ahaztutako zorro batean, proiektu hura.

Urteak pasa, eta lantzean behin berarekin topo egiten nuen arren, beste ildo batetik zihoan nire literatura ordurako. Gutxien espero nuenean, berriz, kanpotik etorri zitzaidan su hori berriz pizteko behar nuen pospoloa. Eta hemen dator liburuaren alderik bihurriena, beharbada. 2017an eleberri proiektu bat aurkeztu nuen Eusko Jaurlaritzak ematen dituen sorkuntzarako beketara eta, halakoak aitortzea ohikoa ez bada ere, beharbada, esleitutako beken zerrendatik kanpo geratu nintzen. Lehen aldia zen holako gauza batera aurkezten nintzela, eta jakin-mina nuen, zer egin ote nuen txarto. Teknikari arduradunari idatzi nion, beraz, zenbat puntu atera nuen eta irizpideak zein ziren jakin nahian. Lasaiago utzi zidan ikusteak kalitate literarioan puntuazio oso altua atera nuela, eta atal teknikoetan jarri zidatela puntuazio urria, baina puntuatzeko irizpideek piztu zidaten bonbilla, batez ere. Ez ditut hemen jasoko, ez irizpide horiek, ez hurrengo deialdian gertatu zen zerbait nahiko orwelldarra, baina kontua da, baztertutako proiektuarekin gogoratu, eta hari ekitea erabaki nuela, hurrengo urtean bera aurkezteko beketara.

Erabaki horretan sartu zen, bestalde, hasieran helduentzako nobela izateko pentsatuta zegoena gazte-literatura bihurtzea, eta hala hasi nintzen idatzita zegoena pixka bat moldatzen. Gainerakoan, 22-24 urte lehenago pentsatutako ildoari eutsi nion. Hori neukan argien: hiru neska nahi nituen protagonista, gizonek gizonentzat eraikitako mundu hierarkiko batean, mundu horri aurpegi ematen. Gertakari gehienak ere hasieratik pentsatutakoak dira, baita hemen aurreratuko ez dudan amaiera ere. Mezu argia nahi nuen zabaldu hiru neska horien bidez, baina liburua irakurri beharko, mezu hori zein den ezagutzeko. Aurreratu dezakedan bakarra da, lagun artean, bera identifikatzeko nire eleberri anarkofeministaz berba egiten dudala. Hizkuntzari lotutako gauzatxo batzuk leundu behar izan nituen, hala nola bizkaierazko hitanoa, lar zailtzen baitzuen irakurketa, batez ere gazteentzat pentsatuta zegoela kontuan hartuta. Kontuak kontu, 2018an proiektua aurkeztu, eta beka atera nuen. Ez da txantxetakoa, hari esker aldatu ahal izan baititut etxeko leihoak neguak hain hotzak ez izateko, eta horrek finantzatu baitzuen urte biren ondoren Argentinara itzuli ahal izateko aukera, nire lagunei bisita egin eta El panal aurkeztera! Eta urtebete geroago, hemen dago nire Troiako zalditxoa…

(Gehituko dut lan gutxik hunkitu nauela Unai Aranak liburu honetarako egindakoak beste, bai kanpotik, bai barrutik. Itzela!)


Irakurtzeko zatia

Palmondoz osatutako hesi trinko baten atzean agertu zaie ohoinen hiria. Hura da, beraz, Kurloik zerumugan ikusi duena. Gainditutakoan, badirudi basamortuak berak hartu duela hiri itxura. Harearen kolore berekoak dira etxeak, solairu bakarrekoak denak, ortuak eta putzuak haien artean tartekatuta. Etxeek eurek baino lehenago, ordea, haur talde handi batek egin die ongietorria, euliek bezala inguratuz. Garrasika, kantuka eta txaloka datoz, eta zuzenean joan dira etorri berriengana. Haien oinak, arropak, azala ukitu nahi dituzte. Haietako inor ez da ausartu, aldiz, Hodeik eskuan daraman makulurantz eskua luzatzen. Aizek ere lasaitu ditu giharrak eta irribarre egin du, haur horien pozak kutsatuta. Herriko andreek jakin-minez aztertu dituzte emakume arrotzak. Batzuk lurrean egindako zulo ketsuen aurrean daude, jatekoak prestatzen. Apur bat zorabiatuta sentitu dira hirurak lipar batez, egundo aditu gabeko usainen nahasketa batean murgilduta. Animalien larruak ikusi dituzte etxe askoren hormetan zintzilik, eguzkitan lehortzen, eta gutxik egin du korrika hasi ez direnean, hiria zeharkatzen duen erreka eta handik ortu batzuetara irteten duten ubidetxoak ikusi dituztenean, uraren urrumak eta distirek zein egarri diren gogorarazi baliete bezala, bat-batean.

