La mentira en la sangre (Gezurra odoletan)

tapa-tren-en-movimientoArgitaletxea: Tren en Movimiento | LOM Ediciones

Urtea: 2.016 | 2.017

Orrialde kopurua: 219 | 179

*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.

Liburu hau jatorrian euskaraz idatzitako Gezurra odoletan eleberriaren gaztelaniazko itzulpena da. Euskarazkoa Txalapartak argitaratu zuen 2.011n.

Gaztelaniazko bertsioaren azalaren diseinua Lluís Ràfols katalan artistaren lana da berriz ere.

Internet bidez ezagutu duen Vero gaztearekin elkartzera joan da Jon Euskal Herritik Temukora. Oharkabean ia, neskaren lagun anarkisten bidez, maputxeek beren lurraren alde daramaten borrokan nahasten joango da eta, xalotasunez, blog batean idatziko ditu bere zalantza, irudipen eta kezka guztiak. Ez da konturatzen Txileko botereak bere inguruan anbizioaren eta errepresioaren amarauna josten daudela eta, erortzean, haren gezurrak ere jausiko direla.

Asel Luzarragak 2009an Txilen pairatu zuen poliziaren antolaketaren arrasto nabaria dauka nobela honek, mamian eta azalean. Orduan pairatu zituen gezurrek bultzatu dute idazlea pertsonaia hauen egia idaztera.


Gezurra odoletan, idatzi eta argitaratu nuen seigarren eleberria, berez zazpigarrena izatera zegoen deituta. Eta seguruenik oso bestelakoa izango zen buruan neukan egitasmoa gauzatu ahal izan banu. Izan ere, 2.009an oraindik esku artean daukadan Bioklik eleberri proiektua ari nintzen idazten Txileko gobernuak nire planak aldaraztea erabaki zuenean. Urte horretan, zenbait hil lehenago Araukaniara lehen aldiz iritsi nintzenean, pentsatzen hasi nintzen hango egoera islatuko zuen eleberri bat idatzi behar nuela. Asmoa han zenbait urtez, eperik gabe, bizitzea eta, bitartean, dokumentatzea zen. Gehiago jakin nahi nuen maputxe herriari buruz, haien bizimodua, ohiturak, antolakuntza, filosofia… pixkanaka ezagutu, hango mugimendu anarkistaren eta maputxe herriaren borrokaren arteko loturak aztertu, batak zein besteak pairatzen duten errepresio bortitzean sakondu… Eta urte batzuetan datuak bildu eta hura guztia janzteko arropa egokiak aurkitzen nituen bitartean, Bioklik amaitu eta argitaratu.

Prozesua, ordea, bizkortu behar izan nuen, halabeharrez, Txileko karabineroek ni atxilotu eta Araukaniatik egotzia izateko arriskua agertu zenean. Hala, Temukoko kartzelan hasi nintzen eleberriaren lehen zirriborroa egiten, eta Padre las Casaseko etxea ere espetxe bihurtu zitzaidanean, proiektua idazteari ekin nion. Bizi izandakoak, noski, eragina izan zuen istorioaren ildo nagusiak garatzean. Ezin nahi beste sakondu maputxe herriaren ezagutzan, baina hango karabineroek, fiskalek, komunikabideek eta epaileek inoiz amestuko ez nukeen lehen eskuko informazio piloa oparitu zidaten. Zailena, pertsonaia nagusiak, Bittor-Jon eta Vero, nigandik eta Vane nire neska-lagunarengandik argi bereiztea. Horregatik, ahalegin berezia egin nuen, haiek eleberrian biziko zituzten egoera batzuek guk bizi izandakoekin antza izan arren, bakoitzaren istorioak, izaerak, ezaugarriek, zein elkarrekin bizi izandako pasarte gehienek gurekin zerikusi ahalik eta txikiena izan zezaten. Hala ere, jakin badakit irakurleak haiek gurekin erlazionatzeko eta fantasia hutsa direnak egiazko gertaeratzat hartzeko tentazioak hor dirauela. Hori jakiteak ere neurri handi batean baldintzatu zuen gauza batzuk kontatzeko modua. Beste pertsonaiekin eta egoerekin ez zegoen arazo hori, eta askatasun osoz sortu ahal izan nituen. Hala, seguruenik sortzeko eta lantzeko interesgarrienak Hugo gazte maputxe anarkista eta Omar Moya fiskala gertatu zitzaizkidan. Aitortu behar dut bereziki gozatu nuela fiskalaren larruan sartuz. Etsaiaren mundua, haren mundu ikuskera, haren familia harremanak, indarrak, ahuleziak, zalantzak, xedeak… imajinatzea esperientzia literariorik interesgarrienetakoa izan zen niretzat. Eta Hugok espero ez nituen bideetatik eraman ninduen, maiz pertsonaiek eurek hartzen baitute euren istorioaren lema eta eurek gidatzen baikaituzte ezusteko noranzkoetan.

