Argitaletxea: Elkar
Urtea: 2.005
Orrialde kopurua: 320
VI. Igartza Saria, 2.003
*Behean utz ditzakezu liburuari buruzko iritzia edo oharrak.
Urtebete koman eman ondoren guztiz sendaturik itzultzen da etxera Amets Olazar, eta han du zain Naroa, 18 urteko lehengusina argentinarra. Hasierako normaltasun itxura horren pean gauza arraroak hasiko dira sumatzen ordea: Ametsen izaeraren eta ezagupenen aldaketa, inguruan zelatan dabiltzan pertsona ilunak… Zientzia fikziozkoa dirudien argumentua gure egunetara ekarriz, nobela kilikagarri bat idatzi du Asel Luzarragak, teknologia berriak giza kontzientziaren kontrolerako erabiltzen diren gizartearen posibilitateak arakatzen dituena, Bilbotik Tokiorako joan-etorri zorabiozkoan. Horrez gainera, misterioa eta maitasuna dira testuaren elementu nagusiak, narratzaile desberdinak erraz bezain natural nahasten dituen idazkera arin batean. Osagai horiekin guztiekin, gustuko koktela topatuko du hemen irakurleak. Nobela honi esker idazle gazteentzako Igartza Saria irabazi zuen Asel Luzarragak
Karonte eleberriaren lehen ideiak 1.998-1.999 inguruan etorri zitzaizkidan. Urte haietan manga bat bestearen atzean irensten nuen eta haietako batzuk ziberpunk estetikakoak ziren. Seguruenik, zerikusia izan zuen horrek proiektu honi ekiterakoan, baten batek, behintzat, Ghost in the shell-en zantzuak ikusi baitizkio. Baina jatorri kontzientea orduan Muy Interesante aldizkari sasi-zientifikoan irakurri nuen artikulu batean dago. Haren arabera, zientzialari talde bat ikerketak egiten ari zen pertsonen kontzientzia osoa ordenagailu batera irauli ahal izateko. Ikerketa haiek gizakien balizko klonazioari lotzen zituzten artikuluan, edo beharbada lotura hori beste nonbaitetik atera nuen, batek daki. Tira, gutxienekoa da. Artikulu hura, edonola ere, aitzakia izan zen istorio bat sortzeko. Nire interes nagusia, zientzialari haien asmoak gorabehera, gizartearen kontrol teknologikoa zen, eta horri lotuta kezka filosofikoa: nia deritzogun horretatik zer da egiatan nia? Noraino gara gu, noraino kanpotik ezarritako eraikuntza bat? Gizakion askatasuna nire kezka nagusietako bat izan da oroitu ahal dudanetik. Erantzuna, ordea, ez daukat, eta liburu honek ere ez. Baina bide horretan ikertzeko modu bat izan zen. Norbanako egiten gaituen zerbait menderaezin ote dago gure baitan? Eta egonez gero, gordeleku fisikorik ote dauka? Gure burmuinetan gordetzen den zerbait materiala ote da ni hori? Ala materia gainditzen duen zerbait? Oraindik ez dakit, eta oraindik kezkatzen nau.
Funtsezko galdera filosofiko horiei beste gai batzuk batu zitzaizkion. Haietako bat Hamaika ispilu ganbil lehenengo eleberrian garrantzi handia zeukan moral sexualari zegokion: tabua, gizarteak onetsi eta galarazitako harremanak, mugak, zentsurak eta autozentsurak… Horrek, bestalde, karga erotiko nabarmena eman zion istorioari berriz, lehenengo hartan baino txikiagoa bada ere. Eta, berriz ere, alderdi horri buruz jaso nituen iritzirik interesgarrienak emakumeengandik etorri ziren: pasarte erotiko gehienak emakume batek idatzitakoak ziruditela, sentsibilitate femeninoa zeriela. Ez dakit halakorik dagoen, baina laudoriotzat hartu nuen nik.