-Baldarra izan naiz oso -esan du Jabarrek-, barkatuko didazue, ez dira asko gure herrira datozen bisitak. Proba gogorra da basamortua ohituta ez daudenentzat eta egarri eta gose behar duzue. Ospakizunetarako oihal-etxola atontzeko aginduko dut eta laster ekarriko dizuegu oparo zer edan eta zer jan -hori esanda, keinu bat egin dio ondoan duen gizon bati eta zerbait agindu dio bere hizkuntza ezezagunean.

Etxeen arteko zabalgune batean gelditu dira segizio biak, gonbidatuak dakartzan gerlariena eta haiei itsatsitako umeena. Haien inguruan azkar mugitu da talde bat, eta minutu gutxiren buruan altxatuta daukate oihal-etxola garai, zabal eta dotore bat, urdina, urrezko apaingarriak dituena. Barruan alfonbrak, tapizak eta kuxinak banatu dituzte eta sartzeko keinu adeitsua egin die Jabarrek neskei, sartu eta eroso jar daitezen. Jesartzeko daudenean, ordea, zenbait emakume, gizon eta haurrek osatutako talde bat agertu da, panderoak, turutak, adarrak eta inoiz ikusi gabeko harizko tresnak jotzen eta kantu alaian. Haien atzetik, zilarrezko azpilak dakartzaten neska gazteak etorri dira, lainoak bezain arinak diruditen soinekoak jantzita. Mutiko batzuek pegarrak ekarri dituzte, eta andre nagusi batek zilarrezko beste azpil bat jarri du mahai apal batean. Forma oso finez grabatutako ontzi bat dago azpilaren erdian, eta inguruan kristalezko hamar edalontzi, haiek ere landareen marrazki dotoreekin apainduta.

Aizek eta Hodeik deseroso hartu dituzte mirabeek eskainitako platerak eta edalontziak, azken horiei irrikaz begiratu arren, urez bete dituztenean. Bistan da ez daudela ohituta holako zerbitzuak jasotzera. Leixuri da ametsetan dirudien bakarra, haur baten irribarre liluratua ezpainetan eta begiak dir-dir. Ez zuen espero, seguruenik, halako luxua aurkitzea, non eta basamortuan, bere herriak madarikatutako ohoinen etxean. Eguzkiak eragindako erredura guztiak sendatu zaizkio txorimalo landaretik ateratako mamiari eta Hodeiren magiari esker, eta azalak distira egiten du, ume batena bezain leuna. Masailak sagar txiki biren moduan gorritu zaizkio pozaren pozez, eta haren begi berdeek inoiz baino handiagoak dirudite, jatekoen artean zeini ekin ez dakiela, hainbeste eta hain itxura ederrekoak izanda denak. Darien lurrina ere hordigarria da.

Jabarrek lasai jaten eta edaten utzi die, eta dena haien gustukoa den galdetzeko baino ez die hitz egin bitartean. Ase geratu direnean, erdiko azpileko ontzia hartu du miraberik zaharrenak eta hamar edalontziak bete ditu, ur ilun ketsu batekin. Jabarri eskaini dio lehen edalontzia, eta Hodei, Aize eta Lexuriri banatu dizkie hurrengoak. Ondoren, jesarrita dauden beste sei gizonek hartu dituzte euren godaletak. Aizek eta Hodeik arretaz aztertzen dute anfitrioien portaera, eta elkarri begiratzen diote. Badirudi biek ulertu dutela jatera jesarritakoen mailak erabakitzen duela edari hori hartzeko hurrenkera. Nagusia lehena, Jabar, gonbidatuak gero, eta badirudi naturak oparitutako magia daukana dela haien artean lehena, gerlaria bigarrena eta neskatila azkena. Beste bien mirabetzat hartu bide dute. Beste sei gizonek motaren bateko karguak izan behar dituzte ohoinen herrian.