Beste pertsonaia batzuen atzean, maiz egiten dudan legez, egiazko pertsona batzuk edo haiekin antzekotasunak dituztenak ezkutatu nituen. Baina bat bereziki sinbolikoa bihurtu zen: Rober. Nork esango zidan, hura sortu nuenean, hil batzuk geroago harekin antzekotasun nabarmenak zituen pertsona bat ezagutuko nuela… Bai, berriz ere, fikzioak errealitateari hartu zion aurre.

Ondo gogoan dut Gezurra odoletan idazten nuen bitartean Mario Benedettiren zenbait liburu irakurri nituela, besteak beste, Gracias por el fuego eleberria. Eta ondo gogoan dut, zenbait pasarte idazterakoan eragin handia izan zuelako. Liburu batzuek ahalmena dute beste mundu batzuetara eramateko, eta ederra izaten da hori, baina maiteen ditudanek esku artean dudan lanera daramakidate burua behin eta berriz, idazteko gogoak erre egiten nau haiek irakurtzean, irakurtzen ari naizena utzi eta nire eleberriari heldu behar diot ezinbestean, eta Benedettiren eleberria benetako erregaia izan zen literaturaren sua pizteko. Eskerrik asko, bai, Mario, suagatik. Ez zen erregai bakarra, baina bai eraginkorrenetakoa.

Eleberria idazten hasi aurretik, Rayen Kvyeh poeta maputxearekin hitz egiteko aukera izan nuen, etxe-espetxean bisita egin zidan batean, eta proiektuari buruz mintzatu nintzaion. Oso interesgarri iritzi zion berak protagonistetako bat gazte maputxe punk eta anarkista izateari, baita haren ametsei eman gura nien garrantziari ere. Haren poesiatik ere zerbait ikasteko aukera izan nuen nik. Eta azkenean, Hugoren ametsak beste baliabide literario bat izatetik eleberriaren ardatz bat izatera igaro ziren, pentsatuta neukanetik harago. Eta elkarrizketa haiek, bestalde, eragina izan zuten Hugoren bidez islatu nuen hiriaren eta landaren arteko talkan. Elkarrizketa haiek eta garai haietan postaz lortu nuen Félix Rodrigo Moraren Crisis y utopía en el s. XXI liburuak.

Bestalde, garai haietan, bizitzea tokatu zitzaidan egoeraren harira, komunikazioak garrantzi handia hartu zuen nire eguneroko bizimoduan. Hala, Dabid Martinez lagun bermeotarrak xaxatuta, Twitter kontu bat ireki nuen eta, berak iradokita, esperimentu literario bati ekin nion: eleberrian aurrera pausu bat ematen nuen bakoitzean txio bat bidaliko nuen idatzitakoak utzitako sentipenen gainean. Asmoa ez zen istorioari buruzko datuak ematea, idazterakoan piztutako ideiak, sentipenak, pizgarriak, zalantzak… islatzea baino. Txioak ez ditut gorde, baina Twitterrek urteak igaro ahala ezabatzen ez baditu, han egongo dira, nonbait. Beharbada, egunen batean begiratu beharko dut ea zer idatzi nuen une haietan…

Proiektuari Temukon ekin, eta azkenean Mundakan amaitu nuen, 2.011n, oker ez banago, eta urte horretan bertan argitaratu. Hari lotutako beste pasadizo batzuk neure kolkorako gordeko ditut.