Bestalde, lehenengo kapituluak idatzita nituenean, 2.003an, proiektua Elkarrek, CAFek eta Beasaingo Udalak antolatzen dituzten Igartza Beketara aurkeztea otu zitzaidan. Eta irailean, oporretatik bueltan, mezu bat neukan zain postontzian: nirekin kontaktatu nahian zebiltzan saria irabazi nuelako! Une haietan Labayrurekin Hamaika ispilu ganbil argitaratzeko azken prestaketak egiten nenbilen. Sariak, ordea, diruarekin eta liburua amaitutakoan Elkarrekin zuzenean argitaratzeko aukerarekin batera, erantzukizun bat zekarren: urtebeteko epea osorik amaitzeko. Urtebete! Ez nintzen idazle bereziki azkarra eta antolatua eta liburua hasita baino ez neukan… Tira, presioak bere ondorioak ekarri bide zituen: lehen aldiz neure burua literaturaren inguruan antolatu eta ahal ziren tarte guztiak bilatu nituen idatzi ahal izateko. Nire harridurarako, bospasei hilen buruan amaituta neukan, eta ez nolanahiko liburua, luzaroan idatzi dudan eleberririk luzeena, 300 orrialdetik gorakoa! Bat-batean, lantzean behingo zaletasuna zenak serio hartzeko eskatzen zidan. Zorionez, erritmo lasaiagoan bada ere, sorkuntza literariorako denbora nire agendan sistematizatzeko balio izan zidan horrek. Eta literatura gustura hartzen dudan zaletasuna da oraindik, bizimodua lar baldintzatzen ez didana.
2.005eko udaberrian kalean zen Karonte, eta laster kritika onbera zein gaiztoetara ohitu beharko nuen…
Irakurtzeko zatia
Azkenik etxera dator, edo hori esan didate behintzat. Egia ote? Azkenean ez dakit-eta sinistu behar dudan. Urtebete igaro ondoren zelan ote dago? Tira, orain dela sei hilabete ikusi nuen, baina ohean zegoela, makina izugarri horri lotuta, hain bare eta amataturik… Hilotza ematen zuen, beste ezer baino gehiago. Espero dut itxura ez zitzaiola gehiegi aldatuko, batez ere begi berde horiek. Garrantzitsuena, berak ni zelan ikusiko nauen. Gogoratuko du bitartean 18ak bete ditudana? Uste dut gizendu egin naizela, batez ere aldakak. Txokolate madarikatua. Normala, sei hilabetez eraman dizkiodan bonboi guztiak neuk jan ditut, Ainarak hartzen zizkidanak izan ezik. Ainara, bera bai gizendu dela. Bueno, ez nik nahi beste, egia esan. Hogeita sei urterekin eduki ahal zuen ipurdi lodiagoa, ezta? Baina zer diot, neure lehengusuaz nabil. Au! Jakin behar nuen beroegi egongo zela, ez du minutua ere egin labetik kanpo. Espero dut gose etortzea; bueno, espero dut dieta berezirik ez edukitzea. Limoizko tarta beti izan du gogoko eta berak jan beharko du osorik, gaur ez bada gosarian. Nik nahikoa kilo daramat aldean. Ordua ez didate esan. Mediku hori beti bezain misteriotsu. Sei hilabete ezelako berririk gabe ez zaio nahikoa iruditzen, antza. Baina zer diot. Miraria da egin dutena. Bizirik atera dute, ia oin biak mundu honetatik hara zituela. Ez dakit irinarekin pasatu ez ote naizen, sendoegia irten dit. Merengea, geroago eta gutxi, ez da hain gozozalea. Horregatik lotzen zaizkio bakeroak hain ondo ipurdi horri. Berriro nago berean; Naroa, lizun hutsa zara. Ostia!… Ño, hau…, bueno ez da hain larria, garagardo zapore apur bat baino ez. Gurinezko eskuak dituzu ala? Azeleratuegi zaude, alabatxi, azeleratuegi. Ez da ezer gertatu. Deituko dut ospitalera? Ez, urduriago ipini baino ez dut egingo. Demagun lehenago Ainararen etxetik igarotzen dela, edo hari ordua esan diotela niri ez bezala, bila joateko… Ez da zuzena, ni haren seniderik hurkoena naiz. Bueno, hurkoena ez, baina berarekin bizi den bakarra. Bizarra egingo zizuten, ezta? Ahuntz bizar hori eramaten zenuenean ez zinen hain itxurosoa. Eskerrak ni artean Argentinan nengoela. Kito, tarta leihoan eta dena txukun. Eta aita-amak, zuk nire ardura hartu behar zenuelakoan… Aita eta ama… krisialdi alua, eskerrak Ametsek eta osaba-izekoek lagundu dutela eskola ordaintzen. Bueno, Ametsek laguntzen zuela, koitadua. Bera ospitalean egonda, nahikoa izan dut haren aurrezkietatik noizean behin zerbait aterata… Euskal senideen arteko elkartasuna, antza. Orain dela sei urte esan balidate benetan Euskal Herria ezagutuko nuela!