-Txaia deritzogu edari honi, eta esanahi berezia dauka guretzat. Zintzotasunez hitz egiteko unea ere adierazten du. Zer asmok ekarri zaituen jakin nahi genuke, eta gure herri xumeak zer eskain diezaiekeen bere ezusteko gonbidatuei.

Jabarren eskuinean daude jesarrita Hodei, Aize eta Leixuri, eta haren ezkerrean, borobila osatzen duten gainerako gizonak baino apur bat atzerago, arropa ilunetan jantzitako gizon bakarra dago, oso nagusia, aurpegian basamortuak utz ditzakeen oroigarri guztiak, bere historia luzearen mapa. Jabarrek hitz egin ahala, ahopeka mintzatzen da bera ohoinen hizkuntzan, ulertzen ez dutenentzat.

-Ez zen gure asmoa zuen herriaren bizimodua aztoratzea -hasi da Hodei berehala, zer esan pentsatuta edukita bere lagunen batek hanka sartzeko beldurrez balego bezala-. Basamortua izan da geratu zaigun aukera bakarra, baina gure bidean karabana handia ikusi dugu, jaunaren iparreko lurretatik etorria, antza, eta beldur ginen ikusiko ote gintuzten. Bagenekien, ordea, ez zirela ausartuko zuen herrira behar baino gehiago hurbiltzen, eta horregatik hartu dugu bide hau.

Arretaz entzun ditu Jabarrek sorginaren hitzak eta, gogoeta egin ondoren, astiro hitz egin du:

-Argi dago ez duzuela jauna lagun, baina iparrerantz zoazte, hala ere. Ataka oso gaiztoan egon behar dute hiru emakumek mundu honetan bakarrik bidaiatzeko, zuetako batek gerlari zaildua izateko itxura osoa badauka ere, eta bereziki basamortuko bidea aukeratzeko. Harritu egiten nau jaunaren gizonei beldur handiagoa izateak ohoinoi baino, zuen artean daukagun ospea ezagututa.

-Jaunak ekarri diguna ontsa ezagutzen dugu, eta lehen eskutik. Zuetaz, aldiz, gure kondairek diotena besterik ez, eta aintzat hartuta kondaira horiek jaunaren mesederako zabaldu direla, zergatik sinetsi?

Agureak Hodeiren hitzak itzuli ahala, onespeneko keinuak sumatu dituzte Jabarren gizonen artean. Ohoinen buruzagiak zorrotz begiratzen dio sorginari, mirespena ezkutatu nahian. Aizek eta Leixurik ere txintik atera gabe entzuten diote. Gazteenak lan handiak dauzka bere harridura ez erakusteko, eta txaia mikatza edaten du, bertan ito behar balu bezala.

-Zer galdu gutxi daukazuela ematen du. Zer diote gutaz zuen kondaira horiek?

Oraingoan tarte luzeagoa hartu du Hodeik erantzun aurretik.

-Erranen dizut niri beti geratu zaidana. Gatzazu herrian lagun oso handia daukat, emakume jakintsua, Ximena. Damu dut hainbat aholku garaiz aintzat hartu ez niolako. Ia biziarekin ordaindu dut jaramon egin ez izana. Ondoan daukadan lagunagatik, ibiltarien leinuko Aize gerlari handiagatik, ez balitz, preso edo errea izateko bidean egonen nintzen. Hari entzundakotik atera dudan ondorioa erranen dizuet, kondaira horien laburbiltzeko, eta aspaldi barrenak jan dizkidan harra hiltzeko balioko ahal dit. Gure herrian nehork ez daki zuek nola eta nondik agertu zineten basamortuan, eta zerbaitek diost amarruaren eta traizioaren biktima izan zaretela, beste batzuek boterea eta loria irabaz zitzaten.

Bat-batean, Hodeiren hitzak ohoinen hizkuntzara itzuli aurretik, txaloka hasi da agurea. Aurpegia ez zaio aldatu, hasieran bezain serio eta itxia, baina lehen ez zegoen sua darie begiei, eta nabari da bihotzetik atera zaizkiola txaloak. Harrituta begiratu diote denek, eta orduan itzuli ditu sorginaren berbak. Zurrumurrua zabaldu da dendan eta dendatik kanpo, eta onespeneko keinuak barreiatu dira, osmosiz legez, buru batetik bestera.