Irakurtzeko zatia

Okupara itzuli aurretik, bakarka ibili da hirian. Ez dakusa lehen bezala, Temukok aldaketarik txikiena izan ez arren. Bat-batean, egia berria agertu zaio begietan: hiria da naturaren eta gizateriaren beraren aurkako atentaturik handienetakoa. Naturari gizakia, eta gizakiarekin batera haren arima, osteko parke tematiko artifiziala. Hala ere, ahaleginak eta bi egin arren, hiriak ezin zuen ezkutatu landarekiko erabateko mendekotasuna. Faroletan, merkataritza zentro distiratsuen iragarki itsugarrietan, kolektibo eta mikroetan, pacoen uniforme gero eta ugariagoetan, asfalto eta adreiluetan ez zen ez ahuakaterik, ez tomaterik, ez artorik, ez martorririk, ez kuminorik, ez pinazirik… hazten. Kale hitsen abarotan ezin zen bizi ez behirik, ez txerririk, ez oilorik, ez zaldirik… Zibilizazio ezjakin batek bultzatutako suizidioaren laburpena baino ez zen Temuko. Amets ezinezkoa. Aurrerapenaren izenean ama lurrari sabela hamaika norabidetan mozten dioten errepideek ez dituzte amets ezinezko horiek batzen; banatu egiten dituzte haien barruko presoak, nor bere bakarkako distopian. Itolarria sentitu du, baina oraingoan ez dio eragin elkarri traba egiten dioten mikroen ke ezin arnastuzkoak, hiriak berak baizik.

Agian hiriak ere maputxeentzat berreskuratzea kolonizazioari erabateko garaipena oparitzea baino ez da. Maputxea lurrarena da. Hiria lurraren ukazioa da. Maputxea, beraz, ezin da hiriarena izan lurra ukatu barik. Kontua ez da hirira jotzea, hiria ere landarentzat berreskuratzea baizik. Bat-batean argi ikusi du, eta lehenago ikusi ez izanak harritu du. Hiria maputxeentzat berreskuratzeak horixe esan nahi du, hain zuzen ere: hiria lurrari itzultzea. Ez zion Rayeni antzeko zerbait entzun? Seguruenik bai, eta ez da harritzekoa, emakumeen burua gizonezkoenaren aurretik doa maiz, are gehiago lurraren hizkuntza, lurra bera aditzeari dagokionez. Ekintzetan, ordea, gizonek emakumeen ekarria gutxietsi eta euren legea, euren indarra hartzen dute bide bakartzat. Emma Goldman etorri zaio burura Hugori. Eta zenbat Louise Michel, Emma Goldman eta Rosa Luxemburg anonimo, isilarazi, heroiko egon ez ote diren iraultza gune guztietan, historiara gizonezkoen izenak baino igaro ez badira ere.