Pagoa eskuan, ezkaratza utzi du, aurretik hormako erloju digitalari begiratzea saihestu ezinik. Keinu ia automatikoa izan da, nekez pentsa liteke ordua ikusi eta barneratu duenik. Kuleroaren azken lore berdeak agerian uzten dituzten gerrialde gabeko praka estuak ahal duen neurrian teinkatu, eta panazko sofa berde zabalean erdi jesarri erdi etzan da. Telebistaren aldagailuari helduta, botilatxoa kamisetak praketaraino uzten duen zabalgune handian sabela freskatzen pausatuaz, zilborreko piercingaren gainean, orduak edateko prestatu da. Tarteka mahai-argiaren ondoan dagoen argazkiari begiratzen dio. Hor dago Amets, beraren lehengusua, lizentziatuen izendapen egunean. Arnasa sakonaren pean bular oparoak kulunkatzen dira, haien azpitik amaitzen den kamisetak doi-doi lortzen duelarik sabeleko azala laztantzea. Garagardoak, gainera, ez du erraz urdailetako korapiloa askatzen.
<<… umeak ere berekin eraman nahi zituen, baina auzoko bati esker eutsi ahal izan nien. Hori bai, ezkerreko begia ireki ezinik ibili nintzen hiru egunez…>>
Pagoa ahora eraman eta zaporea hartzen dio astiro, argazkia hartuz. Botila mahaitxoaren kristal gainean utzi du, edontzi-azpikoan jarrita. Kristal pean aldizkariak pilatzen dira. Naroak ez du Ametsek Nabarra eta Ostiela-n dituen harpidetzak eten, haiekin batera tartekatzen dira berak maite dituen Entzun eta Lumaren aleak ere. Esku batez besaburutik erortzen zaion adats ilun luzea txirikordatzen dihardu, arretarik gabe. Garagardoari heldu dio berriro.
<<… zure senarrak, ohituraz zu jipoitzeaz gain, seme-alabak ikusten ez uzteagatik salatu nahi izan zintuen, ezta, Lauri?… poliziak ez zidan babesik eman nahi, arazo larriagoak zituztelakoan… seme-alaben aurrean jotzen zintuen, gainera… aiztoaz mehatxatu… epaileak ez… auzokoak entzun…>>
Txirrinaren hotsak iratzarri du; ezustekoak zorrotada batzuk garagardo botarazi dizkio kamisetatik behera, eta ia lurrera jaurtiki du bularraren kontra estutzen zuen argazkia. Pentsamenduekin batera markoa bere tokian ipini, tantak arduragabe astindu, eta atera joan da arrapaladan, bihotza lokietan, oraingoan telebista gaineko erlojuari begira, orain ere haren orratzetan ordua ikusi gabe. Ate aurrean, eskua ia maratilan duelarik, bere itxurari erreparatu dio. Kamiseta eta prakak nola-hala lisatu eta irribarrerik zoragarriena ezpainetaratu du. Agertu bezain agudo izoztu zaio irribarrea, ordea. Atean traje beltzez jantziriko funtzionario itxurako gizonak gutunazal moduko bat luzatzen dio esku batez, besteaz sinatzeko paperari eta boligrafoari eusten dien bitartean.
–Para el señor Amets Olazar –esan du lehor, ia mugitzen ikusi ez dituen ezpainen artean, izen-abizenok zailtasunez ahoskatuz.
Bibotea baleuka, Aznarren leinukoa dela egingo luke.