-Uste dut gure herriaren begirunea irabazi duzuela. Ez nau harritzen lurraren dohain sakratuez jantzitako pertsona bati entzuteak hitz zuhur horiek. Ez dut, ordea, inoiz ulertuko zergatik hautatzen dituen lurrak emakumeak, halako dohainak oparitzeko. Hori baitaukat entzunda, emakumeak zaretela sorginen leinuan lurraren hizkuntzaren misterioa jasotzen duzuenak.

-Ez beti, baina bai gehienetan. Gure leinuko boteretsu eta jakintsuenetako bat, aldiz, gizona omen da, hori erraten dute hegoaldeko herrietan, eta iparraldean bizi omen da, Orratz mendietan. Hori ere jakin nahi zenuen, eta horixe da gure helmuga, sorginok jazarriak garen garaiotan haren jakinduria behar baitut, nire leinua defendatu ahal izateko. Eskertuko nizuke orain, zuetaz daukadan susmoa zuzena den argitzeko ohorea eginen bazenigu.

Agureari eta borobileko gainerako gizonei begiratu die Jabarrek, edalontziak berriz betetzeko keinua egin mirabe zaharrari, eta denak zerbitzatuta egon arte itxaron du erantzun aurretik.

-Ezin diot gezurrik esan lurrak hautatutako emakume bati, eta ezin dut gezurrik esan txaia partekatzen dugun bitartean. Baina zintzotasun berberarekin erantzun beharko didazue gero beste galdera bati.

Baiezko keinua egin dio Hodeik, eta Aizeri eta Leixuriri begiratu die gero, haiek ere gauza bera egin dezaten. Orduan, hizketan jarraitu du Jabarrek:

-Gure herriak garai eta lur urrunetan izan zuen zeuen herrien berri. Imajinatuko duzuenez, orain jaun deritzozuenaren eta haren jarraitzaileen arbasoen bitartez, hain zuzen ere. Garai latzak bizi zituen gure herriak, gerra luze bat, laster galdu behar genuena. Jaunaren arbaso batek gidatzen zuen etsaien guda taldeetako bat, eta dei egin zien gure arbasoei batzar baterako. Nekatuta omen zeuden errege baten esanetara borrokatu eta hiltzeaz. Gure arbasoei kontatu zietenez, lur urrunetatik iritsi ziren haiek, gerra ezagutzen ez zuten lurretatik, hura baino mundu zabalagoa bazela amets eginda, baina ez zuten espero horrela bukatzea, atzerritar gisa beti, beste batzuentzat hiltzera behartuta. Bake proposamen bat egin zieten gure arbasoei, beraz. Plan bat zeukaten, euren jatorriko lurretara itzuli eta, mundu hartan ikasitako guztia hara eramanda, han geratutakoen ezjakintasuna baliatuta, lur haiek gobernatzeko. Susmatzen zuten, ordea, ez zela erraza izango, inoiz buru baten beharrizanik sentitu ez zutenen gogoan beharrizan hori sentiaraztea -pixkanaka, Jabarren ahots melodiko eta sakonak Ximenaren hitzek iradokitako bidearen xehetasunak aletu ditu-. Dena, ordea, ez zen esan bezala bete, eta hemen geratu ziren gure arbasoetako batzuk, matxinatuta, itsasoan bidea nola zabaldu ez baitzuten inoiz ikasi, etxera itzultzeko. Amesgaizto bat bezala gogoratzen zuten honantz egindako bidea, mendien tamainako olatuen menera. Eta ez zaigu damutzen. Ez gara aberatsak, baina bai burujabeak. Eta maite dugu basamortua.

Amaitutakoan, Leixuriri begira geratu da, zorrotz. Zurtuta entzun du berak Jabarren kontakizuna, begiak zabal-zabal, laino eta garden, lehen aldiz entzun baitu berak bere herriaren historia ikuspegi horretatik kontatuta. Astiro kulunkatzen du burua Hodeik, barruan piezak bere tokian kokatzen dituela, pentsakor. Aizek, aldiz, oso mundu urrunetako istoriotzat dauzka denak, berarekin zerikusirik ez dutenak, eta jakin-minez baino gehiago adeitasunez entzun ditu, esku artean daukan edaria, hain garrantzitsua omen dena, atsegin ote duen erabakitzeke oraindik.

-Laster ekarriko digute txaia gehiago -hasi da berriz Jabar, mirabe zaharrari keinu bat eginez-, eta daukadan azken galdera erantzun beharko didazue orduan. Nire erantzunak ase bazaituzte, noski.