Semaforo batean eztabaida bat iritsi zaio belarrietara. Nahi gabe, baimenik eskatu gabe sartu dira ahotsak Hugoren garunean. Hiru ahots, zehazki, gizonezkoenak haietako bi, emakume batena bestea. Sozialismoa, komunismoa eta anarkismoa entzun ditu aipatuta. Atzera begiratu du. Kale-saltzaileak dira. Galtzerdiak, aterkiak, eskularruak, galtzontziloak eta kuleroak armada bateko soldaduen ordenan pilatzen dira salmahaiaren gainean, ilara bakoitzak ondo zaintzen du bere espazioa. Benetako armaden eginkizuna objektu haiena bezain erabilgarri eta arrisku gabea balitz, gaitz erdi. Mahaiaren ondoan daude eztabaida bizian diharduten hiru gizon-emakumeak. Ageri da adiskideen arteko berbaldia dela. Sutsu eztabaidatu arren, argi atzematen da maiz errepikatzen den erritua dela, nork bere iritziari eutsiko diola amaitutakoan eta iritzi desberdintasunak ez duela koloka jarriko hiruren arteko lotura. Haietako bat, sastraka zuri-grisa aurpegi erdiaren jabe, erakusleiho handi batean dago bermatuta, artilezko txano estuaren azpian. Grinatsu bezain irribarretsu. Hitz egin ahala, elkarren kontra igurzten ditu eskuak, eta, noizik behin, putz egiten du haien artean zabaldutako habiatxoan. Hugori ere presenteago egin zaio, keinua ikusita, azken asteetan Temukoren hezurretaraino sartu den hotz hezea. Emakumea besoak antxume dago, hari zorrotz begira. Noizean behin, besoetako bat bereizi egin behar izaten du jertse gorriaren poltsikoan musuzapia bilatu eta zintz egiteko. Beste gizona da hiruretan argal eta garaiena eta, tarteka-marteka, kezkaz baino gehiago hausnar begiratzen die lagun biei. Zigarroari atxikitzeko moduagatik, esan liteke zupada bakoitzak lagundu egiten diola entzundako berbak barneratzen. Begirada sakonak eta aurpegiko toles zailduek gerra askotan ibilia dela adierazten dute. Bizitzak dakartzan gerra txikietan, merezi duten bakarretan. Hugok ezin izan du saihestu hasieran anabasa ziren hitzetan barneratzea. Bizardunak zenbait teoria xehatzen ditu, irmo, baina ironia ukitua dario haren jarioari. Emakumea ez dabil aiko-maiko ihardesteko eta kontra egiteko, ezta ados dagoenean berba batzuk azpimarratzeko ere. Gizon luze argalak garaieragatik baino ez die lagunei itzal egiten. Hitzei dagokienez, batez ere entzun egiten du, zalantzak agertu, baina, aldian-aldian, adierazpen zorrotz eta borobilak ateratzen ditu. Hugok irribarre egin du bere baitarako. Kostatu zaio semaforoa berde daukala jabetzea, eta beste aldera abiatu denean, pena apur batez egin du. Jendeak uste du kale-saltzaileak ezjakin hutsak direla, alferrak, bazterreko jendea. Entzun behar liekete hiru haiei. Haien arteko solasaldi arrunt batean zorroztasun handiagoa dago, Paris, Hites edo Fallabella betetzen dituzten ez-gizaki ondo apaindu guztien elkarrizketa hutsal eta ustel guztietan baino, are ez-gizaki horien unerik inspiratuenetan. Bolo-bolo dabil azken boladan zurrumurrua: Bequer alkate ultra-eskuindarrak kaletik at nahi ditu saltzaile horiek guztiak. Dirudienez, haien itxura ez dator bat agintariak Temukorako nahi duen estetika gorenarekin. Hiri turistikoa gura ei du handinahiak. Temuko turistikoa? Non ikusi duk halakorik? Beraz, hobe lan ondradua egiten duten hamaika lagun langabezian, espaloietan “oztopo” izatea baino. Hori arrazoi ofiziala. Hugori, eta Temukon burua erabiltzeko ohitura galdu ez duten bakanei, ez die egiazko zioak ihes egiten. Bequer lurjabe handiak bere negozio-kideentzat nahi du hiria. Paris, Hites, Gejman, Santa Isabel eta enparauentzat. Eta, jakina, kaleei benetako bizia eta kolorea ematen dieten saltzaile horiek negozioa -mokadutxoren bat, egia esan- jaten diete inoiz nahikorik ez daukaten enpresaburuei. Tamalez, kaleetatik ateratzea erabaki bada, ez da indarrik egongo hori galarazteko. Laster kale-saltzaileen aurkako kanpaina hasiko da hedabide txintxo guztietan, hiritar zintzo hautatuen kexuak entzungo dira pantaila guztietan… Eta herri puta honetan nork bere zilborrari begiratzeko eta besteen arazoei bizkarra emateko dagoen kultura ondo errotuari esker, gizajo horiek jai edukiko dute inoren elkartasunik lortzeko. Seguruenik, azokako saltzaileak ere aurka jartzea lortuko dute agintarien bozgorailuek, lehia bidegabea egiten dietelakoan. Eta hola doaz esparru guztiak jaten, gure biziaz jabetzen, borroka guztiak bakarka egin behar direlako, nork bere bakea eta bere ongizate miserablea besterik zaintzen ez duelako. Hugok pentsatu du ederra izango zela, bere pilotu automatikoari jarraitu barik, egun batez behintzat gelditu eta hiru saltzaile haiekin eztabaidatzea, haiengandik zerbait ikastea, laster beharko duten borroka berea ere baduelako. Zein hitsak izango liratekeen Temukoko kale grisak haien postuek osatzen duten ostadarra desagertuko balitz. Hirian baratze itxura bakarra haien mahai eta kutxetako platano, uraza, tomate, pinaburu, ahuakate, laranja, limoi, martorri, perrexil eta zerbetan dago. Beti daude prest zu atakatik ateratzeko; behar dituzun aterkia, eskularruak, txanoa, eguzkitako betaurrekoak… edozer, eskura beti, edonoren poltsikorako prezioan. Hiria marmoka erraldoia da, ordea, eta gupidarik ez dauka bere garroek ukitzen dituztenekin. Istorio horretan ez dago Txapulin Gorririk “ai, orain nork defenda nazake!” errukarria zuzentzeko.