Hodeik baietz erantzun dio Jabarren begirada esanguratsuari. Edalontzi guztiak txaiaz beteta egon arte itxaron du hark, galdetu aurretik. Orduan, Leixuriri begiratu dio zuzenean.

-Jakin dugu zuek zerk ekarri zaituzten honaino, sorginen leinuko Hodei eta ibiltarien leinuko Aize gerlaria. Zuen mirabeak, ordea -Leixuriren masailak gori-gori jarri dira azken hitzak entzundakoan eta begirada jaitsi du, Jabarrenari eutsi ezinik-, beste jatorri batekoa dirudi. Jantzi urratu horiek inoiz aberatsak izandakoak dirudite, eta iparraldean kokatuko nuke haien jatorria. Nola iritsi da zuen zerbitzura?

Eztarria argitu eta berehala hasi da Hodei erantzuten, lehenik, lagun gaztearengan sentitzen duen zauria sendatu nahian:

-Leixuri ez dago gure zerbitzura, gutako bat da, gure moduan, berak ere bidegabe…

Jabarrek ez dio amaitzen utzi: eskua jaso eta neskatila seinalatu du gero.

-Mirabea ez bada, eta zuen maila berean kokatu baduzu, nahiago nuke hitza berari eman. Gure artean emakumeen ahotsa ez da ohikoa, baina kasu berezia zarete zuek, argi dago. Mesedez -zuzendu zaio Leixuriri, adeitasunez.

Neska gazteak zalantza egin du, beltzurituta oraindik, taldea gidatzeko lehian amore eman ez duen otso iraindu baten moduan.

-Ez naiz ni haien mirabea, haiek nire zaindariak baizik. Iparrekoa naiz, bai, aberatsak izan dira nire soinekoak, eta etoien eskuetatik ihes egin behar izan dut. Zuei entzunda, argi geratu zait tradizioa dela nire leinukoen artean jendea saltzea. Nire etxeraino onez eramaten banaute, saria jasoko dute, zuek ere jasoko duzuen bezala, zin degizuet, basamortu honetatik arriskurik gabe irteten laguntzen badiguzue.

Inoiz baino zurbilago, baina begietan irmotasunik galdu gabe jarraitu du Hodeik Jabarri begira. Aize deseroso mugitu da, egoera ulertzeko ahaleginetan. Jabarrek zeharka begiratu dio bere gizonetako bati eta keinu mutua itzuli dio hark.

-Ez dago gure esku erabakitzea gure bideak nola gurutzatzen diren. Eskertzen dizuegu txaiari ohore egin eta zuen ahoan egia jartzeagatik. Oihal-etxola bat jarriko dizuete eta zuen animaliak zainduko dituzte. Izango duzue bainu bat hartu eta indarberritzeko aukera, arropa berriak ere emango dizkizuegu, behar badituzue. Oraindik egun pare bat dauzkazue aurretik, basamortutik irten baino lehen. Egunotan, prestatzen zareten bitartean, denbora izango dugu gehiago solastatzeko. Jakin-min handia izan dut sorginen leinu sakratuari buruz, zuen berri izan nuenetik, eta ibiltarien leinuaz ere badauzkat galderak. Baina badakit nekatuta zaudetela. Mirabeek lagunduko dizuete zuen oihal-etxolara eta gutakoak bazinete bezala zainduko zaituztete, gure artean zaudeten bitartean.

Txalo pare bat jo, eta neska gazte bi agertu dira, ehun arin gardenetan jantzita, hiru gonbidatuak dendara gidatzeko. Hodeik, Aizek eta Lexurik abegia eta laguntza eskertu dizkiote Jabarri alde egin aurretik, eta isilik abiatu dira mirabeen atzetik. Lurraren luzapena diruditen etxetxoen artean gidatu ondoren, oihal-etxola zabal batean sarrarazi dituzte. Barruan hiru etzaleku daude prestatuta zoruan, itxura bigun eta erosokoak, eta erdian bainuontzi handi bat dago, urez beteta. Zorroak eta iskiluak oheen ondoan utzi orduko, hiru mirabeak hurbildu eta gonbidatuei arropa kentzen saiatu dira. Berehala geldiarazi ditu Aizek, ordea, eskua airean altxatuta.

-Eskertzen dizuet, baina eukiko duzue egiteko garrantzitsuagorik, uste dut jakingo dugula biluzten eta bainatzen.