665/2009 txostena irakurri zuen bigarren aldiz. Ez zekarren ezustekorik. Letra bakoitza lehengo baten oihartzuna zen, déjà vu sentipena. Inurritegi ordenatu baten argazki finkoa osatzen zuten hizki beltzek. Begiarentzat beste edozein inurritegi ordenaturen argazkia bezalakoa. Hamar komuneroei aurkitutako munizio eta bestelakoetan haien hatz-markarik ez. Bai, ordea, lanabesetan, hala nola aizkoretan, aiztoetan, motozerra batean, harekin batera aurkitutako gasolina bidoian… Hala ere, ez zen arazo handia. Mementoz, txosten horri buruz hitzik ez. Ikerketa itxi arte denbora zeukaten. Azterketa kimikoak falta ziren. Seguruenik, haiek bai, emango zuten bolbora edo bestelako lehergaiei lotzeko moduko emaitzarik. Edozein informazio erabil daiteke alde zein aurka, kontua hura hedatzeko unean, tonuan eta moduan datza. Orain arte dena doa ondo. Badaezpadako neurriak berrikusteko auzialdi guztiak irabazi dituzte, irabazi dituztenez. Aurpegi gabekoen testigantzek tarte txikia uzten diote defentsari mugitzeko. Hedabideei ere aitortu behar zaie egindako lana. Fiskal lanak bazeukan errusiar menditik zerbait, baina alderantziz. Goranzkoak azkarrak, adrenalina sortzaileak eta iragankorrak ziren, beheranzkoak motelak, errepikakorrak eta aspergarriak. Hala ere, errusiar mendi bera hamaika aldiz ibili ondoren, goranzkoak ez ziren ez hain azkarrak, ez hain adrenalina sortzaileak, iragankortasunari eutsi arren, eta beheranzkoek moteltasun ernegagarri berari jarraitzen zioten. Aitortu behar zuen: beheranzko luze eta anestesiagarri horietako batean zegoen murgilduta. Hamar komuneroei zegokien kasuan, behintzat. Komunikabideetako pultsuan giza eskubideen aldeko erakundeen besoa ahitzen zihoan, mahairantz. Observatorio Ciudadanokoen kexek ez zuten erlemando nagi baten burrunba monotonoak baino eragin handiagorik, gogaikarriak izanagatik. Radio Bío-Bíoko Tomás Mosciattieren lantzean behingo ziztadak erretorikoagoak gertatzen ziren eraginkorrak baino. Fiskal lanari gustua galdu ote zion? Ez, seguruenik lan guztiek daukate euren ohikeria puntua. Zer litzateke fiskala ez balitz? Auzialdi eta epaiketetako dialektika jokoak oraindik pizten du, edozein drogak baino gehiago piztu ere. Beste errusiar mendi batean igotzeko garaia zen, haren goranzko bizkorrak hamar komuneroen kasuaren beheranzko lo-eragilearekin uztartzeko.

Telefono egokia hartu eta zenbakia markatu du. Egun batzuk lehenago farmazia batean egondako leherketa eta, batez ere, oihartzun mediatikoa zela medio, Santiagotik berriz iritsi zaizkion presioak dauzka buruan bueltaka. Barruan dena hasi da bizkorrago mugitzen, egin beharreko bidea argitzen joan da. Gauza bakarrak sortu dio zalantza lipar bat: argazkitik samur begiratzen dion Walterrek. Kontzientzia aztoratzeko denbora izan aurretik, beste aldeko ahotsa iritsi zaio.

-Roberto, iluntzean pisuan nahi haut.


Liburu osoa jaits dezakezu epub nahiz mobi formatuan.

Utzi zure iruzkina / Comenta

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.